Hau galdemina: Zergatik bidali zuten Laika txakurra espaziora, jakinda hil zitekeela? Ez al zuen maite bere jabeak?

Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaietazleak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak mantangorri@berria.eus helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.


Zergatik bidali zuten Laika txakurra espaziora, jakinda hil zitekeela? Ez al zuen maite bere jabeak?

Galderaren egilea: Jayden 7 urte. Aldaialde eskola, Gasteiz.

Arrazoi duzu. Batzuetan nik ere ez ditut ulertzen gizakiok egiten ditugunak. Beste pertsonekin. Beste animaliekin. Horregatik, bost txakurren istorio bat kontatuko dizut. Justizia galaktikoaren izenean.

Espaziora bidali zuten lehen txakurra Laika izan zen. Moskuko kaleetatik jaso zuten; ez zuen jaberik. Entrenamendu berezi bat eman zioten, espazioko lehen izaki biziduna izateko. 1957an espaziora bidali zuten, oraindik Lurrera nola bueltatu ez zekitenean. Oker handia izan zen pentsatzea bidaia hura Laikaren bizitza baino garrantzitsuagoa zela. Txakurraren heriotzak triste eta haserre utzi zuen jende asko. Zu bezala, segur aski.

Laikak bi lagun utzi zituen Lurrean: Albina eta Mushka. Haiek erakutsi zieten zientzialariei nola egin espazioko misio seguruagoak. Geroago, Belka eta Strelka txakurren txanda izan zen. 1960an espaziora bidali zituzten, eta bizirik itzuli ziren. Lehenak.

Txakurrek zailena egin ondoren, pertsona bat bidali genuen gizakiok. Eta handik urte batzuetara, Ilargira ere iritsi ginen, Jayden. Lau hankako protagonistei eskerrik eman gabe.

top