Sedimentuetan gelditutako giza jariakinen DNA erauztea lortu dute

  • 528 hitz
  • Albistea entzun

Neandertalen DNA nuklearra erauztea lortu dute hiru aztarnategitako sedimentuak erabilita, fosilik behar izan gabe, lurrean geratutako jariakinetatik. Urrats iraultzaile bat da iragana hobeto ezagutzeko. EHUko bi ikertzailek parte hartu dute ikerketan.

Neandertalgo gizakiak, haitzulo batean. Agian bat zauritu egin da, eta odola isuri du lurrera. Besteek txiza edo kaka egin dute kobazuloko txokoren batean. Edota emakumeetako batek likido amniotikoa, plazenta eta odola isuri ditu ume batez erditzean. Ehun mila urte geroago, ikertzaileek Neandertalgo gizaki haien DNA nuklearra erauzteacloseateratzea, kanporatzea lortu dute, ez fosiletatik, lurretik baizik, lurrean geratutako jariakin haietatik.

Zeluletan hainbat mitokondria egon ohi dira, eta mitokondriak arduratzen dira beharrezko energia sortzeaz; DNA nuklearra, berriz, zeluletako nukleoan egon ohi da, kromosometan. DNA mitokondriala amarengandik jasotzen da, eta, beraz, amari eta amaren jatorri genetikoari buruzko informazioa ematen du; DNA nuklearra, berriz, aitarengandik eta amarengandik jasotzen da, eta biei buruzko informazio genetikoa ematen du. Era berean, DNA nuklearraren bidez, gizaki horren sexua jakin daiteke.

Hiru haitzulotan lortu dute, hiru aztarnategitan: Atapuercan (Burgos, Espainia) eta Siberia hegoaldeko bitan (Errusia), Denisovan eta Txagirskaian. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Nazioarteko ikerketa talde baten emaitza da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikertzailek parte hartu dute, Arantza Aranburu geologoak eta Asier Gomez Olivencia paleontologoak. 

Lorpena historikoa eta iraultzailea da, Gomez Olivenciaren ustez. Posible baita esatea zer giza espezie bizi izan ziren aztarnategi jakin batean, giza fosilik izan gabe ere.

Posible da esatea zer giza espezie bizi izan ziren aztarnategi batean, giza fosilik izan gabe. 

Sedimentuetatik DNA erauzteko prozedurak hainbat galdera erantzuteko bidea errazten duela uste du Gomez Olivenciak: «Mikroeboluzioa ahalbidetzen duenez, populazioen bilakaera modu zehatzagoan jakin daiteke». Adibide bat: «Normalean, neandertalen anatomiarekin lan egiten dudanean, askotan behar ditut eremu geografiko oso ezberdinetako eta garai ezberdinetako fosilak. Agian morfologikoki ez dira hain ezberdinak. DNAk, ordea, modua ematen du historia pixka bat zehatzago kontatzeko».

Aztarnategi bateko aniztasun genetikoak informazio osatuagoa ematen du bertan bizi ziren gizakiez eta eboluzioaz. Gomez Olivenciak nabarmendu du neandertalen eboluzioa ondo ezagutzen dutela, baina batez ere garai jakin batetik aurrera: «Hildakoen hilobiratzea nagusitzen hasi zenetik, duela 100.000-115.000 urte inguru. Duela 100.000-200.000 urte arteko neandertal zaharren artean, ordea, fosilak askoz ere urriagoak dira, eta hildakoak ez zituzten hilobiratzen. Badago hor historiaren parte bat oso ezezaguna dena».

Duela 100.000-200.000 urte arteko neandertal zaharren artean, fosilak askoz ere urriagoak dira, eta hildakoak ez zituzten hilobiratzen.
Laborategiko lana, testuinguruan

Ez da kasualitatea ikerketa egin duten hiru haitzuloetatik bi Siberian egotea. Berez, zenbat eta iparralderago, baldintzak hobeak dira DNA kontserbatzeko. Atapuercan ere lortu dute. Burgos leku hotza da, eta Atapuerca ia mila metroko garaieran dago, baina ez da Siberia. Leku berezi batean lortu dute, ordea: Haitzulo Nagusiko Estatuen Galerian.

Estatuen Galeriak badu berezitasun bat: Goi Pleistozenoan haitzuloak sarrera zuzen bat zuen kanpoko aldetik, baina sarrera hori jalkinezcloseSedimentazio prozesuan isurkaritik bakartu eta hondoan pilatzen den solidoa.
bete zen, itxita geratu arte. Horrek galeria babestu du.

Alemaniako Max Planck institutuko ikertzaileek egin dute ikerketaren zati handi bat, eta haiek erauzi dute DNA. Aurrena laborategian egiten da, eta gero ordenagailu indartsuen laguntza behar da genomak deskodetzeko, bereizteko, alderatzeko...

«Guk ematen diegun testuinguru estratigrafikoa behar dute laginak noizkoak diren jakiteko».

Asier Gomez Olivencia (Paleontologoa)

Hala ere, indusketako lana funtsezkoa da orain ere: paleontologoenak, arkeologoenak eta geologoenak. «Guk aztarnategia topatu dugu, induskatu dugu eta testuinguru osoa eman diogu», nabarmendu du Gomez Olivenciak. Informazio genetikoak paleontologikoa eta geologikoa ere behar baititu aztarnategiko puzzlea osatzeko. «Guk ematen diegun testuinguru estratigrafikoa behar dute laginak noizkoak diren jakiteko».

Jatorrizko artikuluak