2021eko argazki bilduma

/ 2021-12-22

Argazki Bildumak

AEBak etxera, zibilak ihesi

AEBek maiatzean Afganistandik erretiratzen hasi eta hiru hilabetera, abuztuaren 15ean, talibanak Kabulen sartu ziren. Bi astean eta ia batere borrokarik egin gabe bereganatu zuten herrialdea, eta horrek irudi dramatikoak utzi zituen Kabulgo aireportuan, Afganistandik ateratzeko talibanek kontrolatzen ez zuten irteera bakarra. Herrialde horretan gerran aritutako atzerriko armadek gerran eurei lagundu zieten zibilak ebakuatzen hasi ziren, eta hegazkin batean sartzeko itxaropenarekin han pilatutako jendearen irudiek munduari buelta eman zioten. 122.000 pertsona atera ziren hegazkinetan. Abuztuaren 26an eraso suizida bat izan zen aireportuan eta 183 pertsona baino gehiago hil ziren.

2021-08-23

Samuel Ruiz, AEBetako armada

Chris Donahue, Afganistan utzi zuen AEBetako azken soldadua

Abuztuaren 31n amaitu zuen AEBetako armadak Afganistan uzteko operazioa. Chris Donahue jeneral maiorra, AEBen armadako 82. Dibisio Aerotransportatuko komandantea, izan zen herrialdea utzi zuen AEBetako azken soldadua (argazkian, azken hegazkinera igotzen). Egun horretan Afganistan «nazio aske eta subiranoa» dela aldarrikatu zuten talibanek. Kabulgo aireportua miliziaren esku geratu zen, eta Afganistan aro berri batean sartu zen. 2001eko urriaren 7an inbaditu zuten AEBek Afganistan, irailaren 11ko atentatuetatik hilabete batera, eta inoiz egin duen gerra luzeena izan da. 2.465 militar estatubatuar hil dira hogei urteetan.

2021-08-31

Jack Holt, AEBetako armada

Arrotxapeko gaztetxea hustu zuten

Hustu, hesitu eta eraisten hasi. Dena egun berean. Iruñeko Lehen Instantziako 4. epaitegiak iraungitze data jarria zion Iruñeko Arrotxapea auzoko gaztetxea hartzen zuen eraikinari, eta ez zen luzamendutan ibili: abuztuko lehen egunetan eman zuten husteko agindua, eta irailaren 2an bete zuen agindua Espainiako Poliziak, Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren laguntzarekin. Dozenaka gaztek protesta egin zuten Iruñeko kaleetan, eta Polizia bortizki oldartu zitzaien. Sei atxilotu, zenbait zauritu, eta dozenaka identifikatu izan ziren.

2021-09-02

Idoia Zabaleta, Foku

Ia hiru hilabeteko dardara bat

Cumbre Vieja sumendia lehertzen eta laba isurtzen hasi zen irailaren 19an. Kanaria uharteetan dago sumendi hori, Las Palmasen (Espainia), eta piztu zenetik erabat itzali zen arte hiru hilabete joan ziren: abenduaren 25ean baieztatu zuten sumendiaren jarduera erabat bukatutzat jo zitekeela. Ia ehun egun horietan, 1.700 bat etxebizitza eta eraikuntza azpian hartu zituen laba jarioak, eta 7.000 bat lagunek galdu zuten haien etxea. Kalkulatzen duten 1.240 bat hektarea estali zituela isuriak, eta itsasoraino ere heldu zen.

2021-09-19

Miguel Calero, EFE

Donostia sari polemikoa

2021ean lehen aldiz Donostiako Zinemaldiak genero bereizketarik gabeko urrezko maskorrak eman zituen. Irailaren 17tik 25era egin zen zinema jaialdia. Edizio hori, baina, Donostia sariengatik ere gogoratuko da. Marion Cotillardek jaso zuen lehena. Bestea, berriz, Johnny Deppek, eta azken horrek zer esana eman zuen. Izan ere, indarkera matxista auzi batean nahastuta dago Depp: emazte oihak egindako tratu txar salaketa argitaratu zuen 'The Sun' egunkariak; aktoreak salaketa bat jarri zuen kazetaren kontra, baina epaileak Deppen salaketa artxibatu zuen, esanez emazte ohiaren salaketak egiazkoak izateko arrazoiak badaudela. Zinema munduko hainbat pertsonak adierazi zuten saria ematea ez zela egokia. Zinemaldiak argudiatu zuen Deppen ibilbide profesionala saritzen zuela modu horretara, eta ez zegokiola haren jarrera epaitzea. Gaineratu zuen haren kontrako zigorrik ez zegoela. Irailaren 22an jaso zuen saria Deppek (argazkian, saria jaso aurreko argazki saioan).

2021-09-22

Gorka Rubio, Foku

Puigdemont, aske berriro

Irailaren 24an Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua aske atera zen Sardiniako Bancari espetxetik. Kargurik gabe libre utzi zuen Sassariko Helegite Auzitegiak (Sardinia, Italia), egun batzuk lehenago, Espainiak hala eskatuta, atxilotu ostean. Espainiako Auzitegi Gorenak eutsi egin zion haren kontra igorria zuen euroaginduaren auziari, eta kautelazko neurriak eskatu zituen ondoren. Azaroaren 26an Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak, ordea, ebatzi zuen ezin dituztela atxilotu Europako Batasunean Puigdemont eta Antoni Comin eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari ohiak, horien aurkako euroagindu eskaerak indargabetuta daudelako behin-behinean.

2021-09-24

Junts

Tragedia trenbidean

Urriaren 12an Hendaiatik Bordelera (Okzitania) zihoan trenak lau lagun harrapatu zituen Ziburun (Lapurdi), trenbidean etzanik zeudela. Horietako hiru hil ziren, eta laugarrena Baionako erietxera eraman zuten, larri. Baionako prokuradoreak baieztatu zuen laurak Aljeriatik zetozela, eta migrazioaren bidean zeudela, Baionara iritsi nahian. Bizirik atera zenak baieztatu zuen polizia kontroletatik ihesi joan zirela trenbidera, uste zutelako ez zituztela aurkituko argirik gabeko eremu horretan. Cimade, Anafe eta Gisti etorkinen laguntzarako elkarteek salaketa ezarri zuten Baionako Fiskaltzaren aitzinean, eta Europako Batasunaren eta Frantziako Gobernuaren migrazio politika jarri zuten jomugan. Azaroaren 19an beste migratzaile bat zauritu zen trenbidean, Donibane Lohizune eta Getaria artean (Lapurdi), trenaren ufadak lurrera botata.

2021-10-12

Guillaume Fauveau

Eskopeta tiroak fakultatean

Euskal Herriko Unibertsitateko 21 urteko ikasle batek eskopeta bat erosi zuen, harekin igo zen Leioako campusera (Bizkaia), eta tiroka hasi zen Zientzia eta Teknologia fakultateko eraikinaren kontra. Ez zuen inor zauritu, baina gutxienez 25 tiro egin zituen, eta kalteak eragin zituen higiezinetan, irudian ikusten den leihoan egindakoak bezalakoak. 18:40 hasi zen fakultatean tiroka, eta ezinegon, urduritasun eta iskanbila handia sortu zen. Ikasle, langile eta irakasle batzuk ihesi abiatu ziren bitartean, beste batzuk ikasgeletan itxita eduki zituzten. Ertzaintzak inguratu zuen lekua, bideak zarratu, eta ikaslea 19:30 aldera atxilotu zuten. Ez zuela inor zauritzeko asmorik adierazi zuen. Unibertsitateak zigor espediente bat ireki zuen gaztearen kontra. Epaileek, berriz, unibertsitatetik aldentzeko behin-behineko agindu bat ezarri zioten.

2021-10-14

Miguel Toña, EFE

Aieteko konferentziaren 10. urteurrena

Urrian hamar urte bete ziren Aieteko Konferentziaz geroztik, eta hilaren 14an ekitaldi bat egin zuten urtemuga gogoratzeko. Nazioarteko eta Euskal Herriko ordezkaritza zabal batek parte hartu zuen, eta bake prozesuan izandako lorpenak eta zailtasunak nabarmendu zituzten. Hamarkada bat pasatu da 2011koaz geroztik, egon dira aurrerapauso handiak, ez hain handiak ere bai, eta badira konpontzeko atalak. Osatu gabeko bake prozesua da, nazioarteko bitartekariek Aieteko mahai inguruan ondorioztatu zutenez.

2021-10-14

Idoia Zabaleta, Foku

Urriaren Hemezortziko Adierazpena

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Urriaren Hemezortziko Adierazpena irakurri zuten egun horretan «euskal ezker independentistaren» izenean, Donostiako Aiete jauregian. Bortz puntukoa zen, baina hirugarrenak piztu zuen bereziki arreta, aldaketa nabarmena baitzekarren ezker abertzaleak orain arte erabilitako eleetan. «ETAren indarkeriak eragindako» biktimei egin zien «aipamen berezia», eta «atsekabea eta mina» adierazi zizkien «jasan duten sufrimenduagatik». «Ez zela inoiz gertatu behar», gaineratu zuten.

2021-10-18

Jon Urbe, Foku

Alerta faltsua, Hiriburun

Alerta faltsu bat izan zen urriaren 21ean Hiriburun. Aturri kolegioan Segurtasun Plana aktibatu zuten eta 700 ikasle ateak blokatuta konfinatu zituzten, Frantziako Poliziak eraikina osoki miatzen zuen bitartean. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu zionez, kanpoan otoitz egin ondoren bi gizon «arriskutsu» kolegiora sartzen ikusi zituzten ikasle batzuek. Azkenean, ordea, prokuradoreak jakinarazi zuen bi gizon horiek aurkitu zituztela, baina ez zirela sartu ikastetxe barnera: atarian zeuden, autokidetza hitzordu baten beha.

2021-10-21

Bob Edme

Euskal presoen eskubideen aldeko ibili ozena

Urriaren 23an 'Ibilian-ibilian, etxerako bidean' leloa zuen manifestaziora deitu zuen Sarek Donostian, eta milaka lagun atera ziren kalera, euskal presoen «etxerako bidean» urratsak egiteko eskatuz. Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta eragile andanaren babesarekin egin zuen bidea euskal presoen eskubideen aldeko protestak, eta eskari nagusi bat plazaratu zuten: euskal presoei aplikatzen zaizkien «salbuespenezko» espetxe politikak «bertan behera» geldi daitezela. Horien artean hiru eskari nabarmendu zituzten: euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea, «ezkutuko bizi osorako» kartzela zigorrak etetea eta gradu progresioei eta baimenei bide ematea.

2021-10-23

Jon Urbe, Foku

«Ez dago B planetarik»

Urriaren 31tik azaroaren 12ra Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 2021eko Konferentzia (COP26) egin zuten Glasgown. Azken akordioan ez zuten jaso ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eskaria. Adituek azpimarratu zuten hartutako neurriak ez zirela eraginkorrak 2030. urterako munduko batez besteko tenperatura gehienez 1,5 graduko igoeran mantentzeko. Klima larrialdiari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatuz, Eskoziako hiri horretan 2003tik egin den manifestaziorik jendetsuena egin zuten azaroaren 6an. 100.000 pertsona elkartu ziren (argazkian). Egun berean gisa bereko ehunka protesta egin ziren mundu osoan, baita Euskal Herrian ere.

2021-11-06

ANDY RAIN, EFE

Amets Arzallusek laugarrenez irabazi zuen Xilabako txapela

Amets Arzallus Antiak laugarren aldiz irabazi zuen Xilabako txapela, azaroaren 13an. Donibane Lohizunen jokatu zen finala, Lapurdin, eta Miren Artetxerekin aritu zen buruz burukoan. Arzallusek sekulako jarioa duela behin eta berriz erakutsi zuen; hizketan ari balitz bezala ekarri zuen bertsoa, goitik behera, errima estuekin ari zela ere. Artetxek ere ariketa guztietan utzi zuen beretik. Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren izan ziren beste lau finalistak.

2021-11-13

Bob Edme

Korrika, Amurriotik Donostiara

Data jarria zion AEK-k 22. Korrikari, eta azaroaren 17an jakinarazi zuen nondik nora egingo duten: Amurrion (Araba) hasiko da, martxoaren 31n, eta Donostian amaituko, apirilaren 10ean. Gipuzkoako hiriburuan aurkeztu zuten, San Telmo museoan, urtebete lehenago egitasmoaren atzerapenaren berri eman zuten leku berean eta Remigio Mendiburuk egindako lehen lekukoa ikusgai dagoen tokian. Leloa ere aurkeztu zuen AEK-k: 'Hitzekin'. Hitzetik ekintzara igaro beharra aldarrikatuko dute, «nork bere tokitik eta eginbeharretik». Areago egungo testuinguruan, zeinean piztuta baitago «larrialdi linguistikoaren alarma gorria», antolatzaileen arabera.

2021-11-17

Jon Urbe, Foku

Espekulazioa jomugan

Ipar Euskal Herriko 30 bat eragile elkartu ziren Baionan, azaroaren 21ean. Helburua: etxebizitza eskubidea izan dadin eta espekulatzeko tresna izateari utz diezaion lortzea. 8.000 lagun elkartu ziren, eskari horri babesa emateko, eta erakunde publikoei mugitzeko eskatzeko. Urte askoan etxebizitza politikarik ez dela egin eta instituzioek beren esku zituzten tresnak ez dituztela erabili ohartarazi zuten. Manifestazioan elkartu ziren kolore askotako eragile eta pertsonak, baita Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza ere. Euskal Hirigune Elkargoaren eta Baionako suprefeturaren artean, manifestariek giltzak eskuetan hartu eta astindu egin zituzten, irudian agertzen denez; adierazi nahi zuten Elkargoak har ditzakeela neurri zehatz batzuk, baina beste batzuentzat beharrezkoa dela legeak aldatzea, eta hori Frantziako Asanblearen esku dela.

2021-11-21

Guillaume Fauveau

Oihu bat hitz maiztuen gainetik

«Kokoteraino gaude. Minduta, amorratuta eta nazkatuta». Mugimendu feministak ez du diskurtso hutsalik eta promesa maizturik nahi. Hala adierazi zuen kalean azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Indarkeria matxista errotik erauzi nahi dute behingoz. «Ekintzara» pasatu. Ozen entzun zen aldarri hori herri zein hiriburuetan, milaka lagun batu baitziren, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta (argazkian, Baionan), Azaroaren 25aren karira antolatutako protestetara.

2021-11-25

Guillaume Fauveau

Alkaiza, Nafarroako txapeldun

Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi zuen 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, azaroaren 28an. Iruñeko Anaitasuna pabiloian jokatu zen finala eta Alkaiza izan zen han kantatu zuen emakume bakarra. Estitxu Arozena Albizuk jantzi zion txapela, hain zuzen, duela 26 urte bertsolari txapelketa nagusietako bat irabazi zuen lehen emakumeak. Eneko Lazkoz Martinezekin aritu zen Alkaiza buruz burukoan. Beste sei finalistak Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Xabier Silveira Etxeberria, Xabat Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri eta Eneko Fernandez Maritxalar izan ziren.

2021-11-28

Idoia Zabaleta, Foku

AHTa lur azpitik, Jaurlaritzaren eskuetan

Abenduaren 3an EAJk eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu zuten AHT abiadura handiko trena Bilbora eta Gasteizera lur azpitik sartzeko eta lan horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko. Madrilen erdietsi zuten akordioa, Espainiako aurrekontuen negoziazioetan. Aitor Estebanek, EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak, «historikotzat» jo zuen erdietsitako akordioa, Gasteziko tren geltokian EAJk egin zuen presazko agerraldian. Bi hiriburuetako geltokiak, Arkautiko korapiloko obra eta Bilborako tunelak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Lan horiek egiteko dirua aurreratu beharko du, eta, gero, kupotik deskontatuko du.

2021-12-03

Raul Bogajo, Foku

Ateak ireki zituen berriro

2020ko 'online' salmenta bidezko edizioaren ondoren, abenduren 4an Landako guneko ateak ireki zituen berriro Durangoko Azokak. Presentziala izatera itzuli zen azoka, baina txanda hartuta eta maskara jantzita sartu ahal izan ziren disko eta liburu zaleak. Egun horretatik abenduaren 8ra egin zen azoka. Ordu eta erdiko txandak izan zituzten bisitariek, eta guztira 25.000 pertsona joan ziren Landakora. Ezohiko edizioa izan zen, baina «balorazio positiboa» egin zuten antolatzaileek; saltzaile batzuek balorazio gazi-gozoa egin zuten, hala ere.

2021-12-04

Marisol Ramirez, FOKU

Urak ez zuen elkartasuna eraman

'Barra' izeneko ekaitzak hondamendia eragin zuen abenduaren 8tik 14ra bitartean Euskal Herrian. Mendebaldetik ekialdera joan zen, eta uholdeak izan ziren udalerri askotan, ibai arro gehienetan. Mendialdean pilatu zen elurra urtu eta ibai nagusietan bildu zenean eragin zituen kalte handienak. Batik bat, Nafarroan. Sunbillan emakume bat hil zen luizi batek harrapatuta, eta Elizondon gizon bat, lanera zihoala urak eramanda. Herriz herri eta auzoz auzo, auzolanera deitu zuten eta elkartasuna loratu zen hondamendiaren erdian (argazkia, Iruñeko Arrotxapeko bizilagunak, elkarri laguntzen, Argak gainezka egin ondoren).

2021-12-10

Jagoba Manterola, Foku

Ibarzabal, Bizkaiko txapeldun

Nerea Ibarzabal Salegi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldun berria. Abenduaren 18an jokatu zen finala, Miribillan, eta ariketaz ariketa, saio bikaina egin zuen Ibarzabalek. Jone Uria Albizurirekin jokatu zuen buruz burukoa, eta lortu zuten biek publikoa piztea finalaren azken txanpan. Beste finalistak Etxahun Lekue Etxebarria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Onintza Enbeita Maguregi, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazagarraga Gabiola eta Gorka Pagonabarraga Agorria izan ziren.

2021-12-18

Marisol Ramirez, FOKU