Miren Agur Meabe: «Gorputzaren idazketatik aldentzen ari naiz; horren isla da liburua»

  • Albistea entzun

Pozik eta hunkituta hartu du Espainiako Poesia Sariaren berria Miren Agur Meabe idazleak (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Nola gorde errautsa kolkoan liburuagatik saritu dute egilea, eta 20.000 euro jasoko ditu. Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia da.

Liburua nagusiki minetik sortua izan arren, eskaintzen duen gozamena laudatu du epaimahaiak. Dikotomia hori nahita bilatutakoa da?

Liburuan denetarik dago; hamar urtean zehar idatzitakoa denez, nire bizitzako hainbat esperientzia kontrajarri jasotzen ditu. Baina zer da bizitza ez bada gure argi-ilunak kudeatzen ikastea? Horregatik, agian, tristuren, nostalgien eta galeren azpian sentitzen den taupada bizitzarena da.

 «Galeren azpian sentitzen den taupada bizitzarena da».

Miren Agur Meabe (Idazlea)

Triptiko baten hirugarren ohola izan zen liburua. Sariak balioa ematen die beste lanei?

Sariak ikusgaitasuna emango dio liburuari, eta alde horretatik eskertuta nago. Baina uste dut aurreko lanen pertzepzioan ez duela eragingo.

Azala, eskuak, begiak, kolkoa… Gorputzak eta sentimenduak ardazten ote dute zure poesia?

Egia da: nire lehenengo poema liburuetatik, gorputza beti izan da presente, baina liburu honetan badago inflexio puntu bat, kolkoa ez baita gorputz atal bat; gorputzetik oso hurbil dagoen espazio bat da. Horrekin esan nahi dudana da gorputzaren idazketatik aldentzen ari naizela; aldaketa horren isla da liburua. Gorputzetik eta gorputzaren ezagutzatik idaztea beharrezkoa izan zaigu emakumeoi, gure gorputzak esplizitatu nahi zuen desira ez baita jaso liburuetan historikoki.

«Gorputzetik eta gorputzaren ezagutzatik idaztea beharrezkoa izan zaigu emakumeoi, gure gorputzak esplizitatu nahi zuen desira ez baita jaso liburuetan historikoki».

Miren Agur Meabe (Idazlea)

Zer garrantzi dauka kadentziak zure poemetan?

Itzela. KadentziacloseHots edo mugimenduen errepikatze erregularra.
eta gabezia betidanik izan dira nire poesiagintzan. Baina baita bizitza-heriotza binomioa, zoritxarra-zoriona, betetasuna eta gabezia ere... Liburu honetan, ordea, badira bi parte iraganari begira daudenak: memoriari eskainitakoa da horietako bat; galera handi batean oihartzun egiten du besteak.

Jatorrizko artikuluak