Albistea entzun

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena

LEIAL, SAMUR, ERAGINKOR

Heldu den aste honetan beteko da Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena. Kazetaria, politikaria, idazlea; ibilbide sendoa egin zuen guztietan, eta, erbestean urte asko egin zituen arren, Euskal Herriarekiko sentitzen zuen «ardurak» zedarritutako bizialdia izan zen harena, euskararen aldeko konpromiso irmoan zuztartuta.
Martin Ugalde bizitzako azken urteetan.
Martin Ugalde bizitzako azken urteetan. JAKIN ETA MARTIN UGALDEREN FAMILIA Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2021eko azaroak 7

Kazetaria, idazlea, politikaria, euskaltzalea, dibulgatzailea… Azaroaren 11n egingo ditu ehun urte Martin Ugalde Orradre jaio zela. Andoainen (Gipuzkoa) sortu zen, familia abertzale batean. Gerrak eta diktadurak oztopoz zedarritu zuten haren bizitza, erbestean egin behar izan zituen urte asko, baina, hala ere, euskal kulturan lorratza utzi duen bizialdi horietako bat izan zen harena. Amaieran, azken urteetan, Euskaldunon Egunkaria martxan jartzen lagundu zuen. Instituzioen abarorik gabe jaiotako egitasmoa izan zen, baina erabat babestu zuen. «Kazetari bezala, aukera garbia ikusi nuen», argudiatu zuen Joan Mari Torrealdairi Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena liburua ontzeko eskaini zion elkarrizketan. 2003an Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen; Ugalde ere prozesatzeko bidea ireki zuten operazio hartan, eta diru kontu guztiak blokeatuak zituela hil zen, Madrilgo epaile baten aurrean deklaratzeko eran ote zegoen argitzeko egiten zizkioten txosten medikoetako baten zain. 2004ko urriaren 4an hil zen, Hondarribian (Gipuzkoa).

Ikusi gehiago: Omenaldia egingo diote hilaren 11n

Mendeurrenaren harira, haren inguruko jardunaldiak egin ditu Martin Ugalde kultur foroak igaro asteotan, eta, mintzatu diren adituen hitzetan, haren obra aztertu duten ikertzaileen ekarpenetan, eta haren familiaren solasetan, etengabe agertzen diren hitzak badira Ugalde deskribatzeko, haren zabalean. Ikuskera «samurra» zuen gizona zen. Bizitzaren beharrei aurre egiteko kapaza: «Praktikoa». Alderdikeriak guztiz baztertzen zituena: «Etikoa». Bizitzan ardatz hartu zituen balioen aldeko ekintzaile irmoa: «Leiala». Bere burua goraipatzeko adierazpenetan galtzen ez zena: «Apala». Oso ikasia eta irakurria: «Jantzia». Bizitzaren trantze zailenetan ere asaldatzen ez zena: «Barne bakea zuen».

Caracasko erbestealdian abiatu zuen kazetari eta idazle gisara bidea, eta bide oso oparoa egin zuen, gaztelaniazko idazle gisara bereziki. Abertzaletasunari eta euskaltzaletasunari atxikita jardun zuen beti, eta, helduaroan, Euskal Herrira itzultzeko hautua egin zuen: diktaduraren azken arnasan eta ondorengo urteen esperantza loratuan ekarpena egin nahi izan zuen. Erbesteko Jaurlaritzako parte izan zen frankismoaren azken hondarrean, diktadura osteko urteetan Deia egunkariaren sorreran parte hartu zuen, eta Carlos Garaikoetxearen gobernuko parte izan zen.

Ez zen bertan goxo geratzeko gizona izan inoiz, eta Euskal Herrira egin zuen itzuleran ere ikusten da konpromiso sendoa. Halaxe esana utzi zuen berak, Torrealdairi eskaini zion elkarrizketa luzean: «Nik esan izan dut, Euskal Herria martirizatuaren ordez, Ipar Amerika edo Britania Handia edo beste handi bat utzi banu, nire utzitakoarenganako errespontsabilitatea ez zela berdina izango». Ertz eta dimentsio askotatik aztertzeko figura da Ugalderena. Gerrak eta diktaduraren errepresioak gogor erasandako belaunaldiko parte gisara ulertzea ere derrigorrezkoa da. Gizon eta emakume haiek katebegi ezinbestekoak izan ziren; «erresistentzia» izan ziren urte askoan, eta diktadura osteko aroan ere eragile ezinbestekoak. Ugalderen erbestaldiko ibilerak aztertuta, klandestinitatean ere abertzaletasunaren eta euskal kulturaren inguruan ehunduta zegoen sare haren jardun joria antzematen da, dena kontra zegoenean ere.

Murruak eraistera egin zuen sarri bere jardunean. Izan ere, harago begiratzen zekien, haragokoengana heltzen: «Ni, eta barkatu, beti ahalegindu naiz bestaldekoa ikusten eta ulertzen».

Jarraitu irakurtzen: 1. Atala. Gerrak eta diktaduran etendako aroa.

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nafarroan osasun publikoaren aldeko manifestazio sindikala, pasa den asteburuan, Iruñean / ©Jagoba Manterola / Foku

Bertan behera utzi dute Osasunbideko greba, LABek eta UGTk gobernuarekin akordioa lortuta

Ion Orzaiz

Bi sindikatuek azaldu dute Osasun Departamentuaren azken eskaintzak beren aldarrikapenen «zati bat» bermatzen duela. ELAk kritikatu egin du akordioa: «Hutsala da, eta ez du langileen egoera hobetzen»

Migratzaileen atxiloketak salatzeko elkarretaratzea Urruñan, artxiboko argazkian ©Guillaume Fauveau

Aske utzi dituzte Etorkinekin Diakite taldeko hiru kideak

Garazi Aduriz Zuñeda

Goizean goiz atxilotu dituzte hiru kideak, Urruñan, etorkinak laguntzea egotzita. Arratsaldean askatu dituzte. Hala ere, elkarretaratzea antolatuko dute 18:30erako, Hendaiako komisarian.

Kristau Eskola baten atarian egindako protesta, artxiboko irudian ©Monika del Valle / FOKU

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan greba egingo dute apirilaren 25ean

Irati Urdalleta Lete

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek egin dute deialdia. Lau patronaletako ikastetxeetako langileak deitu dituzte grebara: Kristau Eskolakoak, IZEAkoak, Ikasgiltzakoak eta Ebi Elizbarrutiko Ikastetxeetakoak.

Emakunderen aurtengo Martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena, Gasteizen ©Endika Portillo / Foku

Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a jaiegun bilakatzeko aukera baztertu du Emakundek

Olatz Silva Rodrigo

Efemeride feministen zerrenda bat aurkeztu du, 2024an jaiegun bat ezartzeko. Oraingoz, onespen handiena lortu duen eguna azaroaren 5a izan da. 1933ko egun horretan, emakumeek aurrenekoz bozkatu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...