Planetarioak eta planisferioak: zerua irakurtzeko lekuak eta tresnak
Planetarioei eta planisferioei esker, planetak, izarrak eta konstelazioak ikus ditzakegu. 'Mantangorri' gehigarrian zehazki azaldu dute nolakoak diren. Euskal Herrian hiru planetario daude.
Planetario eta planisferioei esker zerua irakur dezakegu. Eguzkia, izarrak, planetak... Zerua astroz beteta dago. Gauean distira egiten duten argiak dira izarrak, hainbat tamaina eta koloretakoak, eta haien multzoak konstelazioak dira. Konstelazioek forma jakin bat hartzen dute, eta, hori dela eta, izen berezi bat ematen zaie. Adibidez: Hartz Handia eta Hartz Txikia. Galaxiak, berriz, planetez, izarrez, hautsez, lainoz eta materia ilunez osatuta daude. Lur planeta, esate baterako, Esne Bidea izeneko galaxian dago.
BERRIAko Mantangorri gehigarrian, astronomiari erreparatuko diogu galdera-erantzunen bidez.
1. Zer dira planetarioak?
Sabai batean astroak eta haien ibilbideak irudikatzen dituzten instalazioak dira planetarioak. Normalean, kupula forma izaten dute, eta bertan izaten dira ikusgai izarrak, konstelazioak... Hezkuntzarako jarduerak eta ikuskizunak egin ohi dituzte bertan, jendea astronomiara gerturatzeko. Maiatzaren 9a Planetarioen Nazioarteko Eguna da.
2. Zergatik dira garrantzitsuak?
Gaur egun ohitura galtzen ari bada ere, zeruari begiratzea oso garrantzitsua izan da, informazio asko lor baitaiteke horrela. Esate baterako, antzina, arrantzaleek ezinbestekoa zuten zeruaren ezagutza itsasoan nabigatzeko. GPS gisa erabiltzen zuten zerua marinelek: eguneko zikloak Eguzkiak markatzen zituen, hilabetekoak Ilargiak, eta urtekoak konstelazioek; zeruan zer konstelazio ikusten ziren aztertuta, bazekiten zer garaitan zeuden. Nekazaritzarako ere oso garrantzitsua zen. Jakintza hori guztia zabaltzeko lekuak dira planetarioak.
3. Zenbat planetario daude Euskal Herrian?
Gaur-gaurkoz, hiru planetario daude Euskal Herrian. Donostiako Eureka zientzia museoan planetario digital bat dago. Astronomiari buruzko ekintza ugari antolatzen dituzte han, ezagutza hori zabaltzeko. Iruñean ere bada planetario bat, izarren, konstelazioen eta abarren inguruko jakintzan sakontzen laguntzen duena. Gaur egun itxita dago, arazo elektriko baten ondorioz sute bat piztu baitzen iazko urtarrilaren 14an. Planetarioa berreraikitzen ari dira. Miarritzen (Lapurdi) ere bada planetario bat: Planetarium de la Cote Basque. Hala hasiberrientzako nola zale esperientziadunentzako jarduerak antolatzen dituzte urte guztian. Esate baterako, Izarren Gaua, Eguzkiaren Jaialdia, Gauaren Eguna eta Erlaitzaren Festa antolatzen dituzte urtero.
4. Zer da planisferio bat?
Planisferioa izarren mapa moduko bat da, zeruari begiratzeko balio duen tresna bat. Garai batean, astrolabioak eta itsasorratzak erabiltzen ziren itsasoan nabigatzeko, eta gaur egun, berriz, astronomoek planisferioei erreparatzen diete. Gaueko zerua ezagutzeko eta zeruko mugimenduak ulertzeko ezinbestekoak dira. Aranzadi zientzia elkarteak Elkano Euskal Planisferioa jarri zuen eskuragarri: euskaraz sortutako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da.
5. Zergatik da aurtengoa urte garrantzitsua astronomikoki?
Datozen urteetan hainbat eklipse ikusteko aukera izango dugu. Ikusgarriena 2026ko abuztuaren 12an izango da. Egun horretan eguzki eklipse oso bat izango dugu Euskal Herrian. Hiruzpalau minutu iraungo du; Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean jarriko da tarte horretan. Abuztuaren 12a egutegian ondo markatua dute astronomoek eta astronomiaren zaleek. Oso gutxitan gertatzen da fenomeno hori; hurrengoa 2180. urtean izango da. Hori dela eta, ekintza ugari ari dira antolatzen abuztuaren 12rako.
Jatorrizko artikuluak
-
Planetarioak, astronomiaz gozatzeko
Ane Insausti Barandiaran |
|