Hondarribiko alardean sartzen saiatu ziren lehen emakumeak omendu ditu Jaizkibelek

Aurten 30 urte bete dira 26 emakume soto batetik ezustean atera eta alardean parte hartzen saiatu zirenetik. Indarrez bota zituzten. Jaizkibel konpainiak omenaldia egin die.

Hondarribia (Gipuzkoa). 1996ko irailaren 8a. Kale Nagusiko soto batetik atera dira 26 emakume, eta alardean sartzen saiatu. Hondarribiko jai nagusian berdintasunez parte hartzea da euren nahia; soldadu gisa desfilatu ahal izatea, gizonek bezala. 26 haiek mila inguru dira orain. Jaizkibel konpainia parekideclosegizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen duena bakarrak aitzindariclosezerbaiti bidea egiten dion pertsona edo taldea haiek omenduz desfilatu du aurtengo alardean. 30 urtean urratsez urrats kalea irabazten aritu dira: batzuetan, milimetroka; beste batzuetan, metroka, baina, 30 urte pasatuagatik, oraindik ez dute lortu lehen emakume haiek eskatzen zutena: Hondarribian alarde publiko, parekide eta bakarra egotea.

08:00ak jotzerako, abiatu da Jaizkibel Kale Nagusian gora. Eta berehala kale ertz batetik atera dira duela 30 urte alardean sartzen saiatu ziren emakumeetako batzuk —26 haietatik lau hilda daude—, bertan egon ezin izan diren batzuen seme-alabak, baita emakume haiek babestu zituzten beste zenbait ere. Gaur 30 urtez borrokan, emakumeok alardean pankarta eskuan egin dute Arma Plazarainoko bidea, eta omenaldia egin diete han: konpainia osoa haien bueltan jarri da plazan, eta ondotik pasatzean besoa altxatu diete askok, eskerrak emateko. Balkoi batetik irrintziak bota dituzte, eta oihu batek hartu du plaza: «Emakumeak alardean!». Malkoak ere ikusi dira, hunkidura: sufritutakoaren erakusgarri, lortutakoaren erakusgarri. 

Zuek ikustera etorri gara! dioen pankarta esekita dago balkoietako batean. Zeren bai, orain jende asko ateratzen da Jaizkibel ikustera; txaloak eta txaloak, eta «aupa, Jaizkibel!» oihuak izan dira nagusi ibilbide osoan. Kale Nagusia ere jada ez da lehen bezain gatazkatsua, baina, oraindik ere, zenbait emakume gaztek pasaeran bizkarra eman diote Jaizkibeli, parte hartzea baimentzen dien konpainia bakarrari.

Sainduarako bidean ikusi da Jaizkibel zenbatekoa den: gizon-emakumeen ilarak eta ilarak. Eta jendearen babesa etengabe. Mugimendu feministak ere omendu ditu aitzindariak, eta pankarta bat eskegi dute zubi batetik: Ate hura zabaltzeagatik, milesker.

«Oraindik ez dugu lortu»

Nora Ferreira Jaizkibel konpainiako kapitaina atzera begira jarri da. Desfilearen amaieran adierazi du aurtengoa «urte berezia» dela, 30 urte bete direlako emakumeak lehen aldiz alardean parte hartzen saiatu zirenetik, eta nabarmendu du «ohorea» izan dela Kale Nagusia haien atzetik igotzea: «Haien borrokari segida emateko gaude hemen». Aitortu du ordutik pausoak eman direla, baina ez behar beste: «Duela 30 urte eskatu zuten beren herriko jaian ateratzea; oraindik ez dugu lortu, baina horretan ari gara». Goizeko desfileari dagokionez, «oso polita» izan dela esan du, gero eta gehiago direlako bai konpainian bertan, bai espaloietan: «Alardea herriarena da, gizonena eta emakumeena; hori gero eta argiago dago egunetik egunera».

Jatorrizko artikuluak