Hau galdemina: Nola egiten dute hegan txoriek?

Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaieta idazleak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak [email protected] helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.

Ai, nik hori jakingo banu, lagun… Haiek bezala egingo nuke hegan. Dudarik ez izan! Eta horretan, ez zu eta ez ni, ez gara lehenbizikoak izan. Pentsa, aspaldiko greziar mitologian, txorien dohain miresgarrian inspiratuta, hegal artifizialak egin zizkion aita batek semeari: Dedalok Ikarori. Eta, ondoren, abisu eman zion: «Ez egin hegan altuegi!» Baina Ikaro, aitari kasurik egin gabe, eguzkira gehiegi hurbildu zen, eta argizarizko hegalak urtu egin ziren.

Txoriek bezala hegan egitea ez da batere erraza... Agian ikusia izanen duzu inoiz tramankulu xelebre baten irudia, txorien hegaldia imitatu nahi zuena. Ornitoptero izena eman zion Leonardo da Vincik (izena ere makina bezain xelebrea!). Horrekin ere ez ginen gizakiok txorien maila berean jarri. Hala ere, dena ez da alferrik izan, eta ehunka urteko ikerketari esker hegazkinak sortu ditugu. Baita espazio ontziak ere.

Hori bai, txoriekin alderatuta, gure hegaldiak askoz ere zaratatsuagoak eta kutsagarriagoak dira.

top