Erdu Durangora

  • 213 hitz
  • Albistea entzun
00:00 /

Itxi ditu ateak 56. Durangoko Azokak. Iazko etenaldiaren ondotik, azoka presentziala egitea lortu dute aurten. Kirmen Uribe idazleak azokako zenbait ekitalditan hartu du parte. Azokan ez ezik euskal kulturan ere murgiltzeko eta hura babesteko deia egin zuen 'New Yorkeko munduak' bere podcastean. 

Trumoi tximistekin esnatu ginen atzo igandez, euria zarra-zarra, ez zen giro Durangora joateko. Horrelaxe joan zen eguna, saretzen zuen zerua zertxobait tarteka, baina berehalaxe mazitzen zen berriz, biltzen ziren hodei ilunak, erauntsia iragarriz.

Zerua urdinetik grisera igaro den bezala, halaxe mudatu da Azokaren egoera azken hilabeteotan, itxaropenetik kezkara pasatu gara. Gure kulturak behar du babesa, ez du zerikusirik osterantzekoekin. Ez pentsa dena berez aterako dela ondo, kendu burutik hori. Gure kulturak behar du jendearen berotasuna, behar du sostengua, behar du sortzaile eta hartzaileen arteko komunikazioa.

«Gure kulturak behar du babesa, ez du zerikusirik osterantzekoekin. Ez pentsa dena berez aterako dela ondo, kendu burutik hori».

Kezkatuta ikusi ditut argitaletxe eta diskoetxeetako langileak. Urrats bat aurrera eman da aurten, egia da, egoera ez da iazkoa, baina urrats baikorra izan arren ez da nahikoa.

Horrexegatik, erdu Durangora, jabe egin liburuak eta diskoak, zaude hizketan sortzaileekin, parte hartu ekintzetan. Ezen euskal kultura gozamena baita, harrapatu egiten zaitu. Nik neuk, Ahotsenean, lau aurkezpen ikusi nituen atzo segidan, Itziar Ugarte Irizar, Fermin Etxegoien, Hedoi Etxarte eta Maite Larbururenak, poesia, narratiba, musika. Bata bestearen atzetik gozatu nituen, ia konturatu gabe, eta denek asebete ninduten.

Ez geratu etxean, hartu aterkia (eta maskara ere bai) eta zatoz. Eta gero, joan bueltan etxera zorroan liburuak eta diskoak gordeta eta, orobat, kulturgileon esker ona.

Jatorrizko artikuluak