Ordena onuragarria da buru osasunerako

  • 787 hitz

Hainbat ikerketaren arabera, norbere espazioan ordena jartzeak norbere burua ordenatzen laguntzen du. Adituek diote desordena, eta baita gehiegizko ordena ere, egoera emozional jakin batzuen isla direla.

Duela astebete arropaz arindu zenuen aulki hura gainezka dago berriz. Noiz bota behar dituzu tiraderan gordetako pila zahar horiek? Zergatik dauzkazu oinetako horiek kartoizko kaxa batean gordeta armairu barrenean? Badakizu-eta ez dituzula berriz jarriko!

Ikerlari eta psikologo ugari ordenak dituen onurez ari dira zenbait aldizkari espezializatutan: Journal of Environmental PsychologyPsychological ScienceComprehensive Psycohoneuroendocrinology... Ondorio nagusia zera da: desordena (eta gehiegizko ordena) egoera emozional jakin batzuen isla dela, eta norbere espazioa ordenan jartzea onuragarria dela buru osasunerako.

Maitane Ormazabal psikologoa ere iritzi berekoa da: «Etxea ez da objektuen pilaketa hutsa: gure barne egoeraren mapa isila ere bada. Kanpoko desordenak askotan barruan izendatu ezin den zerbait erakusten du». Ormazabalek dio gorputzak eta espazioak elkarri hitz egiten diotela etengabe, eta, haren arabera, espazioak «hizkuntza propioa» du: «Esaten ez duguna erakusten du, oharkabeanclosezeharka, ohartu gabe. Horregatik, ingurunea antolatzea ez da estetika kontua bakarrik, nor bere buruarekin harremanetan jartzeko modu bat ere bada».

Ordena (eta desordena) askotan hitzez adierazten ez dakigun horren isla direla dio Ormazabalek: «Pilaketa, atzeratutako ordena eta kaosacloseMuturreko desordena. ez dira beti nagikeriarenclosealferkeria edo denbora faltaren ondorio: batzuetan, barneko gainkarga baten seinale dira. Sintomak dira, eta zerbaiten berri ematen digute, entzuten jakinez gero».

«Etxea ez da objektuen pilaketa hutsa: gure barne egoeraren mapa isila ere bada»

Maitane Ormazabal, psikologla

Bi noranzkotan gertatzen den zerbait nabarmendu du Ormazabalek: «Leku antolatu batek lasaitasuna eta segurtasuna errazten ditu; kaosak, berriz, alerta eta neke sentsazioa handitu ditzake. Batzuetan, barruko aldaketak kanpoan islatzen dira; beste batzuetan, kanpoko mugimendu txiki batek barruan ere zerbait mugitzen du. Ongizatea askotan bi noranzko horien arteko orekan eraikitzen da».

Eta kanpoan antolatzen duguna askotan barruan ordenatu ezin dugunaren arrastoacloseseinalea, zantzua izaten da, Ormazabalek azaldu duenez: «Orduan agertzen da ordenarekiko obsesioa. Kanpoko kontrolak barruan kontrolatu ezin dugun hori konpentsatzen du».

Antolatzaile profesionala

Jaione Uzarraga antolatzaile profesionala da. Psikoanalisiari buruzko ikasketa batzuk egiten ari zela gerturatu zen antolakuntzaren mundu horretara. «Erretiro bat egin genuen. Jarri ginen denok borobilean, eta irakaslea galdezka hasi zen: ‘Zuk zer dakizu egiten?’. Berehala zegoen erantzun beharra, asko pentsatzeko astirik gabe. Eta nik erantzun nuen: 'Antolatzen dakit, garbitzen eta dena txukun uzten dakit’. Irakasleak esan zidan: ‘Badakizu antolaketarena ofizio bat ere badela? Antolatzaile profesionalak daudela?’».

Espainiako Antolatzaile Profesionalen Elkartearekin jarri zen harremanetan. Formakuntza egin zuen, eta ziurtagiria lortu. Kontu bat ireki zuen Instagramen. Txukunduren filosofia zein den esplikatu du Uzarragak: «Etxe bat gara denok. Espazio batean bizi gara, eta horren luzapen bat gara. Nik horretan laguntzen diot jendeari: haien etxera joaten naiz, armairuak irekitzen ditugu, zer dagoen ikusten dugu, dagoena ateratzen dugu, balio ez duena kentzen dugu... Prozesu bat da, eta norberak erabakitzen du zenbateraino nahi duen horretan sakondu».

«Etxe bat gara denok. Espazio batean bizi gara, eta horren luzapen bat gara. Nik horretan laguntzen diot jendeari».

Jaione Uzarraga, antolatzaile profesionala

Txukundu proiektuak lau oinarri dituela nabarmendu du: hustu, garbitu, aukeratu eta ordenatu. «Edozein prozesutan aurrera egin ahal izateko, horixe egiten da: buruan daukagun hori hustu eta garbitu, eta aukeratu dugun horri bere tokia eman».

Kontatu duenez, bezero batzuentzat aski izaten da armairua txukuntzea, baina armairu horrek beti izaten du zerbait atzean, eta batzuek atzean dagoen horretara ere iritsi nahi izaten dute. Ordenaren onurei buruz ari da: «Inork ezin du esan bere etxea txukundu ostean gaizki sentitzen dela. Sekulako askapena da. Eta kontzeptu horixe sustatzen dut nik. Desordena zer da, bada? Erabaki batzuk atzeratzea. Gehien nekatzen gaituena hori da: erabakiak hartzea». Eta adierazi du hori dela etengabe egiten duguna: «Askotan, gure etxea desordenatuta dagoenean, eta ezin diogunean desordena horri aurre egin, apur bat barrurago begiratu behar da. Gure etxea geure isla da». 

Eta argi utzi nahi izan du kontua ez dela ordenarekin «obsesionatzea», etxe bat erabat ordenatuta eta perfektu badago ere «kontuz» ibili behar dela. «Dena kontrolatu nahi izatea da hori. Eta hori ezinezkoa da. Horrek esan nahi du gure nerbio sistema kolapsatuta dagoela. Kaosa erabatekoa denean ere bai. Zerbait ari da gertatzen. Eta ez da ez bata eta ez bestea. Etxeak ordenatuta egon behar du, eta etxeak desordenatuta egon behar du. Bestela, kontrolatu ezin dugun zerbait kontrolatu nahian gabiltza: bizitza bera».

"Utzi nerabeak bakean"

Nerabe txukunurrutieicloseNarrasa. eta haien gela desordenatuei buruz galdetuta, zera dio: «Utzi nerabeak bakean. Jada erakutsi badiozu gauzak jasotzen eta bere gauzen erantzule izaten, hori jada integratuta dauka. Ez da ezer gertatzen. Orain ez du jasotzen, baina gerora jasoko du. Hormonak dantzan, ikastetxean ere hala moduz, halako informazio zaparrada... Ezin dute informazio gehiago erregistratu. Nola daukate buru barrena? Bada, hala edukiko dute gela! Zure nerabeak gela izugarri ordenatuta badauka, has zaitez kezkatzen orduan».

Ordena eta buru osasuna erabat lotuta daudela dio, eta galdera honako hau dela: «Nola dago zure nerbio sistema leku horietan? Etxean gara benetan garen bezalakoak. Etxetik kanpora batzuetan beste modu batekoak izan behar dugu: lanean, ikastetxean, besteen aurrean... Baina etxean gu geu gara. Mozorroa kenduta. Eta horrek asko eragiten du buru osasunean».



Jatorrizko artikuluak