'Brexit'-aren inguruko erreferendumaren hamargarren urtemugan, ez dago ospatzeko ezer

Hamar urte bete dira Erresuma Batuak Europako Batasuna uztea erabaki zuenetik. 'Brexit'-ak kalte egin dio ekonomiari, eta herritarrek uste dute ideia txarra izan zela.

Lehen inpresioak garrantzi handia duela dio esaerak. Eta Londresera hamar urteren ondoren itzuli ondoren, lehen inpresioa da gauza batzuk ez direla aldatu. Bi solairuko autobus gorriek eta taxi beltzek hor jarraitzen dute, eta telefono kabina gorriak daude oraindik erdialdeko kaleetan, turistek haiei argazkiak atera ahal izateko.

Baina hamar urtean aldatu ez denik ez dago, eta hori are nabarmenagoa da megalopolis batean. Pub tradizionalek thai food closeThailandiako janariaeskainiz limurtucloseGozatu, erakarri. nahi dituzte bezeroak, bizikletek beren tokia egin dute, eta etxe orratz modernoak ageri dira nonahi. Baina bada lehen begiradan ikusten ez denik. Londres, eta harekin batera Erresuma Batu osoa, Europako Batasunetik kanpo dago, duela hamar urte —2016ko ekainaren 23an— britainiarren gehiengo batek dibortzioaren alde egin zuelako erreferendum batean.

Negoziazio luze baten ostean, Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n atera zen EBtik. Eta brexit-ak batzuek iragarritako hondamendirik ekarri ez bazuen ere, zama bat izan da ekonomiarentzat. Erresuma Batuaren hazkunde erritmoa moteldu egin da azken urteetan, eta kalkuluek diote %6 eta %8 artean handiago izango zatekeela brexit-a gertatu izan ez balitz. EBren batezbestekoaren azpitik hazi da Erresuma Batua.

Datu ekonomikoak

Prezioak ere gehiago igo dira, eta, zor publikoa bizkor handitzen ari denez (%95 da tasa), haren interesak ordaintzeko gero eta diru gehiago behar du gobernuak. Bi hitzetan, gobernua itota dago. Inflazioa %3,4koa da, langabezia % 4,8koa eta barne produktu gordina %1,4koa.

Politikoki, paradoxa bat gertatu da: brexit-ak europarrago egin ditu britainiarrak —edo hobeki esanda, ingelesak—, eta krisia etengabea izan da. Egonkortasun politikoa izan da Erresuma Batuaren ezaugarri nagusia azken mendean, bi alderdi txandakatu baitira gobernuan, kontserbadoreak eta laboristak, baina erreferendumak, ekonomiaren geldotzeak eta politikarien ezintasunak zazpi lehen ministro ekarri ditu hamar urtean. Keir Starmer laborista izan da azkenekoa dimisioa ematen. Starmerrek esan zuen brexit-a penagarria izan dela, eta pobreago, ahulago eta ziurgabeago egin dituela.

2016an britainiarren %52k babestu zuten brexit-a, baina azken inkestek zera diote: gehiengo batek uste du EBtik atera izana erabaki kaskarra izan zela. Azken asteetan, erreferendumaren urteurrena gerturatu ahala, brexit-aren ondorioak eta EBrekiko harremanak berriro itzuli dira hedabideen tituluetara. Eta Alderdi Laboristaren barne gatazka eztabaida elikatzen ari da: Wes Streetingek ahoan bilorik gabe esan du berriro EBn sartzearen alde dagoela, brexit-a «oker katastrofikoa» izan zelako.

Beste erreferendum bat?

Iritzi publikoa, oro har, EBn sartzearen aldekoa izan arren, beste kontu bat da gogoa ote daukan 2016ko erreferendumak eragindako zauriak berriro irekitzeko, galdeketa horrek zauriak ireki zituelako Erresuma Batuko gizartean.

Gauzak horrela, posible al da EBra itzultzea erreferendum bat egin gabe? Horri buruz hitz egiteko goiz dela uste dute adituek. Hurrengo hauteskundeetan toryak itzuliz gero harreman estuago bat lortzen saiatzeari utziko lioketela diote, baina ez dutela harremana hautsiko. Alderdi horretan bada uste bat: brexit-a ez zela arrakastatsua izan ez zelako «modu egokian» egin, alegia, inork ez zeukalako plan bat. Norabiderik gabeko erabaki bat izan zen batzuentzat, brexit-ak ez zuelako edukirik. Ez da soilik EB uztea; zerekin ordezkatzen duzun ere bada. Eta azken asteetako eztabaidak erakusten du erreferendumetik hamar urte pasatu diren honetan Erresuma Batuak oraindik ez daukala guztiz garbi zerekin ordezkatu behar duen, zer bide egin behar duen.

Jatorrizko artikuluak