BERRIAko testuen zaindariak

BERRIAk argitaratzen dituen edukien euskara zuzentasunaz arduratzen da euskara taldea. Zuzentzaileen Nazioarteko Egunaren harira, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak bideo bat zabaldu ohi du urtero, eta aurten BERRIAko euskara taldeko kideak dira haren protagonistak. 

Urriaren 27a Zuzentzaileen Nazioarteko Eguna da, eta, horren aitzakian, EIZIEk bideoren bat prestatu ohi du azken urteotan, zuzentzaile gisa esperientzia duten profesionalak gonbidatuta, lanbidearen berri emateko. Aurten, BERRIA egunkariko euskara taldeari eskaini dio hori egiteko aukera, eta bertako langileak berriketan aritu dira ordu erdiko dokumental labur batean. Egunkariko ikus-entzunezko taldeak egin du bideoa.

Zuzenketa lan maiz ezkutuaren zailtasunez ez ezik, haren pozez eta balioaz ere aritu dira euskara taldeko zazpi kideak, eta xehetasunak eman dituzte batzuetan ofiziocloseLanbide.  horren inguruan nagusi diren aurreiritzi eta uste okerrak argitzeko, egunkari bateko jardunak dakartzan berezitasunez ahaztu gabe. 

BERRIAn zer lan egiten duten azaldu dute, besteak beste, goizetik gauera arte luzatzen den lana, zehazki. Izan ere, egunkariak zabaltzen dituen eduki guztiak zuzentzen ditu taldeak.  Zenbaitetan itzulpenak ere egiten dituzte.

BERRIAren estilo liburuaz ere mintzatu dira zuzentzaileak. Estilo liburuak jasotzen ditu kazetariek eguneroko lanean euskara zuzen eta egoki bat erabiltzeko beharrezko tresnak, aldiro euskara taldeko kideak berrituz joaten direnak.

Irene Arrarats taldeko buruak horri buruz azaldu duenez, argitaratzen diren testuei eta edukiei batasuna eta koherentzia ematea da euren zereginetako bat. «Beti saiatzen gara kazetari bakoitzak modua izan dezan bere ahotsa aurkitzeko. Ez dugu nahi denek berdin idaztea, inondik ere, baina lagungarri bat eman nahi diegu denei, eta guretzako ere balio du, noski, alde guztietatik, lexikocloseHizkuntza bateko hitzen multzoa da. aldetik, joskeracloseSintaxia edo esaldien egitura finkatzen dituen arauak aztertzen dituen hizkuntzalaritzaren atala.  aldetik, fraseologia ere lantzen dugu. Eta saiatzen gara kazetaritzaren ofizioa aldatuz doan heinean horri ere erantzuten. Esate baterako, orain dela urte batzuk ikus-entzunezkoei buruzko atal bat gehitu genuen, eta azkena, adimen artifizialari buruzkoa gehitu dugu». 

Azaldu dutenez, askotariko euskarak zuzentzea tokatzen zaie, BERRIA egunkari nazionala izanik, txoko askotako kazetariak ari direlako bertan. Halaber, erregistro ezberdinak moldatzea ere egokitzen zaiela adierazi dute. Hiztegi aldetik ere, «oreka» bilatzen saiatzen direla nabarmendu dute, hitz batzuk boladaka asko erabiltzen direlako, eta beste batzuk ia galzorian daudelako.

Umorez kontatu dute, iristen zaizkien testuetan, zenbaitetan «harribitxi» batzuk jasotzea egokitzen zaiela. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa martxan den honetan, gogoratu dute jaso dutela bertsolarai, bertsolaria beharrean. Pilotalekua-ren ordez, politalekua ere iritsi zaie, edo euskaliptoa, eukaliptoa beharrean. Hiztripuak deitzen diete horiei BERRIAn. 

Talde lanean aritzearen garrantziaz ere aritu dira euskara taldeko kideak, eta etorkizuneko erronkez mintzatu dira, besteak beste, teknologia berriek, adimen artifizialak eta itzulpen automatikoek euren lanean eduki ditzaketen ondorioez.

Jatorrizko artikuluak