Irailaren 8an ospatu ohi dute Hondarribian (Gipuzkoa) jaietako egun handia, eta Alardea izaten da ekitaldirik garrantzitsuena. Jaizkibel konpainiak 25 urte daramatza Alardean emakumezkoen parte hartzea bermatzen; izan ere, beste konpainietan ezin dute normaltasunez desfilatu.


ZER DA ALARDEA? 

Hainbat konpainiaz osatutako desfile bat da alardea. Txilibituak, danborrak, partxeak, eskopetak eta bestelakoak eramaten dituzte parte hartzen dutenek. Garai bateko desfile militarren eta prozesioen arrastoak agerikoak dira. Irailaren 8an egiten da Hondarribian (Gipuzkoa), eta jaietako egunik garrantzitsuena da. Irungoa ere oso ezaguna da: ekainaren 30ean egiten da. Usadioaren arabera, soilik kantinera gisa parte har zezaketen andreek. Horrek guztiz mugatzen zuen haien parte hartzeko aukera, konpainia bakoitzean kantinera bakar bat egoten baita. 

ZER GOGORARAZTEN DU? 

1638an, tropa frantsesek inguratuta eduki zuten Hondarribia 69 egunez, baina ez zuten mendean hartu. Hain justu ere, garaipen hori eskertzeko Guadalupeko Ama Birjinari egindako boto bat betetzen dute irailaren 8an. Ospakizun horri atxikita sortu zen alardea. Gizonak jarri ziren lehen lerroan, baina dokumentatuta dago andrazkoek ere parte hartu zutela borrokan. Irungo desfilean, 1522an Aldabe mendian gertatu zen bataila bat gogoratzen dute. 

ZERGATIK SORTU ZEN GATAZKA HONDARRABIKO ALARDEAN? 

90eko hamarraldian, andreak esaten hasi ziren era parekidean parte hartu nahi zutela alardean. 1993an, adibidez, hainbat andrek eskea egin zuten Hondarribiko Udalean. Horietako bat da Ixabel Alkain, Jaizkibel konpainiako lehenengo kapitaina: «Denok eskolan nahastuta ibili izan garen bezala, gure jaietako egunik garrantzitsuenean emakumeak ere nahi bezala irtetea nahi genuen: musikari, danborra jotzen, eskopetarekin, kantinera...».

Ixabel Alkain, Jaizkibel konpainiako lehen kapitaina, 1998ko Alardean. JAGOBA MANTEROLA / EUSKALDUNON EGUNKARIA

Udalak ez zien erantzun ere egin, eta, handik hiru urtera, aurrez Irunen hainbat andrek urratutako bideari atxikita, emakume horiek desfilean sartzea erabaki zuten. Irunen, murru batekin topo egin zuten, ordea; Hondarribian ere, gordin agertu zen aurkako jarrera. Jende askok kolpeka, oihuka eta bultzaka erantzun zuen, eta ez zieten utzi parte hartzen. «Hor aldatu zen dena», Alkainen hitzetan: hor piztu zen gatazka. 

ZER DA JAIZKIBEL KONPAINIA? 

Erantzun hori ikusita, Jaizkibel konpainia sortu zuten Hondarribian, gizonek eta emakumeek konpainia batean behintzat era parekidean parte hartzeko. «Jaizkibel tarteko bide bat da; emakume bakoitzak nahi duen konpainian ateratzea da azken helburua», esan du Alkainek. Keinu zatar asko pairatu dituzte; Kale Nagusitik pasatzean, esaterako, plastiko beltzak zabaldu dizkiete askotan. Andreak soldadu onartzen ez dituzten konpainiek ez dute inoiz Jaizkibelekin desfilatu; beren desfilea antolatzen dute, bereiz. Irunen ere bada andreak onartzen ez dituen desfile bat. 

Hainbat herritar Jaizkibel konpainiari bizkarra ematen, 2019ko Alardean. GORKA RUBIO / FOKU

ZER EGIN DUTE ERAKUNDE PUBLIKOEK? 

Konponbidea bilatzeko orduan erakundeek izan duten borondate falta salatu du Alkainek: «Hor dago koskarik handiena: instituzioak inplikatzea falta da». Irun eta Hondarribiko udalek, oro har, andrerik onartzen ez duten desfileak babesten jarraitu dute urteotan. Beste erakunde publiko batzuek, ordea, atxikimendua erakutsi diete desfile parekideei, eta babes keinuak egin: esaterako, Emakundek eta EAEko Arartekoak. Baina, udalen sostengurik gabe, asko zaildu zaie bidea. 

«Hor dago koskarik handiena: instituzioak inplikatzea falta da».

Ixabel Alkain (Jaizkibel konpainiako lehen kapitaina)

ZER DA ‘GUZTION ALARDEA’? 

2019an, alarde baztertzailean parte hartzen zuten hainbat gaztek Guztion Alardea izeneko talde bat sortu zuten, gatazka elkarrizketaren bidez konpon zedila eskatzeko, eta emakumeek festan parte hartzeko «eskubide osoa» dutela adierazteko. Aurten, alardean gizonekin batera parte hartzeko eskaria egin dute 64 emakumek, baina ezezkoa jaso dute. Elkarteak, hala ere, lanean jarraitu nahi du. 

Guztion Alardeak deituta, alarde berdinzale baten aldeko familia argazkia egin zuten irailaren 2an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

NON DAGO KONPONBIDEA? 

Aurrera begira, lan asko dago egiteko, Alkainen ustez, baina argi dauka beharrezkoa dela erakundeek pausoak ematea: «Udalak nahiko balu, hau segituan amaituko litzateke». Baikor esan du gazteak alde dituztela, eta betiko mezua plazaratuko dutela aurrerantzean ere: «Berdintasunerako eskubidearen alde ari gara, baina guretzat ere jaiak dira, eta gozatu behar ditugu». 

«Berdintasunerako eskubidearen alde ari gara, baina guretzat ere jaiak dira, eta gozatu behar ditugu». 

Ixabel Alkain (Jaizkibel konpainiako lehen kapitaina)

Jatorrizko artikuluak