26 emakume soto batetik atera zirenekoa

Asteartean 30 urte beteko dira andre talde bat lehen aldiz Hondarribiko alardean sartzen saiatu zenetik. Bortxaz erantzun zieten, eta konpondu gabe dagoen gatazka piztu zen: emakumeen parte hartzeko eskubidea aldarrikatu beharrean daude oraindik.

Ezkerretik eskuinera, Ixabel Alkain, Maite San Miguel eta Ana Iriazabal, Hondarribiko Kale Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Ixabel Alkain, Maite San Miguel eta Ana Iriazabal, Hondarribiko Kale Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Hondarribia
2026ko irailaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunotan zaila da Hondarribiko Kale Nagusia (Gipuzkoa) hiru emakumeokin zeharkatzea inorekin hitz egiteko gelditu gabe; garai batean bortizkeriak eta gorrotoak ukatutako eremu bat berreskuratu duten seinale. Herrian aski ezagunak dira Ixabel Alkain (Hondarribia, 1961), Ana Iriazabal (Hondarribia, 1958) eta Maite San Miguel (Donostia, 1958); duela 30 urte soto batetik atera eta Hondarribiko alardean sartzen saiatu ziren 26 andreetako hiru dira. Kale Nagusiaren goiko aldean dago soto hori, baina bertan argazkirik ez egitea galdegin dute: «Hor bizi direnek sekulakoak jasan dituzte, oso gaizki pasatu dute». Zauri asko oraindik sendatzeko dauden seinale.

Izan ere, konpondu gabe dagoen gatazka bat piztu zen 1996ko uda hartan: Irungo eta Hondarribiko jai nagusietan berdintasunez parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten emakumeek. Bi herriotako alardeetan soilik gizonek desfila zezaketen soldadu gisa; andreek kantinera modura baino ezin zuten parte hartu: konpainia bakoitzean bakarra, bizitzan behin, eta aukeratua izanez gero. Baina emakumeek gizonen pare aritu nahi zuten, eta, alardeen antolatzaileen ezezkoa jaso ostean, nahi hori gauzatzea ebatzi zuten: ekainaren 30ean, Irungo alardean sartzen saiatu ziren; eta irailaren 8an, Hondarribikoan. Indarkeriaz erantzun zieten, eta bortxa horrek emakume —eta gizon— haien bizitza guztiz baldintzatu du duela urte gutxira arte.

1996ko udan lehertu zen gatazka, baina, bi herriotan bestelako kontakizuna zabaldu den arren, emakumeek urteak zeramatzaten alardean desfilatzeko eskatzen. Ana Iriazabalek gogoan du 1980ko urteen amaieran izan zuela buruko klik-a: «Gasteizko lagun bat gonbidatu nuen etxeko balkoitik alardea ikustera, eta harrituta geratu zen: ‘Gizonak besterik ez daude hor!’. Ez ginen kontziente, beti ikusi genuelako hala, eta bagenekielako gu ezin ginela han egon. Baina behin ohartuta, argi izan nuen». 1993an Emeki emakumeen elkarteak egin zuen lehen eskaera ofiziala, Hondarribiko alardeko agintariei gutuna igorriz; 1995eko abenduan erantzun zioten, ezezkoarekin. Urte hartako udan inkesta bat ere egin zuen Emekik herrian: gaia kalean zen.

«Irunen sekulako sumindura sentitu nuen, eta une hartan bertan pentsatu nuen Hondarribian ere atera behar genuela. Ezin gintuztelako hala tratatu festan parte hartu nahi genuelako»

ANA IRIAZABAL Jaizkibeleko kidea

Eta bitartean, Irunen eskaera bera egiten ari zirenekin elkartu ziren, Bidasoaldeko Emakumeak plataforman. Bileretara joaten hasi zen Ixabel Alkain: «96an erabaki genuen Irunen ateratzea. Debeku baten aurrean geunden, eta horren aurka egin behar genuen. Serio ari ginen: emakumeok gizonen eskubide bera genuen parte hartzeko». Irungo alarde egunean, ehun emakume eta gizon inguruz osatutako talde bat Ama Xantalen konpainian sartzen saiatu zen Urdanibia plazan, baina eragotzi egin zieten, eta ahal izan zuten moduan igo ziren San Joan plazaraino.

Kanpotik ikusi zuen Iriazabalek: «Ezingo dut inoiz ahaztu: hauek San Martzial kalean gora zihoazela, espaloian eta leihoetan zeudenak garrasika... Sekulako sumindura sentitu nuen, eta une hartan bertan pentsatu nuen Hondarribian ere atera behar genuela. Ezin gintuztelako hala tratatu festan parte hartu nahi genuelako». «Oso argi izan genuen», berretsi du Maite San Miguelek. «Jendea harrika, irainka, listua botatzen... Han erabaki nuen Hondarribian antzeko zerbait egiten bazuten parte hartuko nuela. Ez dago eskubiderik: jaiak dira, emakumeok parte hartu behar dugu besteek bezala. Ez dut ulertzen zergatik ez, ez zait iruditzen zisma bat edo erokeria bat».

Ezezkoaren kontra

Berehala hasi ziren lanean. Bi egunera, uztailaren 2an, Hondarribiko alardeko buruzagiekin eta Hondarribiko alkatearekin bildu ziren —garai hartan, udalak antolatzen zuen jaia—, eta adierazi zieten irailaren 8an desfilean atera nahi zutela. «Irunen gertatutakoa ikusita, ez zedila hemen gauza bera pasatu», oroitu du Alkainek; «Baina ezetz esan ziguten. Guretzat, ez ateratzeko modu bakarra zen idatziz konpromiso bat jasotzea, emakumeak poliki sartzeko prozesu bat egite aldera: lehenengo musika bandakoak, kuberoak [haurrak]... Baina guztiz itxita zeuden».

Beraz, egun hartatik aurrera herriko emakumeak biltzen eta eztabaidatzen hasi ziren. «Oso xalo» jokatu zutela gogoratu du San Miguelek: «Hasieran, bilera deialdi irekiak egin genituen, eta emakume betikoak [andreen parte hartzearen aurkakoak] ere etortzen ziren. Ez genekien albokoak zer pentsatzen zuen. Ateratzea erabaki genuenean, esan genuen: ‘Ados ez dagoena joan dadila’. Eta emakume pila batek alde egin zuen». «Ez genuen imajinatzen emakumeak emakumeen eskubideen kontra egongo zirenik», erantsi du Alkainek.

Edonola ere, alardearen antolatzaileek bazuten haien asmoen berri, eta bazekiten nortzuk ziren. Une hartatik aurrera, «birrindu» egin zituztela azaldu du Iriazabalek: «Atera aurretik ere hasi ginen erantzungailuetan irainak eta mehatxuak jasotzen. Eta kalean ere sekulakoak esaten zizkiguten, eskopetaren kanoia alutik sartu behar zigutela eta halakoak. Horregatik aritu behar izan genuen ezkutuan».

«Guretzat, ez ateratzeko modu bakarra zen idatziz konpromiso bat jasotzea, emakumeak poliki sartzeko prozesu bat egite aldera. Baina guztiz itxita zeuden»

IXABEL ALKAIN Jaizkibeleko kidea

Argi ikusi zuten ez zietela utziko agerian kaleren batetik alardera sartzen; beraz, Kale Nagusiko atari batean ezkutatzeko aukera probestu zuten. Eta 26 andre prest agertu ziren desfilean sartzeko; «25 emakume eta gizon bat», zehaztu dute. «Klandestinoki» prestatu behar izan zuten dena, Iriazabalek gogora ekarri duenez: «26 eskopeta eraman behar genituen sotora: Ixabelen alfonbra batean bilduta sartu genituen bezperan. Oso astunak ziren! Eta irailaren 8ko goizaldean, tantaka sartuz joan ginen: binaka, ordu diferenteetan...». «Gure inozotasunean, pentsatzen genuen Irunen gertatutakoa hemen ez zela gertatuko. Eta okerragoa izan zen», esan du San Miguelek. «Bagenekien ez zela suabea izango, baina ez genuen uste halako dimentsiorik hartuko zuenik», gehitu du Alkainek.

Sototik ateratako emakumeetako batzuk, alardera sartzen saiatu ziren unean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sototik ateratako emakumeetako batzuk, alardera sartzen saiatu zirenean.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Latza izan baitzen. Emakumeen asmoa zen Kosta konpainian sartzea, bertako lagun batzuek bidea erraztuta, alardea Arma Plazatik bueltan Kale Nagusian behera jaistean. Alkain: «Sotoaren atean nire lagun bat jarri zen, inork ezagutzen ez zuena kanpokoa zelako; garai hartan ez zegoen ia mugikorrik, baina hark bazuen telefono bat eta guk barruan beste bat. Eta Kosta konpainia hurbiltzean, abisatu egin zigun». Iriazabal: «Gu barruan makurtuta ginen, kanpoko musika entzuten... Eta abisua jasotzean, atera egin ginen, binaka». San Miguel: «Minutu batzuk egin genituen kanpoan, baina sotora sarrarazi gintuzten».

Une haietako oroitzapenak lausotuak dituzte, baina bortxarenak dira: irainak, bultzadak, kolpeak... «Kostakoak ez ezik, beste konpainietakoak ere etorri ziren guregana. Gogoan dut jendea txapela galduta, alkandora hautsita... ETBren kamerak estali zituzten... Guk espero genuen udaletxera iristea eta arazoren bat egonez gero arkupeetan sartzea, baina gainera etorri zitzaizkigun, eta sotora sartu ginen berriro», azaldu du Alkainek. «‘A parir y a fregar’ [erditzera eta harrikoa egitera], esan ziguten, gaztelaniaz», deitoratu du Iriazabalek. «Eta arropa aldatuta prentsaurrekoa ematera sototik plazarantz atera ginenean, entzun behar izan genituenak: putas, zorras...», gaineratu du San Miguelek.

«Infernuaren» hasiera 

Une hartan «infernua» hasi zen. Alkain: «Bizitza amaitu zitzaigun». Iriazabal: «San Pedro kaleko zuhaitz bakoitzean folio bat zintzilikatu zuten gure izen-abizenekin, helbideekin eta telefonoekin. Egunero genituen mehatxu mezuak etxean, kalean ezin genuen ezer egin...». San Miguel: «Eta ez zigun guri bakarrik eragin, gure familien aurka ere egin zuten; gure seme-alaba txikien kontra». Alkain: «Horrek erru sentimendu handia eragin zigun. Guk oso argi genuelako borroka hura, baina gure familiek ez zuten zertan ordaindu». Urte asko iraun zuten irainek, ezinikusiek, boikotek, erasoek, bortizkeriak, jazarpenak. «Ni kanpora joan nintzen», esan du Iriazabalek.

Jaizkibelen desfilea 2005ean, Alkain kapitain zela, plastiko beltzez inguratuta. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU
Jaizkibelen desfilea 2005ean, Alkain kapitain zela, plastiko beltzez inguratuta.
JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU

Giro gaiztotu hartan, indartu eta gotortu egin ziren emakumeen parte hartzearen aurkakoak. Emakunderen eta Arartekoaren irizpideen aurka, Hondarribiko Udalaren babesa jaso zuten, eta alardea pribatizatu egin zuten. Emakumeek, berriz, Jaizkibel konpainia parekidea eratu zuten 1997an; Alkain izan zen kapitain hamar urtez: «Erabaki mingarria izan zen konpainia sortzea: gure helburuan amore ematea zen, bakoitzak bere konpainian desfilatu nahi zuelako. Erdibide hori hartuta errazagoa izango zela pentsatu genuen, beste konpainietan pixkanaka ikusiko zutela ez zela ezer gertatzen emakumeak ateratzearekin».

Oker zebiltzan: egun oraindik aparte desfilatzen du Jaizkibelek. 2005ean Eusko Legebiltzarrak Berdintasun Legea onartu zuen, eta arauak berariaz jaso zuen eremu publikoan emakumeak baztertzen zituzten jarduera kulturalak antolatzeko debekua. Hizlariek aitortu dute pentsatu zutela legeak gatazka konponduko zuela, baina bide hura ere kamustu zen. «Legearen babespean, aurretik desfilatzen hasi ginen, eta horren aurka jarri zituzten plastiko beltzak, gu ez ikusteko», ekarri du gogora Alkainek; «Baina ez zuten lortu. Nahiz eta plastiko beltzak jarri edo bizkarra eman, jendea ohartu zen gure desfilea ez zela inauteri bat, ez genuela festa izorratu nahi, musika ondo jotzen genuela eta aurpegiratzen zizkiguten gauza pila bat gezurra zirela».

«Urte mordoa pasatu genituen oso gutxi izaten, eta gazteak agertzeak sekulako poza eman zidan. Guk ez badugu konponbidea ikusten, haiek ikusiko dute»

MAITE SAN MIGUEL Jaizkibeleko kidea

Izan ere, hiru hamarkadotan gauza asko aldatu dira. Sototik ateratako andre haien inguruko mito asko erori dira, herritarren arteko bizikidetza apurka loratzen ari da eta emakumeen parte hartzearen aldeko aldarria nabarmen zabaldu eta sendotu da. «Orain asko gara, eta Hondarribiko familia guztietan dago gutxienez Jaizkibeleko kide bat», nabarmendu du Iriazabalek. «Hori da gure garaipena», erantsi du San Miguelek: «Urte mordoa pasatu genituen oso gutxi izaten, eta halako batean jauzi kuantitatibo bat gertatu zen, eta hasi ziren gazteak agertzen; sekulako poza eman zidan. Guk ez badugu konponbidea ikusten, haiek ikusiko dute».

Etsipenez mintzo baitira auziaren aterabidearen inguruan: gatazka gehiegi luzatu da, eta ez du ematen azkar konponduko denik, desfile baztertzaileko agintarien jarreran ez baita batere aldaketarik izan. «30 urtez haiekin hitz egiten saiatu gara, baina beti ukatu digute hitza», esplikatu du Alkainek; «Zeren beldur dira? Badakite denok elkarrekin bukatuko dugula, zergatik ari dira hainbeste luzatzen? Tradizioa aipatzen dute, baina haiek apurtzen dute: aurten ere ez dira azalduko Gernikako Arbolara; gu hor ez ikusteko, ez dira aterako tradizioz atera behar diren lekutik». Erakunde publikoen arduraz ere aritu da: «Instituzioetako ordezkariek nolatan ez dute betearazten Berdintasun Legea? Zer gertatzen da emakumeen eskubideekin? Kalea jada berdintasunaren alde dago; konpondu egin behar da hau».

Egun, mila lagunetik gora ateratzen dira Jaizkibelen; irudian, ostiraleko entsegua. JON URBE / FOKU.
Egun, mila lagunetik gora ateratzen dira Jaizkibelen; irudian, ostiraleko entsegua.
JON URBE / FOKU.

Asteartean, azken 30 urteetan irailaren 8ro egin duten bezala, emakumeek alardean gizonen pare parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatuko dute. Aurten, gainera, omenaldia egingo diete 1996an sototik atera ziren 26 andreei, baita kanpoan haiek babestu zituztenei ere. «Desfiletik kanpo laguntzen egon den jendea oso garrantzitsua izan da: urte askotan arriskutsuagoa izan da kanpoan egotea desfilatzea baino. Haiek gabe ez genuen ezer lortuko», nabarmendu du Alkainek.

Eta kolorez apainduko dute omenaldia, aniztasunez: bakoitzak bere konpainiaren jantziarekin desfilatzeko deia egina du Jaizkibelek. Erabakia hartua dute hiru hizlariek: Kostako uniformearekin aterako da Alkain; Txangaikoarekin, San Miguel; eta Kofradiakoarekin, Iriazabal. Hautu sinbolikoa dela azaldu du azken horrek: «Egiaz, Jaizkibel da gure konpainia. Baina ez dezagun ahaztu gure hasierako helburua: bakoitza bere konpainian ateratzea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA