Ur mailaren igoera, 2050erako

Climate Central ikerketa zentroak mapa batean bildu du 2050ean non izan dezaketen uholde arriskua itsasoaren maila igotzean. Euskal Herrian, batik bat Lapurdin eragingo du, baina ez da leku bakarra izango. / 2019-10-30

Argazki Bildumak

Aturri arroa

Marea biziak direnean bereziki nabaritu ohi dute Aturri ibaiaren inguruko herrietan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Itsas mailaren igoerak bereziki eragingo die haiei: Bokale, Baiona, Hiriburu, Lehuntze, Ahurti, Gixune, Samatze... Hiriburuan, Baionan, ibai ertzeko bi aldeek izango dute uholde arriskua: Leon Bonnat etorbideak eta inguruak —herriko etxetik itsaso alderako eremu osoa—, eta kai aldea. Arriskupeko eremua izango da A64 autobiderako sarbidearen ingurua ere: Ametzondo merkataritza gunearen eremu osoa.

2019-10-30

Donibane Lohizune

Urdazuri ibaiaren inguruak daude arriskuan: bai Donibane Lohizune eta Ziburu —besteak beste, tren geltokiaren inguru osoa—, bai barruragoko eremuak, Azkaineraino.

2019-10-30

Irun

Gipuzkoa eta Lapurdi artean ere arrisku nabarmena sumatu dute ikertzaileek. Uholdeak jasateko arriskuan daude, adibidez, Hondarribiko aireportua, Ficoba erakustazoka eta Zokoa ingurua.

2019-10-30

Pasaia

Pasaia aldean ere kalte arrisku nabarmenean leudeke: Pasaia, Lezo eta Errenteria ageri dira mapan seinaleztatuta.

2019-10-30

Donostia

Gipuzkoako hiriburuan, bereziki Gros eta Egia inguruan eragingo luke itsasoaren maila igotzeak. Uholde arriskuan leudeke Norteko tren geltokia eta Tabakalera ingurua, baita Kursaal jauregiaren aldeko eremua ere. Urumea ibaiaren ertzean daude denak. Ibaiaz beste aldera, Maria Cristina hotelaren inguruan ere balukete arriskua, baita Kontxa hondartzaren bueltan ere.

2019-10-30

Orio eta Zarautz

Orioko itsasadarrean, kirol portuaren inguruko eremu osoak izango du uholdeak pairatzeko arriskua, baita herrigunean ere, Baxoalde kalearen inguruan. Zarautzen, itsas ertzean ez ezik, barrurago ere izan ditzakete arriskuak: A8 autobidearen ingururaino iritsiko litzateke itsasoko ura, eta Asti auzoraino —herriko bi kanpinetako bat dago han—.

2019-10-30

Urdaibai

Uholde arriskuan dagoen eremua oso zabala da Urdaibai aldean: Gernika-Lumo, Forua, Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Murueta, Busturia... Izaro uharteak berak ere arriskua dauka lur eremua urpean geratzeko. Nekazaritza lurretan soilik ez, etxebizitzak dauden eremuetan ere badute ura sartzeko arriskua.

2019-10-30

Bilboko itsasadarra

Jende asko bizi den eremuak daude arriskuan Bilboko itsasadarrean: Bilbon bertan, Zorrotzan, Zorrotzaurren, San Ignazion eta Botikazar inguruan eragingo luke, baita barrurago ere, Guggenheim museoaren inguruan. Marea bizietan ere eragin ohi du gaur egun. Itsaso alderago ere badute arriskua: Erandion, Barakaldon eta Getxon, adibidez. Getxon eta Barakaldon, ibai ertzetik nabarmen barrura sar daiteke ura: adibidez, BEC erakustazokara Max Center inguruko lur eremura.

2019-10-30

Muskiz

Arena hondartzatik barrualdera jo dezake urak itsasoaren maila igota, eta Muskiz aldeko lur eremuak uholde arriskuan jarri. Barbadun ibaiaren bueltan, Petronorren planta legoke arriskuan, besteak beste.

2019-10-30

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.