Koro Lores: «Nahi dudan gauza bakarra hemen geratzea da»

  • Albistea entzun

Koro Lores Costa Donostian bizi da, familiarekin. Lores eta haren ama etxerik gabe geratzeko arriskuan daude, Sareb banku txarrak ez dizkielako kontratuak berritu nahi orain arteko baldintzetan. Negoziatzea «ezinezkoa» dela dio. Arrisku berean dira Donostiako Egia auzoko bloke berean bizi diren maizter gehiago.

«Zer gertatzen da herritar arruntekin? Ez dugu etxebizitza duin bat izateko eskubiderik?». Koro Loresenak dira adierazpenok; amorruz eta beldurrez betetako hitzak eta testigantza. Donostian bizi da, Egia kaleko 22. atarian, eta bertako bizilagunak jasaten ari diren egoera «latza» kontatu du: kalean geratzeko arriskuan daude bloke horretako lau etxebizitzatako maizterrak. Sareb erakundearenak dira etxe horiek, eta ez diete kontratua berritu nahi.

Sarebek proposatu die alokairua garestitzea: «300 eurotik gora. Ezin dugu hainbeste ordaindu».

Lehen solairuan bizi da Lores, bikotekidearekin eta bi alabekin; eta pareko etxebizitzan bizi da haren ama. Egoera zertan den azaldu du: «Amari iragan urtean amaitu zitzaion kontratua; beraz, modu irregularrean dago orain; ez dugu akordiorik lortu. Guri, berriz, irailean amaituko zaigu». Salatu duenez, Sarebek proposatu die alokairua nabarmen garestitzea: «Orain ordaintzen ari garenarekin alderatuta, 300 eurotik gora». Eta argi esan du: «Ezin dugu hainbeste ordaindu». Loresen amak 85 urte ditu, eta menpeko emakume bat da: ikusmen eta entzumen arazoak ditu. «Haren alboan egon behar dugu; hemen gaude hura zaintzeko. Eta hura badoa, gu ere bagoaz».

Maizterrak kanporatu etxebizitzak saltzeko

Etxebizitza horiek saltzea da Sareb banku txarraren asmoa, eta etxeotako maizterrei bertan bizitzen jarraitzeko oztopoak eta trabak jartzen ari zaizkie, «neurriz kanpoko prezioetan» mugituta. Loresek salatu du «ezinezkoa» dela Sarebekin hitz egitea, eta ez dutela haiekin aritzeko zuzeneko kontakturik.

«Ezin dut edozein etxe hartu. Nora joan behar dugu? Alabak auzo honetan eskolatuta daude...».

Koro Lores (Etxegabetze arriskuan)

Blokeko bizilagunak «ziurgabetasunez» bizi direla dio, kale gorrian geratzeko arriskuaren presiopean. «Pasatzen den egun bakoitzeko, egun bat gutxiago falta da». Eta gaineratu du: «Ezin dut edozein etxe hartu. Nora joan behar dugu? Alabak auzo honetan eskolatuta daude...». Egoera eramanezina dela dio, bidegabea. «Erakundeak jan egiten ditu hemen gauden txikiak. Prezioa zerbait igo nahi digutela ulertu dezaket, baina horrenbeste? Nahi dudan gauza bakarra hemen geratzea da».

Jatorrizko artikuluak