Berri Txarrak-en Ikusi Arte bira

Berri Txarrak taldeak iazko abenduan iragarri zuen «geldialdia». Asteburuko kontzertuak izango dira 'Ikusi Arte' birako azkenak. 'Agur' urte hunkigarria izan da aurtengoa. / 2019-11-21

Argazki Bildumak

Lagunartean Kobetamendin

Uztailaren 14an, Berri Txarrak-en taldekide kopurua biderkatu egin zen Bilboko Kobetamendin. Ez ziren hiru izan, hamazazpi baizik, 20.000 zaleren aurrean, ia hiru orduz. Han izan ziren, besteak beste, Aritz Mendieta (Deabruak Teilatuetan), Aiora Renteria (Zea Mays), Iseo (Iseo & Dodosound), Matt Sharp (Weezer) eta Aitor Gorosabel (Su Ta Gar). Irudian, Anari Alberdi eta Karlos Osinaga 'Txap'.

2019-07-14

Aritz Loiola / Foku

Adarra saria

Donostiako Udalak Berri Txarrak-i eman zion Adarra saria, taldeak musikagintzan egindako ibilbidea goraipatzeko. Bost minututan saldu zituzten Viktoria Eugenia antzokian eman zuten kontzerturako sarrerak. «Gure ekosistema txiki eta txikituan dena dago egiteko», esan zuen orduan Gorka Urbizu musikariak. «Han bai, baina hemen ere bai. Eta batez ere orain eta etorkizunean».

2019-06-21

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Kafe Antzokiko azkena

'Beude' kantuak garrantzi berezia hartu du Berri Txarrak-en azken hilabeteotako bidean. Izen hori bera eman zioten gertu izan dituzten aretoetan egin zuten kontzertu birari. Kantuak hasieran aipatzen du Bilboko Kafe Antzokia, eta, otsailean, taldeak bi egunez bete zuen «euskal musikaren tenplu» hori. Azkenean, bi zati izan ditu aurtengo 'Beude' birak: otsailetik apirilera egin zuten lehenengoa, eta urrian bigarrena. Guztira, hemeretzi gaztetxe eta areto txiki bete dituzte, eta zaleek ilara handiak egin behar izan dituzte kontzertuetarako sarrerak lortzeko.

2019-02-20

MONIKA DEL VALLE / FOKU

Seaskaren 50. urteurrena

2018ko abenduan iragarri zuen Berri Txarrak taldeak urtebeteko bizialdia zuela aurretik; 2019ko azaroaren 23an esango zuela «ikusi arte». Taldeak otsailean hasi zuen 'agur' bira, eta hilaren 16an kontzertu jendetsua eman zuen Miarritzen (Lapurdi), Seaskaren 50. urteurrenean, Diabolo Kiwi eta Willis Drummond taldeekin batera.

2019-02-16

GuiIlaume Fauveau

Agur bira luzea

«Musikari gisa hazteko, nire bizitzako taldea izan dena baztertu behar dut», esan zuen Gorka Urbizuk 'Ikusi Arte' biraren aurkezpenean. Taldeko abeslariak eskerrak eman zizkien 25 urte hauetan haien aldamenean izan direnei, eta iragarri zuen 40tik gora kontzertu emango zituztela urtea amaitu baino lehen.

2019-02-14

Jagoba Manterola / Foku

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.