Alberto Barandiaran: «Hedabideek sexu abusuei garrantzia emateak asko lagundu du isiltasuna hausten»

  • Albistea entzun

Alberto Barandiaran kazetariak 'Ez duzu abusatuko' liburua (Txalaparta, 2017) kaleratu zuen Iñigo Astiz eta Miren Rubiorekin batera. Euskal Herriko Elizako pederastia kasuei buruzko lehen liburua da; 50 elkarrizketa baino gehiago egin zituzten lana osatzeko, eta hainbat kasu berri argitaratu.

Badirudi askotan aipatu duzun isiltasun hori pitzatzen ari dela. Zer dela-eta orain?

Ez da erraza hainbeste urtetako isiltasuna bat-batean haustea; prozesu bat behar izaten du, eta uste dut kasu honetan komunikabideek gaiari garrantzia ematen hasteak nabarmen lagundu duela ibilbide horretan. Guk Ez duzu abusatuko liburua atera genuenean, argitara atera ziren kasu batzuk, baina uste dut orduko hartan ahalegin koordinatu bat falta zela, denek batera bultzatzea.

Koordinazio hori egin da azken urteetan?

Bai. Nafarroan elkarte bat sortu zen, egunkari batzuk hasi ziren gaiaren inguruan sakon ikertzen, unibertsitateek ere azterlanak hasi dituzte [Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri du 58 kasu biltzen dituen txosten bat], geroz eta gehiago hasi da hitz egiten gaiari buruz... Azkenean, aktualitate informatiboan sartu zen pixkanaka. Horien guztien artean sortu den giro horretan, biktimak ikusten hasi dira beren kasua ez dela bakana, eta horrek hitz egitera bultzatzen ditu askotan.

Zein izan beharko litzateke instituzioen eta Elizaren jarrera testigantzen harira?

Aspaldian hartu beharko luketen jarrera. Hau da, Eliza hasi beharko litzateke kontu hau serio hartzen, eta ulertu beharko luke hau ez dela Elizaren kontra joan nahi dutenen ahalegin politiko edo ideologikoa. Kontrara, urteetan ezkutatzen saiatu diren benetako errealitate bat dela. Jendeak ulertu du ez dela kasu bakana; gauza orokorra da, eta Elizak aurre egin beharko dio horri.

 «Eliza hasi beharko litzateke kontu hau serio hartzen, eta ulertu beharko luke hau ez dela Elizaren kontra joan nahi dutenen ahalegin politiko edo ideologikoa».

Alberto Barandiaran (kazetaria)

Zer egin dezakete erakundeek? Nola?

Modu askotan egin daiteke: kaltea onartu eta biktimekin hitz eginda, ikerketa zabal bat abiatuta [Ertzaintza Elizari lotutako hainbat sexu abusu ari da ikertzen], justiziari lagunduta... Orain arte egin ez den guztia eginda. Erakundeek ere lagundu beharko lukete, hau ez baita soilik Elizaren arazoa.

Spotlight filmean aipatzen da Elizan sexu abusuak sistematikoak izan direla. Uste duzu Euskal Herrian ere hala izan dela?

Bai. Munduko Eliza guztietan gertatu da, eta hemen ere bai. Duela urte batzuk eskola erlijiosoetan edo seminarioetan egon den edonork ezagutzen du sexu-abusu kasuren bat. Toki askotan, urte askoan eta etengabe gertatu zen.

«Duela urte batzuk eskola erlijiosoetan edo seminarioetan egon den edonork ezagutzen du sexu-abusu kasuren bat».

Alberto Barandiaran (kazetaria)

Jatorrizko artikuluak