2016ko sanferminetako bortxaketaren prozesua, argazkitan

/ 2019-06-21

Argazki Bildumak

Sexu erasoa

Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Auzitegi Probintzialaren epaia zuzendu du, eta ebatzi du 2016koa sexu erasoa izan zela. Zigorrak hamabost urtera handitu ditu. Nafarroako Auzitegiak, ondorioz, bost bortxatzaileak atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman du.

2019-06-21

Pepo Herrera, EFE

Epaia, berretsita

2018ko abenduaren 5ean Nafarroako Auzitegi Probintzialak berretsi egin zuen epaian esandakoa, ez zela hura sexu erasoa izan baizik eta sexu abusua. Zigorra berretsi arren, bost auzipetuek behin-behinean aske jarraitu zuten. Argazkian Jose Angel Prenda, bortxatzaileetako bat.

2018-12-05

Raul Caro, EFE

Haserrea eta samina

Bost auzipetuak espetxetik behin-behinean irten izanak auziaren inguruko haserrea areagotu zuen, eta milaka izan ziren haserrea adierazi zutenak, Iruñean (argazkian) eta Iruñetik kanpo.

2018-06-22

Villar Lopez, EFE

Udaletxe plaza, lekuko

Hiru urte hauetan Iruñeko udaletxe plaza protesten lekuko zuzena izan da, 2016ko San Fermin egunean bortxaketaren salaketa zabaldu zen unetik auziak izan dituen gora-behera guztiak arte. Iruñeko gizartea ikur eta eredu izan da denbora guzti horretan. Argazkian, 2018ko ekainean bost auzipetuak aske geratu ondoren egin zen bilkura.

2018-06-22

Villar Lopez, EFE

Bi urte geroago, aske

Nafarroako Auzitegi Probintzialak ezarri zien 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren, 2018ko ekainaren 21ean aske irten ziren behin-behinean espetxetik bost bortxatzaileak nahiz eta bederatzi urteko espetxe zigorra izan. Horietako hiru Iruñeko espetxean zeuden preso: Jose Angel Prenda (ezkerretik bigarrena), Jesus Escudero (eskuinetik bigarrena) eta Angel Boza (eskuinetik lehena).

2018-06-21

Villar Lopez, EFE

Manifestazio erraldoia

Epaiaren kontrako lehen protestak 2018ko apirilaren 26an eta 27an izan ziren, baina 28an manfiestazio handi batera deitu zuen mugimendu feministak eta milaka pertsonek hartu zuten parte epaiaren aurka.

2018-04-28

Villar Lopez, EFE

Ikur bat

2016ko sanferminetan bortxaketa izan zenetik sexu indarkeriaren ikur bilakatu da auzi hau, bereziki iruindarrek berehala erreakzionatu eta salatu zutelako eta zenbait hedabidek eta auzitegiek izan duen jokabideagatik.

2018-04-28

Villar Lopez, EFE

Lehen epaiarekin haserre

2018ko apirilaren 4ean eman zuen Nafarroako Auzitegi Probintzialak epaia. Ebatzi zuen ez zela sexu erasoa izan baizik eta sexu abusua, eta bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zien. Indarkeriarik ez zela izan ebazteak haserrea eragin zuen eta jende andana bildu zen Iruñean auzitegiaren parean.

2018-04-26

Jesus Diges, EFE

Auzitegitik, espetxera

Epailearen aurrean deklaratu ondoren, bost atxilotuak espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, sexu erasoa leporatuta. Antonio Manuel Guerrero Escudero, Jesus Escudero, Jose Angel Prenda, Alfonso Jesus Cabezuelo eta Angel Boza lehen aldiz sartu ziren espetxean. 1988 eta 1991 urteen artean jaio dira eta Whatsappen 'Manada' izena zuen talde bat zuten; ezizen horrekin ezagutu da auzia harrezkero.

2016-07-09

Jesus Diges, EFE

Salaketa, berehala

Sanferminetako taldeko bortxaketa 2016ko uztailaren 7an gertatu zen, goizaldean, San Fermin egunean. Salaketaren berri izan eta berehala kalea protesta egiteko hartu zuten festan zirenek, udaletxeko plazak sanferminetan izaten duen irudiaren oso bestelako irudia eskainiz. Azken urteetan izan dira Iruñean sexu eraso gehiago ere, eta iruindarrek aski da esan zuten egun horretan ordura arte inon jaietan esan izan ez zen bezala.

2016-07-07

Iñigo Uriz, Foku

Ezohiko sanferminak

2016. urteko sanferminetako txupinazoan ezerk ez zuen iragartzen inflexio puntu bat bilakatuko zirenik. Azken urteetan geroz eta ozenago entzuten zen jaietan gertatzen diren sexu erasoen aurkako salaketa, ordea, eta urte horretan txupinazoan ikusi ahal izan zen autodefentsa feminismoaren aldeko pankarta handi bat, udaletxeko plazan. Uztailaren 6tik 7rako goizaldean gertatu zen askoren kontzientziak esnaraziko zituen erasoa: emakume batek salatu zuen bost gizonen artean bortxatu zutela gau horretan. Foruzainei esker, San Fermin egunean bertan atxilotu ahal izan zituzten, bortxaketaren ondoren festan jarraitzen zutela.

2016-07-06

Iñigo Uriz, Foku

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.