Itziar Ituño: «Lanak bozgorailu handi bat eman dit»

  • Albistea entzun

Itziar Ituño (Basauri, Bizkaia, 1974) Goenkale-n hasi zen aktore lanetan, eta, orain, mundu osoan da ezaguna, La casa de papel telesailagatik. Tarara antzerki obra estreinatzear da Bilboko Arriaga antzokian, eta Hego Amerikan ere pare bat proiektu dauka zain.

Nolakoa zinen txikitan?
Nahiko alaia nintzen, apur bat lotsatia, eta pila bat gustatzen zitzaidan kantatzea: amarekin aritzen nintzen abesten. Alaba bakarra naiz, eta lagunekin jolasten nintzen, auzokideekin.

Zer zaletasun zenituen?
Saskibaloiagaz hasi nintzen; gero, izena eman nuen xake ikastaro batean, aspertu arte; akordeoia jotzen ere aritu nintzen; ondoren, balletean sartu nintzen. Hura zen nirea: dantza.

Eta antzerkia?
Institutu garaian, 14 bat urtegaz, kartel bat ikusi nuen, Basauriko antzerki eskolan tailerrak zabalik zeudela zioena, eta hor eman genuen izena kuadrillako lagun batzuek. Gero, denek abandonatu ninduten, [barreak].

Soziologia ikasi zenuen, eta, gero, aitaren fabrikan hasi zinen lanean.
Soziologiak munduaren beste ikuspegi bat eman dit. Gero, Basauriko ikastolan begirale ibili nintzen; beste lanik ateratzen ez zenez, izena eman nuen aitaren lantegian aritzeko, behin-behineko langileen bila zebiltzalako. Hozkailuak egiten pasatu nuen urtebete edo. Hor nengoela, ihes egin nuen, Goenkale-ko castingera joateko.

Eskola izan zen Goenkale zuretzat?
Ikaskuntza handia izan zen, bai, baina esfortzu handia egiten genuen: egunero kapitulu eta erdi grabatzen genuen. Esango nuke eskola baino gehiago kapituluak egiteko fabrika bat izan zela. Baina orduan EGA prestatzen nenbilen, eta asko lagundu ninduen euskara hobetzeko.

Euskara ez zenuelako etxetik jaso, gero ikasi zenuen...
Nire ama hizkuntza gaztelera da, eta 19 urtegaz ikusi nuen zerbait falta zitzaidala; oso euskalduna sentitzen nintzen, baina garrantzitsuena falta zitzaidan: euskara. Orduan, izena eman nuen AEKn, eta dena jarraian egin nuen, EGA atera arte.

«19 urtegaz ikusi nuen zerbait falta zitzaidala; oso euskalduna sentitzen nintzen, baina garrantzitsuena falta zitzaidan: euskara».

Itziar Ituño (aktorea)

Egia esan, euskarak bizitza aldatu dit. Euskarari esker lan egin nuen Goenkale-n, gero Loreak-en, eta Loreak filmak zabaldu zizkidan ate guztiak. Gero, La casa de papel etorri zen.

Nola aldatu dizu eguneroko bizimodua ‘La casa de papel’ telesailak?
Fenomeno sozial itzela bihurtu da. Horrek profesionalki hainbat ate zabaltzen dizkizu, gauza asko irabazten dituzu, eta galdu ere bai. Lehen, nire munduan libre ibiltzeko aukera neukan, eta, orain, mundu guztiak ezagutzen nau. Hori eroaten ikasten nabil, halabeharrez. Batzuetan, oso polita da, baina gogorra ere bada esperientzia. Baina, aizu, pozik nago, e?

Aldarrikapenak egiten dituzu maiz. Zergatik?
Beti ibili naiz hainbat borrokatan murgilduta, ondo dagoela uste dudana defendatzen. Orain, lanak bozgorailu handi bat eman dit, eta aprobetxatzen dut. Zerbait esan gura baduzu, tori. Eta hori polita da.

Jatorrizko artikuluak