Miren Agur Meabe

«Gorputzaren idazketatik aldentzen ari naiz; horren isla da liburua»

Pozik eta hunkituta jaso du Espainiako Poesia Sariaren berria Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Bidaide izan dituen guztiei eskaini die.

Miren Agur Meabe. MONIKA DEL VALLE / FOKU
aitor biain
2021eko irailaren 21a
20:18
Entzun

Liburua nagusiki minetik sortua izan arren, epaimahaiak eskaintzen duen gozamena laudatu du. Dikotomia hori nahita bilatutakoa da?

Liburuan denetarik dago; hamar urtetan zehar idatzitakoa denez, nire bizitzako hainbat esperientzia kontrajarri jasotzen ditu. Baina zer da bizitza ez bada gure argi-ilunak kudeatzen ikastea? Horregatik, agian, tristuren, nostalgien eta galeren azpian sentitzen den taupada bizitzarena da.

Triptiko baten hirugarren ohola izan zen liburua. Sariak balioa ematen die beste lanei?

Sariak ikusgarritasuna emango dio liburuari, eta alde horretatik eskertutako nago. Baina uste dut aurreko lanen pertzepzioan ez duela eragingo, nahiz eta ni, denboraren iragateaz, ariketa beraren emaitza direla ohartu.

Azala, eskuak, begiak, kolkoa… Gorputzak eta sentimenduak ardazten ote dute zure poesia?

Egia da, nire lehenengo poema liburuetatik gorputza beti izan da presente, baina liburu honetan badago inflexio puntu bat, kolkoa ez baita gorputz atal bat; gorputzetik oso hurbil dagoen espazio bat da. Horrekin esan nahi dudana da gorputzaren idazketatik aldentzen ari naizela; aldaketa horren isla da liburua. Gorputzetik eta gorputzaren ezagutzatik idaztea beharrezkoa izan zaigu emakumeoi, gure gorputzak esplizitatu nahi zuen desira ez baita jaso liburuetan historikoki.

Zein garrantzi dauka kadentziak zure poemetan?

Itzela. Kadentzia eta gabezia betidanik izan dira nire poesiagintzan. Baina baita bizitza-heriotza binomioa, zoritxarra-zoriona, betetasuna eta gabezia... Liburu honetan, ordea, badira bi parte iraganari begira daudenak: memoriari eskainitakoa da horietako bat; galera handi batean oihartzun egiten du besteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.