Gazteek zailtasun handiak dituzte norberaren etxea izateko

  • Albistea entzun

Etxea erosteko zein alokatzeko prezio garestiek eta lan merkatuak atzeratu egin dute gazteen emantzipazioa. Euskal Herrian, 20 eta 34 urte arteko hamar gaztetik lau baino ez dira bizi beren kasa. Emantzipatzeko modurik ez dute gazte gehienek, eta gurasoen habia kaiola bilakatu zaie.

Gero eta beranduago, eta gero eta baldintza okerragoetan. Euskal Herriko gazteak berantiarrak dira gurasoen etxetik atera eta beren kabuz bizitzen hasteko tenorean. Etxebizitzaren garestitzeak, lanaren prekaritateak eta langabeziak zamatu egin dute emantzipatzeko adina, eta ezegonkortasuna gazteen bizitzaren parte bilakatu den neurri berean murriztu da gurasoen etxea utzi eta bide propioa abiatzeko aukera. 

Ezegonkortasuna gazteen bizitzaren parte bilakatu den neurri berean murriztu da gurasoen etxea utzi eta bide propioa abiatzeko aukera.

Euskal Herrian, 20 eta 34 urte arteko hamar gaztetik lau emantzipatuta daude. Hala ere, emantzipazioarena bi abiadurako errepidea da Euskal Herrian. Alde batetik, Hego Euskal Herriko datuek joera nabarmena erakusten dute: gazteen emantzipatzeko adina 29,5 urtekoa da, eta 20 eta 34 urte arteko gazteen %36 bizi dira gurasoen etxetik kanpo. Ipar Euskal Herrian, berriz, bestelakoak dira emantzipazio datuak: batez beste, 23 urterekin hasten dira beren kasa bizitzen hango gazteak, eta emantzipazio tasa ez da asko apaldu azken hamar urteetan. Are, Ipar Euskal Herriko 20 eta 34 urte arteko gazteen %76,9 emantzipatuta daude —2017ko datuen arabera—.

Hegoaldean, gazteen emantzipatzeko adina 29,5 urtekoa da; Ipar Euskal Herrian, berriz, 23 urte.

Jatorrizko artikuluak