Silurua: inbaditzaile bat uretan

  • 164 hitz
  • Albistea entzun

Sobrongo urtegian (Araba) siluruak daudela berretsi dute. Espezie inbaditzaile bat da. Litekeena da arrain harrapakari hori bi metro luze izatea, eta 100 kiloraino iristea; sarraskiak eragiten ditu ur gezetako hainbat ekosistematan.

Tamainaren parekoak ditu kondairak, eta sortzen dituen errezeloak. Ez da asmoa alarma eragitea, ez dagoelako, oraingoz, alarmarako motiborik. Baina datu objektiboak bai: Sobrongo urtegian —Burgosko eta Arabako lurralde zatiak hartzen ditu ur masa horrek—, siluruak agertu dira (Silurus glanis). Gaztela eta Leongo Gobernuak eman ditu datuak, eta haiek kontrolatzeko plan bat ezarri du. Arabako Aldundiko Ingurumen Saileko iturriek diote haiek ez dutela halakoen berririk. BERRIAk arrantzaleen inguruko iturrietatik jakin du: «Silurua Sobronen aspalditik dago, eta Arabako beste urtegiren batean ere bai. Egon badaude, nahiz eta ez diren asko». Aldundikoek, bestalde, zera diote: «Gaur egun, araudian, silurua ez dago espezie inbaditzaile gisa katalogatuta. Horrek ez du esan nahi araudi hori aldatuko ez denik».

«Silurua Sobronen aspalditik dago, eta Arabako beste urtegiren batean ere bai».

Siluruen arrantzaleak

Litekeena da silurua bi metro luze izatea, eta 100 kilotik gora ere iristea. Ibaien eta urtegien hondoetan bizi da, baina ur gazietan ere molda daiteke, eta bokaleetaraino iritsi. Ez du oxigeno askorik behar, eta kontaminazioak ez dio eragiten. 30.000 arrautza jartzen ditu aldiro, eta 20 urtez bizi daiteke. Harrapakari oldarkorra da, parean jarritako ia guztia jaten duena: bertako arrainak, beste inbaditzaileak, eta anfibioak eta ahateak ere bai.

Harrapakari oldarkorra da, parean jarritako ia guztia jaten duena: bertako arrainak, beste inbaditzaileak, eta anfibioak eta ahateak ere bai.

Europako ekialdean eta Asia erdialdean du jatorria, baina Mequinenzako urtegian (Aragoi, Espainia) sartu zuten arrantzale alemaniar batzuek (1974), eta Iberiar penintsulako ibai eta urtegietara hedatu da geroztik —ekonomia eta turismo oso oparo bat ere eraiki da haren arrantzaren inguruan—. Eta hor dago eztabaida: espezie inbaditzaileen kontrola eta kirol arrantza. UztartzecloseElkartze, bat egite.  horren balekotasuna, eta eraginkortasuna.

«Oso zaila da hau kontrolatzea eta kudeatzea», nabarmendu du hasieratik Rafael Mirandak, Nafarroako Unibertsitateko Biodibertsitate eta Ingurumen Institutuko biologo eta Invasaqua proiektuko ikerlariak. «Espezie inbaditzaileei buruz legeak dio desagerrarazi egin behar direla. Baina zer gertatzen da? Haietako asko arrantzatu egin daitezkeela. Espezie bat arrantzatu egin daitekeela erabakitzen baduzu, horren ondorioa da ez duzula desagerraraziko. Silurua arrantzatu daiteke, karpa arrantzatu daiteke... horrek ziurtatzen dizuna da beti izango dituzula arrain horiek. Kontraesan horrekin egiten du topo administrazioak».

«Espezie bat arrantzatu egin daitekeela erabakitzen baduzu, horren ondorioa da ez duzula desagerraraziko».

Rafael Miranda (Invasaqua)

Nafarroako Gobernua da administrazio horietako bat. Ebro ibaian dituzte siluruak eta beste hainbat espezie inbaditzaile. Arrantza Kudeaketako Bulegoko buru Jose Ardaizek zintzoki dio: «Ahal duguna egiten ari gara; arazoa sekulakoa da. Gerra bat daukagu espezie inbaditzaile exotikoen kontra, eta aldiko agertzen zaizkigu bataila gehiago, espezie gehiago, eta jada bataila asko dira, eta espezie asko dira». Mirandak jarri dio neurria: «Ebroko ardatzean jada gehiago dira espezie inbaditzaileak, bertakoak baino».

«Gerra bat daukagu espezie inbaditzaile exotikoen kontra, eta aldiko agertzen zaizkigu bataila gehiago, espezie gehiago, eta jada bataila asko dira, eta espezie asko dira».

Jose Ardaiz (Nafarroako Gobernua)

Jatorrizko artikuluak