Esti Ansotegi: «Nerabe askok ez dakite nola frustratu; oso ezezko gutxi jaso dituzte bizitzan»

Hausnartu, norberaren burua zaindu, sare sozialetan zentzu kritikoa garatu... Esti Ansotegi psikologoak (Zornotza, Bizkaia, 1976) kontu horiek eta gehiago izaten ditu hizketagai bere hitzaldietan. Etxea babesgune bihurtzearen garrantzia goratu du.

Buru osasuna tabuacloseSakratutzat edo ez-garbitzat hartzen denari ezartzen zaion debekua.
da oraindik gizartean? 

Oraindik zaila da horri buruz lasai eta argi hitz egitea, baina, gutxika-gutxika, gizartea aldatzen ari da. Komunikabideetan geroz eta gehiago hitz egiten da buru osasunari buruz, baina oraindik kosta egiten zaigu psikologoarengana edo psikiatrarengana joaten garela aitortzea. Azkenaldian, hala ere, geroz eta gehiagotan entzuten dugu, adibidez, norbait sare sozialetatik urrundu egingo dela, atsedena behar duelako. Askotan, buru osasunarekin lotuta egoten dira horrelako mezuak. 

Gazteen Euskal Behatokiaren azken diagnostikoak argi utzi du osasun mentalak lehentasun soziala izan beharra daukala. Oraindik ez da?

Gauzak egiten ari dira, baina oso gutxika oraindik. Askotan, kosta egiten da ikusten ez diren gauzetan dirua inbertitzea. Niretzat, ezinbestekoa da ikasleengana inguratzea eta prebentzioan lan egitea; euren emozioen kudeaketan laguntzea, euren gorputza ezagutzen laguntzea, zer gertatzen ari zaien azaltzea... Prebentzio lana ezinbestekoa da gure gizartearen buru osasuna egokia izateko.

«Prebentzio lana ezinbestekoa da gure gizartearen buru osasuna egokia izateko».

Esti Ansotegi (psikologoa)

Antsietatearekin, triste eta bakar sentsazioarekin bizi dira 15-29 urte arteko gazteen lautik bat?

Askotan errepikatzen diren sentimenduak dira horiek, bai. Bitxia da, sare sozialekin mundu guztiarekin harremanetan egon daitezkeelako gaur egungo gazteak, baina asko bakarrik sentitzen direlako gero. Askok ez daukate erabateko konfiantzazko lagunik, baina milaka jarraitzaile eta «atsegin» dituzte gero sare sozialetan. Oso gogorra da horrelako presio baten mende bizitzea. Beste arazo bat da nerabe askok ez dakitela nola frustratu; askok oso ezezko gutxi jaso dituzte bizitzan, eta ez daukate tresnarik egoera batzuei beste modu batean aurre egiteko. Borondate onez babesten ditugu seme-alabak, baina autonomia mozten diegu askotan. 

Gurasoek noiz eskatu behar dute laguntza?

Seme-alaben aldaketak denboran mantentzen direla ikustean; tristura luzaroan mantentzen denean, bat-batean lagunekin ez dela ateratzen ikusten dugunean, etengabe ez duela ezer egin nahi esaten digutenean... Alerta modukoak izan daitezke horiek.

LiskarcloseKalapita, sesio.
giroan, etxeak badauka arrisku bat: toki seguru eta atsegin izateari utz diezaioke. 

Ez da erraza. Askotan, egunaren bukaeran gertatzen dira horrelako liskarrak, eta nekatuta egoten gara denok. Horrelakoetan, ahalegindu behar dugu arauak zorrotz mantentzen, baina baita tentsioa baretzen, arnasa sakon hartzen eta lasaitasunari eusten ere. Eztabaida betean hobe da gune horretatik joatea, giroa lasaitzea, eta geroago berriz ere hizketan hastea. Etxea babesgune bihurtzea da guraso gisa daukagun funtzioetako bat.

Sare sozialak arrisku sortzaile bihurtu dira?

Gauza guztiek bezala, aldeko eta kontrako gauzak dauzkate sare sozialek ere. Oso interesgarriak dira ondo erabiliz gero, baina baita arriskutsuak ere gaizki erabiliz gero. Challenge edo erronka delakoak daude, esaterako, eta oso arriskutsuak izan daitezke horietako asko. Zentzu kritikoa garatzen lagundu behar diegu gure seme-alabei.

«Zentzu kritikoa garatzen lagundu behar diegu gure seme-alabei».

Esti Ansotegi (psikologoa)