Albistea entzun

Iratxe Esnaola. Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria

«Googlek umeen datuak lehengaitzat ditu, bere balioa handitzeko»

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako plana burujabetza digitalaren aurkako norabidean doala irizten dio Esnaolak, eta «eskandalutzat» jo du hezkuntzan multinazionalen alde egitea: «Norabidea aldatu behar da».
BERRIA / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko apirilak 30

Iratxe Esnaolak (Zarautz, Gipuzkoa, 1981) argi du digitalizaziorako egin beharreko bidea hezkuntza akordioak zehaztutakoa dela, ez atzo Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako planarena. Esnaola informatika ingeniaria da, eta hezkuntzan doktorea, baita Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria ere. Software librea «sutsuki» defendatu du.

Hezkuntza teknopedagogikorako jauzia iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Zer deritzozu egungo egoerari?

Apirila oso emankorra izan da hezkuntzari eta digitalizazioari dagokienez. Gaur [atzo] aurkeztu da hezkuntza sistemaren eraldaketa digitalerako plana; apirilaren 11n, Googlerekin hitzarmena; eta 7an, historikotzat jo zen hezkuntza akordioa. Oso nabarmena da erkidegoan Hezkuntza Sailak modu aktiboan eta pasiboan Google, Windows eta gisako multinazionalen produktuen eta zerbitzuen alde egiten duela. Eskandalu bat da. Planak hitz egiten du jarraibide metodologikoak diseinatu beharraz eta etapa guztietan teknologia nola txertatu behar den adierazi beharraz, ikasleak konpetenteak izan daitezen, baina ez du jarraibiderik ematen. Oraindik ez daukagu tresna digitalen integrazio pedagogikorako inongo markorik.

Eta zer norabidetatik jotzen du hezkuntza akordioak?

Kontrako norabidean doa. Gaurko [atzoko] planak esaten du ikasleek digitalki konpetenteak izan behar dutela; akordioak ikasleak digitalki ahalduntzeaz hitz egiten du. Konpetentzia baino gehiago da: boteretzea, erabakiak hartzeko gai izatea, kontrola izatea. Esaten du tresna libreak, auditoria egiteko modukoak eta gardenak erabiliz egin behar dela, eta digitalizazioa etikoa, arduratsua... izango dela. Hezkuntza akordioak markatzen du hezkuntza sistema publikoak ardura publikotik hartu beharko lukeen norabidea, burujabetza teknologiko eta digitalerantz. Googlerekin sinatutako ituna eta gaur [atzo] aurkeztu den plana ez doaz norabide horretan.

Zerk du lehentasuna?

Hezkuntza gero eta sartuago dago multinazionalen eskuetan. Norabidea aldatu behar da lehenbailehen. Digitalizazioa ez da erabaki tekniko bat, politikoa baizik. Oso estrategikoa da, dimentsio askotan eragiten baitu: ekonomia eta jakintza teknologiko lokalean, hizkuntzan...

Software librearen alde zaude.

Bai. Hezkuntza akordioak ere horretaz hitz egiten du. Burujabetza teknologikorako bidean, ezinbestekoa da tresna libreak, software librea, hardware librea eta auditoria bidez aztertzeko moduko tresnak erabiltzea. Googlerekin egindako hitzarmena aztertuta, esaten da datuak ez direla saltzen, eta sinis dezakegu, baina haien esku daude. Arduragabekeria hutsa iruditzen zait bide honetatik jarraitzea, eta horregatik egiten dut sutsuki software librearen alde.

Zer arrisku ditu ikasleen datuak multinazionalen esku uzteak?

Hitzarmenak Europako datuen babeserako legea betetzen du, ez ditu datuak saltzen... Kontua da prozesu horiek ez direla gardenak, eta inork ezin du ikusi zer egiten duen. Datuak haren esku daude. Beharbada ez ditu salduko, ez du ezer txarrik egingo, baina gutxien-gutxienez produktu eta zerbitzuak hobetzeko erabiliko ditu, inteligentzia artifizialeko makinak entrenatzeko. Googlek, hezkuntza sisteman sartuta, lehengaia dauka bere sistemak hobetzeko: umeen datuak erabiliko ditu bere produktuak eta zerbitzuak hobetzeko; hortaz, lehengai bat dira, Googlek bere sistema hobetzeko eta bere balioa handitzeko.

Jaurlaritzaren planak irakasleen formakuntzan jarri du indarra.

Irakasleen prestakuntza gako oso-oso garrantzitsua da: aurrekontuaren zati handi bat eraman behar du. Hori egin behar da, norabidea edozein delarik ere, eta are gehiago norabidea aldatzea eta burujabetza digitalerako urratsak egitea planteatzen badugu.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datozen urteetarako hezkuntza legearen zimenduak ezarri dituzte, hezkuntza itunaren bidez. Digitalizazioari dagokionez, nolakoa imajinatzen duzu eskola bat hemendik 30 urtera?

Hezkuntzaren digitalizazioa progresioarekin lotu da, eta ezinbestean digitalizatu behar dela ulertu. Gustatuko litzaidake hurrengo hamar urteetarako gutxienez aztertzea, eta agian arlo batzuetan atzerapausoak ematea; alegia, ez dago zertan tresna digitalak ahalik eta azkarren sartu, ez baitago ebidentzia zientifikorik hori sostengatzen duenik. Uste dut hemendik 30 urterako jendartea ere teknologiak erabat zeharkatuko duela, eta hor bizitzeko ahaldunduak egon beharko lukete; gaur egun, ez da hala.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Estitxu Villamor Lomas eta Ortzi Akizu-Gardoki ikerlariak, Errekaleorren. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bestelako eredu baterako akuilu

Edurne Begiristain

Gasteizko Errekaleor auzoarentzat «mugarria» izan zen duela bost urte Iberdrolak argindar sarerako lotura moztu izana. Ordutik, auzo okupatua burujabea da energia elektrikoari dagokionez, eta bizimodu autogestionatuari esker, aztarna energetikoa murriztea lortu du.
Itsaso Bengoetxea, Ana I. Rodriguez, Amaia Bacigalupe, Aintzane Orkaizagirre eta Maribel Romo, hitzaldiak hasi aurretik. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Zaintzaren bidetik osasunera

Arantxa Iraola

Pazienteen erabakimena sustatzea, zaintzaren alde ezkutuak aintzatestea, genero ikuspegia txertatzea, heriotzan laguntzea: osasun arta dira horiek ere
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko

Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...