Miren Ros: «Nerabeek ez dute sakelakorik behar»

  • Albistea entzun

Sakelakoaren erabilerari buruzko hitzaldiak ematen ditu Miren Ros hezitzaileak (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Uste du nerabeek ez dutela ulertzen sakelakoa, «eta gurasoek ere ez zeinen tresna potentea den». Horregatik, 16 urte izan arte sakelakorik ez edukitzea aldarrikatzen du.

Zehazten duzue ez zaudetela sakelakoen kontra. Zer egitasmo da hau, orduan?

Familiei laguntza emateko proiektu bat da Bidelagun egitasmoa: gai jakinei buruzko hitzaldiak egiten ditugu, tailerrak, eta guraso eskolak. Hainbat gai lantzen ditugu, eta gai hau izarra da. 2019an, Zarauzko Ikastolan (Gipuzkoa) jorratu genuen —han ikasten dute nire alabek—. Sentitu genuen gaiarekin beste zerbait egin beharra geneukala. Guraso eskola hartatik sortu zen Gure aukera, guk 16.

Nerabeak esango dizu: «16 urte sakelakoa lortzeko! Bai zera! Askotxo dira!».

Eta gidabaimena ateratzeko 18 izatea ere askotxo iruditzen zaizu?

Eta gurasoak: «Hori utopia bat da». 

Eta jendeak barre egiten dio gure taldeari. Badakigu gaur egun hori oso zaila dela eta utopikoa izan daitekeela. Jabetzen gara zein den errealitatea, baina horra joan nahi dugu: kontzientziazio saioak egiten ditugu, kafe tertuliak, bideoak... Gurasoek indarra egitea da kontua. Bakoitzak bere etxean gerra hori izan beharrean, denon artean indar handiagoa izatea. Funtsean, hau diogu: ez dute sakelakorik behar adin horretan.

Nerabearen erantzuna hau izan daiteke: «Baina ezingo naiz lagunekin gelditu!». 

Eta ikastetxean ez duzue elkar ikusten? Ez duzue elkarrekin hitz egiten? Ezin zarete bihar 17:00etan gelditu? Chromebook daukazu. Beste hainbat bide dituzu gelditzeko. Ez daukazu sakelakoaren beharrik.

Nerabeak, berriz: «Baina zuek une oro zaudete sakelakoarekin». Edo: «Nire lagunik onenari jada erosi diote. Azkena geldituko naiz».
Arrazoi osoa daukazu. Eta konturatuko zinen gurasoak ere hausnarketa betean sartu garela. Egin dugu autokritika. Ordu jakin batetik aurrera itzali egiten dugu sakelakoa... Egia da gurasooi ere kostatzen zaigula; beraz, pentsatu zuri, oraindik burmuina garatzen ari zaizunean. 

Eta gauza bat da zure lagunik onenak sakelakoa jada izatea, eta bestea zu azkena izatea. Zure lagunik onena bada, berdin izango da lagunik onena sakelakoarekin edo sakelakorik gabe. Azkena izateari buruz, berriz, horixe da hitz egin behar duguna: zenbat zareten, eta nola antolatu behar dugun.

«Zure lagunik onena bada, berdin izango da lagunik onena sakelakoarekin edo sakelakorik gabe».

Miren Ros (hezitzailea)

Gurasoen beldurra hau izan daiteke: «Baina nirea atzeratuta geldituko da!».
Atzeratuta beste guztiak geldituko dira. Badaude ikerketak esaten dutenak oraingo belaunaldiek gure garaikoek baino koefiziente intelektual txikiagoa dutela, eta sakelakoaren erabilerak badu zerikusia hor. Ez dizulako uzten pentsatzen, sormena garatzen...

Ikerketak aztertu dituzue. Zer diote?
Ondorio asko daude. Lehenengoa: ez dute behar; hau ez da jostailu bat, tresna oso potentea da. Bigarrena: gurasoen erabakia da; gure esku dago. Hirugarrena: nerabeen burmuina berreraikitzen ari da; inpultsoen kontrola, planifikazioa... ari dira eraikitzen, eta hori guztia astintzen du justu sakelakoak. Haiek ez daude prestatuta inpultso horiek geldiarazteko. Ikerketa askok diote soinu horiek, like horiek, mezu horiek jasotzen ditugunean dopaminacloseBurmuinaren zenbait eskualdetan sintetizatzen den neurotransmisorea.
sortzen dela gure burmuinean. Kokainaren efektu berbera da. 

«Ikerketa askok diote soinu horiek, mezu horiek jasotzen ditugunean dopamina sortzen dela gure burmuinean. Kokainaren efektu berbera da».

Miren Ros (hezitzailea)

Zer egin behar da, orduan?
Oso esperimentu interesgarria da asteburu bat sakelakorik gabe egitea, adibidez. Utzi erabat, eta ohartu zer sentitzen duzun, zer-nolako beharra duzun. Egin hausnarketa. Desintoxikatu. Egin planak seme-alabekin sakelakorik gabe. Mendi buelta bat, edo beste edozer gauza. Gozamena da. Nola aldatzen diren harremanak. 

Asteburu bat sakelakorik gabe? Baina hori da, hain zuzen, nerabeei jartzen zaien zigorra.
Horrek duelako efekturik handiena nerabeengan. Nahiago dute beste edozer gauza galdu, sakelakoa kentzea baino. Egin dezagun pedagogia horrekin. Ez dute ulertzen tresna. Ez dute ulertzen mezuen ironia. Ez dira ohartzen egin duten minaz. Kuadrillan sartu, kuadrillatik bota... Horregatik diogu: ez dute behar.

Jatorrizko artikuluak