Mundua Tuteratik zeharkatzea

  • 681 hitz
  • Albistea entzun

XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan. Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak egin dute, eta ez dute baztertzen komikiak segida edukitzea.

XII. mendea. 1173. urtea izango da, eta, gau betean, ilargiaren distirak argitzen ditu Tuterako harresi eta etxeak. Queleko gaztelua galdu berri du Antso Jakitunak, eta zeharo garraztuta du umorea horregatik; hori gutxi ez, gainera, eta geziz zauritu dute saihets artean. Oinazetan hedatzen dira haren alarauakcloseUluak. gazteluko hormetan barrena. Kalenturak eta eldarniocloseHaluzinazio.ek jota dago, baina gudara itzultzekoa da biharamunean. Kontsolamendu bila deituko du Benjamin Tuterakoa ganberara: berriz entzun nahi du haren bidaiaren istorioa. Nola abiatu zen Tuteratik, eta, hamaika hiri eta herrialde ezagutu ostean, Bagdaderaino heldu, eta nola itzuli zen sorterrira. «Esadazu, Benjamin, nolakoa da Manuel enperadorearen koroa?». Eta, hain zuzen ere, sasoi historiko bera konpartitu zuten benetako bi pertsonaia historiko horien arteko balizko solasaldi hori kontatu dute Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez Iñaket marrazkilariak Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta komikian (Nabarralde eta Beterri elkarteek elkarlanean kaleratu dute liburuxka).

Antso Jakituna eta Benjamin Tuterakoa solasean erakusten dituen bineta bat. IÑAKET

«Gogoa nuen XII. mendean girotutako istorio bat egiteko», azaldu du Begoñak. «Hori da Erdi Aro bete-betea. Literaturan ere hori da gehien landu den garaia, eta, gainera, Iberiar penintsulan ere oso sasoi interesgarriak izan ziren; erreinu asko zeuden oraindik, musulmanak oso indartsu zeuden, eta Antso Jakituna, batzuekin eta besteekin hitz eginda, saiatu zen bere erreinu txikia bizirik mantentzen». Eta justu sasoi horretan itzuli zen Benjamin ere Tuterara, hamalau urteko bidaia bukatu berritan, 1172. edo 1173. urte inguruan. Eta orduan irudikatu dute erregeren ganberako eszena komikigileek.

«Ez dakigu elkar ezagutu ote zuten», aitortu du gidoigileak, «baina badakigu sasoi horretan judu auzo berri bat egin zela Tuteran, Antso Jakitunaren aginduz, gazteluaren oinetan». Eta juduak gertu bazituen, babeseko, litekeena da erregeak Benjaminen berri ere eduki izana.

Datuak eta irudimena nahastuz

Izan, izen garrantzitsua baita harena Erdi Aroko hebreerazko literaturan. Bidaien liburua izeneko argitalpenean bildu zituen bere bidaien nondik norakoak egileak, eta Xabier Kintanak itzulita irakurri daitezke gaur egun euskaraz. Telegrafikoa da haren estiloa, eta, nagusiki, herrialdez herrialde ezagututako judu komunitateen berri ematen du. Ordea, badira deskribapen eder batzuk ere tartean, eta ez sinistekoa da bisitatu zituen hirien zerrenda ere: Zaragoza, Marseilla, Genova, Pisa, Erroma, Konstantinopla, Tiro, Jerusalem, Damasko, Bagdad, Alepo, Mosul, Kairo, Alexandria... Bisitatzera heldu ez zen arren, Txinaren aipamena ere badakar liburuak, eta, adituen hitzetan, hori da lurralde haren lehen aipamena Europan. Eta testu horri tiraka osatu dute komikiko kontakizuna.

Ez sinistekoa da Benjamin Tuterakoak bisitatu zituen hirien zerrenda: Konstantinopla, Tiro, Jerusalem, Damasko, Bagdad, Alepo, Mosul, Kairo, Alexandria... 

Hamaika hiri marrazteko baliatu dute aukera. Eta, hala, Iñaketen eskutik sortutako XII. mendeko Kairo, Konstantinopla, Jerusalem, Damasko, Alexandria eta Bagdad bisitatu ahalko ditu irakurleak. Baina, Begoñak onartu duenez, erdiz benetakoak eta erdiz fikziozkoak dira guztiak, ez baitago modurik jakiteko zer itxura zuten sasoi hartan hiri haiek. Artxibo lana eta irudimena uztartu behar izan dituzte, horregatik.

Alexandriako portuan, esaterako, hamaika hizkuntzaren artean ikus daiteke Benjamin paseoan komikian. Eta Bidaien liburua-n deskribatu zuenez, Nafarroako Erresumako ontziak ere baziren tartean. Datu historiko hori abiapuntu hartuta, urrats bat gehiago egin, eta euskaraz ari diren marinelak ere bazirela kontatu dute Begoñak eta Iñaketek komikian, eta itsasontzi nafar haietako bat hartuta egin zuela bidaia Benjaminek. «Alexandriatik Palermora joan zela kontatzen du liburuak; ez dakigu zer itsasontzitan egingo zuen bidaia hori, baina guk esaten dugu Nafarroako ontzi batean egin zuela».

Istorio luzeago bat egiteko aukera, irekita

Hogei orrialde ditu komikiak guztira, eta gehiagorako gogoz geratu dela dio Begoñak. «Egunen batean beste argitaletxeren batek nahi balu gai honekin jarraitu, ematen du istorio luzeago bat egiteko, eta ahal da komiki mardulago bat osatu».

«Egunen batean beste argitaletxeren batek nahi balu gai honekin jarraitu, ematen du istorio luzeago bat egiteko».

Mikel Begoña (gidoigilea)

Heldu da eguzkia Tutera argitzera, azkenik, eta, goitik behera gudarako jantzita, eskerrak eman dizkio Antso Jakitunak Benjamini. «Gaur gauean zure hitzak kontsolagarriak izan dira niretzat, Benjamin. Baina inbaditzaileari aurre egiteko ordua iritsi da». Kezka agertzen dio abade batek: «Baina... Zauri hori sendatu gabe dago». Irmo erregearen erantzuna hurrengo binetan: «Gure zauriak ez dira sekula sendatuko». Eta zabalik amaitzen da komikia, zaldi gainean, guda hasi aurre-aurreko eszena batekin. «Gogor etsaiari!». Aurrean, historia oraindik idatzi gabe daukala.

XII. mendeko Tutera erakusten duen biñeta, komiki liburuaren lehen irudia. IÑAKET

Jatorrizko artikuluak