Alex Aginagalde: «Ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea»

  • 140 hitz |
  • 1 minutu

Euskarazko ikus-entzunezkoen finantzaketa publikoa handitu egin behar dela uste du Aginagaldek, «egoerari buelta emateko». Pantailak Euskaraz mugimenduko kidearen ustez, kezkagarria da euskarak ikus-entzunezkoetan duen egoera.

Zer diagnosi egiten duzue euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentziaz?

1990ean, euskarazko telebistak eskaintzaren %25 osatzen zuen. Telebista digitalarekin, Internetekin eta plataformekin, euskarazko eskaintza erabat urtucloseDesegin, desagertu.
da. Erakundeek ez dute behar bezalako apusturik egin garai berrietara egokitzeko. Iruditzen zaigu finantzaketa publikoa handitu egin behar dela euskarazko ikus-entzunezkoen sektorean.

Larrialdia handia da?

Erabatekoa da larrialdia. Egunean ordu ugari ematen ditugu pantailen aurrean, eta euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da. Euskararen erabilera handitzea nahi badugu, ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea.

«Egunean ordu ugari ematen ditugu pantailen aurrean, eta euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da». 

Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz)

Zer garrantzi du belaunaldi gazteentzat pantailetako ia eduki guztiak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzeak?

Ikerketa soziolinguistikoek diote aisialdia bizitzeko dugun moduak erabateko eragina duela hizkuntza ohituretan. Haur eta gazteek dituzten erreferente guztiak erdarazkoak izateak berekin ekar dezake etorkizunean belaunaldi horiek erdaraz bizitzea. Estrategikoa da egoerari buelta ematea.

Iruditzen zaizu alderdi politikoak arduratzen direla euskarak pantailetan duen egoeraz?

Badirudi alderdiak eta erakundeak mugitzen hasi direla. Pozgarria da ikustea Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak bere egin duela gure diskurtsoa, esaten baitu ezinbestekoa dela streaming plataformetan euskararen presentzia sendoa izatea.

Azkeneko bederatzi urteetan ez da helduentzako atzerriko filmik bikoiztu euskarara. Zer diozu?

Funtsezkoa da bikoizketa: kanpoko edukiak ere jaso behar dira norbere hizkuntzan.

«Funtsezkoa da bikoizketa: kanpoko edukiak ere jaso behar dira norbere hizkuntzan». 

Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz)

Bikoizketarik ez badago, jendeak galdu egiten du filmak euskaraz ikusteko ohitura. Azpidazketa ere aldarrikatzen dugu, eduki asko euskarara ekar daitezke eta.

Jatorrizko artikuluak