Javi Julio: «Ezin daiteke normalizatu jendea itsasoan hiltzen ikustea»

  • Albistea entzun

Greziako Lesbos uhartean errefuxiatuen erreskate batean bizi izandakoa oinarri hartuta, Aita Mari dokumentala ondu du Javi Julio zinemagile eta argazkilariak (Donostia, 1978). Gizarteari errefuxiatuen errealitatearen berri eman eta eskuin muturreko alderdiek zabaltzen duten diskurtsoaren alternatiba izatea lortu nahi dute.

Zer da zuretzat Aita Mari

Adierazpen bat da, erantzun bat. Boluntario horiek gobernuek egiten ez duten lana egiteaz arduratzen dira. Izan ere, bizitza beste edozeren gainetik jarriz, gai dira gauza asko aurrera ateratzeko, baita erreskate ontzi bat egiteko ere. 

Nolako esperientzia izan da? 

Oso gogorra; batez ere, itxaronaldia. Urtebetez, maleta prest izan nuen etxeko atarian, ez genuelako jakin noiz joan beharko genuen. Ondorioz, hainbat lan kontraturi ezezkoa eman behar izan nien, ez nekielako lan hori egiteko denbora izango nuen ala ez. Hala ere, esperientziak merezi izan du, eta espero dut jendeak gertatzen ari denaren inguruan kontzientzia hartzeko balio izatea. 

2015ean joan zinen lehenengoz Lesbosera. Nolatan? 

Urte hartan, jende asko ari zen iristen Lesbosko kostaldera. Ondorioz, hara joan, eta bertatik bertara kontatu nahi nuen zer gertatzen ari zen. Hilabete han egon eta gero, errefuxiatuen egoeraren berri eman genuen: gerraren ondorioz, Turkiatik Greziara ihesean ari ziren herritarrak. 

Espero zenuen moduko egoera bat aurkitu zenuen?

Inondik inora ere ez. Pentsaezina da horrenbeste lagun egoera horretan Greziara heltzen ikustea. Ezin daiteke normalizatu jendea itsasoan hiltzen ikustea, eta, horregatik, dokumentalaren bitartez, jendeak zer gertatzen den ulertzea nahi dut. 

Gobernuaren erantzunik ezak uste baino gehiago luzatu zuen proiektua. Jarrera horrek eraginik izan zuen grabatzeko prozesuan? 

Nire asmoa Getarian [Gipuzkoa] zegoen hegaluze itsasontzi bat berritzeko prozesua erakustea zen: arrantza itsasontzi izateari utzi eta erreskate ontzi bihurtzeraino. Hala ere, gobernuak ez zuenez erantzunik ematen, ez genuen baimenik izan ontzia itsasora ateratzeko. Geldialdia aprobetxatu, eta Europako Batasunaren mugetako migrazio politiken inguruan zentratzea erabaki nuen. Izan ere, Europako Batasunak, jendea salbatu beharrean, oztopo ugari jartzen ditu. 

«Europako Batasunak, jendea salbatu beharrean, oztopo ugari jartzen ditu».

Javi Julio (Zinemagilea)

Bi urte horietan material asko bildu zenuen. Nola moldatu zara bildutako guztia antolatzeko?
Irudi asko zeuden, telesail bat egiteko beste. Hortaz, Igor Arabaolaza editoreari material hori guztia bidali nion, eta, azkenean, dokumentala hiru zatitan banatzeko erabakia hartu genuen: lehenengo, itsasontzia aurkezten da; ondoren, blokeoan jarri dugu arreta; eta, azkenik, egindako erreskatearen berri ematen da. 

Errefuxiatuen esperientzia entzuteak lagun dezake gizartearen erantzuna aldatzen? 

Dokumentalaren bitartez, eskuin muturreko alderdiek zabaltzen duten diskurtsoaren alternatiba izatea lortu nahi dugu. Edozeinek du bizitzeko eskubidea, eta, hortik abiatuta, nork bere kabuz osatu behar du bere iritzia. 

Jatorrizko artikuluak