Galde-erantzunak

Azken galde-erantzunak

2023-02-12 20:37:03
>
Euskaraz, guraso ahal edo guraso-ahal da patria potestad edo puissance paternelle / autorité parentale adierazteko termino estandarra, forma hori jaso baitu Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Halaxe ageri da Euskalterm datu base terminologikoan ere.

Hona hemen BERRIAko adibide bat: 

Guraso ahala kenduko zaie, halaber, adingabeei sexu erasoak egiten dizkieten gurasoei

  
2022-11-30 09:18:39
>
BERRIAn, bideo laburrak sortzeko funtzionalitate baten izena da Reels, Instagram aplikazioari dagokiona. Tresna horren bitartez sortu eta partekatzen diren lanak izendatzeko, bideo hitza erabiltzen dugu.
2022-11-30 09:16:38
>
Lehenbizi, pentsatu behar litzateke argitaratzeko moduko albistea den, eta, baiezkoan, aztertu behar litzateke ea merezi duen irain hori hitzez hitz eta aipu marken artean ematea, xehetasun guztiak jakingarriak eta esanguratsuak direlako, edo, kontrara, aski den kontatzea urliak irainezko hitzak esan dizkiola sandiari, baina zehazki zer esan duen azaldu gabe, kaltea are gehiago ez handitzeko.

Batera zein bestera, ez genuke ez izartxorik eta ez etenpunturik erabiliko irainaren ordez.
2022-11-30 09:06:43
2021-01-04 16:24:15
>
Kontuan harturik nola deitzen dioten gure auzo hizkuntzetan (es: Autoridad Europea de Seguridad de Alimentaria; fr: Autorité Européenne de Sécurité des Aliments; en: European Food Safety Authority), BERRIAn honela izendatzea erabaki dugu:

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritza

Nazioartean erabiltzen den sigla erabiltzen da BERRIAn ere:

EFSA
2020-12-23 09:04:00
>
Tradizioko esamolde hauek erabil ditzakegu gaur egun ere hori adierazteko:

bizi bedi
bizi bedi beti
beti bizi bedi
bizi bedi luze
luze bizi bedi
bizi bedi luzaz
luzaz bizi bedi
bizi bedi urte askoan
urte askoan bizi bedi
bizi dadila beti
bizi dadila anitz urtez
anitz urtez bizi dadila
...

Hona hemen Orotariko Euskal Hiztegiko bi adibide polit:

Goiko izarrak an diran arte / bizi dedilla Errezil! (Uztapide)
Bizi bedi azkatasuna! Bizi beitez gizonaren eskubideak! (Kirikiño)

Ez dabiltza urruti Gabriel Arestik idatzi eta Oskorrik kantaturiko hitzok:

    Gora ta gora beti,
    haik gora Lapurdi!
    Euskerak bizi gaitu
    eta bizi bedi.



2020-10-04 11:50:44
>
Dirudienez, bistadizo hitzak ez du idatzizko tradizio handirik, ez baita ageri Orotariko Euskal Hiztegian.

Gaur egungo testuetatik edaten duten hiztegietan ere ez da ageri:

  • Elhuyar: gainbegiratu, begirada, ikusi, begiratu, begirakune; begi-kolpe, begi-ukaldi;  begiratua egin, begiratu bat egin, begirada bat eman/egin, behako bat eman, begi-kolpe bat eman

  • Zehazki: begi kolpe, ikusi-pasada, bistako, begiraldi; (zerbaiti) begi kolpe bat eman, ikusi-pasada bat eman, begirada bat egin.

Nolanahi ere, corpusetan baditu adibide batzuk. 
Esaterako, Lexikoaren Behatokian, 28 aldiz ageri da: 14 aldiz ikus-entzunezkoetan (gehienak Goenkale-ko adibideak dira), eta 14 prentsan eta literaturan.
Egungo Testuen Corpusean, berriz, 129 agerraldi ditu: 50 prentsan, 48 literaturan, 27 telebistan eta 4 Wikipedian.
2020-08-08 16:09:42
>
Modu asko izan litezke egokiak hori adierazteko. Hemen dituzu batzuk:

plan itzela
itzelezko plana
plan ederra
plan bikaina
sekulako plana
egundoko plana
plan puska
plan aparta
plan apartekoa
plan ikaragarria
plan izugarria
berebiziko plana
berealdiko plana
demaseko plana (lagunarteko erregistroa)
kristoren plana (lagunarteko erregistroa)
plan mundial (lagunarteko erregistroa)
2020-07-30 11:37:59
>
Testuetan ez dugu aurkitu halakorik. Kontuan hartuta gure inguruko hizkuntzetan nola adierazten den (es: cazafortunas; fr: croqueur de diamants; en: gold digger, fortune hunter), forma hauek bururatu zaizkigu:


fortuna harrapatzaile
fortuna harrapari
fortuna harrapakari
fortuna ehiztari

dirutza harrapatzaile
dirutza harrapari
dirutza harrapakari
dirutza ehiztari

ondasun harrapatzaile
ondasun harrapari
ondasun harrapakari
ondasun ehiztari

2020-07-02 18:39:49
>
Hori adierazteko, paper errea erabiltzen da, eta halaxe jasoa dugu estilo liburuan: 

paper erre (paper busti*). Irudizko zentzuan, ezertarako balio ez duena. 

Aspalditik erabiltzen da esamolde hori euskal prentsan; gutxienez, 1991ko ekainaren 5eko adibide honetan agertu zenetik:

Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Eskualde euskaldunerako ezagitzen diren eskubideak hein haundi batean paper errea bihurtzea edo ez, jokoan dago.
2020-05-25 19:11:41
>
Ez dugu inon aurkitu euskaraz emana. BERRIAn erabili beharko bagenu, honela adieraziko genuke: habia sindromea.

Ez dugu nahasi behar habia hutsaren sindromearekin:

  • Habia sindromea: Emakume haurdun batzuk normalean baino askoz zorrotzago aritzen dira etxea, arropa eta beste garbitzen eta ordenatzen, batez ere haurdunaldiaren bukaera aldera. Horri deritzo habia sindromea.

  • Habia hutsaren sindromea: Seme-alabek etxetik alde egitean guraso batzuek, bereziki amek, sentitzen duten bakardade eta hustasuna.
2019-11-04 19:33:27
2019-05-02 17:42:49
>
Gaur egun gehien erabiltzen den bertsioan, Elizen Arteko Bibliarenean, honela emana dago:

Huskeria hutsa, huskeria hutsa, dena huskeria da. 
2019-03-06 09:41:55
>
Hona hemen hori adierazteko zenbait esamolde; batzuk, gure irakurleek proposatuak:

Barea baino motelagoa
Bare zaharra baino motelagoa
Dortoka baino makalagoa
Jotako astoa baino makalago
Astarrak umea egingo dik/din hi mugitu orduko
Geldoa baino geldoagoa
Makala baino makalagoa
Motela baino motelagoa
Oiloak pixa egingo dik/din hi mugitzerako
Zu mugitzerako Facebookek ere tuitak egingo ditu
2019-02-21 14:24:07
>
Hona hemen hori adierazteko erabili izan den pare bat molde:

Beste kasta batekoa da
Beste hariko ezpala da
2018-10-02 10:32:38
>
Hona hemen Consejos vendo y para mí no tengo / Faites ce que je dis, et non ce que je fais adierazteko esamolde batzuk:
 
Apaizak sermoi gogorra baina besteentzat 
Aholkurik ez du inork beretzat eta bai besterentzat 
Bertzeendako apez, eta geronendako eskolaua ez 
Besteentzat mediku, eta beretzat barberu ere ez 
Bertzeendako azkarki badaki, baina berendako ez  
Kanpaiak mezetara deitzen, bera ez joaten  
Oro besteendako kontseilari on  
Kontseilu anitzek ematen, gutik hartzen 
Kontseilu onak besteentzat, eta mokadu onak beretzat
Kontsejuak besteentzako, geronendako ez  


Eta A Dios rogando y con el mazo dando / Aide-toi, le Ciel t'aidera esateko:

Jainkoari otoi eginez, eta beharrari eginez
Jainkoari erreguz, lanari mailuz
Dei Jaungoikoari, eta eutsi gabikoari 

2018-09-24 19:19:49
>
Euskaraz, etxeko lanak erabiltzen da eskolarako etxean egin beharreko lanak direla zehaztu nahi denean.
2018-09-14 13:12:17
>
Testuinguru batzuetan, gustura hartu, gustura, pozik, kontentu eta gisakoak egokiak izan litezke. Esaterako:

Arrebaren erdia kobratuta ere, gustura hartuko luke
Arrebaren erdia kobratuta ere, gustura
Arrebaren erdia kobratuta ere, pozik
Arrebaren erdia kobratuta ere, kontentu
2018-09-09 09:31:47
>
Badirudi euskaraz oraindik ez dela finkatu termino hori emateko modua. Latinoamerikako komunitate batzuetan landu eta zabaldu dute kontzeptua, eta kitxuatik itzuli da beste hizkuntzetara: kitxuaz, sumak kawsay esaten diote; gaztelaniaz, buen vivir; frantsesez, bien-vivre; ingelesez, good living edo well living

Gure ustez, biziera ona ordain egoki eta praktikoa izan liteke euskaraz.
2018-08-18 02:21:33
>
Hona hemen ordain batzuk. Denek ez dute esanahi berbera, eta testuinguruak aginduko du egokiak diren ala ez.

Lehengo lepotik burua

Asto jaio, asto bizi eta asto hil

Astoa beti asto

Azeri zaharrari ilea joan eta buztana soildu, baina larrua gelditu

Azeri zaharrari ilea joan, baina antza ez

Aztura txarrak sortzetik hilobiraino

Hi beti izango haiz aitaren semea / amaren alaba!

Horrek horrela beharko du, hankaz aurrera eraman arte

Jenioa aitzurrak eta palak kenduko diote horri

Kukua beti kuku

Txikitan, buru arina; handi eginda, berdina


2018-08-07 17:55:38
>
Gure ustez, musika jartzen du, eta, hain zuzen, horrexegatik deitzen diegu disko jartzaile DJei.


2018-08-07 07:52:38
>
Esamolde hauek erabili izan dira hori adierazteko:

Ardiaren kulpak bildotsak pagatu

Ardiak egin bekatu, eta bildotsak behar pagatu

Erretoreari jausten zaion urak bikarioa bustitzen

Lapur txikiak handiaren kulpak pagatu behar

Nagusiak hobenak, etxeko andereak penak

Nagusiaren haserrea morroiak pagatu

Zaku berean sartu, eta denak makilatu
2018-08-03 16:59:13
>
Visual / visuel adierazteko, begi-, bista- eta ikusmen- erabiltzen dira askotan. Esaterako, honelakoetan:

bista arazo, ikusmen arazo (problema visual, trouble visuel

begi zorroztasun, begi zolitasun (agudeza visual, acuité visuelle

Zilegi da, ordea, bisual erabiltzea ere, eta guk bide hori aukeratuko genuke pensamiento visual / pensée visuelle adierazteko:

pentsamendu bisual

2018-07-05 13:01:56
>
Zaila da erantzutea jakin gabe testuingurua zein den eta zer erregistro komeni den, baina hona hemen aukera bat:

Berri handiak!!

Albiste handiak!!

Lehendik ere erabili izan da handi adjektiboa berri hitza kalifikatzeko.

Ekhartzen darotzuet bozkariozko berri handi bat. (Joannategi, Sainduen Bizitzea)

Eta huna non heldu zarokun Parisetik berri bat oro baino handiagoa. (Hiriart-Urruti, Mintzaira. Aurpegia. Gizon)

Iguzki-aldetik ethorri zen berri handi bat, eta laster hedatu Eskual mendietan. (Barbier, Supazter chokoan)

Beste adjektibo batzuk ere egokiak izan litezke, baina ez dira hain neutroak: 

Berri itzelak!!

Itzelezko albisteak!!

Sekulako berriak!!

Albiste jakingarriak!!
2018-06-19 18:38:03
>
Ez dugu halakorik aurkitu euskaraz. Hona hemen aukera bat:

Before the Common Era (BCE) = Oraingo Aroaren Aurreko (o.a.a.)
Common Era (CE) = Oraingo Aroko (o.a.)

 Esaldietan honela txerta daitezke:

Periklesen garaian, o.a.a. V. mendean
O.a. V. mendean desegin zen Mendebaldeko Erromatar Inperioa
2018-06-19 11:27:58
>
Gure ustez, manipulatzeko material izan liteke modu egoki bat kontzeptu hori adierazteko.
2018-06-15 12:09:19
>
Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, antzeko esamoldeak darabiltzate ideia hori irudiz emateko: pasar página, tourner la page, to turn over a new leaf. Euskaraz ere erabili izan da inoiz, baina oso adibide gutxi daude, denak berriki idatziak. Kalkoa egin nahi ez baduzu, hemen dituzu bestelako molde batzuk:

egoera gainditu
lehengoa atzean utzi
lehengoa gainditu

2018-06-11 14:40:17
>
Hori adierazteko, urreztatu aditza erabiltzen da. Halaxe jaso dute Orotariko Euskal Hiztegian, Euskaltzaindiaren Hiztegian, Elhuyarrenean eta Zehazkin. Beraz, honela eman dezakezue:

Zilarrezko belarritako urreztatuak
2018-06-11 08:26:57
>
Ez dugu aurkitu hori esateko tradizioko molderik. Hona hemen guri bururatutako batzuk:

ekiteko tarte estua
jarduteko tarte estua
jokaleku estua
 
2018-05-28 11:17:49
>
Bakarrik Elhuyar hiztegian aurkitu dugu esamolde horren ordainik. Hona hemen:

arriskurik gabe probetxu atera
arriskurik gabe aprobetxatu
2018-05-26 20:19:01
>
Koldo Zuazok Mendebaldeko euskara liburuan dioenez (Elkar, 2017), Bizkaiko mendebaldean erabiltzen da -ztar-tar atzizkiarekin batera, eta, haren ustez, agian urduliztarfruiztar eta halakoen analogiaz sortu da -ztar esateko joera.

Getxotar eta getxoztar, biak erabiltzen dira, eta biak jaso ditu Euskaltzaindiak bere izendegian. Beste hainbeste egin du bikote hauekin: 

arantzazuar, arantzazuztar
arteagar, arteagaztar
barrikar, barrikoztar
bediar, bediaztar
berangar, berangoztar
deriotar, derioztar
dimar, dimoztar
erandiotar, erandioztar
galdakar, galdakoztar
igorretar, igorreztar
leioar, leioaztar
lemoar, lemoaztar
loiutar, loiuztar
sondikatar, sondikoztar
sopelar, sopeloztar
ubidear, ubideztar
zaratamar, zaratamoztar
zeanuritar, zeanuriztar
zeberioar, zeberioztar


2018-05-26 18:53:58
2018-05-02 10:18:54
>
Subjektu bereko bi esaldi koordinatu ditugu adibide guztietan, eta aditz laguntzailea isildua dago esaldietako batean. Halakoetan, laguntzailea agerian duen aditzarekin komunztatzen da subjektua, eta komaz mugatzen elipsia duen esaldia. Beraz, hauek biak jotzen dira ontzat:

Mikelek, gelan sartu, eta leihoa ireki zuen
Mikel gelan sartu zen, eta leihoa ireki
2018-04-26 15:44:06
>
Hona hemen aukera pare bat:

Interesgarria izango zaizulakoan
Zure interesekoa izango delakoan

2018-04-20 17:50:22
>
Bi aukera badira, gutxienez:

Ezta bat gutxiago ere
Ezta emakume / andrazko / emazte bat gutxiago ere

Testuinguru batzuetan, emakume aipatu gabe ere argi dago zer esan nahi den. Halakoetan, aski da lehenbizikoa, eta, lelo laburrak indartsuagoak izaten direnez, abantaila hori du.
Beste batzuetan, ordea, esplizitatu egin beharko da zein den gaia, eta, beraz, ezinbestekoa izango da emakume aipatzea (edo andrazko, emazte...). 

2018-04-20 10:34:04
>
Biak dira zuzenak. Adibide hauek jaso dituzte Euskaltzaindiaren EGLU-V liburuan (50. or), zutela moldeko erabileraren erakusgarri:

Ez baitzuen lehen aldia iheska zabilela (Hiriart-Urruti, Zezenak Errepublikan)
Lehen aldia zen nik pertsulariak entzuten nituela (Xalbador, Odolaren mintzoa)
2018-04-19 12:11:17
>
Gure ustez, izenburupean zuzena da. Egia da tradizioan ez dagoela halakorik, baina gaur egun erruz erabiltzen dute idazleek, itzultzaileek, kazetariek... Ereduzko Prosa Gaur eta Lexikoaren Behatokia arakatuz gero, egile hauen lanetan ageri da: Aingeru Epaltza, Andres Urrutia, Itxaro Borda, Ibon Uribarri, Iñaki Mendiguren, Isabel Arrigain, Joxerra Garzia, Koldo Zuazo, Pako Aristi, Piarres Xarriton, Ramon Saizarbitoria, Xabier Olarra... Gainera, kazetaritzan ere maiz erabiltzen da: Aizu, Argia, BERRIA, ETB...

Badira, jakina, beste esamolde batzuk ere: halako izenburukoa, halako izenburua du, halakoa darama izenburutzat...

2018-04-16 22:42:22
>
Hona hemen hori adierazteko modu bat:

Jokalari adina aulki jartzen dira, bat kenduta
2018-04-05 19:55:25
>
Adieraren arabera, honela adieraz daiteke gaztelaniazko desigualdad:

  • Desberdintasun: Diferentzia, aldea. Hitz neutroa da.
  • Berdintasunik eza, desberdinkeria: Gizarte egoerari buruz mintzatuz, desberdintasun gaitzesgarria.
2018-03-20 18:59:46
>
Askotan itzuli behar izan dugu esapide hori, eta bi neurri erabili idatzi izan dugu:

Epaileek bi neurri erabiltzen dituzte: aberatsentzat bata, eta pobreentzat bestea.
Heriotza zigorraren aldekoek bi neurri erabiltzen dituzte batzuk eta besteak epaitzeko.
2018-03-20 12:53:16
>
Testuingurua 36ko gerra izango da, ezta? Hala bada, uste dugu ordain hauek egokiak izango direla:

Elgetaren erorialdia
Elgetaren jausialdia
Nola erori zen Elgeta
Elgeta erori zenekoa
2018-03-18 12:09:26
>
Hiztegietan-eta ez dugu aurkitu erdal esapide horren baliokidetzat jotzen denik, baina uste dugu halakoetan molde hauek erabiltzen direla behintzat, ironia doinuan:

Hiretzat tantoa
Zuretzat tantoa
Jaso alea!
Hik arrazoi orain ere 
Zuk arrazoi orain ere
Baietz, hik beti arrazoi 
Baietz, zuk beti arrazoi
Hala badiok/n, hala izango duk/n 
Hala badiozu, hala izango da
Hik arrazoi, eta kito
Zuk arrazoi, eta kito
Hik arrazoi, eta eman bakea
Zuk arrazoi, eta eman bakea

2018-03-18 09:51:13
>
Hona hemen ideia hori adierazteko esamolde batzuk:

Nork bere gurutzea
Bakoitzak bere gurutzea bizkarrean
Bakoitzak bere basta eroan behar 
Nekerik gabe ezin bizi
2018-03-08 02:17:15
>
Ez dirudi asko erabili direnik, baina hona hemen bi baliokide, biak Justo Mokoroaren Ortik eta emendik lanean aurkituak:

Hautsok ekarriko dituzte lohiak
Zain zaharraren usainak
2018-02-27 22:13:41
>
Ez dugu aurkitu verle las orejas al lobo esamoldearen baliokide peto-petorik. Arriskuaz ohartu / konturatu / jabetu erabiliz gero, esanahia emango genuke, baina adierazkortasunik gabe. Testuinguru batzuetan, egokiak izan litezke eskapada egin, eskapada ederra egin, eskapadaz jabetu... 

Marear la perdiz esateko, berriz, badira zenbait esamolde, batzuk jasoak eta neutroak, bestetzuk lagunartekoak: 

luzamendutan ibili 
luzamendutan eta joan-etorritan ibili
itzulinguruka ibili
inguruka ibili
bazterrak nahastu
zirriki-marraka hasi
kaka zaharrari bueltaka ibili
kaka nahasi
2018-02-21 12:27:02
>
Hona hemen ordain batzuk, testuingurua zein den jakin gabe asmatuak.

Gutxiago gehiago da
Gutxi asko da
Soilago, eta landuago
Zenbat eta gutxiago, orduan eta gehiago
Gutxituz gehitu
Bakanduz landu
Gehiago bakandu, eta gehiago landu
2018-02-21 09:43:45
>
BERRIAn erabili behar izanez gero, honela itzuliko genuke:

bizitzeko moduko bizia / bizitzeko moduko bizitza

2018-02-17 10:28:25
>
Hona hemen aukera batzuk:

  • Nola erein, hala bildu
  • Erein karduak, eta bilduko ditun/k xixtakoak
  • Abadeak zelan kantatu, monagilloak hala erantzun
  • Nola apezaren kantatzea, hala beretterraren ihardestea
  • Halako egitekoak, halako ondorea
  • Halako ezteietan, halako zopak
  • Hazi txarretik uzta onik ez
  • Nolako kanpaia, halako soinua
  • Kanpairik entzun nahi ez duenak sokatik ez tira
  • Kerik nahi ez duenak ez dezala pitz surik
  • Surtara gaur aulkia, lurrean bihar ipurdia

2018-01-28 16:40:46
>
Euskaraz badira zenbait modu hori adierazteko. Hauetakoren bat erabil dezakezu, testuingurua kontuan izanik.

Manipulazio gehiagorik ez!
Utzi manipulatzeari!
Utzi behingoz manipulatzeari!
Bukatu da manipulazioa!
Aski da / dugu manipulaziorik!
Nahikoa da / dugu manipulaziorik!
Nahikoa da / dugu manipulaziotik!
Nahikoa da / dugu manipulazioz! 
2018-01-20 18:27:37
>
Bi modu badira, behintzat, hori adierazteko:

Zenbat pisatzen duzu? 65 kilo pisatzen dut / ditut.

Zer pisu duzu? 65 kilo.

2018-01-12 13:53:37
>
Biak erabili izan dira.

Hona hemen Orotariko Euskal Hiztegiko zer adibidetan ageri den gomendio egin:  

Apezak berriz elizako behar ororen gomendiak egiten deritzo. (Atanase Belapeire) 
Eliza Ama Santak zure animaren gomendio edo rekomendazioa zu ill artean modu onetan egiten du. (Agustin Kardaberaz)
Gomendio hau egiñ zaroen bakharrik: ez zaiteztela hasarra bidean. (Joannes Haraneder)
Arbuiaturik hartarik begiratzeko egin zitzaion gomendio hertsia. (Bernard Larregi)
Hekiei egiteko gomendio batzu. (Bazilio Joanategi) 

Eta gomendio eman ere jaso da OEHko adibide honetan:

Gomendu eman diot / Ama Birjinari, / Eskerrak bihur ditzan / Seme Dibinoari. ('Luzaideko kantiak')

Testu berriagoetan (Ereduzko Prosa Gaur), gomendio(a) eman gehiago agertzen da. Idazle eta itzultzaile hauen testuetan ageri da: Piarres Aintziart, Koldo Biguri, Joxan Elosegi, Juan Garzia, Santiago Iruretagoiena, Bego Montorio, Jon Muñoz, Ana Urkiza, Patxi Zubizarreta. 

Gomendio(a) egin ere erabiltzen da gaur egun. Horren erakusgarri, hauen testuak: Edurne Elizondo, Joxan Elosegi, Joxerra Garzia, Ramon Saizarbitoria, Ana Urkiza, Imanol Zurutuza, Josu Zabaleta.
2018-01-09 10:47:20
>
Badirudi bi forma erabiltzen direla testu jarraituak ez direnak izendatzeko: testu etendun eta testu eten

Esaterako, Nafarroako Gobernuak argitaraturiko Hezkuntzako Hiztegian testu etendun proposatu dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak, berriz, testu eten erabili izan du txostenetan. 
2017-12-26 14:45:41
>
Ataka eta estutasun hitzak erabiliz, esaterako, honela adieraz dezakegu:

Norbait ataka gaiztoan (txarrean / gaitzean / estuan...) jarri (ipini / paratu...)
Norbait estutasun handian jarri...
2017-11-03 09:27:21
>
Hona hemen nola esaten dugun BERRIAn obsolescencia programada (es) / obsolescence programmée (fr): 

zaharkitze programatua
2017-10-31 15:02:24
>
Katalunian azken boladan gertaturikoa dela eta, bi kontzeptu bereizi behar izan ditugu: declaració eta proclamació. Testuinguru arruntetan, parekoak izaten dira semantikoki, baina zeinek bere ñabardurak ditu oso testu espezializatuetan, hala nola testu akademikoetan eta adierazpen politikoetan: 

  • —declaració zera da, estatu bat sortzearen aldeko ekitaldi solemnea, estatua sortzeko prozesuari hasiera ematen diona, eta, beraz, ekitaldi diskurtsibo bat da; 
  • —proclamació batek, berriz, estatu berria eratutzat jotzen du, eta independentzia, gauzatutzat.

Kataluniako egoera bihurrian, biak bereiztea egokitu zaigu, eta Euskalterm terminologia bankuan bezala jokatzea erabaki dugu:

  • —declaració eta declarar adierazteko, deklarazio eta deklaratu erabiltzen ari gara;
  • —proclamació eta proclamar adierazteko, berriz, aldarrikapen eta aldarrikatu.
2017-10-20 09:29:01
>
Batez ere, bi hitz erabiltzen dira hori adierazteko: oinalde eta oin.

Hona hemen adibide batzuk:

Eta han zegoen Big Joeren hatz-marka ere, tintaz zikinduriko zirriborroan, orriaren oinaldean, beti ohi bezala. (Peaceful soldadua, Michael Morpurgo, Mirentxu Larrañaga Sueskunek itzulia)

Eskutitza eskuz sinatua da, denen errubrikak hortxe direla, orriaren oinaldean edo bestela ezkerreko ertzean. (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan, Edorta Jimenez)

[...] arraza berba ez da behin ere ageri; odola, Herodoto-ren aipu bezala bakarrik, eta oin-oharrean. (Espainiaren arimaz, Joxe Azurmendi)

Baina nekez itzul daiteke ezein erdaratara, oin-oharrik gabe eta bat-bateko gozamenaren kaltean, Koldo Izagirreren erdaren morrontzapean ibiltzearen aurkako hura [...]. (Mentura dugun artean, Anjel Lertxundi)

[...] orri oinean, XVIII. mendeko esku batek baieztatzen du egileak testuan barna darabilen monogramaren esanahia [...]. (Lazarragaren eskuizkribuaren estraineko datatze-azterketa, Borja Aginagalde Olaizola, Erabili.eus-en argitaratua)



2017-10-03 08:16:25
>
Hona hemen hori adierazteko modu bat:

Zenbatetik zenbatera dago halako marra bat? Hiru metrotik hiru metrora.
2017-08-09 11:19:14
>
Behin baino gehiagotan itzuli behar izan dugu política de hechos consumados, eta bi modutara eman izan dugu:

ekintza burutuen politika
ekintza gauzatuen politika
2017-06-15 10:44:26
>
BERRIAn, errusiar mendi erabiltzen dugu, eta halaxe proposatzen dute bai Elhuyar eta Zehazki hiztegietan, bai euskarazko Wikipedian.
2017-06-14 13:13:28
>
Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoa dago, hobe-rekin batera, eta ezin bestela izan, asko erabili izan da eta. Hona hemen Orotariko Euskal Hiztegian ageri diren adibideak:

HOBEAGO (gral.; SP, Urt I 24, Lar, Añ, Gèze (-ia-), Foix ap. Lh (-ia-), Dv, H; obago Dv (V)). Ref.: A; Lh; Etxba Eib (obiagua); Holmer ApuntV; Gte Erd 59. a) (Adj.). Mejor. "(Lo tengo por más) acertado, obeagotzat daukat" Lar. Tr. Su frecuencia disminuye en el s. XX. Baina orain [herri] hobeago bat desiratzen dute, erran nahi baita zelestiala. Lç He 11, 16 (He, TB, Dv hobeago; Ol, Ker, IBk, IBe hobe). [Di]ostaenez, leku on dira / Toscanarekin Lonbardia; / aek gustiak baino bere / obeago ene amore onetsia. Lazarraga (B) 1205v. Beiak on du larrea, obeago jabea. RIs 17. Guri gauza obeagoak emateko. Ber Trat 58v. Hobeago baten gatik gabe dadin biziaz. EZ Man II 93. Iainkoaren atseginak eta plazerak ere hobeagoak eta handiagoak izanen dira Deabruarenak baiño. Ax 505 (V 325). Aen ona ze baliz obago ez leuke montako ezer. Mic 14v. Kastitatezko usain hobeago eta handiago isurtzen dute. SP Phil 418. Hari Jüdiek egin etzerien beno batzarre hobiagoreki. Bp II 20. Arrozoin hauk baino hobeagorik baldin baduzu. ES 200. Iruretan zein da lenago, andiago, zarrago, obeago edo dakiena geiago? El 33. Argi bat beste guztiak baño obeagoa. Lar SAgust 12. Bethi obra hobiagorik egitera. Mst III 54, 6. Zer gauza altuago ta obeagorik Jainkoa baño? Cb Eg II 103. Egun guziez behar du trabaillatu hobeago billakatzen. Mih 11. Enakike deusere erraiten hortan gañan hobiagorik. AR 98. Etorriko da denpora obaago bat. Mg CO 259 (PAb 167 obago). Zerren sakrifizioa baño obeagoa dan. Añ LoraS 169 (186 obago). Iru gauz oek baña zer gauz obeagorik ta gozoagorik izan diteke? AA III 364. Hura beino hobeagoak othe gare? Jaur 177. Zenbat zu baño obaguak jausi dira. Ur MarIl 7. Etziteken bethea yende hobeagoz. Hb Esk 125. Kusairen iritzia obeagotzat artu zuten. Lard 199. Beste bizitza bat asi zan, obeagoa, bigunagoa. Ag G 74. Hik uste baino andre hobeagoa eman zaukan beharrik Jainkoak. Barb Sup 43. Obeagorik billatzen duan / dijua Amerikara [Paulino Uzkudun]. MendaroTx 432. Bata baño bestia obiaguak eta zindduaguak. Otx 22 (99 obago). Ez obeago ta ez kaxkarrago biur ditekenera. Or Aitork 380. Igelak baiña, geroago eta umore obeagoz. Bilbao IpuiB 246. Leku hobeago batetarat. JEtchep 78. Txerrikumeak askoz itxura obeagoarekin iristen ziran perira. BAyerbe 23. Azi onak landara obiagoa atara daian. Gerrika 155. Beste batasun-bide hobeagoa. MIH 223.

v. tbn. Mat XIV. Ch I 15, 1. He Gudu 72. Mb IArg I 240. Egiat 262. Ub 47. Brtc 189. Mg PAb 138. VMg 31. Dh 239. fB Olg 11 (150 obaago). JJMg BasEsc 221. Astar II 254 (265 obago). Echag 260. Etch 308. It Dial 87. Izt C 26. Ur MarIl 119. Dv Lab 131. Bil 61. Balad 48. Laph 184. Aran SIgn 108. Ud 49. Sor Bar 78. Bv AsL 107. AB AmaE 193 (280 obago). Apaol 39. Elsb Fram 118. Arb Igand 34. HU Aurp 140. Alz STFer 144. Itz Azald 86 (36 obago). Echta Jos 225. EusJok 95. Tx B II 151. Enb 43. Zub 89. Zerb IxtS 44. SMitx Aranz 63. Mde Pr 223. Erkiag Arran 177. Zait Plat 20. Vill Jaink 80. Ibiñ Virgil 84. Alzola Atalak 54. Uzt Sas 234. Obago: Zuzaeta 130. CrIc 38. DurPl 88.

b) (Sust.). Provecho. (En la expr. zure, haien... hobeagoagatik). Haién hobeagoagatik eta emendamendutan gaztigatzen dituala. Lç Ins A 2v. Ezen zordun zara zure hobeagoa gatik Iainkoak onak errepartitu derauzkitzunaz geroztik. Harb 127. Argi saindu hura, zeiña khendu baitarotzut denbora batekotz zure hobeagoagatik. Ch III 7, 4 (SP zure begiramendutan, Mst zü abisatiago izan zintian, Ol zure gurbiltauna).

(Lar, Añ, H). "Alivio, mejoría de un enfermo, obeagoa. Obeagorik badu?, ¿tiene alguna mejoría, algún alivio?" Lar. "Mejoría" Lar y Añ. 

2017-05-19 06:38:59
>
Biak dira zuzenak. Tradizioan biak erabili izan dira, Orotariko Euskal Hiztegiko adibideetan ikusten den bezala. Hona hemen zer dioen Euskaltzaindiaren Hiztegiak gozatu sarrerako lehen adieran (guk jarria da adibideetako letra lodia):

gozatu, goza, gozatzen 1 da/du ad. Zerbaitek eskaintzen duen atseginaz edo onuraz jabetu. Nahi dugu egiazko argiaz gozatu. Munduko atsegin guztiez gozatzen ziren. Guk gozatu beharko genukeen aberastasuna hark gozatzen du. Maitasun horren berotasunaz luzaz dezatela goza. Haren emazteaz gozatzeagatik. Bere zorion berria eragozpenik gabe gozatu ahal izateko. || Horiek ikusi eta txit gozatu zen. Goza gaitezen lurreko atseginetan. 
2017-05-17 09:45:08
>
Arriskutsua da testuingururik gabe itzultzea, erraza baita hanka sartzea, baina tira: hona hemen aukera bat.

Zure eginen ispilua zara

2017-05-10 17:43:53
>
Zaila izaten da erdarazko erakundeen izenekin nola jokatu ebaztea; irizpide orokor batzuk zehaztuak izanagatik, beti izaten dira dudako kasuak, erdibidean geratzen direnak. Hona hemen erakundeen izenei buruzko gure irizpide nagusia, estilo liburuan jaso bezala:

Itzuli egiten dira, salbu euskaraz baliokide argirik ez dutenak.

Frantziako Ekonomia Ministerioa; Nazioarteko Diru Funtsa; Espainiako Bankua; Santander bankua; Ilargi Gorria; Miro Fundazioa; Espainiako Hizkuntzaren Akademia; Alderdi Demokratiko Unionista; Alderdi Demokratiko Liberala; Fronte Nazionala; Mugarik Gabeko Medikuak

Baina: Bundesbank; Banca del Lavoro; King’s College; Scotland Yard; Convergencia i Unio; Sinn Fein; Greenpeace; National Geographic

Bestela esanda: izena euskaraturik irakurleak erraz identifika badezake, nahiago izaten dugu euskaraz eman; nahasgarria gertatzen bada, ordea, bere hartan uzten dugu. Oro har, esan liteke izen deskribatzaileak errazago itzuli ohi direla; esaterako, Europako Banku Zentrala eta gisakoak. 

Gainera, kontuan hartzekoa izaten da gure auzo hizkuntzetan nola jokatzen duten: normalean, haiek itzultzen dituzten izenak euskarara ere itzultzen dira (hala, Munduko Medikuak erabiltzen da, Médicos del Mundo, Medecins du Monde, Doctors of the World bezalaxe), baina nazioartean modu jakin batean ezagunak direnak bere hartan uzten dira (hala nola Medicus Mundi). 

Gure ustez, Konbergentzia Demokratikorako Plataforma, Espainiako Junta Demokratikoa eta Koordinazio Demokratikoa erabiltzeko modukoak dira, erraz ulertzen eta identifikatzen baitira.
2017-04-27 14:41:51
>
Orotariko Euskal Hiztegian, badaude errestituitu eta errestituzio. Hona hemen han zer dioen:

errestituitu, restituitu.

Restituir, devolver, reparar. Eta hanbatez gehiago othoitz egiten drauzuet haur dagizuen sarriago restitui nakizuenzat. "Je vous sois plutôt rendu". Lç He 13, 19. Ea [...] errestituidu ezteusan edo pagadu zor deusana. Cap 108. Bakoitzari zor dion hazienda, interesa, honra edo fama restituidu edo biurtu. OA 130. Errestituidu biarko dituz egin daben gatx onetatik datozan kalte guztijak. Astar II 100. 

errestituzio, errestituzino, errestituzione, errustizio (AN-larr-5vill), restituzio, restituzino, restituzione.

Restitución. Ea [...] obligadu daben restituziñorik egiten. Cap 96 (100 errestituziño). Ezta egin behar amoina gauza hetarik, zoin sujet baitira restituzioniari. Tt Arima 101. Konfesoreak agindu zigon restituziorik eutzi ote deban [...] egin bagarik. OA 163. Huts horiek [...] ez dakharkete errestituzione egiteko obligazionerik. He Phil 389 (SP 395 ezpaitute obligatzen deusik bihurtzera). Ez dago konfesinoe jeneral ondo eginik ezpadago restituzinoerik. Mg CO 259. Egingo zituztela restituzio edo gauza kenduen biurrerak. Mg CC 183. Egiten badezute / errustiziyua, / emango zazutela / ausoluziyua (1878). Arrantz 37. Lapurretak biar du / restituziyua. Ud 129. Emen ez dago beste erremediorik, edo errestituzioa edo kondenazioa San Agustiñek dion bezela. Zab Gabon 77. v. tbn. Gco I 436. LE Ong 95r. Errestituzino: Mg CO 162. JJMg BasEsc 83. Errestituzione: Urt Ex 22, 3. CatLav 138 (V 72). 


Bestelako hiztegietan, ordain hauek ageri dira, besteak beste: itzuli, bihurtu, atzera eman, bueltatu

Testuinguruaren argitan, bat edo beste izan liteke egokiagoa.


2017-04-24 23:41:20
>
Guk dakigula, ez du euskarazko siglarik. Beraz, Arabako Medikuen Elkargo Ofiziala izendatuz gero, AMEO sigla asma daiteke. Nolanahi ere, siglak asmatzeko bide hori malkartsua izaten da, guztiz ezezagunak gertatzen baitira.
2016-06-30 15:50:03
>
Sigla batzuek izen bereziak ordezkatzen dituzte. AEK sigla, esaterako, Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea izendapena laburtzeko modua da, eta, bistan denez, letra larriz idazten da, izen berezia baita.

Beste sigla batzuen atzean, berriz, izen arruntak daude, letra xehez idaztekoak. Hona hemen adibide batzuk:

LGTB, lesbiana, gay, trans eta bisexual
GKE, gobernuz kanpoko erakunde
IFZ, identifikazio fiskaleko kode

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo hona: http://www.berria.eus/estiloliburua/eliburua/ortotipografia#227
2016-05-11 20:18:23
>
Adibide horien aurretik, azalpen hau dugu:

[Letra larriz idazten dira] Herri eta hirietako toponimoak, eraikinak, gelen izen bereziak. Generikoa letra xehez idazten da, non eta ez den izen bereziaren parte.

Izan ere, batzuetan, kultur etxea generikoa izen bereziaren parte da, ezin bereizizkoa. Esaterako, hala gertatzen da Elgetako Kultur Etxea idazten dugunean: Elgetako ez da haren izena, eta ezin esan dugu Elgetakon izango da kontzertua. Halakoetan, Elgetako Kultur Etxea da izen berezia, osorik, eta horregatik idazten ditugu hiru hitzak letra larriz.

Beste batzuetan, ordea, generikorik gabe ere erabiltzen da izen berezia: Biterin izango da kontzertua. Beraz, hor kultur etxea ez da izenaren parte bereizezina, baizik eta aposizio arruntaren tankerakoa, hala nola ibaia hitza Aturri ibaia esaten dugunean. Horregatik idazten dugu halakoetan letra xehez kultur etxea.

2016-02-04 14:37:34
>
Normalean, Beauvoir erabiltzen da halakoetan, de gabe. Hona hemen Simone de Beauvoirri buruzko lan batzuen izenburuak, horren erakusgarri:

Beauvoir intime et politique: la fabrique des Mémoires (Annabelle Martin Golay, 2013)
Les Amants de la liberté. Sartre et Beauvoir dans le siècle (Claudine Monteil, 1999)
Beauvoir (Éliane Lecarme-Tabone et Jean-Louis Jeannelle, 2013)

Deitura frantsesen kasuistika oso zabala da, baina badira irizpide orokor batzuk:

  • —Izen-abizenak aipatzean, de eta d' partikulak letra xehez idazten dira (Simone de Beauvoir). Abizena bakarrik dagoenean, de kendu ohi da (baina ez d' forma), baina bada salbuespen ezagunik ere:

Simone de Beauvoir > Beauvoir
Alfred de Musset > Musset
Alexis de Tocqueville > Tocqueville

baina

Charles de Gaulle > De Gaulle
Jean Le Rond d'Alembert > D'Alembert

Partikula deiturari itsatsia badago, beti letra larriz idazten da: Debussy.

  • —de la segida dagoenean, La idazten da normalean, letra larriz, eta beti aipatzen da, ponte izena ondoan izan zein ez.

Jean de La Fontaine > La Fontaine

  • —du xehez idazten da ponte izenaren ondotik; abizena bakarrik dagoenean, larriz idazten da, eta ez da galtzen. Izenari itsatsia idazten bada, beti larriz jarri behar da, eta ez da sekula galtzen: Dupont.

  • —le artikulua, berriz, beti larriz.

Gustave Le Bon > Le Bon
2016-01-23 11:56:32
>
Hori adierazteko, eskuin-ezkerti edo eskuma-ezkerti erabil dezakegu. Orotariko Euskal Hiztegian, eskuma-ezkerti ageri da; Elhuyar hiztegian, eskuin-ezkerti eta eskuma-ezkerti; Zehazkin eta Nolaerran-en, eskuin-ezkerti.
2015-12-29 18:21:19
>
Command-line euskaratzeko, komando-lerro erabili izan da, bai, gutxienez lan hauetan:

Kartografiako elementuak, Askoren artean, EHU, 2007
Sistema eragileak, Askoren artean, EHU, 2008
Linux: Sistemaren eta sarearen administrazioa 2. argitaraldia (Debian eta Ubuntu), Iñaki Alegria, Roberto Cortiñas, UEU, 2008
Datu-base sistemak, Askoren artean, EHU, 2009
Konputagailuen arkitektura, Askoren artean, EHU, 2009

Teknologia berrietako eta informatikako euskal terminoak kontsultatzeko, sarean dituzu Euskalterm euskal terminologia bankua eta Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entzikopedikoa.

2015-12-07 18:31:28
>
Gehienetan, nori kasua aditz laguntzailean ere agertu ohi da ari izan eta aritu erabiltzen direnean. Nolanahi ere, Orotariko Euskal Hiztegian, honela dio ari izan aditzaren erabileraz ari dela:

Aunque no es lo más frecuente, no faltan ejemplos sin marca de dativo en el auxiliar, habiendo en la frase un sintagma con dicho sufijo, p. ej. en Beriayn, Mendiburu (IArg I 379), Aguirre de Asteasu (III 401, pero cf. 425 famari ozka ta aginka ari zaizkanak), Guerrico (II 9), Iraola (116), Alzaga (Burr 11), Lekuona (SClar 134), Villasante (Jaink 133; cf. 88 ari zaizkio) o Berrondo (Kijote 150); no incluimos aquí a los autores bajo-navarros y a los labortanos de los ss. XIX y XX, en los que esta construcción es bastante frecuente en todo contexto.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, esaterako, adibide hau jaso dute ari izan sarreran:

Labeari su ematen ari ziren.

Beraz, zilegi dira biak, nor-nori sailekoa eta nor sailekoa:

Labeari su ematen ari zitzaizkion. Labeari su ematen ari ziren.

Zu eraman zaitut, berriz, nori kasurik gabea da; beraz, ari izan aditza erabilita adieraziz gero, zilegi da honela esatea:

Zu eramaten ari naiz.
2015-11-10 00:25:01
>
BERRIAn, zero eremu deitzen diogu. Berez, bonba atomikoek suntsituriko eremuari esaten zaio hala; esaterako, 1945eko Hiroshimari. Hedaduraz, bestela ere erabat deuseztaturiko eremua izendatzen du, hala nola New Yorkeko World Trade Center.
2015-10-24 22:39:28
>
Tradizioan, euskaraz mintzatu / hitz egin / berba egin erabili izan da gehienbat, baina badira bestelako adibideak ere:

Egiazko azkaindarrek behar lukete [...] Chourio, Lapeire eta Hiribarren batzuen euskara mintzatu. (Zerbitzari)
Eskolan ebilzanian, milla zemai ta agirakaz bere, ezin itxi eutseen euskera berba egitiari. (Mogel)
Etzauzkigu erdaran lokartu ezpainak, euskara baizik ez du mintzatzen artzainak. (Xalbador)
Euskera itzegitea, aurreratzea, galaitzea, apaintzea, gordetzea, eta loretu-azitzea, egoki, protxuzkoa ta onragarria da guztiz kanpoko jakintsuentzat, eta euskaldun danentzat are geiago. (Arana)
Ez ziteken izen goiti hori Sadan emanen, ez balitz Sadan ezkuara mintzatu. (Arradoi)
Hiruek, bai amak, bai alabek, mintzatzen dute eskuara. (J. Etxepare)
Kornubiera mintzatu izan den azkenengo egunetaraino. (Mirande)
Zuk lez, euskaldun guztiok erdera berba egingo bageunke, laster amaittuko litzake euskaldun da euskal-erriaren izatea; zegaittik, euskera barik, ezin egon leitteke euskaldunik ez euskal-erririk. (Etxeita)
Zuri entzuten deutsudazan izen, neuk eztakidazanak, iminiko ditut paperian, euskera ondo berba egiteko. (Mogel)

Hizkuntzari izenondo bat eransten zaionean, -n erabiltzen da:

Euskara batuan mintzo da, oso euskara ederrean.
2015-10-02 01:06:36
>
Futboleko sarrera mota hori aipatzeko, segaren irudia erabiltzen da gure inguruko hizkuntza gehienetan (gaztelaniaz eta katalanez, segada; frantsesez, fauchage; alemanez, sense), eta euskaraz ere hala joka daiteke. Esaterako, Euskaltermek bide horretatik jo du: segatu, segakada eman. Segaren irudia emankorra da, gure ustez, hori adierazteko:

Segan egin zion aurrelariari, bortitz, eta epaileak txartel gorria atera zion.

Oso grafikoa da, eta, inoiz aditu gabea izanik ere, erraza ulertzen.

2015-07-27 08:42:04
>
Halako gehien-gehienetan, plurala erabiltzen da gaur egun. Eimaren Morfosintaxia liburuan, esaterako, honela diote Zenbakiak eta komunztadura atalean:

Pluralean egiten dute komunztadura zenbaki arruntek, batetik gora: «Bi liburu erosi ditut»; «Zazpi azterketa egin ditugu astebetean».

BERRIAn ere halaxe jokatzen dugu, hori baita egungo prosaren joera nagusia. Nolanahi ere, ezin esan singularreko komunztadura ezinezkoa denik: halako adibideak badira Euskaltzaindiaren EGLU-I gramatikan, 131. orrialdean:


b) Zenbatzailea ez baldin bada bat, besteren bat baizik, eta sintagma osoa —zenbatzaileaz gain— artikuluak mugatzen baldin badu, aditz morfologian pluralaren aztarna ageriko da:


(410) (a) Lau filmeak ikusi ditut (nor)

(b) Bost gizonek egin dute (nork)

(c) Bost andreei eman diet (non)


c) Gainerako kasu guztietan singularrez edo pluralez ageriko da aditza. Idazle batzuek singularrez bakarrik erabiltzeko joera dute eta zubereraz ere —neurri batean behinik behin— horrela jartzen da, baina hori ez da nahi ta nahiezko araua, ondoan jartzen ditugun adibideek ongi aski erakusten digutenez. Horrenbestez, bietara ikusiko dugu:


(411) (a) Hiru filme ikusi dut (nor)

(b) Hiru filme ikusi ditut

(c) Hiru ikusi ditut

(d) Bost gizonek egin du (nork)

(e) Bost gizonek egin dute

(f) Bostek egin dute

(g) Bost andreri eman diot (non)

(h) Bost andreri eman diet

(i) Bosti eman diet


(412) (a) Zer iduri zaizue? Baldin gizon batek ehun ardi baditu, eztitu laurogei eta hemeretziak utziten, eta errebelatu zena bilhatzen? (Leiz. Mt 18,12)

(b) Egin ditzagun bada hirur tabernakle, bat hire, eta bal Moisesen eta bat Eliasen (lb. Luk. 9,33)

(c) Mila gizon gaixtorik da emazte batendako. Gizon baten mila andre bere fedean dago (Etxepare, Emazten fabore, V. 37-38)

(d) Tilista aroan amabost urte del (R. y S.)

(e) Zenbat persona dira Yinkoatan? Hirur. Badira beraz hirur Yinko? Ez, zeren... (Bel., 1, 30)

(f) Zenbat naturaleza dira Jesus-Kristen? Biga. Yinkoarena, eta gizonarena? (Bel., 1, 32)

(g) Bi soldado pobre heldu dira Aruetik Bardkoilzera (Tartas)

(h) Ene soldado debotak badu berekin laur konpañia edo laur regimendu (Tartas, 2)

(i) Milla mesprechu egin zion gizon saindu hari (Tartas)

(j) Ediren duzu laur kapitulu ene liburian (Tartas 6)

(k) Kolpu balez bi bekhatu handi eta grabe baitzutian kometitu heriotzia... (Tartas, 39)

(l) Mezan badirela hirur parthe prinzipal (Lopez, 229)

(ll) Bi fundament edo prinzipio behar tiizi (Lopez, 277)

(m) Nausi batek bi mutil ondoz ondo elgarren berri jakin gabe zerbait eitekoz leku berera igortzen thienian... (Lopez, 304)

(n) Hogei eta hirur mila hil erazi zutian (Inch., 359)

(ñ) Behin bost ogiekin bost mila gizon aserazi zian (Inch. 374)

(o) Badela Yinkoatan hirur persona berhezi (Inch., 375)

(p) Kuntatalzen dutu bere libru batetan hogei eta bi mirakulu (Inch. 414)

(q) Hirur urthe bazian ahortzirik zela (Inch. 419)

(r) Untsa erran duzu: eztut senaharrik. Zeren izan duzu zazpi senhar (A.Ure., 4,18)

(s) Ikhusi zutian (Mariak) bi ainguru... (A.Urr.)



2015-05-23 13:53:26
>
BERRIAn ere zuk aipatu duzun eran idatziko genuke: Kazetaritza Berri Berria. Ez genuke marratxorik erabiliko, garbi gera dadin ez dugula oso kazetaritza berria esan nahi, baizik eta beste zerbait.
2015-04-14 12:35:53
>
Gure ustez, halakoetan -ELA erabiltzea da joera nagusia. Euskaltzaindiaren EGLU-V lanean, garbi esana dago -ENIK ezezkako perpaus osagarri zenbaitetan erabiltzen dela eta, inoiz, kutsu erretorikoko galderetan, baina ez bestelako perpausetan (67.-76. or.). Gainera, Hegoaldekoa da -ENIK.

Orotariko Euskal Hiztegian begiratu, eta gezurra dirudi... motako lau esaldi aurkitu ditugu. Hiruretan -ELA ageri da, eta batean -ENIK.

Gezurra dirudi, paper txar oiek bati ez diyotela utzi biar bizitzen. Iraola 127.
Gezurra dirudi [...] oraindik egiteko geneukala. Ibiñ Virgil 22.
Gaizki dabiltza an bizi diran / millaka beltz eta zuri, / Jesukristoren jaioterria / dala gezurra diruri. Insausti 97.

Gezurra dirudi mutil txotxolo orren burutik orrelako gauzik sortu biar zuenik. Alz Txib 95.

Hori guztia ikusirik, guk -ELA erabiliko genuke zuk aipaturiko esaldian, ez baita ezezkoa, ezta galdera erretorikoa ere:

Gezurra dirudi Londresen gaudela!
2015-02-16 13:24:48
>
Lehendakari hitza, normalean, nongo lehendakaria egituran agertzen da, eta hala idazten dugu BERRIAn ere.

Euskaltzaindiaren Hiztegian bertan, halakoak dira aurkitu ditugun adibide gehien-gehienak:

Gipuzkoako Diputazioko Lehendakari Julian Elorza jaunak (diputazio sarreran)

Errepublikako lehendakaria (errepublika sarreran)

Gobernuko lehendakariari (gobernu sarreran)

Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak (jaurlaritza sarreran)

Espainiako gobernuko lehendakaria (lehendakari sarreran)

Frantziako lehendakaria (lehendakari sarreran)

Euskaltzaindiko lehendakaria (lehendakari sarreran)

Arabako Aldundiko lehendakaria (lehendakari sarreran)

Medikuen elkargoko lehendakaria (lehendakari sarreran)

Hona hemen bestelako adibide bat, -en duena:

Udalbatzarraren lehendakaria alkatea da (lehendakari sarreran)

Juan Garziak badu Senez aldizkarian argitaratua -en eta -ko atzizkien erabilerari buruzko artikulu argigarri bat (http://www.eizie.eus/es/Argitalpenak/Senez/20031210/garzia). Hona hemen -en lehendakaria / -ko lehendakaria auziaz zer dioen:

Kontuz, hala ere: aipatu dugun bereizkuntzak ez du balio edozein hitzekin (kasuan kasukoa ikusi behar da). Esaterako, "lehendakari" hitzak ("buru" nahiz "zuzendari"tik gertu, baina aditzik gabea bere osaeran) ez du onartzen ZEREN konplementurik. Bai, ordea, NOREN, eta, ohikoena noski, NONGO.

2015-02-02 16:21:35
>
Bizidunei buruz ari garela, bi atzizkiak erabiltzen dira, zein bere balioarekin. Nahiz eta mintzairen artean badiren aldeak, oro har esan daiteke -engan atzizkia erabiltzen denean -en baitan adierazten dela, eta -etan erabiltzen denean, berriz, multzoa aipatzen dela.

Hona hemen adibide batzuk:

Gizakiengan duen fede sendoa = Gizakien baitan duen fede sendoa

Emakumeetan %60 analfabetoak dira = Emakumeen artean %60 analfabetoak dira

Zuk aipaturiko esaldian, bi formak dira zilegi, gure ustez, zer ñabardura eman nahi zaion:

Egozentrismoa 0-2 urte bitarteko haurrengan = Egozentrismoa 0-2 urte bitarteko haurren baitan

Egozentrismoa 0-2 urte bitarteko haurretan = Egozentrismoa 0-2 urte bitarteko haurren artean


2015-02-02 15:13:10
>
Euskaltzaindiak bi forma hauek onartu ditu Hiztegi Batuan:

bideo joko, bideo-joko
2015-01-29 14:42:42
>
Hiztegi Batuan, hiru forma jaso dituzte:

pianista, piano-jotzaile, piano jotzaile

Dena dela, jole ere erabiltzen da, jakina. Honela ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian:

Jole iz. Jotzailea.

BERRIAn, marratxorik gabe idazten ditugu halako hitz elkartuak, baina egokiak dira marratxodunak ere:

piano jotzaile, piano jole nahiz piano-jotzaile, piano-jole
2015-01-21 22:23:59
>
Euskaltzaindiak EGLU-I eta Euskal gramatika laburra lanetan dioenez, singularrean bi forma hauek onartu dira baturako:

etxearengatik, etxeagatik

Mugagabean, beste hainbeste:

etxerengatik, etxegatik

Eta izen bereziei ere badagokie hori:

Koldorengatik, Koldogatik

Pluralean, bi modu hauetan deklina daiteke:

etxeengatik, etxeakatik
2015-01-08 11:00:07
>
Gehienbat, maisu eta maistra erabiltzen dira, eta multzoa adierazteko, maisu-maistrak. Hor dago irakasle ere, eta Iparraldean errient eta errientsa ere baditugu.
Adierari dagokionez, irakasle zabalagoa da: berdin balio du haur txiki-txikiekin aritzen dena izendatzeko nahiz unibertsitatean irakasten duenari esateko. Maisu-maistrak eta errient-errientsak, berriz, eskolakoak izaten dira.
Beste hitz bat ere erabili izan da maistra adierazteko: andereño. BERRIAn, garai bateko kontuez aritzeko bakarrik erabiltzen dugu (ikastolen sorrera garaikoak-eta), eta bestelako testuinguruetan nahiago dugu maistra edo irakasle idatzi.
2014-11-25 17:08:09
>
BERRIAn, enplegua erregulatzeko dosier edo enplegua erregulatzeko espediente erabiltzen dugu prozedura hori izendatzeko; laburtu behar izanez gero, erregulazio txosten edo erregulazio espediente. Siglarik ez dugu sortu, erregulazio dosier argiagoa delakoan, esaterako, EED edo EEE baino.
2014-10-21 16:42:36
>
Bai zenbait eta bai hainbat ondoan duten hitzak mugagabean egon ohi dira. Beraz, bi adibide horietan zertaz kasuko mugagabea erabili behar da.

Hona hemen nola osatzen den:

alaba > alabaz
seme > semez
ilun > ilunez

Ikusten den bezala, aski da hitzari -z eranstea bokalez bukatua bada, eta -ez eranstea kontsonantez bukatua bada. Nolanahi ere, bada salbuespenik: gau hitza eta diptongoz bukaturiko hitz silababakarrak.

gau > gauez
gai > gaiez
dei > deiez

Hori guztia kontuan harturik, honela idazten da estandarrean:

Hainbat gauzaz hitz egiten dugu.
Edozein gaiez hitz egitea.



2014-10-02 15:17:26
>
BERRIAn, Ramblak forma erabiltzen dugu, izen arruntak bezala deklinaturik:

Rambletan ibili ginen.
Gure etxea Rambletatik urruti zegoen.

Hona hemen BERRIAtik kanpoko adibide bat, Jean-Paul Sartreren Goragalea liburua itzultzean Monika Etxebarriak erabilia:

Bai, neu, Erroman, Tiber ibaiaren ertzean jartzea, Bartzelonan, gauean, Ramblak hamaika aldiz igo eta jaistea hain atsegin nuena, neu, Angkorretik gertu, Prah-Kango Baray irlatxoan, Nagatarren kaperaren inguruan banian arbola baten sustraiak korapilaturik ikusi nituen bera, hemen nago [...]


2014-07-10 18:06:07
>
Guk dakigula, hara-hemenka ez da erabiltzen. Han eta hemen bila ibili, eta forma ezagun hauek aurkitu ditugu:

han-hemen, han-hemenka, han-hor, hor-hemenka (han eta hemen)
hara-hona, hara-honaka, harat-honaka (hara eta hona)

Horietaz gain, badira gaur egun hainbeste erabiltzen ez diren beste aldaera batzuk, zein bere funtzioarekin:

han-hemendik, han-hemendikako, han-hemenean, han-hemenkako, hango-hemengo, han-hor-hemen, han-hor-hemenka, hara-honako...

Eta, bukatzeko, hizkuntzaren perla bat, Orotarikoan jasoa:

EZ HARAKO ETA EZ HONAKO. Perdido, colgado, ni para un lado ni para otro. v. EZ ZERU(RA)KO ETA EZ LURRE(RA)KO. Ai, au tamala! ezin bigurtu, / Ene amatxu il dalako. / Onen txatxar ta geratzen naz ez / Arako ta ez onako. / Ez eskolarik, ez amarik be, / Biyetatik umezurtz nago. Enb 165.

2014-07-03 22:54:47
>
Bazkarirako izena zenbatek eman duten jakinarazi nahi bada, mugagabea erabili beharra dago, dudarik gabe:

Urbasan izanen den bazkarirako 100 pertsonak eman dute izena.

Plurala erabiliko bagenu, aditzera emango genuke lehendik hitz egin dugula ehun pertsona horietaz edo, nolabait, ezaguna zaigula erreferentzia hori. Ez dirudi hori izango denik esaldiaren testuingurua.
2014-06-24 10:42:58
>
Halakoetan, zerbaiti lotu da ohiko joskera. Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela jaso du, lotu aditzaren bosgarren adieran:


5 zaio ad. Heldu, oratu; ekin. Zeri lot ez dakizula. Bizitza berri bati lotu. Bideari lotu zaio. Ausikika lotu zitzaion. Behin lanari lotu zaizkionez gero, nahiago izan dute lana burutik burura egin.


Aditza, beraz, nor-nori izaten da, baina nor sailekoak ere erabiltzen dira, Orotarikoan ageri denez:

6. (L, B, S; SP, H, VocB; -th- Dv, H). Ref.: A; Lrq (loth); Gte Erd 214. (Aux. intrans.). Emprender, ponerse a, darle a. (El complemento va por lo general en caso dativo, y menos frecuentemente en inesivo o alativo). "Lanari lotzea, se mettre au travail" SP. "Lanari loth zaite, mettez la main à l'œuvre. Bideari lotzera doha, il va se mettre en route" Dv. "Halako lanari lotzeko, moltsa hazkarra behar da,pour entreprendre un semblable travail il faut forte bourse" Ib. "Loth zaite lanari gogotik, mettez-vous à l'ouvrage avec cœur" H. "Atar, principar el trabajo, lotu [l]anai" VocB. "Bizitza berri bati lotu, emprender nueva vida (msLond)" A. "Lanari lot! À l'ouvrage!" Lh. "Irakurtzeari lotu zen, il se mit à lire" Lf Gram 423. Tr.Documentado en la tradición septentrional desde principios del s. XVII; se encuentra tbn. en Azkue (Ardi 63) y en algunos autores meridionales modernos. Othurunzatzerakoan, obrari lotzerakoan, deusen periletan garenean [...]. Mat 43s.Badakit anhitzek miretsiko duela [...] ni lan huni lotzea. Ax 16 (V 7) (v. tbn. con lanen Harb 21, Tt Onsa 23, He Gudu 120, Lg II 96, Mih 105, Egiat 231, Arb Igand83, A Ardi 63, Barb Sup 134, Etcham 84, FIr 183, Or Eus 49, Lf Murtuts 16, Casve SGrazi 168). Den egitekorik gaitzenari ere gogotik lotzen zatzaitza ongi pagatua izanen zarela segur zarenean. Ax 492 (V 318). Zer probetxu da bide luzeari lotzeaz gogo duen lekhura heltzen ezpada? Ib. 466 (V 302). On da zuretzat lot zakizten orduan obra humillei. SP Imit III 51, 2. Bizitze debotari zinetan lotu nahi zaizkonaz gero [...]. SP Phil 28. Lot zakizko Jainkoak manatzen darotzun lanari. Ch I 20, 8. Jainkoa maite duena gogotik lothu behar zaiote gauzarik gaitzenei. Ch III 5, 8. Nola duen Satanek, bertuteari lothu nahi zaizten presunak [tentatzeko usantza]. He Gudu 161. Azkenean, lothu zitzaion bideari, harturik berekin bere emaztea. Lg I 237 (v. tbn. con bide en EZ Man II 118, Bordel 44, Elzb PAd 34, Barb Sup 164, FIr 151, Or Aitork 214). Gogotik lothu behar zaizkola zure salbamenduko egitekoari. Brtc 253 (v. tbn. 140). Gisa hortan zite, / fort hari bertan lot. 'Occupez vous de ce fort'. Xarlem 313. Sail on bati lothuz geroz ez bara biderditan. Monho 26. Laster debozione huni lothu ziren. MarIl 1. Zeri etzaio lothu lagunaren onetan? Zer ez du egin? Jaur 388. Oiñbitakotan komun da [...] / utzirik funtsezko gauza lotzea airekoari. Gy 127 (v. tbn. 71). Eta fite zaio ihesari lotzen. Ib. 117. Baiña lot gakizkon gure fableari. / Langosta amak behiñ zerron [...]. Ib. 270. Zutenean biek asko argudiatu; / nahi izan zitzaizkon lagunari lothu. / Axeriak bada derro gathuari: [...]. "Ayant bien disputé, l'on parla du prochain". Ib. 146. Gutiak dire hetan lur laneri lotzen, / higuin dute pokadu izerditan biltzen. Hb Esk 227. Eros ahal baneza nere librantza gogotik loth nindaite penitentzia hari. Dv LEd 243. Bada, premia dira obra onak. Lot beraz ongiari. Ib. 212 (Cb Eg II 118 obretara bada). Ez dut ikhusten nola behar naizen lothu oihan xederratzeari. Dv Lab 358 (v. tbn. 24). Asko bekhatoros beren baithan sarthu ziren eta bizitze berri bati lothu. Laph 39. Obra horri lotzeko guziak uzkur izan zarete; ni lotzen naiz. Ib. 240 (v. tbn. 58 y 69). Halako suarekin lotu zelakotz penitentzia egiteari. Jnn SBi 84 (v. tbn. 118 y 125). Berehala lehen urratsei lotu ziren. HU Aurp 104s. Eta behin bide xuxenari lotuz geroz, nork kordoka hura? Ib. 154. Piaia luze bati lotzera zoan. Ib. 68. Bretona utzirik elizetan frantsesari lotu. HU Zez 124 (v. tbn. 165, 101). Lotzen dire berriz janari. Ib. 131.Laborantzari lothu gogo balin bada [...] emaiten daizkote kabala buru zenbeit. JE Bur211 (v. tbn. 122).


2014-05-28 11:03:36
>
Orain arte, anai-arrebak eta neba-arrebak erabili izan dira oro har. Pentsa liteke anai-arrebak formaren atzean ikuspegi androzentrikoa dagoela, baina gogoan izan anaia, hizkera gehienetan, gizonezko senidea dela gizonentzat bezala emakumeentzat ere. Neba-arrebak elkartean, berriz, nabarmena da ikuspegi mistoa: neba, izan ere, emakumearen senidea baita, eta ez gizonarena, eta arreba, berriz, gizonarena, eta ez emakumearena.

Orotariko Euskal Hiztegian, badago neba-ahizpak sarrera (baita anai-ahizpak ere), baina adibide bat baino ez dago, Gabriel Arestik idatzia:

NEBA-AHIZPA. (Pl.). Hermanos y hermanas (de una mujer). v. NEBA-ARREBA. Zuk zure ama edukiko duzu edo zure aita bat edo neba ahizpak. Arti Tobera 288.


Gaurko idazleei erreparatuz gero, badira han eta hemen adibide batzuk:

Ba... zuek zeuek eta zeuen neba-ahizpak. (Aitor Arana, Bost ahizpa)

Aspaldiko emakumea, ebanjelioetan ikusten baitugu Jesus Nazaretekoa, oso abegi onez, etxean hartzen, Betaniako etxadi garrantzitsuenetakoan bizi zelarik Lazaro eta Maria bere neba-ahizpekin. (Pello Zabala, Naturaren mintzoa)

Urte batzuk doi bete orduko, begietako bristada nabarmenarengatik berezi zen bere neba-ahizpengandik. (Marcel Schwob, Bizi alegiazkoak, Juan Garziak itzulia)

Joan ziren ikertzen ibilitako bi gazteak, eta Rahab, beronen aitamak, neba-ahizpak eta ahaide guztiak etxetik atera eta israeldarren kanpalekutik kanpora utzi zituzten. (Elizen arteko Biblia)


Nolanahi ere, erreferentzia markatu nahi ez dugunean, hor ditugu haurride eta senide hitzak ere. Euskaltzaindiaren Hiztegian, honela daude definiturik:

senide 2 iz. Norbaitentzat, bere gurasoen edo gurasoetako baten beste seme-alabetako bakoitza. Ik.
haurride. Elkarren lagun, ahaide eta are senide. Etxean ditut bi senide, biak ene sabelkide. Mezatara askotan sei-zazpi senide, tartean han ni ere. Zazpi senide aita batenak, denak euskaldun garbiak. Bere guraso, senide, ahaide eta ondasun guztiekin atera zen. Bekatuan lagun izan duzun senide edo lehengusua. || Gure senide nagusia. Senide bakarra zen.

haurride 1 iz. Senidea. Zenbat haurride zarete? Zortzi haurrideetako lehena. Haurrideak eta ahaide guztiak. Haurride osoa. Haurride-erdia. Haurride biren alor artean ongi dago zedarria (esr. zah.).


Eta senide hitzaren adiera horren beste adibide bat, Xabier Lete eta Julen Lekuonaren Itsasoan urak handi kanta ederrean: Zazpi senideko famili batetan / arotza zen gure aita...

2014-04-28 23:25:00
>
Atzerriko izen berezietan, bukaerako i grekoa bokala edo erdibokala izan liteke, baina BERRIAn, deklinatzeko orduan, bokaltzat hartzen dugu beti:

Derryn, Kentuckyn, Midwayn eta New Jerseyn idazten dugu, eta ez Derryen*, Kentuckyen*, Midwayen* eta New Jerseyen*.
2014-04-07 19:23:51
>
Izen bereziz osaturiko enumerazio bat dugunean, bi modu ditugu deklinatzeko:

a) Izen guztiak jokaturik: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxeetan, esaterako.

b) Azkena bakarrik deklinaturik: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan.
Halakoetan, dena dela, kontuz ibili beharra dago bereziak izanik ere artikulua duten izenekin: Bizkaia, Iruñea, Ermua, Forua, Azpeitia, Azkoitia, Zizur Nagusia, Vatikanoa, Mediterraneoa... Izan ere, ezin ditugu erdizka deklinatu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeetan* idaztea ez litzateke zuzena izango, Txoriak sartzen zaizkigu etxea eta fabrikako leihoetatik* zuzena ez den bezalaxe.
2014-03-31 10:01:38
>
BERRIAn, makina-erreminta erabiltzen dugu.

Tradizioan, hurrenkera horretan erabili izan da, eta Hiztegi Batuan ere halaxe jaso dute:

makina-erreminta Heg. h. makina-tresna,
makina tresna

Hitz elkartuen osaera eta idazkera lanean, Euskaltzaindiak azaldua du zer elkarte mota den hori. Hona hemen pasarterik esanguratsuenak:


12. Atributu- eta koordinazio-elkarteak

Osagai biak izenak dira elkarte-moduotan. B-A moduko izen-elkarteak dira hauek ere, beraz. Ez dira, ordea, eguzki-lore, liburu-azoka modukoak; ezta diru-biltzaile, kale-garbiketa gisakoak ere. Beren barnean badaude, gainera, multzo desberdinak. [...]

12.2. Koordinazio-elkarteak

makina-erreminta modukoak: bidazti-olerkari, errege-projeta, erretor-bikario, konde-duke, hargin-meatzari.

hego-ekialde moduko puntu kardinalak: hego-ekialde, hego-mendebalde, ipar-ekialde, hego-hegomendebalde.

Ezkio-Itsaso moduko leku-izen elkartuak: Abanto-Zierbena, Ainhize-Monjolose, Amenduze-Unaso, Amorebieta-Etxano, Arberatze-Zilhekoa, Arboti-Zohota, Urriixtoi-Larrabile, Arratzu-Ubarrundia, Burgue-Erreiti, Berrogaiie-Lahiintze, Biurrun-Olkotz, Duzunaritze-Sarrasketa, Buztintze-Iriberri, Gamue-Zohazti, Etxarri-Aranatz, (Markin-}Etxebarri, Ezkio-Itsaso, Gemika-Lumo, Uharte-Arakil, Idauze-Mendi, lruraitz-Gauna, Labetze-Bizkai, Leaburu-Gaztelu, Markina-Xemein, Lasarte-Oria, Uharte-Garazi.

[...]

1.2. Koordinazio-elkarteak: B-A moduko koordinazio-elkarteotan, aldiz, honako eredu-molde hau ageri da: "norbait (zerbait) B da eta A da": makina-erreminta, konde-duke, errege-projeta, erretor-bikario, bidazti-olerkari, Lasarte-Oria, Markina-Xemein. Buru biko sintagma osatzen dute, beraz, koordinazio-elkarteek.
2014-03-21 16:23:18
>
EHUko Euskara Zerbitzuak eta Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolak 2005ean argitaraturiko hiztegian (Erizaintzako Hiztegia), metaketa proposatu zuten depósito adierazteko. Hau da definizioa:

Hainbat gairen pilaketa, zelula-ehunean zein beste atal batzuetan.

Hori ikusirik, hobe izango da gordailu ez baizik metaketa hitza erabiltzea enfermedad de depósito euskaraz emateko. Nolanahi ere, badirudi oraindik ez dela forma bat finkatu kontzeptu horretarako. BERRIAn aipatu beharko bagenu, honela emango genuke: metaketa gaixotasun, metaketaren ondoriozko gaixotasun (edo gaitz nahiz eritasun).
2014-03-05 17:08:07
>
Izen bereziak nola deklinatu erabakitzeko, aski joera zabaldua da, gure ustez, deskriptibotasuna kontuan hartzea, oharkabean edo ohartuki.

Esaterako, denok esango edo idatziko genuke Eusko Alderdi Jeltzaleko, Eusko Alderdi Jeltzaletik, Euskal Nekazarien Batasuneko, Euskal Aktoreen Batasunetik, Ezker Batuko... Izan ere, izendapen horiek deskriptiboak iruditzen zaizkigu, eta izen arrunten gisan deklinatu ohi dira horrelakoak, senez.

Beste muturrean, Osasuna dugu, adibidez, futbol taldearen izena; izan ere, nekez jo daiteke deskriptibotzat, eta ez du zalantzarik sortzen nola deklinatu behar den: Osasunako, Osasunatik... Beste hainbeste gertatzen da Esne Beltza, EH Sukarra eta halako izenekin: Esne Beltzako, EH Sukarratik...

Bi mutur horien tartean, ezin konta ahala izen berezi daude; batzuk erdi-erdian daude, bi muturretatik urrun, eta horrelakoekin sortzen zaigu duda. Dudako kasuak ahalik eta gutxien izan daitezen, irizpide praktikoa da, gure ustez, kontuan hartzea izena deskriptiboa den ala ez, edo, gutxienez, deskribatzeko asmoz jarria den ala ez.

Nolanahi ere, horrek ere ez du guztiz argitzen auzia, eztabaidagarria baita izen batzuk zenbaiteraino diren deskriptiboak. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna deskriptiboa da, baina Eusko Alkartasuna? Euskal Nekazarien Batasuna deskriptiboa da, baina Herri Batasuna? Betiko baina madarikatu horiek ezin guztiz argitu... baina zirt edo zart egin behar, ordea.

Gainera, susmoa dugu bukaerako -a letra hori itsatsitzat jotzeko premia errazago sortzen zaigula gaztelaniaz ere erabiltzen diren euskarazko izenetan; alegia, errazago esango dugu Herri Batasunako, Ezker Batuako* baino. Izen arrunt batzuekin ere sumatzen dugu fenomeno hori: gaztelaniaz ikurrina, chatarra eta chistorra esaten denez, askorentzat hala dira hitz horiek euskaraz ere, -a eta guztikoak, eta ez dira konturatzen ikurrin, txatar eta txistor direla euskal hitzak...
2014-02-13 12:29:20
>
BERRIAn, gutxi izaten dira letrak eta zenbakiak dituzten laburtzapenak. Halakoak erabili behar ditugunean, beste siglak bezala deklinatzen ditugu, salbuespenik egin gabe; beraz, ez dugu marratxorik jartzen. Hona hemen adibide batzuk:

HGI-352ko; A-15eko; I-11n; M-15en; G8koak...

Nolanahi ere, zientziari buruzko testu espezializatuetarako, EIMAk gomendio hau emana du Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuan, 34. orrialdean:

Oro har, ez da marratxorik jartzen siglaren eta deklinabide-atzizkiaren artean, salbuespenak salbu. Edonola ere, adierazpide alfanumerikoak erabiltzen direnean, edo letra larri eta xeheak batera, marratxoa erabiliko da beti siglaren eta deklinabide-atzizkiaren artean [...].
2014-02-04 16:13:38
>
Euskaltzaindiak Bilboko kale izendegia landu zuenean (1998an eta 1999an), Zazpikaleak idazkera hobetsi zuen. Esteka honetan, Hamaika kale dago Zazpikaleetan artikulu guztiz argigarria duzu, Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko idazkariak Deia-n idatzia: http://tinyurl.com/pacur6u.

Hona hemen zatitxo bat:

Bi auzo dira berez Bilboko zaharrenak: Bilbo Zaharra, Ibaiazabal itsasadarraren ezkerraldean, eta Zazpikaleak, gaztelaniaz Siete Calles, nahiz eta azken urteotan gaztelaniaz Casco Viejo deitu. Nola gauzatu zen aldaketa hau? Hirurogeigarren hamarkadaren amaieran erabaki zuten Zazpikaleetako merkatariek elkarte bat sortzea eta arazoa izena ematean sortu zen, denda Zazpikale historikoetatik kanpo zutenek oztopoak jarri baitzizkioten Sietecalles izenari, Casco Viejo izen berria proposatuz. Izena udalaren laguntzaz nagusituz joan zen eta egun gaztelaniazko izen zaharra, Sietecalles, ia desagertu da. Euskaraz bestelakoa pasatu zen. Casco Viejo proposatzean Bilbo Zaharra izena bultzatu zuten, Zazpikaleak, izen jatorra baztertuz, izen hori ibaiaz bestaldeko auzoari, gaztelaniaz Bilbao La Viejari, dagokiola konturatu gabe. Geroago batzuek, auzia konpondu nahian, Alde Zaharra sortu zuten, eta amaitzeko Uri Zaharra ere erabili izan du udalak.

Eta egun zer egin behar dugu? Argi dago gaztelaniaz Casco Viejo nagusitu dela eta onartu beharra dagoela uste dut, baina euskaraz, udalak ongi erabiltzen duen bezala, Zazpikaleak (nahiz eta askoz ere kale gehiago izan, Gizaburuaga edo Etxebarri bezalaxe, izen hauek udalak izendatu aurretik eremu txikiak izendatzen zituzten eta).
2013-12-11 18:45:34
>
Eskerrik asko denoi da euskara batuko forma. Izan ere, plural hurbileko datiboa -oi da, EGLU-I liburuko 421. orrialdean diotenez. Beraz, denoi, umeoi, jaun-andreoi...
2013-11-15 12:52:07
>
Ebro aldean jotzen duen ipar-mendebaldeko haizeari deitzen zaio ziertzo.

Euskaltermen eta Elhuyarren jasoa dute hitza, eta testuetan ere ikusten da han eta hemen:

Ekaitza, hegoa, ziertzoa, enbata, soperna jeneralaren hatsa eta mortu erreak. (Itxaro Borda: %100 basque, 211. or.)

Pello Zabalak ere erabili zuen Eguraldia beti airean liburuan (54. or.):

Ziertzoa. Normalean gure inguruko haize ezagunenekin bagabiltza ere, hor daukagu, urrunxeago, Ebro ibaiari segika doan haranean abiada eta hotza hartuta joaten den haize berezia, ziertzoa deitzen diotena. Zein haize klase den? Ipar-mendebaldeko haize hotza, tarteka bortitza, horixe da ziertzoa. Ohikoa izaten da Bretainia aldean antizikloi sendokote bat kokatzea eta, batez ere Mediterraneo aldean depresioguneren bat egokitzen bada. Antizikloiaren bizkar datorren haize hotza, Mediterraneo aldeko zurrunbiloaren zurrupaz lagundurik, han doa, gero eta abailago, Ebro ibaiaren erribera sakana profitatuz… Egoera honek, iberiar penintsulan ipar haizeak aise sorrarazten ditu.
2013-11-07 20:49:20
>
Bi horietatik, BERRIAn nahiago dugu Urliari elkarrizketa, edo Elkarrizketa Urliari, tradizioan horrelakoak gehiago direlakoan. Gogoan izan, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren Ainhoari gutunak liburua.

Euskaltzaindiaren EGLU-I liburuan (233. or.), honela diote, nori kasuari dagozkion elipsiez ari direla:

Nolanahi ere, tituluetan eta izenburuetan onargarriagoak dira, elipsiaren bidez emanda baitaude:

(81)
(a) Descartes-i sarrera
(b) Sarrera Descartes-i

Izan ere, garbi dago horrelakoak izenburuetan bakarrik direla onartzekoak, ezin baitira bere hartan josi esaldietan:

Bidali gabe dauzkat Ainhoari idatzitako gutunak (*Bidali gabe dauzkat Ainhoari gutunak)
2013-11-05 13:26:56
>
Guztiz normala da ordu eta erdi egitura. Esaterako, Ereduzko Prosa Gaur corpusean, 246 aldiz ageri da. Euskaltzaindiaren Hiztegian, bi adibide hauek daude: "Ordu eta erdi irauten duen emanaldia" (iraun sarrera), "Ordu eta erdi irauten zuela" (ordu sarrera). Eta Orotariko Euskal Hiztegian ere bada adibiderik: "Bear zan baino ordu eta erdi lenagotik".

Ordu bat eta erdi, berriz, oso bakan erabili izan da, guk eskura ditugun corpusetan, behintzat: Ereduzko Prosan, lau aldiz baino ez (hiru aldiz Herria-n, eta behin Itxaro Bordaren Zeruetako erresuma liburuan); Lexikoaren Behatokian, hiru aldiz (BERRIAn bi adibide, Allande Sokarrosek eta Irene Arrizurietak idatziak, eta ETBren webgunean bat). Orotarikoan ez dugu bat bera ere aurkitu.

Beraz, badirudi gutxi erabili izan dela ordu bat eta erdi, eta batez ere ekialdeko hizkerei dagokiela. Hori ikusirik, BERRIAn ordu eta erdi erabiltzen segituko dugu, tradizioan egin ohi den bezala, baina jakinik Iparraldeko testuetan baduela bere tokitxoa ordu bat eta erdi formak ere.
2013-11-04 14:42:53
>
Testuinguru batzuetan, behintzat, bi kontzeptu bereiz dira parekidetasuna eta berdintasuna (es: paridad, igualdad; fr: parité, égalité; en: parity, equality). Elkarrekin zerikusia izanagatik, zeinek bere ñabardurak ditu.

Parekide eta parekidetasun hitzak, askotan, ordezkari edo kide kopuruaz mintzatzeko erabiltzen dira. Hala izaten da, esaterako, batzorde parekideak aipatzen direnean: halakoetan, parte hartzen duten alde guztiek kide kopuru bera izaten dute.

Orobat, demokrazia parekidea deiturikoan, orekatua da gizon-emakumeen ordezkaritza eta parte hartze politikoa: ez gizonak eta ez emakumeak ez dira ordezkarien %60 baino gehiago (es: democracia paritaria; fr: démocratie paritaire; en: parity democracy).

Kontzeptu horiek euskaraz emateko, parekide eta parekidetasun erabiltzen dira, besteak beste, eta Hiztegi Batuan sartuak daude biak. Nolanahi ere, hitzon osaera nahiko eztabaidagarria da, eta, horregatik, paritario eta parekotasun ere asko erabiltzen dira. Esaterako, Zehazki hiztegian, parekide, paritario eta parekotasun ageri dira; Elhuyarrek, berriz, bi bikoteak ematen ditu (paritario eta parekotasun; parekide eta parekidetasun), eta Euskaltermek nahiago ditu paritario eta parekotasun (hauteskunde-parekotasun sarreran, adibidez).
2013-10-24 19:00:06
>
Bai, arrazoi duzu: Frantzian, Kasazio Auzitegia da auzitegi gorena (fr: cour de cassation). Gure zerrendak bi auzitegi direla ulertzeko bidea ematen zuenez, moldatu egin dugu, gaizki-ulerturik izan ez dadin. Mila esker estilo liburua hobetzen laguntzeagatik!
2013-10-03 12:55:11
>
Euskaltzaindiak oraindik ez du erabaki zein izango den New Yorkekoak izendatzeko herritar izena. BERRIAn, newyorktar erabiltzen dugu, hori delakoan forma erregularra. Dena dela, askotan aski da New Yorkeko.

Hona hemen newyorktar hitzaren testigantza batzuk:

Newyorktar lagun batzuk itaundu nituen [...] (Iñaki Zabaleta, 110. Street-eko geltokia, 190. or.)

[...] eta newyorktarrak listu egin zidan bozgorailu batetik [...] (Aingeru Epaltza, Rock'n'roll, 292. or.)

Jakina, ez Eric Gonzalezek, ez beste newyortarrek ez dakite [...] (Gotzon Garate, Zakurra, zeure laguna, 2002. or.)
2013-10-03 12:54:40
>
BERRIAn, tituluetan ez dugu aipatzen (ustezko) delitugileen nazionalitatea, zein-nahi ere den: berdin jokatzen dugu beti, aipatua Euskal Herrian jaioa izan nahiz kanpotik etorria izan. Gai honi dagokionez, hauxe zehaztu dugu gure estilo liburuan, Deontologia ataleko Bereizkeriarik gabeko tratamendua epigrafean:

Protagonisten etnia, erlijioa, jatorria eta kultura ez dira aipatuko informazioetan, non eta ez den ezinbestekoa albistea ulertzeko.

Etorkinek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago. Hala, esaterako, ezin da identifikatu jatorri, etnia edo erlijio jakin bat jarrera fundamentalistekin, delituarekin edo gizarte arazoekin.
2013-10-03 12:54:05
>
Oraintxe konturatu gara, zure galderari esker, Lasarte-Oria sarrera behar bezala eguneratu gabe genuela. Izan ere, Lasarte-Oriako biztanleak lasartearrak dira, Euskaltzaindiak tradizioa aztertu eta gero azaldu duenez.

Hona hemen lasartear formaren bi testigantza, biak ere Euzko Gogoa aldizkarian argitaratuak eta Orotariko Euskal Hiztegiko adibideetan jasoak:

Lasartear tolesgabe edo inoxenteak. (Euzko Gogoa, 1957)
Gure Ama Birjiña Errukitsuari lasartearrak egiten genizkan Bederatziurren oneraspentsuak. (Euzko Gogoa, 1957)

Beraz, lasartetar, izatekotan, Lasarte deituradunak izango dira, Lasarte familiakoak, baina ez Lasarte-Oriakoak.

Mila esker, estilo liburua hobetzen laguntzeagatik!
2013-09-17 17:47:00
>
Jatorrizko hitza, bosnierazkoa, Bošnjak da; ingelesezkoa, Bosniak; frantsesezkoa, Bosniaque; alemanezkoa, Bosniake.

BERRIAn, bosniak hitza erabiltzen dugu herri hori izendatzeko, eta, beraz, pluralean deklinatu behar dugunean, bosniakak idazten dugu:

Bosniakak gehiengoa dira Bosnia eta Herzegovinan.
2013-09-12 07:56:14
>
Gure ustez, ezin egokiagoa da zuek asmaturiko izenburua. Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegian, oraindik ez dute jaso olde hitzaren adiera hori, baina Orotariko Euskal Hiztegian ageri da:

2 olde (VocBN A; Lh).
"Grande masse de. Hur olde handian, Noe eta haren familia salbatu ziren arkhan" VocBN. "Invasion. Ur-olde, déluge, inondation. Soldado-olde, invasion militaire" Lh. Apenas lo encontramos fuera de uholde. Gibel olde bat izan zen ipuinaren alde. "A wave of reaction". Mde Pr 88. Nere miñ-oldearen oiartzun trixteak / ez dituzte entzungo Tajoko ondarrek. "De tanta confusión". Berron Kijote 154

Gaur egungo hainbat idazlek ere erabiltzen dute olde adiera horrekin, Ereduzko Prosa Gaur corpusean ikusten denez. Hona hemen etsenplu batzuk:

Higitzen hasi zenean, Edmeak zakuak eskuratu zituen eta jende oldeak bultzaturik abiatu zen, hinki-hanka. (Itxaro Borda, Zeruetako erresuma, 272. or.)

Izan ere, gogo biziko jendeak, bere soilean bakartzera egiten baitu, eta gogo ahul eta zurikoak, jende oldearen zurrunbiloan bere burura babestera. (Patziku Perurena, Trapuan pupua, 292. or.)

Hondoa jotako aitoren seme, zimarkun eta urre-bilatzailezko jende olde bat lehorreratu zen Potomak-eko urertzean, eta oholezko txabolak eraiki zituzten. (Marcel Schwob, Bizi alegiazkoak, 121. or., Juan Garziak itzulia)


2013-08-28 13:15:31
>
Eskerrik asko zuri!

Egia da euskarazko izenek eta izenondoek, oro har, ez dutela genero gramatikalik. Nolanahi ere, badira salbuespen gutxi batzuk: batetik, hizkera batzuen tradizioan -sa edo -na atzizkia duten hitzak (alarguntsa, artzaintsa...; lehengusina); bestetik, lagunarteko hizkeran erabiltzen diren hitz gutxi batzuk, hala nola -era /-ero atzizkiaz sorturiko hauek: gezurtera / gezurtero, kantinera, parrandera / parrandero.

Hiztegi Batuan sartuak daude bai kantinera eta bai parrandera / parrandero. Gure ustez, txupinera eta txupinero multzo horretakoak dira, eta horregatik erabiltzen ditugu beren hartan.

Horrek ez du esan nahi, jakina, zilegi denik beste hizkuntza bateko genero markak ekartzea euskarara, modu sistematikoan; izan ere, fenomeno horren hedadura mugatua da oso, eta, BERRIAren ustez, dultzainera erabiltzen hastea zentzugabea litzateke, ez baitu inolako tradiziorik eta euskararen ezaugarri orokorren kontra sortuko bailitzateke, horretarako komunikazio premiarik izan gabe.
2013-08-01 13:25:55
>
Mila esker zuri, BERRIAlagun izateagatik!

BERRIAk Erriberri erabiltzen du, hori baita herri horren euskal izena, Euskaltzaindiak Nafarroako udal izendegian dioenez. Herri izenei dagokienez, BERRIAk Euskaltzaindiaren arauei erreparatzen die, eta hark arauturiko formak erabiltzen ditu, normalizazioan eta estandarizazioan lagundu nahian.
2013-07-01 22:50:22
>
Konpainiak mota askotakoak dira, bai; batzuk, sos bila dabiltzan horiek.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, konpainia hitza ageri da, bi adierarekin: lagunartea, batetik, eta kapitain baten agindupean dagoen gudari taldea, bestetik. Ekonomia arlokorik ez, beraz.

Hiztegi Batuan, berriz, bada enpresa adierakorik: aire-konpainia edo aire konpainia azpisarrera.

Orotarikoan, laugarren adieran hau da definizioa: Compañía, sociedad mercantil.

Zehazki eta Elhuyar hiztegietan ere ageri da enpresa adierazteko, baita Euskalterm terminologia datu-basean ere.

Gainera, nazioarteko hitza da (compañía, compagnie, company). Beraz, hori guztia kontuan harturik, BERRIAn ez dugu arazorik konpainia hitza horrela erabiltzeko. Nolanahi ere, erdarazko compañía, compagnie, company guztiak ez dira konpainia ezinbestean; compañía de seguros / compagnie d'assurance, esaterako, aseguru etxe esan ohi da euskaraz, konpainia hitza erabili gabe.
2013-06-29 10:32:05
>
Bietatik gehien hedaturikoa beren da, bai, eta euren mendebaldean erabiltzen da nagusiki. Horrek ez du esan nahi, ordea, euren euskara batuan erabili behar ez denik: beren bezain batua da, eta beren hizkerakoa dutenek behar adina erabil dezakete BERRIAn.

Euskaltzaindiaren Hiztegian hauxe da eurak sarrera (256 or.):

eurak 1 izord. pl. Haiek berak. Eurak etorri dira. Eurek egin dute. Eurei dagokienez. Euren arimaren galbidea. Eurena izango da Zeruetako erreinua. Euretariko batek.
2 izord. pl. (Izen baten eskuinean). Berak. Ondasunak eurak baino gehiago balio duena. Horiek eurak dira garbitasuna gordetzeko egokienak.

Orotariko Euskal Hiztegiak informazio hau ematen digu euren hitzaren erabilerari buruz:

euren (G-nav ap. A; Dv, H), eren (G-nav ap. A), euraen, euran.
Su (de ellos). "Leur, le leur" H. v. beren. Tr. Documentado desde Lazarraga; es de uso general en vizcaíno, en la forma euren. Los autores guipuzcoanos (Ubillos, Guerrico, Aguirre de Asteasu, Apaolaza y Zaitegi) emplean eren hasta mediados del siglo XIX; hasta esa fecha sólo hay euren en Larramendi. A partir de Iztueta se generaliza euren (A.M. Zabala, Xenpelar, Apaolaza, D. Agirre, Jautarkol, Orixe, Zaitegi, Etxaide, Ibiñagabeitia, Gaztelu, Anduaga, Lasa). Encontramos además heren en el suletino Casenave.
Euren eskuetan ekarten arko bana. Lazarraga 1153r. Alan jaso egien euraen kaltetzat. "Su daño". (Escrituras de Andramendi). TAV 3.2.9, 159 (ib. 160 euren). Gipuzkoan goraturik / mendiak euren gañean, / bera ikusteko luzatzen / zuten lepo gogorra. Lar Gram 384. Heren burutik asmatu ta heren eskuakin egin zituen zurezko [...] idoloai. Ub 37 (197 eren). Enzun egiezuz nekazareai [sic] euren esakuneak. Mg PAb 199. Eren buruaren jabe izanduaz. CatAN 66. Eren buruak ezagutu eta eren argaltasuna ikusirik humillatu zitezen. Gco II 24. Gogortuak, sorrak eta gorrak iltzen dira eren bekatuan. AA I 462. Ezagun zuten eren arpegietan, biotzak negarrez zeuzkatela. Apaol 51. Gizon danak gura dabe euren biotzak eskatzen deutsen gozamena. Ag AL 47. Eta jaurti eben euren ondotik. Altuna 99. Gixaxo andi aek, ezeren jabe ez izateko, euren buruen jabe be etziran. Eguzk GizAuz 10. Ez dabiltzala legegabe ta ajolagabe nunaitik eren aisara. TAg Uzt 251. Aizpa berriak euren arteko adiskidetasuna yarei-eziñezko biurtu zuten. Etxde JJ 228. Ipiñeburutarrak, euran biotzak pozez ganezka zituezala, ta euren arrotasuntxoa barruen gorde eziñik, obispoaren ordezkariaren eskuetan itxi eudiezan. Akes Ipiñ 16. Baserritarrak jarrita zeukaten lege bat eren artean. And AUzta 37. v. tbn. Vill in Gand Elorri 11. Heren ondotik / dütügü bortiak kurritü. Casve SGrazi52 (v. tbn. 110).



2013-06-27 13:30:30
>
Erabat ados. BERRIAk, inoren esanetan copago itzuli behar duenean, ez du ez berrordainketa eta ez berrordaindu erabiltzen, baizik eta ordainketa partekatua. Besterik da, ordea, batzuek copago deitzen duten hori zer den egiaz BERRIAren ustez: repago bat, alegia, berriz ordaintzea edo berrordaintzea.
Horregatik, sarrera hauek ditugu hiztegian:


kopago 1* e. berriro pagatu / ordaindu, birpagatu, berrordaindu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da birpagatuko medikuarengana joateagatik.

kopago 2* e. ordainketa partekatua. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

ordainketa partekatua, -a (ordainkidetza*, kopago*).


2013-06-21 19:18:19
>
Kiroletan, aski dira entrenatu, entrenatzaile, entrenamendu... Bestela, gure testuetan behintzat, gehienetan ondo egokitzen dira trebatu, trebatzaile eta trebakuntza. Coach, gainera, aholkulari ere izan liteke... Onena, testuingurua kontuan hartuta erabakitzea.
2013-06-19 17:41:26
>
Horrelakoetan, r letra bikoiztu egiten da; esaterako, Eibarren esaten dugunean bikoizten den bezala. Beraz, Mercosurreko erabiltzen da.
BERRIAn, ez genuke marratxoz idatziko, ezta lehen aipamenean ere, Mercosur izena aski ezaguna delakoan. Nolanahi ere, lehen agerraldian marratxoa jartzea argigarria izan liteke hitza oso ezaguna ez denean, irakurleak garbi jakin dezan zein den hitza eta non hasten den deklinabide atzizkia.
2013-06-18 08:37:18
>
Mila esker, Lourdes. BERRIAn, Champions League adierazteko, Txapeldunen Liga erabiltzen dugu. Zaila iruditzen zaigu champions ingelesezkoa egokitzea; egokitzekotan, tx-z eta n-z idatzi beharko litzateke, baina plurala zein litzateke? 'Txanpionsak'? 'Txanpionak'? Betiko txapeldunak nahiago.
2013-06-17 15:17:14
>
Bi modu daude hori esateko: 'eraso' (eta ez *'erasotu') eta 'eraso egin'. Bietan, 'nor-nori-nork' da erregimena. Horrek esan nahi du esaldiak honela osatzen direla:

Gogor eraso zion aurkariari.
Haurrari eraso egin ziola aitortu du.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa