Hau galdemina: Zer pentsatzen du haur jaioberri batek?

Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaieta idazleak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak mantangorri@berria.eus helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.


Zer pentsatzen du haur jaioberri batek?

Galderaren egilea: Lara. 8 urte (eta 4 hilabete!)

Zerbait bai, hori seguru! Ume baten garuna ez da jaio geldirik egoteko…

Agian, bizitza ooooooosoa aurretik duelako, oraindik hitzik gabe, galderen hizkuntzan ari da pentsatzen. Adibidez, Esfingeak Edipori botatako igarkizun zaharra buruan bueltaka. Ea zu ere gai zaren asmatzeko, bide batez:

«Zein animalia ibiltzen da lau hankatan goizean, bi hankatan eguerdian eta hiru hankatan gauean?».

Eta, galderatik galderara gabiltzala, igual lagunduko didazu beste misterio batekin. Kontatuko dizut. Gure familiaren zati bat nafarra da, Baztan-Bidasoa aldekoa. Eta bertan, hainbat aldiz entzun izan dut oraindik ere ongi ulertzen ez dudan esaldi bihurri bat, batzuetan nagusiek ahotan hartzen zutena. Ea zuk lortzen duzun esanahia deszifratzea:

«Mutikoa, hiru titikoa, bat kendu eta bi titikoa».

Hara! Konturatu zara? Ospatzen ari garen urte berri hau ere jaio berria da… Zuk uste duzu, haur jaioberrien inguruan esaten den bezala, ogi gozorik ekarriko duela besapean 2026ak?









top