Bego Zubia Gallastegi: «Bakterioei presio egin diegu, eta arazo global bat sortu dugu»

  • Albistea entzun

Elhuyarrek 'Erresistente' izeneko dokumentala ondu du, eta Bego Zubia Gallastegi da zuzendaria eta gidoilaria (Arrasate, Gipuzkoa, 1965). Lanaren helburua: antibiotikoak desegoki erabiltzearen ondorioz sortutako bakterio erresistenteen arazoa gizarteratzea. Izan ere, bakterio erresistenteen arazoak 33.000 hildako eragiten ditu urtean.

Antibiotikoen erabilerari buruz diozue: «Gehiegi eta gaizki».

Hori da funtsacloseOinarria.
. Ni ez naiz medikua, ezta ikerlaria ere; kazetaria naiz, baina hitz egin dudan jende guztiak gauza bera esan dit: urteetan antibiotiko gehiegi erabili direla, kontrolik gabe, eta gaizki. Eta ez gurean bakarrik: mundu guztian. Horrek bakterio komunitateetan presioa areagotu du, eta ondorio nagusia izan da erresistentziacloseZerbaiti gogor aurre egitea.
gehiago garatu dituztela. Eta elkarren artean erresistentzia horiek trukatzen dituztenez, gerta daiteke antibiotikoei erresistente bihurtzea, eta sendatzeko arazo larriak izatea.


Baina dokumentala ez da antibiotikoen kontrako aldarricloseErreibindikazio.
bat.

Inola ere ez; are gehiago, haien defentsa egiten da. Antibiotikoak oso tresna erabilgarriak dira bakterioek sortutako infekzioak sendatzeko, baina, gaizki erabili direnez, haien eraginkortasuna galtzen ari dira. Helburua da jakinaraztea zer gertatzen ari den, zentzuz erabiltzea, eta denon artean horien eraginkortasuna berreskuratzea.

«Antibiotikoak oso tresna erabilgarriak dira bakterioek sortutako infekzioak sendatzeko, baina, gaizki erabili direnez, haien eraginkortasuna galtzen ari dira».

Bego Zubia Gallastegi (Elhuyarreko kazetaria)

Datuak ere gordin ematen dituzue.

Bakterio erresistenteen arazoak 33.000 hildako eragiten ditu urtean. 2050. urtean, eta tartean ez bada erabaki erabatekorik hartzen, minbiziak baino hildako gehiago eragingo ditu.

Baina bakterioekin bizi gara.

Eta bakterioak, izatez, onak dira. Edo ez onak eta ez txarrak. Dauden horien guztien artean oso gutxik sortzen digute guri gaixotasunen bat. Gehienek bizitzen laguntzen digute. Adibidez, digestiorik ezingo genuke egin haiek gabe.

«Bakterio oso gutxik sortzen digute guri gaixotasunen bat. Gehienek bizitzen laguntzen digute. Adibidez, digestiorik ezingo genuke egin haiek gabe».

Bego Zubia Gallastegi (Elhuyarreko kazetaria)

Eta animaliei ere eragiten die aferacloseArazo.
honek guztiak?

Animaliei eragiten die, eta landareei ere bai. Antibiotikoak erabili dira hainbat alorretan, pentsatuz gaixotasunei aurrea hartuko geniela horrela. Eta erabili izan dira animaliak azkarrago gizentzeko ere. Bizidun guztioi eragiten diguten bakterio horiei presio egin diegu, haiek elkarri erresistentziak pasatu dizkiote, eta denon artean arazo global bat sortu dugu, oraintxe bertan oso larria dena.

Bi gaixoren testigantzak bildu dituzue. Ematen dute zer pentsatua.

Agerian uzten dute hau edonori gerta dakiokeela. Pentsa: mutil gazte osasuntsu bat, hasten da etxean lantxo bat egiten, eta egiten du besoan zauri bat, ematen dizkiote paperezko lau puntu, eta zer-nolakoak pasatu behar izan dituen gero, bakterio erresistenteengatik.

Dokumentaleko zenbait esaldi segidan: «Icebergaren punta da».

Ikerlariak ere ez dira guztiz jabetzen arazoa zenbaterainokoa den.

«Bakterioek guk baino milioika urte gehiago daramatzate hemen».

Horregatik da horren zaila arazoari aurre egitea. Gu oso organismocloseIzaki bizidun.
konplexuak gara, eta milaka urte behar izan ditugu eboluzionatzeko. Bakterioek milioika urte daramatzate hemen, eta oso azkar eboluzionatzen dute. Belaunaldi bat hogei minutuan sor daiteke. Pentsa zenbat belaunaldi sor daitezkeen urtebetean, eta zer-nolako gaitasuna izan dezaketen eboluzionatzeko eta aldaketetara egokitzeko.

«Bakterioek milioika urte daramatzate hemen, eta oso azkar eboluzionatzen dute. Belaunaldi bat hogei minutuan sor daiteke».

Bego Zubia Gallastegi (Elhuyarreko kazetaria)

«Antibiotikoa erabiltzea zerbait gaizki egin den seinale da. Benetako arrakasta infekzioari aurrea hartzea da».

Dokumentala egiten aritu naizen denboran, etengabe errepikatu didate: "Gure gurasoek oso ongi zekiten jan aurretik eskuak ongi garbitu behar zirela, edo zauriak oso ongi garbitu behar zirela. Beharbada, guk detaile txiki horien garrantzia ahaztu dugu". Eta ziurrenik hori da modurik eraginkorrena ez gaixotzeko. Eta gaixotu ezean, ez dugu antibiotikorik beharko, eta arazo hau zabaltzen ez dugu lagunduko.

«Kontua ez baita euliak kanoikadaka hiltzea».

Oso ongi islatzen du horrek nola erabili izan diren antibiotikoak: ez eman antibiotikorik boteretsuena gaixotasun arin bati. Geroz eta gehiagok diote indarra jarri behar dela gaixotasuna sortzen duen agentecloseIzaki bizidunetan eraginen bat duen gaia.
hori identifikatzen, eta horri dagokion antibiotikoa eman gero.

Konponbidea?

Zaila. Eta klima aldaketarena? Eta deforestazioarena? Denon esku dago konponbidea, baina are gehiago erabakiak hartu behar dituztenen esku. Ezin dugu pentsatu honetan denok daukagula erantzukizun berbera; hori ez da egia. Jakin behar dugu arazo bat daukagula, eta horren aurrean gauzak zentzuz egin behar ditugula.

Jatorrizko artikuluak