Alex Rodriguez: «Gizartea 'bullying'-aren erantzule dela erakutsi beharra daukagu»

De Fobos y Deimos bideo jokoaren egilea da Alex Rodriguez psikologoa (Arrigorriaga, Bizkaia, 1988). LGTBI komunitateko haurren aurkako bullying-ari aurre egiteko tresna gisa landu du, enpatia bidez arazoari aurre egiteko. Bullying-aren arloan lan asko egin dela onartzen badu ere, uste du jatorri ugari izan ditzakeela jazarpen horrek, eta bakoitza modu jakin batean landu behar dela.

LGTBI jendearen kontrako bullying-ari buruz egin duzu bideo jokoa. Zergatik?

Beti gustatu zaizkit bideo jokoak, eta  nire babesa izan ziren bullying-aren biktima izan nintzenean. Argi neukan bideo joko bat egin nahi nuela, enpatia hori gara daitekeelako. Pertsonaia batzuk sufritzen edo ondo pasatzen ikus ditzakezu, eta hori kutsatu egiten da.

«Beti gustatu zaizkit bideo jokoak, babesa izan ziren bullying-aren biktima izan nintzenean».

Alex Rodriguez (Psikologoa)

Gaur egun, asko hitz egiten da bullying-ari buruz, baina adar ugari dauzka. Ez dira gauza bera bullying homofobikoa, transfobikoa eta generoarekin zerikusia duen bullying-a. Ongi dator hori zehaztea. Eskoletan bullying-aren aurkako neurriak hartzen dira, baina homofobikoak behar ditu beste protokolo edo neurri batzuk.

Esaterako?

Kasu honetan, LGTBI kulturaren inguruan hitz egiten ari gara, eta ikusgaitasuna behar du, heterosexualek ikus dezaten existitzen garela. Aniztasuna ez da toleratzeko gauza bat, gizartearentzako aberastasuna baizik, eta horretaz poztu behar dugu.

«Aniztasuna ez da toleratzeko gauza bat, gizartearentzako aberastasuna baizik, eta horretaz poztu behar dugu».

Alex Rodriguez (Psikologoa)

Bullying-arekin lan egitean, beraz, aniztasuna aintzat hartzea falta da, zure ustez?

Bai, bullying-ari buruz asko egin den arren, kontuan hartu behar da zergatik egiten den bullying-a. Ahalegina hor dago, baina ez da gauza bera mutiko bati lodi dagoelako egitea edo altua delako... Ez da gauza bera gizon edo emakume izatea, eta pertsonaren beharraren arabera egokitu behar dugu neurriak hartzeko garaian.

Bakoitzak bere izaera baitu...

Batzuei gehiago kostatzen zaie hitz egitea, beste batzuei gutxiago, baina biktimarekin enpatia handiagoa izan behar dugu. Bullying-aren aurka nola borrokatu behar den esaten dute, baina aspertuta nago, denbora guztian biktima indartu behar dela baitiote.  Bullying-aren erantzule gizartea dela erakutsi beharra daukagu, biktiman oinarritzen bagara azkenean biktima nazkatu egiten baita.

Rol joko bat aukeratu duzu bideo jokoa egiteko. Zergatik?

Definizioz, beste pertsonaia baten larruan sartzen zarelako, eta homofobiaren eta transfobiaren gaian gizartean enpatia sortzeko aukera ematen zuelako. Nire genero gogokoena ere bazen; beraz, argi neukan.

Jokin du izena pertsonaia nagusiak. Bullying-aren eraginez bere buruaz beste egin zuen Jokin Zeberiori egindako keinua da?

Argi neukan pertsonaiak Jokin izan behar zuela, haren suizidioa oso gertaera argigarria izan baitzen niretzat, eta begiak ireki baitzizkidan. Jokini gertatzen zitzaion guztia niri gertatzen ari zitzaidan orduan, eta gertaera hark bultzatu ninduen gauzak kontatzen hastera. Omenaldi bat da, beraz. Argi eta garbi utzi nahi dut, hala ere, Jokinena izena besterik ez dela: ez da haren kasua.

Bideo jokoan Jokinen buruan sartzen gara, eta erabakiak hartu behar ditugu Jokin bagina bezala. Jokoan pertsona horren buruan sartzen zara, txikitzen ari diren pertsona baten buruan.

Jatorrizko artikuluak