Fernando Valladares: «Espezie aberastasun handiko ekosistemak dira gure txertorik onena»

  • Albistea entzun

Hainbat adituk iragarritakoa bete da COVID-19aren pandemiarekin. Etorkizunean halako gehiago izan daitezkeela eta, natura babestearen garrantzia azpimarratu du Fernando Valladares Ros ekologoak. Etorkizunean pandemiarik ez izateko, naturarekin dugun harremana aldatu egin behar dugu, haren iritziz. 

Esan duzu natura hondatu izana dela epidemia askoren jatorria. Zergatik?

Espezie ugaritasuna duten ekosistemek, ondo babestuta daudenek, leundu egiten dute zoonosicloseGaixotasun infekziosoa, animalietatik gizakietara pasatua, edo alderantziz.
en eragina, birus karga gutxitu egiten dutelako, eta hura zabaltzeko arriskua arindu.

Nola babesten gaituzte?

Aipatu izan dut Lyme-ren gaitzaren adibidea, Ipar Amerikako ekialdeko kostaldekoa. Akainei erasaten dien gaitz bat da, eta hortik zabaltzen da pertsonengana. Frogatuta dago basoa zenbat eta osoagoa eta zabalagoa izan orduan eta akain gutxiago infektatzen direla, eta ondorio gutxiago daudela pertsonengan.

Zer gertatzen ari da Ipar Amerikan gaitz horrekin?

Akainek bi espezieri egiten diete kosk, arratoiei eta zarigueiei, eta haien bidez jasotzen dute bakterioa. Zarigueiak urritzen ari dira, eta, beraz, arratoiak bihurtzen ari dira akainen gaitzaren transmititzaile nagusiak. Kontua da arratoien birus karga handia izaten dela, eta zarigueiena txikia. Beraz, gaitza bera bada ere, ez da berdin pasatzen espezie batzuetatik besteetara. Zarigueiak desagertu ahala, guretzat arriskutsuagoa bihurtzen ari da gaitza.

Baina zoonosiak ere ekosistemen parte dira...

Patogeno, birus, mikroorganismo, bakterio eta onddo kaltegarri asko daude: baratzeetan, abereak dauden etxaldeetan, gure etxeko leihoetan, oihan tropikaletan eta mendi gailurretan —han batzuetan izoztuta daude—... Orain ikusten ari gara, adibidez, permafrostacloseUdan izoztuta irauten duen lurzorua.
ren kasuan, urtzen ari diren izotzetatik ere askatzen ari direla birus eta patogenoak. Beraz, haiekin bizitzea tokatzen zaigu.

Kontua da ekosistemetan espezie asko egotea, borrokak elkarren artean bana daitezen. Hau da, eboluzio borroka. Immunitate sistemaren eta immunitate sistemaren aurkako borroka; mikroorganismoaren eta organismoaren aurkakoa. Borroka horiek espezie askoren artean jokatzen badira, neutralizatu egiten dira ondorioak. Birus karga handi batek zu jotzeko arriskua ere txikiagotu egiten da.

«Kontua da ekosistemetan espezie asko egotea, borrokak elkarren artean bana daitezen».

Fernando Valladares (CSICeko ikertzailea)

Zergatik da horren garrantzitsua birus kargaren kontua?

Birusa edukitzea baino garrantzitsuagoa da birus karga handia edo txikia daukazun. Birus karga lotuta dago bioaniztasunarekin, eta erakusten du ongi gordetako natur sistemek nola babesten gaituzten. Natur sistemak ez du desagerrarazten birusa. Ezin ditugu hil saguzarrak, pangolinak… Beraz, espezie ostalariekin bizitzea interesatzen zaigu: txakurrekin, pangolinekin, saguzarrekin... Espezie aberastasun handiko ekosistemaz inguratuta bizitzea da gure txertorik onena.

Azkenaldian, asko entzun izan da animalia jatorriko pandemien kontua: hiesa, ebola, koronabirusa...

Lehen baino zoonosi gehiago daude, bai, baina ez daude patogeno gehiago. Beste faktore batzuk aldatu dira, eta, ondorioz, patogeno horien kontzentrazioa handiagoa da. Gainera, gu harremanetan sartu gara haiekin, ez bakarrik espezieen legez kanpoko salerosketarengatik, baizik eta bioaniztasunaren galeraren ondorioz, animalia horien birus karga ere handiagoa baita orain.

Zer beste faktore aipatu behar zenituen?

Zuk animalia bat gaizki tratatzen duzunean, kutxa batean garraiatzen duzunean, gutxi jaten badu, estresatuta badago, haren defentsa sistema deprimitu egiten da, eta, guri gertatzen zaigun moduan, barruan daukan birusak erasaten dio. Animalia bera askoz ere kutsatzaileagoa da orduan. Beraz, aukera eta arrisku faktorea oso garrantzitsua da.

Koronabirusak gizakiengana iristea lortu du. Zergatik?

Badira ezagutzen ez ditugun patogenoak, baina ez dira denak iristen guregana modu berean. Artikoan karbunko kasu bat gertatu zen duela urte batzuk, permafrostaren izotza urtu zenean. Teorian ume bati bakarrik eragin zion. Ez da gauza bera kasu bakan bat edukitzea edo ehunka hektareatan agertzea, esparru zabal batean, non hiriguneak ere badiren. Litekeena da gizakia lehenago harremanetan egon izana koronabirusarekin. Hortik pandemia bat izatera, baina, bide luze bat dago.

Zer gertatu da orain, orduan?

Ez dakigu. Agian, koronabirusaren lurraldean sartu gara, pangolinen bidez-edo, eta baldintza guztiak gertatu dira zabaltzeko: merkatu batera eraman dute birusa, non garbiketa baldintzak txarrak diren, non milaka pertsona elkartzen diren. Modu horretan, ehunka lagun kutsatu dira, non eta Wuhanen gisako hiri batean, mundu osoarekin konektatuta dagoen toki batean. Hala, negozio gizonen bat itzuliko zen Europara COVID-19arekin, eta aste gutxiren buruan sekulakoa gertatu da.

Dena ezustea izan da? 

NBEkcloseNazio Batuen Erakundeak.closeNazio Batuen Erakundeak. iragarria zuen gero eta ohikoagoak izango direla pandemiak, badagoela X birus bat, iristear dagoena, eta zeinaren robot erretratu bat dugun. Arrisku handia dago birus arriskutsu bat iristeko, bestelako ezaugarriak izango dituena: ebola bezain hilgarria eta koronabirusa bezain kutsakorra. Eta ez gaude prest halako kontu baterako.

«Arrisku handia dago birus arriskutsu bat iristeko, bestelako ezaugarriak izango dituena: ebola bezain hilgarria eta koronabirusa bezain kutsakorra».

Fernando Valladares (CSICeko ikertzailea)

Zenbaterainokoa da halako pandemia baterako arriskua?

Koronabirusen barruan ez dirudi horren zaila azkenean bi ezaugarri horiek batzen dituen birus bat zabaltzea. Eta lan egin behar dugu, osasun baliabideen ikuspegitik, baina baita ikuspegi zabalago batetik ere. Hor diziplinen arteko lankidetza sakonago baten beharra dago zoonosien arriskua apaltzeko eta duela 30 urte geneukan mailara itzultzeko.

Duela 30 urte zergatik geunden egoera hobean?

Orduan oraingo biztanleriaren erdia ginen, eta egungo ekosistemak halako bi genituen. Ia denari zenbakiak eta balioa jarri diogu dirutan, baina inork ez daki nolako balioa duen naturak gizakia pandemietatik babesteko daukan babes funtzio horrek. Erne, zeren naturak babes funtzio hori egiteari uzten dionean, ez dago modurik hura munduko inolako txertorekin ordezkatzeko.

«Naturak babes funtzio hori egiteari uzten dionean, ez dago modurik hura munduko inolako txertorekin ordezkatzeko».

Fernando Valladares (CSICeko ikertzailea)

Klima nola eragiten ari da?

Berotze globalak handitu egingo du pandemien eragina. Jatorri tropikaleko gaitzak dira adibiderik argienak. Berotzearen ondorioz, bektore espezieak oso gustura bizi dira jadanik gure latitude epeletan. Horregatik, lehen oso leku beroetan bakarrik zeuden gaitz batzuk hasi dira azaltzen Europan, Ipar Amerikan eta Asiako iparraldean.

Zer irakaspen atera behar genuke pandemia honetatik?

Natura babestea ez dela gastu bat, inbertsio bat dela, inbertsiorik errentagarriena, gainera. Nahiz eta arnasgailu asko erosi ospitaleetarako, hurrengo patogenoak ez badio erasaten arnas sistemari, alferrik izango da. Egin dezakegun aurrerapen nagusia zera da, etorkizuneko pandemien arriskua jaistea. Badakigu horretarako gako bat zein den: natur ekosistemen osasuna zaintzea, funtzio, elkarreragin eta espezie aniztasuna duten ekosistemei eutsiz. Beraz, naturarekin dugun harremana aldatu egin behar dugu.

Jatorrizko artikuluak