Lulak %89 gutxituko du Amazoniako deforestazioa

  • 240 hitz
  • Albistea entzun

Brasilgo presidentetzarako bozen irabazleak agindu du ia desaktibatutako ingurumen araudia berrezarriko duela, eta legez kanpoko deforestazioa eten. Euskal Herria halako lau den eremu bat salba dezake: 75.960 kilometro koadro oihan.

Itxaropen handia du munduak Luiz Inacio da Silva Lula-ren garaipenak Amazoniaren deforestazioa geratzeko eduki dezakeen eraginean. Carbon Brief Erresuma Batuko klima ikerketetarako zerbitzuak eskatuta, Lula presidentetzara iristeak Amazonian nolako ondorioak izan ditzakeen ikertu dute hainbat zientzialarik. Haien arabera, hurrengo hamarkadan %89 txikiagoa izango da deforestazioa Jair Bolsonarok berriz irabazi balu baino. Horrek esan nahi du 2030erako Lulak galaraz dezakeela Amazoniako 75.960 kilometro koadro oihan galtzea, hau da, Euskal Herriaren azalera ia halako lau. Ikertzaileek konfiantza dute Lulak beteko dituela agindutakoak, aurreko agintaldietan bete egin zuelako hitzemandakoa: legez kanpoko deforestazioari aurre egitea.

Moztutako zuhaitz multzo bat, Brasilgo Amazoniako baso batean. MARCELO SAYAO / EFE

Bolsonaro agintera iritsi zenetik nabarmen handitu da Brasilgo Amazoniaren suntsiketa. Hainbat faktorek erraztu dute hori, baina, bereziki, ingurumen babeserako tresnak eta legez kanpoko deforestazioari jazartzeko zeuden baliabideak ia ezerezean utzi izanak jokatu dute munduko oihan nagusiaren aurka. Horiek horrela, 34.018 kilometro koadro oihan galdu dira Bolsonaro gobernuan egon den aldian.

34.018 kilometro koadro oihan galdu dira Bolsonaro gobernuan egon den aldian.

Kontrakoa egin zuen Lulak lehenago agintean egon zen urteetan. Inoizko oihan galtzerik handiena gertatzen ari zen hura gobernura iritsi zenean, 2003an, eta hiru laurden txikiagoa zen 2010ean, aginte makila utzi zuenean.

Brasilgo Amazoniaren oihan galtzearen kausa nagusia abeltzaintza intentsiboa da. Munduko haragi esportatzailerik handiena da Brasil, eta Txinako eta AEBetako merkatuen hornitzaile nagusia da. Horrez gain, abelburuak elikatzeko sojaren laborantza da baso suntsiketaren eragile nagusietan bigarrena. Bolsonarok nekazaritza industria handiaren babesa izan du kanpaina osoan. Haren kanpainako diruaren %80 jarri du industria horrek.

Munduko haragi esportatzailerik handiena da Brasil, eta Txinako eta AEBetako merkatuen hornitzaile nagusia da. 
Baso kodea berrezarri

Carbon Briefek argitaratutako ikerketan bi hipotesi landu dituzte. Batetik, Baso Kodea beteko ez litzatekeen egoera bat, hau da, Bolsonarok orain arte indarrean jarri duena. Baso Kodea 1965ean ezarri zuten Brasilen, eta Amazoniaren deforestazioari galga jartzeko dagoen legedi nagusia da. Kode horren arabera, euren lur jabetza mantendu nahi dutenek derrigorrez eduki behar dute oihan zati bat, eta legez kanpo suntsitutako basoa berreskuratu egin behar dute.

Baso Kodea 1965ean ezarri zuten Brasilen, eta Amazoniaren deforestazioari galga jartzeko dagoen legedi nagusia da.

Aline Soterroni ikerketaren egile nagusiak iragarri du Baso Kodeari ez ikusiarena egiten jarraituko lukeen politika batek indarrean jarraituz gero urtean 10.000 kilometro koadro oihan galduko liratekeela batez beste hamarkada honetan. Areago, zenbait adituk uste dute Bolsonarok boterean jarraitu izan bazuen bizkortu egingo zela deforestazio tasa, haren agintaldian gertatu den moduan.

Aldiz, ikertzaileek landu duten beste hipotesia gauzatuko balitz —Baso Kodea zorrotz aplikatzea—, urtetik urtera gutxituko litzateke oihan galera. 2021ean 13.038 kilometro koadro oihan galdu ziren, eta 2030erako 1.480 kilometro koadro galduko lirateke. Adituek uste dute Lulak bete egingo duela Baso Kodea berrezartzeko promesa.

Jatorrizko artikuluak