Lehen inpresioak garrantzi handia duela dio esaerak. Eta Londresera hamar urteren ondoren itzuli ondoren, lehen inpresioa da gauza batzuk ez direla aldatu. Kolore, molde eta janzkera guztiko jendea gora eta behera dabil; bi solairuko autobus gorriek eta taxi beltzek hor jarraitzen dute; geltokitik irten eta bi minutu eskasera agertu da lehen Ferraria; erdigunetik urrundu ahala, kaleetako zikinkeria handitzen da; eta telefono kabina gorriak daude oraindik erdialdeko kaleetan, turistek haiei argazkiak atera ahal izateko.
Baina hamar urtean aldatu ez denik ez dago, eta hori are nabarmenagoa da Londresen moduko megalopolis batean. Pub tradizionalek thai food eskainiz limurtu nahi dituzte bezeroak; bizikletek beren tokia egin dute; etxe orratza modernoak, itsusiak eta dotoreak, ageri dira nonahi; eta, James Bond ados egon zein ez, ortzadar bandera dago zintzilikatuta MI6 zerbitzu sekretuen egoitza ez hain sekretuaren mastan.
Baina bada lehen begiradan ikusten ez denik. Londres, eta harekin batera Erresuma Batu osoa, Europako Batasunetik kanpo dago, etzi duela hamar urte —2016ko ekainaren 23an—, britainiarren gehiengo batek dibortzioaren alde egin zuelako, maitasun gutxiko ezkontza baten ondoren.
Negoziazio luze eta kalapitatsu baten ondoren, Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n atera zen EBtik. Brexit-ak ez zuen batzuek iragarritako hondamendirik ekarri, baina zama bat izan da ekonomiarentzat. Bere bazkide komertzial nagusiarekin harremana zailtzearen ondorioz, Erresuma Batuaren hazkunde erritmoa moteldu egin da azken urteetan, eta kalkuluek diote %6 eta %8 handiago izango zatekeela brexit-a gertatu izan ez balitz. Egia da tarte horretan COVIDaren pandemia eta Ukrainako gerra gertatu dela, eta Iranen aurkako erasoak orain, baina, hala ere, EBren batezbestekoaren azpitik hazi da Erresuma Batua.
Prezioak ere gehiago igo dira, eta, zor publikoa bizkor handitzen ari denez, haren interesak ordaintzeko gero eta diru gehiago behar du gobernuak. Bi hitzetan, gobernua itota dago.
datuak
39.000Zenbat enpresak dagoeneko ez duten EBra esportatzen. EBren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza akordioaren ondoren, muga zerga oso txikiak daude bien artean, baina esportatu nahi dutenek agiri ugari bete behar dituzte. Horren kostua bete dezakete enpresa handiek, baina ez txikiek eta haietako 39.000k EBn saltzeari utzi diote..
%6,2Hegoaldearen esportazioen zer zati doan Erresuma Batura. Brexit-a indarrean jarri aurretik, 2019an, Erresuma Batua Hego Euskal Herriko kanpo merkatuen artean hirugarrena zen, %8,4ko kuotarekin; iaz, laugarrena, %6,2rekin..
%26EBko makinen inportazioa zenbat murriztu den. Oro har, %15 gutxitu dira Erresuma Batuak EBtik egindako inportazioak. Gehien sufritu duen sektorea makina-erremintarena izan da (-%26), eta haren atzetik daude botikak eta produktu kimikoak (-%24). Elikagaien inportazioak, ordea, handitu egin dira.
Politikoki, paradoxa bat gertatu da: brexit-ak europarrago egin ditu britainiarrak —edo hobeki esanda, ingelesak—, bipartidismoa hautsi baitu. Egonkortasun politikoa izan da Erresuma Batuaren ezaugarri nagusia azken mendean, bi alderdi txandakatu baitira gobernuan, baina erreferendumak, ekonomiaren geldotzeak eta politikarien ezintasunak sei lehen ministro ekarri ditu hamar urtean, eta agian aurki zazpigarrena. Londres Erroma berritzat jo daiteke, ez balitz kafeak Italiako hiriburuan halako hiru balio duela.
Aldaketa gertatu da herritarren iritzian ere. 2016an britainiarren %52k babestu zuten brexit-a, baina azken inkestek gauza bera diote: gehiengo batek uste du EBtik atera izana erabaki kaskarra izan zela. Geratzearen alde egin zutenek ez dute iritzia aldatu, baina leave (utzi) bozkatu zuten batzuk ere uste horretakoak dira. Inkesta horiek beraiek diote gaur egun EBn geratzearen alde egingo luketela gehienek.
«Hamar urte barru, Erresuma Batua gaur egun dagoen bezalatsu egongo da, ziur aski, eta ez da gustura egongo bere egoerarekin»
SIMON USHERWOODZientzia politikoetako irakaslea Open Universityn
Horrek esan nahi al du epe labur batean Erresuma Batua EBn sartuko dela berriro?
Ezetz uste du Simon Usherwood Open Universityko zientzia politikoetako irakasleak. «Hamar urte barru, Erresuma Batua gaur egun dagoen bezalatsu egongo da, ziur aski, eta ez da gustura egongo bere egoerarekin. Erresuma Batuaren politika europarraren arazoa da gustuko ez dituen gauzetatik abiatzen dela, eta ez proiektu positibo batetik. Erreferendumean eta haren ondoren, inoiz ez zen eztabaidatu zer-nolako herrialdea izan nahi duen, eta orain berdin gabiltza. Theresa Mayk jarritako marra gorrietara itzuli nahi dugu? Harreman estuagoa nahi dugu? Hamar urte barru ez dugu erantzunik izango galdera horiei».

Usherwood kexu da eztabaidaren kalitatea oso etsigarria izan dela azken hamar urteetan —«Europa zoragarria ala penagarria da, baina ez da eztabaida ez da areago joango»—, eta oso zaila ikusten du eztabaida beste modu batean planteatzea.
Usherwoodek nabarmendu du barne politikaren lehentasunek baldintzatzen dutela EBrekiko politika, beti egon delako herrialde handi bat izatearen ustea. «Badakizu, NBEko Segurtasun Kontseiluko kide gara, arma nuklearrak ditugu, ingeles hizkuntza... ». Ondorioz, ez da inoiz izan prozesu bat Europa izan dadin Erresuma Batuaren politikaren parte. «Frantzian erabakia hartu zuten beren handitasuna Europaren bitartez lortuko zutela; Erresuma Batuan, ez. Geure kasa ibiltzeari eta AEBekiko daukagun harremanari erreparatu diogu, baina harreman hori handiagoa da britainiarren buruan estatubatuarren buruan baino. Haiei galdetuz gero, esango dizute harreman berezia Alemaniarekin dutela».
Laboristen tonu aldaketa
Azken asteetan, erreferendumaren urteurrena gerturatu ahala, brexit-aren ondorioak eta EBrekiko harremanak berriro itzuli dira hedabideen tituluetara. Eta Alderdi Laboristaren barne gatazka eztabaida elikatzen ari da: hautagaietako batek, Wes Streetingek, ahoan bilorik gabe esan du berriro EBn sartzearen alde dagoela, brexit-a «oker katastrofikoa» izan zelako; ildo horretatik, mintzatu izan da Andy Burham Manchesterko alkate eta Keir Starmer lehen ministroa ordezkatzeko faboritoa, baina azken asteetan anbiguoago jokatu du, Makerfield barruti euroeszeptikoa baliatu duelako parlamentura itzultzeko.

Eztabaida hori, baina, barne kontsumorako baizik ez dela uste du Usherwoodek. «Pentsa, orain lidergoa lortzeko dagoen borrokan, hautagaiek esaten badute harreman estuagoa nahi dutela, hori esango dute badakitelako alderdiko kideak EBzaleagoak direla herritar gehienak baino. Baina ez dute promesa asko egin, badakitelako ez dela proiektu oso maitatua».
Starmerren EBri buruz egindako hitzaldia adibidetzat jarri du Usherwoodek. «Esan zuen brexit penagarria izan dela, eta pobreago, ahulago eta ziurgabeago egin gaituela. Baina zer iradoki du hori konpontzeko? Gazteen mugimendu librerako eskema bat, hots, joan den udaz geroztik negoziatzen aritu diren kontu bat. Are gehiago, laboristek ezezkoa eman zioten 2024an Bruselak proposatu zuenean, hauteskundeak zeudelako».
EBrekin harremanak urratsez urrats sakondu nahi dituela dio Starmerrek, baina ez dituela 2017an Theresa May orduko lehen ministroak jarritako marra gorriak gainditu nahi; hau da, ez dela EBren merkatu bakarrean edo aduana batasunean sartuko. «Brexit-arekin, ez da atzera begiratu behar», berretsi du aste honetan, G7ko taldearen bileran. Usherwoodek gogorarazi du marra horiek alderdi kontserbadoreen barne presioarengatik jarri zituela, ez direla objektiboak, «eta, horien ondorioz, Erresuma Batuak ezin ditu onura ekonomikoak probestu».
Zergatik ez dira gainditzen? «Esaten dute herriaren borondatea errespetatu behar dela, eta ez dute nahi inork leporatzea horrekin hasi eta konturatu orduko barruan gaudela. Gainera, beste arazo bat da harreman estuagoa onartuz gero argi geratuko dela Erresuma Batuak EBren arauei men egiten diela».
Azken asteotako eztabaidari mami handiagoa ikusten dio, berriz, Tom Brufattok, Best for Britain (Erresuma Batuarentzat Onena) think tankeko azterketa saileko zuzendariak, eta espero du EBko eta Erresuma Batuko buruek egingo duten hurrengo bilerak —uztailaren 22an— balioko duela gai batzuetan aurrerapausoak egiteko, hala nola gazteen mugimenduan eta elikagaien gaineko araudian.

Brufattok onartu du, ordea, «jendeak uste baino zailagoa» dela gai horiek ixtea, eta arrazoi bat eman du: «Europako Batasunak argi esan du ez diela muzin egingo merkatu bakarraren lau askatasunei [pertsonena, merkantziena, kapitalena eta zerbitzuena] eta Erresuma Batuak ezingo dituela batzuk onartu eta beste batzuk ez». Horiek horrela, Best for Britainek uste du Starmerri urratsez urratseko politikari bidea agortu zaiola eta hobe lukeela EBn berriro sartzeko ahaleginetan hastea.
Laboristen barne lehiari dagokionez, Brufattok uste du bi ondorio izan dituela. Batetik, orain egin daitekeenaren inguruan «zalantzak» sortu ditu, ez dagoelako garbi hilabete batzuk barru nork negoziatu behar duen EBrekin. Baina, bestetik, uste du EBrekiko harreman estuagoei buruzko eztabaida bizkortu duela, eta gogorarazi azken inkestek esaten dutela gehiengo batek ez duela erdiko biderik nahi, baizik eta zuzenean EBra itzultzea. «Eta horien artean daude laboristen hautesleen gutiz gehienak».
«Kontserbadoreen lidergoak politika euroeszeptikoari jarraitzen dio, baina haien hautesleak aldatu egin dira. Euroeszeptikoenak Reformera joan dira, eta horrek eragin du haien boto emaileak inoiz baino europazaleagoak izatea»
TOM BRUFATTOBest for Britain taldeko analista
Usherwoodek tentuz hartu ditu zundaketa horiek, baita gazteak, oro har, sartzearen aldekoak direlako ustea ere. «Gazteek harreman estuagoa nahi dute, baina zalantza dut gogo hori hain sakona ote den. Europara oporretara joaterik badaukazu eta roaminga ordaindu behar ez bada, gazteek esan dezakete bost axola dela barruan ala kanpoan egon».
Usherwoodek uste du arazo ekonomikoek bultzatuko dutela agian laborismoa ausartago jokatzera, baina ez oraingoz. «Hazkundea benetako arazoa da. EBn berriro sartzeak ondorio onak ekar ditzake, baina epe luzekoa da eragina, ez berehalakoa».
Baina gauza bat da Londresek nahi duena eta beste bat Bruselak onartuko duena. Usherwoodek iritzi dio EBk ere nahi dituela harremanak estutu, baina ez dela fio. «Azken urteak ez dira propaganda ona izan Erresuma Batuarentzat. Lehen ministro bat europazaleagoa bada, hurrengoak onartuko al du?».
Eta estatu kideen nahiak ere hor daude. «Aukerarik onenean ere, Erresuma Batua berriro bazkide zail bat izango da; Frantziarentzat, lidergoa auzitan jarriko dion norbait da». Eta, denaren gainean, lehentasun kontuak daude. «Gaur egun premiazko arazo gehiago ditu EBk: Ukraina, Errusiaren mehatxuak, ekonomia... Britainiarrak ez dira arazo bat gaur egun, eta, hortaz, EB eroso dago».
Trump faktorea
Badago
Brusela eta Londres elkarren besoetara lotzen dituen faktore bat, Donald Trump izenekoa. Horrekin bat dator Tom Brufatto: «Mundua hainbeste aldatu da erreferendumaz geroztik. Trumpek aliatuak gutxietsi ditu, eta mehatxu egin die, tarifak jarri... Ezinbestekoa da EBrentzat eta haren aliatuentzat defentsa plan bat indarrean jartzea, eta Erresuma Batuak zeresan handia du hor, G7ko taldeko armada eraginkorrenetako bat duelako».
Bai baina ez, erantzun du Simon Usherwoodek. «Trumpi esker, britainiarrak ohartu dira harreman trasatlantikoen mugen inguruan, baina, aldi berean, zer lotura estua daukagun haiekin. Gure disuasio nuklearrak haien mantentze lanak behar ditu, gure inteligentzia harremana izugarri estua da... Dilema honako hau da: Erresuma Batuak Europarekin zerbait egin nahi badu, Trump ez haserretzeko moduan egin behar du, ez dezan ergelkeria bat egin».
Beste erreferendum bat?
Iritzi publikoa, oro har, EBn sartzearen aldekoa izan arren, beste kontu bat da gogoa ote daukan 2016ko erreferendumak eragindako zauriak berriro irekitzeko, galdeketa horrek zauriak ireki zituela Erresuma Batuko gizartean.
Gauzak horrela, posible al da EBra itzultzea erreferendum bat egin gabe? Horri buruz hitz egiteko goiz dela onartuta ere, Brufattok gogorarazi du brexit-a «modelo misto baten» ondorio izan zela: David Cameronek erreferendum bat izango zela agindu zuen bere hauteskunde programan —bere alderdiko euroeszeptikoak behingoz isilarazteko asmoz— eta gero, erreferenduma eta negoziazioak gertatu ondoren, negoziatutakoa bere programara eraman zuela Boris Johnsonek 2019ko hauteskundeetan, eta gehiengoa lortu. «Hortaz, gerta daitekeenak ere eredu misto hori izango duela espero dut».

Zentroko eta ezkerreko alderdiei dei egin die Best for Britainek, laboristei, berdeei, liberal demokratei baina baita Eskoziako alderdi nazionalistari (SNP) eta Galeskoari (Plaid Cymru) ere. Presio egin dezatela nahi du, EBrekiko harremana indartu dezaten.
Reform da euroeszeptiko nagusia, baina Brufattok nabarmendu du haren jarraitzaile batzuk ere kezkatuta daudela EB uzteak eragindako egoera ekonomikoarekin. «Horregatik, Nigel Faragek ahalegin handiak egiten ditu EBri buruz ez hitz egiteko».
%56Zenbat herritar dauden EBn berriz sartzearen alde. YouGov-en azken inkestaren arabera, herritarren %56k babestuko lukete orain EBn berriro sartzea, eta horien artean daude 2016an brexit-aren alde egin zutenen %22 ere. Herritarren %70ek nahi dute harreman estuagoa EBrekin.
Bruffatok «interesgarriago» deritzo kontserbadoreen jarrerari. «Haien lidergoak politika euroeszeptikoari jarraitzen dio, baina haien hautesleak aldatu egin dira. Boris Johnson 2019an garaipenera eraman zuten hautesleak bitan zatitu dira; zati bat Reformera joan da, eta bestea, kontserbadoreen aldera. Eta horrek eragin du kontserbadoreen jarraitzaileak eta haien boto emaileak inoiz baino europazaleagoak direla. Haien oinarria ez da euroeszeptikoa, baina haien politika bai. Pentsatzen dugu hurrengo hauteskundeetan jokabidea aldatu egin beharko dutela, baldin eta boto paperean Europa berriro modu batean edo bestean badago».

Usherwoodek argi dauka hurrengo hauteskundeetan Reform edo toryak itzuliz gero, harreman estuago bat lortzen saiatzeari utziko lioketela, baina ez dutela harremana hautsiko. Alderdi horietan bada uste bat: brexit-a ez zela arrakastatsua izan ez zelako «modu egokian» egin. «Baina nola egin dezakezu modu egoki batean? Hori da erreferendumaren arazoa; bi zatiek esan zuten 'emadazu botoa eta nahi duzuna emango dizut'. Baina inork ez zeukan plan bat. Norabiderik gabeko erabaki bat genuen aurrean. Beti egongo da jendea esango duena 'ez genuen lortu hitzeman zigutena'. Noski, ezinezkoa zelako; brexit-ak ez zuelako edukirik. Ez da soilik EB uztea; zerekin ordezkatzen duzun ere bada».
Eta azken asteetako eztabaidak erakusten du erreferendumetik hamar urte pasatu direnean Erresuma Batuak oraindik ez daukala guztiz garbi zerekin ordezkatu behar duen, zer bide egin behar duen.
ERRESUMA BATUAREN AUKERAK
- Gaurko egoerari eustea. Boris Johnsonek Europako Batzordearekin 1999 amaieran sinatutako merkataritza hitzarmenak finkatzen ditu harremanak. Muga zerga txikiak dituzte bi aldeek, baina egiaztagiriak eta bestelako burokrazia behar da salgai bat alde batetik bestera eramateko —Irlanda iparraldea da salbuespena—. Herritarrek ez dute mugimendu askatasunik, ezta bestean lan egiteko eskubiderik ere.
- Atzera egitea. Merkataritza itunari eutsi nahi diotela diote Reformek eta toryek, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegia utzi nahi dute, haien ustez errazagoa izango dutelako orduan asilo eskaerei ezetz esatea.
- Urratsez urrats joatea. Oraingoz bide horri eutsi dio Starmerrek, eta badirudi hortik joan nahi duela Andy Burnhamek, hurrengo lehen ministroa bada. Gazteen mugikortasunerako itun bat negoziatzen ari dira, baina bada urtebete ez dutela lortzen auzia ixtea: Londresek mugatu egin nahi du EBko ikasleen kopurua, baina halakorik ez du onartzen Bruselak, eta matrikula merkeagoak nahi ditu bere ikasleentzat. Janari eta energia kontuetan arauak parekatzea ere aztertzen ari dira, hartu-emanak errazteko, baina oraindik ez dago akordiorik.
- Aduana batasuna. EBk Turkiarekin duena, eta Liberal demokratek eta Berdeek babesten dute, lehen urrats gisa EBra itzuli aurretik. Burokrazia gutxituko luke eta muga zergak desagerrarazi, baina Erresuma Batuak onartu egin beharko lituzke EBk gainontzeko herrialdeei jartzen dizkien inportazio tarifak, eta haren onura ekonomikoak mugatuak izango dira.
- Suitzako eredua. Suitza ez da EBko kidea, baina sarbide irekia du EBko salgaien merkatu bakarrean —baina ez finantzetan—, argindar sisteman eta beste batzuetan. Trukean, Suitzak urtean 375 milioi ordaintzen dizkio EBri eta pertsonen mugimendu librea onartzen du.
- Norvegiako eredua. EBn ez, baina EFTAko kide dira Norvegia, Islandia eta Liechtenstein —aurretik, baita Erresuma Batua ere—. EFTAk praktikoki EBren araudi guztiak onartzen ditu, eta merkatu bakarreko kide dira praktikan, baina ez dute bozkatzeko eskumenik. Islandian eta Norvegian gero eta ozenago entzuten dira EBn sartzeko deiak.
- EBra itzultzea. Sarrera negoziatu beharko luke, baina ziur aski bidean geratuko litzateke 2020 aurretik zituen baldintzak —ekarpen txikiagoa aurrekontuari eta euroan sartu behar izatea—.