Emakume aitzindariei gorazarre eginez desfilatu du Jaizkibel konpainiak

Duela 30 urte Hondarribiko alardean sartzen saiatu ziren emakumeak omendu ditu Jaizkibelek. Konpainia parekideko kide batzuk beste konpainietako jantziekin atera dira.

Duela 30 urteko emakume aitzindariak eta haien ingurukoak, Jaizkibel konpainiarekin batera, gaur, Hondarribian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maite Asensio Lozano - Irati Urdalleta Lete
Hondarribia
2026ko irailaren 8a
09:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hondarribia (Gipuzkoa). 1996ko irailaren 8a. Kale Nagusiko soto batetik atera dira 26 emakume, eta alardean sartzen saiatu. Nahi eta aldarrikapen bakarra: Hondarribiko alardean, herriko jai nagusian, berdintasunez parte hartzea, eta soldadu gisa desfilatu ahal izatea, gizonek bezala. 30 urtean urratsez urrats kalea irabazten aritu dira: batzuetan, milimetroka; beste batzuetan, metroka. 2026ko irailaren 8a. Urrats haiek utzi dute lorratza. 26 haiek mila inguru dira orain, Jaizkibel konpainia parekide bakarrean bilduta, eta, gaur, aitzindari haiek omenduz desfilatu dute. Baina, 30 urte pasatuagatik, oraindik ez dute lortu aitzindari haiek eskatzen zutena: Hondarribian alarde publiko, parekide eta bakarra egotea.

07:40rako mila gizon-emakume inguru daude Gernikako Arbolan. Txistu eta danbor hotsak. Zapi koloredunak, eta aurten, lehenengoz, baita beste konpainietako jantziak ere, Jaizkibelek aukera eman baitie kideei, 30. urteurrena dela eta, nahi duten konpainiako arroparekin ateratzeko. Gernikako Arbola bete dute. Berez, Hondarribiko Udalaren ebazpenaren arabera, bertan behar lukete alarde baztertzaileko konpainiek ere, baina, hirugarren urtez jarraian, ez dute konplitu agindua, konpainia parekidearen ondoan ez agertzeagatik. 

Emakume aitzindariak Kale Nagusira atera direnekoa. IRATI URDALLETA

08:00ak jotzerako, abiatu da Jaizkibel Kale Nagusian gora. Eta berehala kale ertz batetik atera dira duela 30 urte alardean sartzen saiatu ziren emakumeetako batzuk —26 haietatik lau hilda daude—, bertan egon ezin izan diren batzuen seme-alabak, baita emakume haiek babestu zituzten beste zenbait ere. Gaur 30 urtez borrokan, emakumeok alardean pankarta eskuan egin dute Arma Plazarainoko bidea, eta omenaldia egin diete han: konpainia osoa haien bueltan jarri da plazan, eta ondotik pasatzean besoa altxatu diete askok, eskerrak emateko. Balkoi batetik irrintziak bota dituzte, eta oihu batek hartu du plaza: «Emakumeak alardean!». Malkoak ere ikusi dira, hunkidura: sufritutakoaren erakusgarri, lortutakoaren erakusgarri. 

Zuek ikustera etorri gara! dioen pankarta esekita dago Arma Plazako balkoietako batean. Zeren bai, orain jende asko ateratzen da Jaizkibel ikustera; txaloak eta txaloak, eta «aupa, Jaizkibel!» oihuak izan dira nagusi ibilbide osoan. Kale Nagusia ere jada ez da lehen bezain gatazkatsua, baina, oraindik ere, zenbait emakume gaztek pasaeran bizkarra eman diote Jaizkibeli, parte hartzea baimentzen dien konpainia bakarrari.

Aitzindariek 'Gaur 30 urtez borrokan. Emakumeak alardean' pankarta eskuetan hartuta zeharkatu dute Kale Nagusia. IRATI URDALLETA

Handik berriro ere Gernikako Arbolarako bidea hartu dute, Kale Nagusian behera: oles egin diete Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak (EAJ) eta Hondarribiko alkate Igor Enparanek (Abotsanitz) —horiek biek harrera egin diote gizonek soilik parte hartu dezaketen alarde baztertzaileari ere—, baita, besteak beste EH Bilduko, Ahal Dugu-ko eta mugimendu feministako kideek, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta EAEko arartekoaren ondoko Estefania Okarizek ere.

Sainduarako bidean ikusi da Jaizkibel zenbatekoa den: gizon-emakumeen ilarak eta ilarak. Eta jendearen babesa etengabe. Mugimendu feministak ere omendu ditu aitzindariak, eta pankarta bat eskegi dute zubi batetik: Ate hura zabaltzeagatik, milesker.

«Oraindik ez dugu lortu»

Desfilearen amaieran egin dituzte balorazioak. Nora Ferreira Jaizkibel konpainiako kapitaina atzera begira jarri da. Adierazi du aurtengoa «urte berezia» dela, 30 urte bete direlako emakumeak lehen aldiz alardean parte hartzen saiatu zirenetik, eta nabarmendu du «ohorea» izan dela Kale Nagusia haien atzetik igotzea: «Haien borrokari segida emateko gaude hemen». Aitortu du ordutik pausoak eman direla, baina ez behar beste: «Duela 30 urte eskatu zuten beren herriko jaian ateratzea; oraindik ez dugu lortu, baina horretan ari gara». Goizeko desfileari dagokionez, «oso polita» izan dela esan du, gero eta gehiago direlako bai konpainian bertan, bai espaloietan: «Alardea herriarena da, gizonena eta emakumeena; hori gero eta argiago dago egunetik egunera».

Ferreirak kapitain izan den urteak baloratzeko ere aprobetxatu du, aurten baitu azken aldia kargu horretan. Abotsanitz alkatetzara iritsi zen urtean izan zen Ferreira lehenengoz kapitain —aurretik, EAJk zuen Hondarribiko alkatetza, eta konpainia parekideari ez zion harrerarik ere egiten—, eta adierazi du «aurrerapauso txiki batzuk» eman dituztela harrezkero: Gernikako Arbolatik abiatzea, arratsaldean zapateroa egitea, lehen parte hartu ezin zuten zenbait ekitalditan egotea... Baina: «Helburua ez dugu lortu: alarde bakarra, publikoa eta parekidea izatea, eta Berdintasun Legea betetzea. InstItuzioei esaten diegu Jaizkibelek ahal duen guztia egiten duela; uste dugu hau goitik konpondu behar duela norbaitek».

«Helburua ez dugu lortu: alarde bakarra, publikoa eta parekidea izatea, eta Berdintasun Legea betetzea»

NORA FERREIRA Jaizkibeleko kapitaina

Igor Enparan alkatea (Abotsanitz) pozik agertu da goizeko desfilea istilurik gabe joan delako: «Hondarribiarrontzat egun handia da gaur; jaia ospatzeko gogoz atera gara, eta hori ikusten ari gara: herritarrak ospatzen, lasaitasunez». Onartu du emakumeen parte hartzearen inguruko gatazka ez dela konpondu, baina gogora ekarri du azken agintaldian «urrats sendoak» egin dituztela: «Konponbideak konpartitua izan beharko du; bestela, ez da izango konponbiderik; eta gure tresna bakarra elkarrizketa da».

Udala azken hilabeteetan ere saiatu da bide horretan, berriki jakinarazi duenez: Baketik fundazioaren bitartekaritzarekin, mahai berean elkartu nahi zituen udala bera, Jaizkibel eta desfile baztertzailea antolatzen duen HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea, baina elkarteak prozesua utzi du. Hala ere, alkateak nabarmendu du «eragile eta instituzio guztiek» badutela hitz egiteko eta eztabaidatzeko «asmoa eta borondatea»: «Herri honetan badago borondatea: hitz egiteko prestasuna egon da, eta badago; oraindik ez dugu asmatu nola. Formatuak berrikusi beharko ditugu, formula berriak pentsatu, eta gorabeherak izango ditugu, baina borondatea badago. Ziur nago etorkizun hurbilean albistea ez dela izango banaketarena».

«Hitz egiteko prestasuna badago; oraindik ez dugu asmatu nola. Formula berriak pentsatu beharko ditugu, eta gorabeherak izango ditugu, baina borondatea badago»

IGOR ENPARAN Hondarribiko alkatea

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia ere elkarrizketa prozesuaz mintzatu da. HAOSE mahaitik altxatu izana aipatu gabe, aitortu du festen hasieran «albiste txar bat» izan zela, baina azpimarratu du jai eguna «bakean eta lasaitasunez» joan dela eta «errespetua» gailendu dela. Aurrera begira ere, «elkarrizketara eta konfiantza espazioak sortzera» deitu du: «Merezi dugu hainbeste urteren ondoren egun hau elkarrekin ospatzea; ez da posible, hari mataza honek korapilo handiak dauzka. Baina lortu da bide bat egitea, elkar aitortzea, agertu dira eragile berriak, eta seguru nago hemendik aurrera, elkarrekiko errespetutik abiatuta, konponbide bat topatuko dela».

«Elkarrizketa da bidea»

Elkarrizketa izan dute ahotan Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta EAEko arartekoaren ondoko Estefania Okarizek ere. Okariz: «Hondarribiko jarrera guztien arteko elkarrizketaren, ulermenaren eta gerturatzearen alde egiten dugu, eta hemen dauden guztiei festa zoriontsuak izatea opa diegu». Nabarmendu du arartekoa beti dagoela emakumeek edozein ekinalditan parte hartzearen alde, baina kazetariek galdetu diotenean horretarako zer pauso behar diren, ez du zehaztapenik egin: «Hori ez dagokigu guri zuzenean, baina uste dugu alde guztien artean kontziliatzailea ekar dezakeen edozein ekintzak eta elkarrizketak balioko duela jarrera komun bat lortzeko».

«Merezi dugu hainbeste urteren ondoren egun hau elkarrekin ospatzea; ez da posible, hari mataza honek korapilo handiak dauzka. Baina lortu da bide bat egitea»

EIDER MENDOZA Gipuzkoako ahaldun nagusia

Bide bertsutik jo du Elgarrestak. Jaizkibel babestu du, eta elkarrizketaren bidea hobetsi: «Orain arazoa konpontzeko daukagun tresnarik onena elkarrizketa da. Dei bat egin behar dugu sortutako elkarrizketa espazioak zaintzeko». Horren harira, kazetariaren galdea: «Baina elkarrizketa posible al da aldeetako bat, alarde baztertzailea, mahaitik altxatzen bada?». Elgarrestaren erantzuna: «Hortxe gaude, baina zaindu egin behar ditugu elkarrizketa horiek, eta pedagogia egin, sentsibilizatu».

Irmoago mintzatu dira EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak. EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek nabarmendu du Jaizkibel babestera joan direla Hondarribira: «30 urte dira alarde berdinzalearen alde lanean hasi zirela, eta urteak pasatu dira, urrats xumeak egin, baina gatazka honek bere horretan dirau, eta uste dugu badela garaia behin betiko aurrerapausoak emateko». Baina zer pauso? «EH Bilduk bere esku dagoen guztia egingo du, baina, gaur berriz ere, dagokien instituzioei deia egiten diegu erabaki politikoak har ditzaten egoera hau konpontzeko». Ahal Dugu-ko Miren Etxebestek goraipatu egin du Jaizkibelek gero eta «babes handiagoa» izatea, eta hori «seinale ona» dela adierazi; alabaina, udalari galdegin dio «estrategia» aldatzea: «Bada garaia udalak beste estrategia bat bilatzeko eta alarde publikoa berriro antolatzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA