Sergio Garcia: «LGTBI+ pertsona batzuk ezin dira kalean seguru ibili»

  • Albistea entzun

LGTBI gazteen egoera aztertu du Gasteizko Gazteria Zerbitzuak 'Maskarilla, kuadrilla eta ezpain margoa' txostenean. Pandemia garaian egoerak okerrera egin duela ondorioztatu dute.

Zuen ustez, zergatik zen beharrezkoa Gasteizko LGTBI gazteen inguruko ikerketa txosten bat egitea?

Ikerketa hau, hain zuzen, pandemiak Gasteizko gazteen artean eragindako ezohiko egoerari erantzuteko plan baten barruan sartzen da. Horregatik, konfinamenduak eta pandemiak, orokorrean, gazteengan nola eragin zuen ikusita, aztertzea erabaki genuen. Ikerketa horietako baten emaitza da LGTBI+ gazteen inguruko txosten hau. Aurretik eginak zeuden beste ikerketa batzuetan ikusi genuen LGTBI+ gazteek besteek baino arazo gehiago izan dituztela izurritearen ondorioz. Besteak beste, gazte horien ezaugarriak ezagutzea eta irtenbideak eta gomendioak proposatzea da txostenaren helburu nagusia.

«LGTBI+ gazteek besteek baino arazo gehiago izan dituzte izurritearen ondorioz».

Sergio Garcia (Gasteizko Gazteria Zerbitzua)

LGTBI gazteek harremanak garatzeko oztopo gehiago izan dituztela ondorioztatu duzue. Zergatik hori?

Izurri garaian, teknologia berriak erabili dituzte harremanetarako, baina, duten adinean eta egoera horretan, oso garrantzitsua da aurrez aurreko harremana izatea. Ondorioz, ikusi dugu gazte askoren egoerak okerrera egin duela, zuzeneko harreman horiek falta izan zaizkielako.

Konfinamendu garaian, nolakoa izan da gazte horiek etxekoekin izan duten harremana?

Kasu batzuetan, egoera zailak izan dituzte familiarekin, lehendik zituzten arazoak eta liskarrak areagotu egin direlako. Halere, izan dira senitartekoekin harremanak hobetu dituztenak ere; beren buruarengan pentsatzeko astia izan dute, baita familiarekin harremanak estutzeko ere.

Administrazio publikoaren geldialdiaren ondorioz, atzerapenak izan dira dokumentazio aldaketaren tramiteetan. Nola eragin die horrek sexu identitatea aldatzen ari diren pertsonei?

Oso gogorra izan da haientzat, eta hala da oraindik ere. Halako prozedurak jarraian egitea da onena, eta pandemiarengatik eta konfinamenduarengatik tramite guztiak atzeratu edo eten egin dira. Eta egiaztatu dugu asko eragin diela halako prozesuetan dauden pertsonei.

Pandemia garaian areagotu egin dira eraso LGTBIfobikoak?

Uste dugu portaera eta kasu puntualak izan direla gehienak, eta ez dago argi erasoak areagotu egin direnik. Uste dugu, ordea, agerian geratu direla; izan ere, komunikabideak eta gizartea, oro har, sentsibilizatuago daude. Hala ere, ikerketak agerian utzi du LGTBI+ pertsona batzuk ezin direla seguru ibili kalean momentu askotan.

«Eraso gehienak kasu puntualak izan direla uste dugu, eta ez dago argi areagotu egin direnik».

Sergio Garcia (Gasteizko Gazteria Zerbitzua)

Erreferentziak eta guneak falta zaizkie LGTBI gazteei?

Dokumentuak hori erakusten digu. Elkarrizketatu ditugun gazte askoren eskaera izan da guneak edo elkarteak behar dituztela beren egoerak partekatzeko. Orain ditugun gune eta elkarteak agian ez dira nahikoak.

Zer transmititu nahi diezue gasteiztarrei txostenaren bidez?

Transmititu nahi dugu denok lan egin behar dugula hiri segurua izan dadin pertsona guztientzat.

Jatorrizko artikuluak