Duela astebete arropaz arindu zenuen aulki hura gainezka dago berriz. Noiz bota behar dituzu tiraderan gordetako pila zahar horiek? Eta agenda hori? 2013koa da, txo! Gabonetako apaingarriak trastelekura eraman gabe daude oraindik. Ez kaskagogortu, ezkontzako txalekoa ez zaizu berriz sartuko. Zergatik dauzkazu oinetako horiek kartoizko kaxa batean gordeta armairu barrenean? Badakizu-eta ez dituzula berriz jarriko! Eta hautsa pilatzen ari den koadro itsusi amorratu hori? Koinatak oparitu zizulako ez duzu botatzen? «Ordenatzea erabakiak hartzea da, eta desordena erabaki horiek atzeratzea»: Jaione Uzarraga antolatzaile profesionalak esana da.
Eta erabaki horiek hartzearen onuraz ari dira ikerlari eta psikologo ugari. Gaia ikertu dute, eta badira artikuluak zenbait aldizkari espezializatutan: Journal of Environmental Psychology, Psychological Science, Comprehensive Psycohoneuroendocrinology... Eta ondorio nagusia zera da: desordena (eta gehiegizko ordena) egoera emozional jakin batzuen isla dela, eta norbere espazioa ordenan jartzea onuragarria dela buru osasunerako.
Maitane Ormazabal psikologoa ere iritzi berekoa da: «Etxea ez da objektuen pilaketa hutsa: gure barne egoeraren mapa isila ere bada. Kanpoko desordenak askotan barruan izendatu ezin den zerbait erakusten du». Ormazabalek dio gorputzak eta espazioak elkarri hitz egiten diotela etengabe: «Barruan mugitzen denak kanpoan forma hartzen du». Eta haren arabera, espazioak «hizkuntza propioa» du: «Esaten ez duguna erakusten du, oharkabean. Horregatik, ingurunea antolatzea ez da estetika kontua bakarrik, nor bere buruarekin harremanetan jartzeko modu bat ere bada».
Ordena (eta desordena) askotan hitzez adierazten ez dakigun horren isla direla dio Ormazabalek: «Gorputzak, errutinak eta espazioek hartzen dute, orduan, adierazpenaren lekukoa. Pilaketa, atzeratutako ordena eta kaosa ez dira beti nagikeriaren edo denbora faltaren ondorio: batzuetan, barneko gainkarga baten seinale dira. Sintomak dira, eta zerbaiten berri ematen digute, entzuten jakinez gero».
«Ingurunea antolatzea ez da estetika kontua bakarrik, nor bere buruarekin harremanetan jartzeko modu bat ere bada»
MAITANE ORMAZABALPsikologoa
Bi noranzkotan gertatzen den zerbait nabarmendu du Ormazabalek: «Barruan mugitzen denak kanpoan forma hartzen du, eta alderantziz. Pertsonak ingurunearekin harremanetan gaude, etengabe. Leku antolatu batek lasaitasuna, segurtasuna eta fokua errazten ditu; kaosak, berriz, alerta eta neke sentsazioa handitu ditzake. Batzuetan, barruko aldaketak kanpoan islatzen dira; beste batzuetan, kanpoko mugimendu txiki batek barruan ere zerbait mugitzen du. Ongizatea askotan bi noranzko horien arteko orekan eraikitzen da».
Eta kanpoan antolatzen duguna askotan barruan ordenatu ezin dugunaren arrastoa izaten da, Ormazabalek azaldu duenez: «Orduan agertzen da ordenarekiko obsesioa. Kanpoko kontrolak barruan kontrolatu ezin dugun hori konpentsatzen du. Desordena ez da beti nagikeriaren ondorioa: batzuetan inkontzienteak hitz egiteko duen modua da».
Antolatzaile profesionala
Jaione Uzarraga antolatzaile profesionala da, eta Txukundu proiektuaren arduraduna. Psikoanalisiari buruzko ikasketa batzuk egiten ari zela gerturatu zen antolakuntzaren mundu horretara, 2019. urtean. «Erretiro bat egin genuen. Jarri ginen denok borobilean, eta irakaslea galdezka hasi zen: ‘Zuk zer dakizu egiten?’. Berehala zegoen erantzun beharra, asko pentsatzeko astirik gabe. Eta nik erantzun nuen: 'Antolatzen dakit, garbitzen eta dena txukun uzten dakit’. Buruz buruko saioetan horren inguruko lanketa egiten hasi ginen, eta irakasleak esan zidan: ‘Badakizu antolaketarena ofizio bat ere badela? Antolatzaile profesionalak daudela?’».
Lagun batzuekin hasi zen probak egiten. 2024an, ordea, Espainiako Antolatzaile Profesionalen Elkartearekin jarri zen harremanetan. «Sortzaileetako batek eskola bat dauka, eta izena eman nuen». Formakuntza egin zuen, eta ziurtagiria lortu. Kontu bat ireki zuen Instagramen. «Banekien Txukuntzen izeneko beste proiektu bat ere bazela, Maitane Ormazabalena, baina gerora jakin dut proiektua utzi zuela».
Txukunduren filosofia zein den esplikatu du Uzarragak: «Etxe bat gara denok. Espazio batean bizi gara, eta horren luzapen bat gara. Nik horretan laguntzen diot jendeari: haien etxera joaten naiz, armairuak irekitzen ditugu, zer dagoen ikusten dugu, dagoena ateratzen dugu, balio ez duena kentzen dugu... Prozesu bat da, eta norberak erabakitzen du zenbateraino nahi duen horretan sakondu».
Bezero bakoitzak bere beharrak dituela dio: «Oraintxe bertan bi bezero dauzkat. Hamabost egunean behin joaten natzaie, hiru bat orduz. Espazio bat lantzen dugu, eta etxeko lanak uzten dizkiet. Oso aberasgarria da. Nik ere nire jarduteko modua aldatzen baitut bezeroaren arabera. Eta aldaketen berri ematen didate, eta aldaketa bakoitzak zer sentiarazi dien azaltzen didate. Oso terapeutikoa da».
Txukundu proiektuak lau oinarri dituela nabarmendu du: hustu, garbitu, aukeratu eta ordenatu. «Edozein prozesutan aurrera egin ahal izateko horixe egiten da: buruan daukagun hori hustu eta garbitu, eta aukeratu dugun horri bere tokia eman».
Kontatu duenez, bezero batzuentzat aski izaten da armairua txukuntzea, baina armairu horrek beti izaten du zerbait atzean, eta batzuek atzean dagoen horretara ere iritsi nahi izaten dute. Ordenaren onurei buruz ari da: «Inork ezin du esan bere etxea txukundu ostean gaizki sentitzen dela. Sekulako askapena da. Eta kontzeptu horixe sustatzen dut nik. Desordena zer da, bada? Erabaki batzuk atzeratzea. Gehien nekatzen gaituena hori da: erabakiak hartzea». Eta adierazi du hori dela etengabe egiten duguna: «Askotan, gure etxea desordenatuta dagoenean, eta ezin diogunean desordena horri aurre egin, apur bat barrurago begiratu behar da. Gure etxea geure isla da. Beti txoko berean dagoen eta inoiz husten ez duzun aulki hori. Behin hustea lortu zenuen eta zoriontsu zeunden, baina hurrengo astean berriz ere beteta topatu duzu».
«Askotan, gure etxea desordenatuta dagoenean, eta ezin diogunean desordena horri aurre egin, apur bat barrurago begiratu behar da. Gure etxea geure isla da»
JAIONE UZARRAGAAntolatzaile profesionala
Eta argi utzi nahi izan du kontua ez dela ordenarekin «obsesionatzea», etxe bat erabat ordenatuta eta perfektu badago ere «kontuz» ibili behar dela. «Dena kontrolatu nahi izatea da hori. Eta hori ezinezkoa da. Horrek esan nahi du gure nerbio sistema kolapsatuta dagoela. Kaosa erabatekoa denean ere bai. Zerbait ari da gertatzen. Eta ez da ez bata eta ez bestea. Etxeak ordenatuta egon behar du, eta etxeak desordenatuta egon behar du. Bestela, kontrolatu ezin dugun zerbait kontrolatu nahian gabiltza: bizitza bera».
Nerabe txukunurrutiei eta haien gela desordenatuei buruz galdetuta, zera dio: «Utzi nerabeak bakean. Jada erakutsi badiozu gauzak jasotzen eta bere gauzen erantzule izaten, hori jada integratuta dauka. Ez da ezer gertatzen. Orain ez du jasotzen, baina gerora jasoko du. Espazio batean bizi gara. Hormonak dantzan, ikastetxean ere hala moduz, halako informazio zaparrada... Ezin dute informazio gehiago erregistratu. Nola daukate buru barrena? Bada, nola edukiko dute gela? Daukaten bezalaxe! Zure nerabeak gela izugarri ordenatuta badauka, has zaitez kezkatzen orduan».
Ordena eta buru osasuna erabat lotuta daudela dio, eta galdera honako hau dela: «Nola dago zure nerbio sistema leku horietan? Etxean gara benetan garen bezalakoak. Etxetik kanpora batzuetan beste modu batekoak izan behar dugu: lanean, ikastetxean, besteen aurrean... Baina etxean gu geu gara. Mozorroa kenduta. Eta horrek asko eragiten du buru osasunean. Zeure etxean ezin baduzu zaren bezalakoa izan...».
Muturreko ordena eta muturreko desordena, jarrera horiek dira zaindu beharrekoak, Uzarragaren ustez. «Nik metodoa irakasten diet: euren burua euren etxearen bidez ikustea. Nik beti esaten diet: ‘Hau orain horrela dago, baina zuk bihar beste era batera jarri nahi baduzu, badakizu nola egin. Dena erortzen ari bada: hustu, garbitu, berriz aukeratu eta ordenatu. Eta zerbaitekin korapilatzen bazara, deitu».