Minbizia: muinera hamar galderatan

  • Albistea entzun

Minbiziarekin gaixoturikoen biziraupena duela 40 urtekoa halako bi da gaur egun.

Gaixotasuna era batera edo bestera ondoan izan duten hiru lagunen testigantzak bildu ditu BERRIAk bideo batean.

Pronostiko ilunekin eta tratamendu makurrekincloseBihurriekin, zailekin lotzen da sarri minbizia. Medikuek esan ohi dute kontuan hartu behar dela zer minbizi «mota» den, eta gaitzaren «eboluzio fasea»: aldagai asko hartu behar dira aintzat eri closeGaixobakoitzaren prozesua nolakoa izan daitekeen iragartzeko. Baina Donostialdea erakunde sanitario integratuko (ESI) onkologo Laura Basterretxeak onartu du diagnostikoaren jakinarazpena, oro har, une aski zaila izaten dela.


Espainiako Onkologia Medikoko Elkarte SEOMek eman du datua: jaio eta 80 urte bete arte, gizonek minbiziren bat izateko %40ko arriskua dute; andreek, %27koa. Adinean gora egin ahala, arriskua handitu egiten da, nabarmen. Eta heriotzen kausa nagusia dira gaur egun tumoreak. Hegoaldean 2020an izan ziren heriotzen laurdenak tumoreen ondorio izan ziren: 7.811 heriotza, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. 

ZER DA MINBIZIA?

«Minbizi terminoak zelula anormalen garapenaren ondorioz sortzen diren gaixotasun ugari biltzen ditu», azaldu du Basterretxeak. «Ia edozein organo edo ehunetan ager daiteke». Hain justu ere, 200 minbizi klaseren berri badute egun adituek. 

«Gorputzak behar dituenean, ugaritu egiten dira zelula normalak; aldiz, hil egiten dira hondatzen direnean, edota gorputzak ja behar ez dituenean». Minbizietan, ordea, bestelakoa da fenomenoa: «Zelulak kontrolik gabe hazten hasten dira; ondorioz, azkarregi bana daitezke gorputzeko edozein lekutan, eta ez dira modu normalean hiltzen». Tumore hitzarekin lotzen dira usucloseMaiz minbiziak, baina badira tumorerik gabeko minbiziak ere: esaterako, odol jatorrizkoak. 

«Zelulak kontrolik gabe hazten hasten dira; ondorioz, azkarregi bana daitezke gorputzeko edozein lekutan, eta ez dira modu normalean hiltzen». 

Laura Basterretxea (onkologoa)

Bada aintzat hartzeko beste jakingarri bat ere: «Tumore guztiak ez dira minbizi sortzaileak izaten». Minbizi klase batzuk askoz ere usuago agertzen dira beste batzuk baino: gizonetan ohikoenak dira prostatako minbizia, kolon-ondestekoa eta biriketakoa; andreetan, bularretakoa, kolon-ondestekoa eta biriketakoa.

BETI DA LARRIA?

Basterretxearen arabera, handitzen ari da «minbizia izateko arriskua». Eta datuetan agerikoa da igoera; Osakidetzak jasoa du azken urteotan gizonen artean %0,3 ugaritzen ari direla urtez urte minbizi diagnostikoak; emakumeen artean, berriz, %1,7. «Baina minbiziak eragindako heriotza arriskua nabarmen jaitsi da azken bi hamarkadetan», zehaztu du.

Hala ere, ezin da ukatu: prozesu oso zailekin lotuta dago oraindik sarri. «Minbizia diagnostikatu dieten gaixoen %50 inguru diagnostikoa jaso eta bost urtera bizi dira, baina minbizi aurreratuak dituztenek, adibidez, askoz ere bizi esperantza laburragoak izaten dituzte». Minbizi klaseen arabera, aldea handia da. Datuak horren erakusgarri, berriro: Osakidetzak 2002-2012 hamarraldian jasotakoak, adibidez. Gizonetan, prostatako minbiziaren diagnostikoa izan eta bost urtera, erien %89,9 bizirik zeuden; pankreako minbiziarekin, berriz, %6,4. Andreek tiroideetako minbiziarekin izan zuten eboluzio onena: %91 bizirik zeuden bost urtera; pankreakoarekin, %10.

ZER DA METASTASIA?

Gaitza zabalduta dagoela adierazten du. «Minbizia inguruko ehun eta organoetara zabal daiteke inbasio prozesu baten bidez».

ZEIN DIRA TRATAMENDURIK OHIKOENAK?

«Minbizia tratatzeko era asko daude», azaldu du Basterretxeak. Paziente bakoitzaren egoeraren arabera erabaki behar da zer egin. «Kirurgia, kimioterapia, erradioterapia, immunoterapia, terapia zuzendua eta hormonekin egindako terapiak».

Badira berri onak, aurrerapausoak: «Iraultza nagusietako bat doitasunezko medikuntza izan da: erabaki terapeutikoak modu pertsonalizatuan ezartzea dakar, paziente bakoitzaren tumorearen ezaugarri genomiko eta molekularren arabera».

TRATAMENDU DENAK DIRA MAKURRAK?

Basterretxearen arabera, zenbait tratamenduk albo ondorioak dituzte, baina ez dira beti uste bezain bortitzak: «Kimioterapiaren albo ondorioen tratamendua, adibidez, asko hobetu da azken 20 urteotan». Eta adierazi du tratamenduan daudenen gaineko hainbat aurreiritzi apurtzera egin behar dela: «Askotan, adibidez, ilea galtzea tratamendu oso bortitzekin lotzen da, baina ez du zerikusirik». Botika batzuek dakarten albo ondorioa da, baina ez du esan nahi beti pertsona hori tratamenduek abailduta dagoenik. 

GUZTIZ SENDATZEN AL DA?

«Jakina, gero eta gaixo gehiago sendatzen dira», argi eman du mezua Basterretxeak. Tratamendu motaren bat jaso, bolada batean ezarritako kontrolak egiten jarraitu eta «guztiz» osatzen diren gaixoak badira. Aukeretako bat da: «Minbizia tratatzean, hainbat egoera plantea daitezke: gaixotasunak aurrera egitea, egonkor jarraitzea, tamaina txikitzea, edo desagertzea. Azken 40 urteotan biziraupena bikoiztu egin da».

 «Gero eta gaixo gehiago sendatzen dira. Azken 40 urteotan biziraupena bikoiztu egin da».

Laura Basterretxea (onkologoa)

BIZI OHITUREK ZER ERAGIN DUTE?

«Oro har, kanpo faktoreek minbizien %90en sorreran eta garapenean eragiten dute, eta horien erdiak arrisku faktoreek eragiten dituzte», azaldu du Basterretxeak. Osasunaren Mundu Erakunde OMEren arabera, minbizien %30-50 inguru saihestu egin daitezke. Bost arrisku faktore aipatzen dira, bereziki: «Tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa, gorputz-masa indize handia, fruta eta barazki gutxi hartzea, eta ariketa fisikorik ez egitea».

ETA GENEEN ERAGINA ZEIN DA?

«Minbizia duten pazienteen %15-20k familian aurrekariak dituzte», onartu du Basterretxeak. Eta zenbaitetan gene jakin batzuek duten eragina ezaguna da: «Kasuen %5-10etan, gene jakin bateko alterazio bat hauteman daiteke, familiako kideen minbizien garapena azaltzeko». Era horretan, pertsona horiei aparteko kontrolak egiteko era izaten da egun, alterazio hori baduten jakiteko, eta, gaitza agertzen bada, ahalik eta lasterren tratatzeko. 

«Minbizia duten pazienteen %15-20k familian aurrekariak dituzte».

Laura Basterretxea (onkologoa)

ETA INFEKZIOENA?

Infekzioek ere eragina dute minbizietan. «Mundu osoko kasu berri guztien %10-13 infekzioen ondorio dira», zehaztapena egin du Basterretxeak: «Birusek handitu egin dezakete minbizia izateko arriskua». Giza papilomaren birusa lotzen da, adibidez, umetokiko lepoko minbiziarekin; B hepatitisaren eta C hepatitisaren birusak, gibeleko minbiziarekin; GIB birusa, besteak beste, Kaposiren sarkomarekin.

HASIERAN DIAGNOSTIKOA EGINDA, BETI HOBETO?

Oro har, bai: «Diagnostiko goiztiarrenek tratamendu aukera gehiago emango dizkigute». Alde horretatik, egun badira martxan gaixotasuna «klinikoki» agertu aurretik minbiziak atzemateko baheketa programak. «Helburua izaten da tratamendua goiz hasi ahal izatea, pronostikoa hobetzeko». Osakidetzak martxan ditu bularreko minbizia, kolonekoa eta umetokiko lepokoa atzemateko programakcloseGaixotasuna atzemateko herritarren artean egiten diren proba diagnostikoak.
; Ipar Euskal Herrian ere martxan daude, eta Osasunbidean lehenengo biak ezarrita dituzte, eta hastekoak dira hirugarrenarekin.


Jatorrizko artikuluak