Nerabeen sakelakoen eta dantzen jabe

Tiktok aplikazioak arrakasta handia lortu du nerabe eta gazteen artean. Adituak bat datoz arriskuak dituela, baina ematen dituen aukerak baliatzearen alde dagoenik ere badago.

Nerabe batzuk sakelakoarekin. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Koreografia ustez sinpleek eta mundu mailako challenge-ak batu dituzte planetaren punta batean edo bestean dauden erabiltzaileak. Tiktokeko 15 eta 60 segundo arteko bideo labur horiek Interneten jabe bilakatu dira, hilean 800 milioi erabiltzailetik gora lortzeraino. Aplikazioaren erabiltzaile gehienak nerabeak eta gazteak dira; %41ek 16 eta 24 urte bitartean dituzte. Bere arrakastaren zergatiaz galdetzean, «komunikatzeko bide berri eta eskuragarri»bihurtu izana azpimarratu du Itsaso Cañada Lahia Nahia elkarteko psikologo eta sexu hezitzaileak.

Konfinamendu garaian helduen artean ere arrakasta izatea lortu badu ere, 13 urtetik gorakoentzat da erraldoi txinatarra, eta, hain zuzen ere, adin horren bueltan —lehenago, kasu askotan— hasten dira izena ematen. Erabiltzaileen adina ez da kontuan hartu beharreko datu bakarra. Munduko datu orokorrik ez dagoen arren, eta salbuespenak salbuespen, Tiktokeko erabiltzailegehienak emakumezkoak dira, eta, Cañadaren arabera, hori ez da kasualitatea; «Emakumeoi erakutsi digute gure helburua dela ederrak egotea besteak erakartzeko. Hau, azken finean, erakusleiho bat da». Emakumezkoek eta gizonezkoek aplikazioan, eta sare sozialetan oro har, duten portaera oso desberdina dela gehitu du psikologoak: «Neskak, batez ere, agertzen dira beraien burua edo gorputza erakusten, eta mutilak askoz gehiago agertzen dira ekintzak egiten; dela portuan salto bat egiten, dela bizikletan ibiltzen».

Baina portaera horiek ez dira ausazkoak. Izan ere, gazteek milaka jarraitzaile dituzten pertsona famatuak imitatzeko joera dute, Cañadaren arabera. «Erreferente dira, eta eredutzat hartutakoak betidanik imitatu izan dira. Kontua da gaur egun iruditzen zaiela askoz eskuragarriago daudela; famatu hori beren joko berberera jolasten dela eta, ondorioz, gehiago hurbildu daitezkeela berarengana».

Horretaz ohartu dira zenbait enpresa eta marka famatu jada, eta aplikazioa publizitatea sartzeko baliatu dute, beren kontuetatik edota famatuen kontuetatik. Aplikazioa horretarako «oso erabilgarria» dela dio Maite Goñik. Konpetentzia digitaletan aditua da bera.

Adinaren zaurgarritasuna

Tiktok ez da horrenbeste jende batu duen lehen sare soziala, ezta gutxiago ere. «Sare sozial bat da, besteak bezalaxe. Baina, kasu honetan, arriskua bikoiztu egiten da, bertako erabiltzaileak askoz ere gazteagoak direlako», azaldu du Maite Goñik. Bertan argitaratzen diren edukiek, bere horretan, arriskurik ez dutela dio, baina erabiltzaileak horren gazteak izateak, askotan baimendutako adinetik behera, kontrola asko zailtzen duela. «Adin batean [gazteak] kontrolatu behar dira, eta gurasoek jakin behar dute non dauden eta baimenik baduten, hasteko, kontu hori sortzeko».

Are urrunago joan da Cañada: «Segun zein adinetan dauden, onena izango litzateke sare sozialetan, telebistan zein Youtuben ikusten dutena gurasoekin batera izatea. Egokia izan daiteke ikusten dutena modu kritikoan aztertzeko gai den pertsona heldu bat izatea alboan».

Sare sozialek, oro har, arrisku handiak dituztela bat datoz biak; argibiderik eta kontrolik gabe kaltegarriak izan daitezkeela. Adikzioa eta bullying arazoak sor ditzakete, Cañadaren arabera «sarearen anonimotasunean askoz errazagoa delako inori iseka edo kalte egitea».

Gazteek jarraibide argiak izan behar dituztela dio Goñik: «Azken batean, langile batek erreminta bat erabiltzeko formakuntza behar du, segurtasun neurriak hartzen ez baditu edo bere funtzionamendua ulertzen ez badu behatza mozteko arriskua baitu. Ondo erabiltzen badaki, ordea, oso erabilgarria izango da erreminta hori, ziurrenik. Bada, sare sozialekin berdin-berdin gertatzen da».

Euskarara hurbiltzeko?

Nerabe eta gazte euskaldunen kasuan, egoera okerragoa dela dio Goñik. Izan ere, Tiktok mundu osoko fenomenoa den heinean,erdarak dira nagusi. Maite Goñik nabaritu du Euskal Herrian ekoizten direnen kasuetan ere, inguruko erdarak eta ingelesa direla jaun eta jabe: «Nahiz eta ez den asko hitz egiten den sare soziala, paisaia linguistikoa beste hizkuntza batzuetan da, gaztelania eta ingelesez batez ere, eta [gazteak] horretara erakartzen ditu».

Baina zer gertatuko litzateke euskarak Tiktokeko gazteak mobilizatuko balitu? Horixe planteatu du Goñik, «Tiktoken egon beharko luke Euskaraldiak, adibidez? Edo posta elektronikoarekin funtzionatzen jarraitu behar dugu?». Aplikazioak eskaintzen dituen «onurak» aprobetxatzeko aukera egon badagoela adierazi du Goñik, aurretik aipatutako arriskuentzako neurriak hartuta, betiere.

Gaztea Irratiaren adibidea aipatu du, aplikazioan 22.000 atsegitetik gora ditu-eta: «Gazteak garbi ikusi du beraiek zer transmititu nahi duten, zein den bere helburua eta non egon beharko luketen».

Abagune hori aztertzearen alde agertu da Maite Goñi, «eragiteko» aplikazioak eskaintzen dituen aukerei begiratua emateko: «Azken finean, gazteak non daude?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.