Diplomaziaz aparteko bideak prest dituela ohartarazi dio Bidenek Putini

Kremlinek Errusiaren aurkako «desinformazio kanpaina bat egitea» egotzi dio Etxe Zuriari. Milaka lagun atera dira kalera Kieven, Ukrainaren batasunaren alde eta Errusiaren mehatxuen aurka

Milaka lagun, Ukrainaren batasunaren aldeko eta Errusiaren mehatxuen aurkako manifestazioan, atzo, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / SERGEY DOLZHENKO.
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ukrainako gatazkak gaur-gaurkoz diplomaziaren bidetik jarraitzen badu ere, Errusiaren eta Mendebaldearen arteko tentsioa areagotuz doa. Argi utzi zuten hori atzo Joe Biden AEBetako presidentearen ohartarazpenek: «Diplomaziak huts egiten badu, AEBak beste bide bat hartzeko prest daude». Azken asteetan bileraz bilera ibili dira guda ez pizteko erantzukizuna duten agintariak, eta ia batzar guztien ondorengo agerraldietan bi blokeek elkarri leporatu izan diote Ukrainan sua piztearen ardura. Ez dauka itxura handirik laster aferari konponbidea emango diotenik. Hain justu, mataza handi horren erdian hitz egin zuten atzo telefonoz Errusiako presidente Vladimir Putinek eta Biden AEBetakoak, ordubetez, gatazka hasi zenetik lehendabizikoz. Bi estatuburuek Ukrainako krisiaren hastapenetik zuten jarrerei tinko eusten dietela berretsi zuten.

Etxe Zuriak ohar batean laburbildu zuen Bidenek esandakoa: «Errusiak Ukrainaren inbasioaegiten badu, AEBek, gure aliatuekin batera, erantzun azkarra eta irmoa emango diegu, eta Errusiak zigor larriak izango ditu». Moskuk Kiev indarrez hartzeak «giza sufrimendu handia» eragingo lukeela gehitu zuen. Hain justu, azken egunetan munduko hainbat herrialdek beren herritarrei eskatu diete «berandu gabe» Ukrainatik alde egiteko. Bada, atzo, Kieven milaka lagun atera ziren kalera, Ukrainaren batasunaren alde eta Errusiaren mehatxuen aurka.

Bestalde, Errusiako presidentearen aholkulari Yuri Ushakovek adierazi zuenez, Bidenek Putini aurkeztutako segurtasunari buruzko zenbait puntu aztertuko ditu Kremlinek, eta datozen egunetan emango dio segurtasun bermeei buruzko erantzuna NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari. Hori bai, Ushakovek gogorarazi zuen Mendebaldeak Kievi ez diola presioa egiten Minskeko Itunak betetzeko.

Bidenekin telefonoz hitz egin aurretik, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin mintzatu zen Putin, eta Ukrainaren aurkako balizko erasoari buruzko «espekulazio probokatzaileak» kritikatu zituen. Bide beretik jo zuen Errusiako Kanpo Harremanetarako Ministerioak ere, eta «eskala handiko desinformazio kanpaina» bat egitea egotzi zion Washingtoni. «Kanpaina horren helburua argia da: nazioarteko komunitateari sinetsaraztea Errusia Ukrainaren aurkako inbasio bat prestatzen ari dela», zioen oharrean.

Ildo beretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak oso antzeko adierazpenak egin zituen atzo, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenekin telefonoz mintzatu ondoren: «Errusiaren aurkako kanpaina horren ondorioz, Kiev Minskeko Akordioa sabotatzera bultzatzen du». Lavrovek salatu zuen Washingtonek eta NATOk ez dituztela Moskuren eskakizunak aintzat hartu: NATO Europaren ekialdera ez hedatzea, eta atzerriko tropak, armak eta ekipamendua erretiratzea 1997an kide ez ziren herrialdeetatik, besteak beste, Errumaniatik eta Bulgariatik.

AEBak, Errusiako uretan

Bien bitartean, Errusiako itsas armadak AEBetako urpeko ontzi bat atzeman zuen atzo Errusiako eremuan, Kuril Uhartetik gertu —Japonia iparraldean—. Moskuko Defentsa Ministerioak emandako azalpenaren arabera, itsas armadak AEBetako urpeko ontziari birritan ohartarazi zion —lehendabizi errusieraz eta gero ingelesez— Errusiaren eremuan zebilela, eta ur azaleratzeko agindu zion. Horren aurrean, AEBetako urpekariak «maniobra azkarra» egin, eta «ziztu bizian» utzi zituen Errusiako urak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.