Zeluloidea, zuri-gorrian

Sanferminei buruzko filmak, iruditan. / 2015-07-01

Argazki Bildumak

Sofa adardunak eta sagu gorria

Ameriketako Estatu Batuetatik jende andana etortzen da sanferminetara. Gauzak horrela, zuzendari eta ekoiztetxe estatubatuarrek ere askotan erabili izan dute zeluloide zuri-gorria euren filmetako erakargarri gisa. Doako publizitatea. Sanferminetan bizitako abenturak hein batean birgogoratzeko balio dute film horiek, nahiz eta egin diren film gehienen maila oso apala izan den.Estatu Batuetako familia famatuena ere izan zen behin sanferminetan: Simpsondarrak, hain zuzen ere. Aitona Abe etxean utzi, eta Marge, Homer, Bart, Lisa eta Maggie txikia ere etorri ziren Nafarroako hiriburura.

2015-07-15

/ BERRIA

Entzierroa Bollywooden erara

Zineman ordu arte inoiz izan gabeko aurrekari bat finkatu zuen 'Zindagi Na Milegi Dobara' Bollywoodeko filmak (euskaraz, 'Behin bakarrik bizi liteke'); Iruñean entzierro bat antzeztea, alegia. Entzierroak, gainera, pelikularen gailurra irudikatzen du; kirol arriskutsuetan arriskutsuena. Izan ere, horixe nahi dute protagonistek, hots, muturreko kiroletako emozioa. 'Carpe diem' filosofiari jarraitzen dio filmak, unean unekoari eusteko gonbita eginez, era aise eta komikoan.

2015-07-14

/ BERRIA

Eros eta Herio, film txar batean

Entzierroek, zezenketek eta sanferminek beti ematen dute zertaz hitz egin. Gai polemikoak izan dira betidanik. Polemika horrek gailurra azken urteetan jo duela ematen duen arren, 1975eko 'La Trastienda' filmak eztabaida beste osagai batez hornitu zuen. Zine espainiarrean hain ezaguna den destape garaia ireki zuen Jorge Grauren filmak, Maria Jose Cantudo aktorearen biluztearekin. Egun garrantzirik ez duen gertaera hura gertakari garrantzitsutzat jo zen diktaduraren amaieran; baina, gainera, bazuen erlazioa sanferminekin. Izan ere, filmean, Juana erizainak Iruñeko erietxe batean egiten du lan. Erietxe berdinean lan egiten duen Navarro medikuarekin maiteminduta dago, baina hura ezkonduta dago. Medikuak, bere ezkonbizitza zaintzeko, beste erietxe batera lekualdatzea eskatzen du, eta Juana azken momentura arte saiatuko da konbentzitzen erabakia alda dezan.

2015-07-10

/ BERRIA

The Caper of The Golden Bulls

Abentura kitzikagarri bat munduko jairik koloretsuenean filmatua!». Hala zioen Caper of the Golden Bulls (Lapurren inauteriak) filmaren publizitate leloetako batek, sanferminei erreferentzia eginez. Izan ere, Iruñean grabatu zen, 1966an, Russell Rouse zuzendariaren gidaritzapean, jaiek iraun zuten tartean. Rousek aitortu zuen zailtasunak «itzelak» izan zirela, eta mugak «ikaragarriak»: «Ez nau harritzen zinemako ekoizleek Iruñeko Feriak ez hautatzea pelikula baterako dekoratu eta hondo gisa». Dena den, nekez ezkuta zezakeen hiriak sortu zion miresmena: «Beste inon ez da posible uztartzea kontakizun suspentsedun bat Iruñearen eta haren festetako dekoratuaren izugarrizko asaldurarekin».

2015-07-09

Carnaval de ladrones / Ramon Herrera Torres

Hemingwayren Iruñe mexikarra

Fiesta! The sun also rises (1957) izenburuarekin egokitu zuten zinemarako Ernest Hemingway kazetari eta idazlearen The Sun Also Rises nobela (1926), Henry Kingen zuzendaritzapean. Sanferminen izaera laburbil dezakeen izen hoberik ez zuten asmatu, itxuran. Hari nagusia amodiozko istorio bat izanagatik, Hemingwayk urte batzuk lehenago idatzi zuen Iruñea eraman zuten filmera. Parisetik, Iruñera. Hori da Tyrone Power, Ava Gardner, Errol Flynn eta Mel Ferrer aktore estatubatuarrek egiten duten bidea filmean. Protagonistak Nafarroako hiriburura joanen zirelako zurrumurruak, ordea, ez ziren bete. Lehen Mundu Gerraren ondorengo urteetan kokatzen da istorioa. Bi hiri eta bizimodu lotzen dituzte; diotenez, gerra arteko garaian nagusitu zen lur-jotze moralaren erakusgarri: Parisko rive gauche-ko giro bohemio intelektual eta artistikoa, eta sanferminetako ospakizuna, zezenketei emanez garrantzia. Zinemagileek rol garrantzitsua bete zuten hartan. Mexikon filmatu —Morelia hirian, zehazki—, eta Iruñean hartutako irudiekin uztartu zuten. Baliabide teknikoak urriagoak ziren artean. Dena den, nahiago izan zuten muntaketa hura egin, gezurrezko sanferminak antzeztu baino. Jaietako unean uneko zirrararen lekuko izan ziren kamerak. Dena dela, King zuzendariak dokumental bat ekoizten ari zela argudiatu behar izan zuen sanferminak zeluloidean islatu ahal izateko. Izan ere, AEBetako ekoizpen bat izanik, ez zuen baimenik jaso hiri buruzagian filmatzeko. Filmak aurrera egin ahala, amodiozko istorioa konplexuago bihurtzen da Iruñean daudela, hiru gizonek nahi baitute eskuratu Gardnerrek antzezten duen emakumearen maitasuna. Kritika kontrajarriak jaso zituen pelikulak. Askok kontakizun xelebre, faltsu eta, aldi berean, dibertigarritzat jo zuten, erdipurdiko existentzialismo batez jositakoa. Beste hainbatentzat, Hemingwayren ukitua nabaritu daiteke. Ezkortasun apur bat une komikoekin nahasirik, idazleak gizakiaren barrunbeak azaleratzeko saioa egoki zuzendu zuen Kingek, askoren aburuz, eta salatzen dute gizarteak ez zuela merezi bezainbeste balioetsi. 1957ko filmaz gain, Hemingwayren liburuaren beste egokitzapen bat egin zuten 1984. urtean, telebistarako.

2015-07-08

/ BERRIA

Toreatzaile gizenak

Bi ikerlari, lurralde ezezagunean; eta zezenketak tartean. Stan Laurel eta Oliver Hardy XX. mendeko komiko ospetsuek antzeztu zuten 'The Bullfighters' filma, 1944an ekoitzi eta II. Mundu Gerra amaitzear zela AEBetan estreinatua. Hego Euskal Herrian, El gordo y el flaco izengoitiaz ezagunak ziren Laurel eta Hardy, eta, gaur egun ere, halaxe identifikatzen dituzte askok. Filmean, protagonistak Mexikon direla, desagertutako Don Sebastian toreatzailea ordezkatu beharko du Laurelek, harekin antza duelakoan. Filmatzea AEBetan egin zen arren, Iruñeko irudiak erabili zituzten, gerora sarri egin den moduan. Filma aitzindari izan zen sanferminen irudiak pelikuletan txertatzen, eta festak AEBetan ezagutarazten. Atzo eta gaur zezenketek sortzen duten ikusmiraren adierazgarri ere bada. 'Slapstick' komedia motak bihurtu zituen izar Laurel eta Hardy, eta horren isla nabaritu daiteke filmean. Biolentzia fisikoaren esajerazioan oinarritzen da umore hori, itxuran pertsonaiei minik sortzen ez diena (zezenen testigantzarik ez dago, ordea). Iruñeko irudiak benetakoak izanik, indarkeriaren gehiegizko horrek errealitatea du oinarri, baina egiatik gutxi du, esaterako, zezenak plazara tropelean sartzen direneko eszenak. 'The Bullfighters' izan zen haien azken pelikula amerikarra. Sasoi hura ez zen oparoena izan bikotearentzat; hamarkadetako ospearen ostean, beste batzuei egokitzen zitzaien errekonozimendua erdiestea. 'The Bullfighters' filmak ez zituen kritika onak jaso, eta, nonbait, ahanzturaren txokoan baztertuta geratu da; gaur arte.

2015-07-07

/ BERRIA

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.