Ezkutuko ehiza: ustelkeriak eta beharrak ahalbidetzen duten aberatsen gutizia

  • 164 hitz
  • Albistea entzun

Roberto Fraile eta David Beriain kazetariak ezkutuko ehizari buruzko dokumental bat egiten ari zirela hil zituzten, Burkina Fason. Pertsonen, armen eta drogen trafikoaren ondoren, urtero diru gehien mugitzen duen legez kanpoko jarduera da ezkutuko ehiza. Jarduera horren kontra eta eragiten dituen kalteak konpontzen dihardute, besteak beste, Kongoko Errepublika Demokratikoan. 

Apirilaren 26an hil zituzten David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak, Burkina Fason (Afrika), ezkutuko ehizari buruzko dokumental bat grabatzen ari zirela. Horrelako erasoak «oso ohikoak» dira: halaxe azaldu du Adams Cassingak, Kongoko Errepublika Demokratikoko Conserv Congo irabazi asmorik gabeko erakundeko kideak: «Duela bi hilabete, Italiako enbaxadorea hil zuten eguerdiko hamabietan, egun argitan... Pentsa».

Munduan ezkutuko ehizaren ondorioz saltzen diren espezieen %90ek Afrikan dute jatorria, eta 20 bilioi dolar sortzen ditu urteanindustria horrek, Cassingaren arabera; pertsonen, armen eta drogen trafikoaren atzetik, laugarrena da irabazi gehien sortzen duten krimenetan. Ondorioz, gero eta gehiago dira galzorian dauden animaliak: errinozeroak, elefanteak, primateak, felinoak, krokodiloak, okapiak...

Espezieen %90ek Afrikan dute jatorria, eta 20 bilioi dolar sortzen ditu urtean.

Kongon, ingurumenaren aurkako krimena da animalia basatiak ehizatzea. 2014an sortu zuten legea, eta isun handiak eta kartzela zigorra ezartzen ditu. Aplikatzea, ordea, ez da hain erraza izaten, hango gobernuarentzat ez baita «lehentasuna», Cassingaren arabera: «Giza eskubideekin arazoak ditugu, gerrak, ekonomia arazoak... Saiatzen dira laguntzen, baina haiek ere baliabide gehiago behar dituzte».

Trafikatzaileak ‘ehizatzen’

Conserv Congoko boluntarioek ezkutuko ehizan nahasita egon daitezkeen pertsonak ikertzen dituzte, ezkutuan. Sareari, stockari eta jarduteko moduari buruzko informazioa lortzen dute, talde barruan sartuz; adibidez, erosleak direla esanez: «Konfiantza dutenean eta informazioa ematen digutenean, tranpa bat antolatzen dugu, pertsona hori harrapatzeko».

Horren ondoren, stocka bahitzen dute, merkatura iritsi ez dadin, eta jarraipena egiten diote kasu bakoitzari, ustelkeriaren aurka egiteko. «Ez dakigu norekin fidatu eta norekin ez, poliziak, politikariak eta abar ere nahastuta baitaude askotan trafikoan», dio. Trafikatzaileak kartzelan daudela ziurtatzeko ere jarraipena egiten diete.

Kontinente osoan animalien trafikoarekin zerikusia duten kasuak lotuta daudela dio, horretarako sareek modu batean edo bestean kolaboratzen dutelako.

Arazoaren erroa eskaria dela uste du: «Eskaria dagoen bitartean, beti egongo da ezkutuko ehiza». Dena den, harago doa kontua, kongoarrek ere ehizatzen baitituzte animaliok: «Norbaitek gosea daukanean, alferrik da halakorik ez egiteko esatea». Eta berdin ehizan lan egiten dutenekin. Dena den, Cassingaren aburuz, «ustelkeriarik gabe, ez dago halako animalien trafikorik».

Primateak lehengoratzeko ahaleginean 

Duela zazpi urte iritsi zen Kongora lehen aldiz Itsaso Velez del Burgo primatologo gasteiztarra. Egun, Lwiroko Primateen Errehabilitazio Zentroko (CPRL) zuzendaria da, herrialdearen ekialdean. Ehizaren ondorioz Kongoko biodibertsitatean «aldaketa handia» nabaritu duela dio: «Oihanean sartu, eta hutsik dagoela dirudi».

Primateekin egiten dute lan, baina baita loroekin, dortokekin eta arantzurdeekin ere. «Primateak espezie babestuak dira hemen: ezin dira ez ehizatu, ez etxean eduki». Kongoko Gobernuarekin lan egiten dute, Kongoko Naturaren Kontserbaziorako Institutuarekin (ICCN). Animaliak erreskatatzeaz haiek arduratzen dira, eta ondoren zentrora eramaten dizkiete. «Asmoa da ahalik eta primate gehien askatzea gero».

Beren eremuan, jendeak jateko ehizatzen ditu txinpantzeak. Horren arrazoiak biztanleriaren hazkundea eta baliabide naturalen murriztea direla azaldu du. «Oihan osoa eta hango animaliak suntsitzen ari gara Kongon».

«Oihan osoa eta hango animaliak suntsitzen ari gara Kongon».

Itsaso Velez de Burgo (Kongoko Lwiroko Primateen Errehabilitazio Zentroko zuzendaria)

Ehiztariak ama erail diela ikustea, adibidez, indarkeria fisiko eta psikologiko izugarria da txinpantze kumeentzat. Izan ere, sei urte bete arte amari itsatsita bizi dira. 

Lehen pausoa, hortaz, «seguru sentiaraztea» da, jakin dezaten ez dietela minik egingo. Azkena erreskatatu duten txinpantzeak sei aste behar izan ditu gerturatzen uzteko. «Normalean, ikusten zaituzten lehen egunean bilatzen dute amarekin duten kontaktu hori». Horregatik, primate bakoitzaren beharretara egokitzen dira, dauzkaten trauma eta zauriak sendatzeko.

Jatorrizko artikuluak