Berri Txarrak Kobetamendin

20.000 lagun baino gehiago elkartu ziren atzo Kobetamendin, Berri Txarrak Lagun Artean emanaldian. Ibilbidean garrantzitsuak izan diren musikariekin partekatu zuen oholtza hirukoteak, ia hiru orduko kontzertuan. / 2019-07-15

Argazki Bildumak

Dardararen bat

Broken Brothers Brass Band talde irundarra izan zen giroa aztoratzen lehena. Zale guztien begiradapean, bederatziak eta laurden aldera sartu ziren korridore zentraletik.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Non bestela

Eguzkia dirdiratsu eta zaleak gogotsu, bederatziak jota kontzertua noiz hasiko zain. Hogei mila lagun baino gehiago hurbildu ziren atzo Kobetamendira, ia hiru ordu iraun zuen kontzertua ikustera.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Nortasuna eraikitzen

Talde nafarraren kantu ezagunenen melodiak joz igo ziren agertokira, zelaian zeuden 20.000 ikusle baino gehiagoren ahotsen ainguran.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Beude

Minutu gutxi barru agertu zen hirukotea; irribarretsu, indartsu eta ilusioz. Agertoki askotan egin duten moduan, "Beude" abestiarekin hasi zuten jarduna. Keinu nostalgikoa, ibilbidea hasi zutenetik orain arte bidelagun izan dituzten eta "gure kulturaren birikak" izan diren gaztetxe, antzoki eta txoko guztientzat.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Mundua begiratzeko leihoak

Lehenaren ondotik etorri ziren bigarrena eta hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena, eta, horrela, 37.a ere. Kantuz kantu, gaindituz joan zen Kobetamendiko giroa. "Ederra liatu duzuena", esan zuen Urbizuk, aurrean zituen zale guztiei begira.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Ez dut nahi

Zaleak bakarrik ez, lagunak ere agurtu zituen hirukoteak. Jurgi Ekiza izan zen lehena, Willis Drummond eta Era Batera taldeetako kide eta abeslaria.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Iraultza txikien asanblada

Musika mundutik bazter bizi bada ere, gonbidapena onartu zuen Deabruak Teilatuetan taldeko abeslari izandako Aritz Mendietak, eta "Iraultza txikien asanblada" kantatu zuen. Sasoiko eta dantzari.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Aspaldian utzitako zelda

"Aspaldian utzitako zelda" abestu zuen hurrengo gonbidatuak. Errekalde auzotik igo zen Kobetamendira Aiora Renteria, etxean profeta izateko. “Kubako iurretarraren” hitzak jantzi zituzten, urrun dagoena gertu sentituz.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Aditu bihurtuak

Ricky Faulkner eta Marti Perarnau IV taularatu ziren ostean. Bost abesti jo zituzten, bata bestearen atzetik, eta teknikari dagokionez, emanaldiaren une onenetakoa izan zen, moldaketa aberasgarriak eskaini baitzituzten gitarra eta teklatuarekin.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Lemak, aingurak

David Ruizen txanda izan zen ondoren. La M.O.D.A. taldeko abeslariak euskaraz kantatu zuen hirukotearen "Lemak, aingurak" kantua, eta Kobetamendiko jarraitzaileek lotsaren aingurak ondoratu zituzten, dantza egiteko.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Zirkua

"Mundua begiratzeko leihoak" jotzen hasi zen Berri Txarrak, baina Iñaki Matxet Jousilouli eta NaizRoxa taldeetako abeslari izandakoak abestia geldiarazi zuen, Zirkua jotzera behartzeko, gaueko une basati eta zoroenean. Zaleen artean crowdsurfing egiten amaitu zuen.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Betiko leloaren betiko leloa

Lagun zaparrada izan zen ondorengoa. Batetik, "betiko leloaren betiko leloa" jo zuten Facu Diazek eta Toni Mejiasek. Txukun moldatu zen bateriarekin Diaz, eta euskara eta gaztelera tartekatu zituen errimak abeslariak.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Biziraun

"Eskuak" abestian zerura begira zeuden 40.000 eskuek txaloka eztanda egin zuten unean taularatu zen Leire Iseo, eta ukitu berezia eman zion Biziraun bikainari.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

FAQ

Matt Sharp izan zen hurrena. The Rentals taldearen "Friends of P." jo zuten lehenik, eta zale askorentzat abesti ezezaguna bazen ere, doinu kutsakorreko pop pilulak efektua egin zuen. FAQ kantuarekin konpetentzia egin zion Matxeten zoramenari. Urbizu airean altxatuta eta elastikoetako bat zaleei oparituta agurtu zuen oholtza.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Oreka

Une berezi asko izan zituen kontzertuak, eta horietako bat izan zen Oreka, Anari eta Karlos Osinaga Txap-ekin. Abestia bere eremura eraman zuen aurrena Anarik, lasai eta dotore; Urbizu kantatzen hasi zenean, erritmo klasikora itzuli ziren, eta Txapek distortsio eta indarra eman zion, denek elkarrekin indarrak metatu arte.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Oihu

Euskal musikaren abeslari eta kantugile garrantzitsuenetako bi oholtza gainean nor baino nor, Gorka Urbizu eta Aitor Gorosabel. Su Ta Gar taldearen David eta Goliath jotzen hasi zen Berri Txarrak, eta punteoa iristear zenean agertu zen Gorosabel, maisulana borobiltzeko. Horrekin konformatu ez, eta Oihu jo zuten elkarrekin. Une apoteosikoa.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Min hau

Ikuskizuna amaitzear, Nerea Urbizu (Katamalo) eta Enrique Villareal (El Drogas) igo ziren oholtzara. Kanturako beste, aldarrikapenerako unea izan zen Urbizu anai-arrebek Min hau abestu zutenekoa, Altsasuko gazteak gogoan.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Maravillas

Hurrena, Maravillas. El Drogasen ahots baxua eta Berri Txarrak hirukotearen pasioa, zeru izartsu bat marraztuz sakelakoen linternak piztuta abestu zuten zaleekin batera.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Infrasoinuak

Gorriz tindatu zen pantaila erraldoia, guda galdu zutenei keinu. BECen Marielle Francoren omenez egin bezala, telefonoaren argia pizteko eskatu zuen Urbizuk, eta malko bat edo beste isuri zen Kobetamendiko begietatik Argaren zilar uretara.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Katedral bat

Ia hiru ordu betetzear, azken hiru kantuak jo zituen taldeak, zein baino zein esanguratsuagoak. Lehena, Ikusi arte kantu mitikoa, hogeita bost urteko ibilbidearen ondoren Soilik agur esan nahi ez duen hirukotearen akordeetan sendo. Gero, Denak ez du balio, emanaldia amaitzerik nahi ez zuten ikus-entzuleen ahotan ozen. Azkena, Katedral bat, haria eten ez dadin gitarrak astintzen eta kantuak sortzen jarraitzeko gonbita zuzen.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku

Ikusi arte

Kontzertu berezia izango zela iragarri zuten. Hala izan zen. Hogeita bost urteko ibilbide oparoaren ondoren, 20.000 lagun baino gehiago elkartu zituen bart Berri Txarrak taldeak. Hamazazpi gonbidatu eta 37 kantu. Ia hiru ordu. Zifra urri dira bizi izan dutena eta atzo bizi izandakoa laburbiltzeko. Ikusi arte esango du hirukoteak azaroan, hilaren 22an eta 23an egingo dituzten azken kontzertuetan. Zaleentzat, ordea, ez da Ikusi arte bat izango, talde nafarraren doinuek inoiz baino ozenago iraunen baitute, bizirik. Ezean, beti egongo da berriz ere gitarra astindu eta barruan kanturik duen ikusteko aukerarik.

2019-07-15

Aritz Loiola, Foku