Sanferminetako kartelak

/ 2013-07-05

Argazki Bildumak

Protagonista guztiak irudi bakar batean

Bestetako protagonistak edo uneak izan dira beti sanferminetako karteletako ardatz. Entzierrokoa izan da gehien baliatutako irudietako bat. Baina ez bakarra, ordea. Bertze zenbaitetan musikak hartu du toki nabarmenena kartelean, bai eta dantzak edo bestan murgiltzen diren peņetako kideek ere. 1983. urteko kartelak, berriz, guztiak jaso nahi izan zituen. Irudi kolektiboa eskaini zuen, sanferminetako protagonista guztiak jasotzen baititu, batera. Ez da inor falta; arratsaldero plazan zezenak akabatzen dituzten toreroak ere ageri dira.

2013-07-13

Edurne Elizondo

Caravinagre

1997. urteko sanferminetako kartelak protagonista bakarra du. Kartel osoa hartzen duen irudia. Caravinagre kilikiaren aurpegiarena. Hori da iruindarrek gehien maite duten kilikia, nahiz eta haren aurpegiaren keinua hagitz samurra ez izan. Haren atzetik ibiltzen dira haurrak eta haien gurasoak. Kartel bilakatu zen aurpegiak haiei so egitea bertzerik ez dute nahi.

2013-07-13

Edurne Elizondo

1964: argazki bilakatu ziren marrazkiak

Sanferminetako kartelen historian 1964. urtea da bertze giltzarrietako bat. Urte hartan, ordura arteko marrazki eta pinturak argazki bilakatu ziren, bestak iragartzeko. Aldaketa garrantzitsua izan zen, hurrengo urteetan, diseinu grafikoaren aroa hasi arte, argazkia izan zelako sanferminen berri emateko tresna nagusia. Benetako izarra kartelen bidean. 1964. urteko lehendabiziko argazkiak sanferminetako karteletan anitzetan errepikatu den gai bat izan zuen ardatz: entzierroa.

2013-07-12

Edurne Elizondo

German Rodriguez gaztea hil zuen Espainiako Poliziak

1978koak ere zezenak Iruņeko karriketan korrika jartzen dituen lasterketa horri egin zion so. Azken urte horretako bestak, hain zuzen ere, betiko gelditu dira iruindarren gogoan. Ez kartelagatik, uztailaren 8ko gertaerengatik baizik. Egun hartan, German Rodriguez gaztea hil zuen Espainiako Poliziak, Iruņean. Bestak bertan behera utzi zituzten hiriko agintariek. Urtero omentzen dute Rodriguez sanferminetan, hil zuten toki berean.

2013-07-12

Edurne Elizondo

Emakumeen irudia, ia salbuespen

Emakumearen irudia gutxitan agertu izan da sanferminetako karteletan. Bestaz gozatzen, gizonak agertu izan dira, ia beti. 1944. urteko irudia, hala ere, salbuespena da, bi emakume agertzen dituelako: erronkariarra da bat, eta Iruņekoa bertzea. Urte hartan Julian Gaiarre tenoaren eta Pablo Sarasate musikariaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen zen, eta data hori gogora ekarri nahi izan zuen kartelak.

2013-07-11

Edurne Elizondo

Estilo aldaketa

1959ko kartelaren eskutik aldaketa nabarmen bat gertatu zen sanfermin bestak iragartzeko lanetan: ordura arteko irudi errealistak marrazki eskematiko bilakatu ziren, lehendabiziko aldiz. Entzierroko eszena agertzen dute marrazkiek; zezena eta korrikalariak ageri dira. Bertze arrazoi batengatik da aipagarria urte horretako kartela: gaizki irudikatuta dauka Iruņeko armarria. Lehoiaren irudia zutik ageri da, baina etzanda beharko luke.

2013-07-11

Edurne Elizondo

Hemingway eta musikaren urtea

1923. urteko kartelak musika du protagonista nagusi eta bakar, lehendabiziko aldiz. Horrek berezi bilakatzen du XX. mendeko kartel hori. Baina bada bertze arrazoirik 1923. urte horretako kartela aipatzeko. Urte horretan ailegatu omen zen Ernest Hemingway aurreneko aldiz Iruņeko bestetara. Hari esker bilakatu ziren munduan ezagun sanferminak. Dena den, idazlea Iruņera etorri baino lehen ere izaten ziren Nafarroako hiriburuan atzerriko kazetariak sanferminen berri ematen. 1899. urtean, adibidez, berrogei mediotako profesionalek lortu zuten akreditazioa. 1923ko irudiaren bi ale bertzerik ez dira gelditzen.

2013-07-10

Edurne Elizondo

Gerra aurretiko kartela

1936. urteko kartela ere bada berezia, argitaratu eta handik gutxira hasi baitzen gerra. 1937. eta 1938. urteetan ez zen bestarik izan Iruņean. Kartelik ere ez, noski. 1939. urtekoa izan zen hurrengoa. 1939. urteko irudiak ekitaldi erlijiosoei eman zien garrantzia, hain zuzen ere, gerraren ondorengo garaiaren erakusgarri.

2013-07-10

Edurne Elizondo

Sarasateri eskainitako eguna

1908. urteko sanferminetako kartelak protagonista berezi bat izan zuen: Pablo Sarasate biolin jotzaile eta musikaria. Egun bat eskaini zioten egitarau ofizialaren barruan urte hartan. 1908. urteko San Fermin haiek izan ziren Sarasaterentzat azkenak, gainera, urte hartako irailean zendu baitzen musikari nafar ezaguna.

2013-07-09

Edurne Elizondo

Erraldoien eta buruhandien konpartsa protagonista

XX. mendearen hasiera hartako karteletan bada iruindarrentzat berezia den bertze protagonista bat: erraldoien eta buruhandien konpartsa. 1920. urteko kartelean erraldoiak eta buruhandiak dira izarrak. Are gehiago, irudiko protagonista bakarrak dira konpartsako kideak, lehendabiziko aldiz. Sanferminetako kartelen historian bertze hainbat aldiz izanen dute toki berezia erraldoiek eta buruhandiek bestak iragartzeko irudietan. Caravinagre buruhandia, adibidez, bitan izan da karteleko irudi bakarra. Iruindarrek bereziki maite dute. Eguneroko konpartsaren paseoan haur guztiek egon nahi dute Caravinagre buruhandiaren ondoan.

2013-07-09

Edurne Elizondo

Paperezko ispilu bat bestarentzat

Ohitura hori ez da eten. Hasierako margolanak argazki bilakatu ziren denborarekin, eta azken urteotan, diseinu grafikoak hartu du, batez ere, sanferminetako kartelen esparrua. Hasierako kartel haiek aspaldiko besten ispilu ere badira. Bestetako uneak islatzen dituzte kasu anitzetan. 1900. urtekoan, adibidez, musika da protagonistetako bat. Gaiteroa ageri da, bertzeak bertze, Iruņeko zezen plaza zaharrean. San Lorenzo elizaren fatxada zaharra ere kartel horretako protagonista bada.

2013-07-07

Edurne Elizondo

Sanfermin bestak iragartzeko lehendabiziko kartela

Iruņeko sanfermin bestak 1386. urtean jaio omen ziren. Geroago hasi zen, hala ere, Nafarroako hiriburuko jaiak irudi batekin laguntzeko ohitura. 1881. urtekoa da sanfermin bestak iragartzeko lehendabiziko kartela. Ordura arte testuen bidez baino ez zen ematen sanferminetako ekitaldien berri. 1881eko kartel horrek irudia bilakatu zuen protagonista, lehendabiziko aldiz. Hiriko armarria agertu zuen XIX. mende bukaerako margolan horrek.

2013-07-07

Edurne Elizondo

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.