Gargantuaren zain

Garai bateko esku-huskako pilota modalitateak —enpresa-partidetan oinarrituta, apustua negozioaren bizkarrezurra izaki, hierarkiatan sailkatuta— fabrika baten usaina zuen.

Gazteek debuta egin ahala, apurka-apurka, urteen poderioz gora egiten zuten, kategoriak sortuz: primerakoak, segundakoak eta tertzerakoak.

Kantxatik at, pilotaria libre zen bere bizitza egiteko. Erantzukizuna, enpresarekiko eta zaleekiko, kantxako jarduerarekin lotuta zegoen soilik. Fabrikako lanak bukatu ostean, libre. Pilotariak kirolari baten itxura baino, langile batena zuen.

Errotik aldatu da egoera joan deneko 30 urteetan telebistak aginte makila hartu ondoren. Bai finantziazioari dagokionez, baita exijentzia maila parte hartzaileei dagokienez ere.
Telebistaren eraginaz, langile zirenak kirolariak bilakatu dira, beste edozein kirolaren pareko kirolari homologatuak.

Modernitate horrek, komunikabideak medio, aldaketa nabarmenak ekarri zituen berehala. Gaztetu egin ziren koadroak, gero eta beterano gutxiago eta gero eta aurpegi berri gehiago kantxetan.

Sistema berrian txapelketak dira negozioaren muina, urte osoan gainera: binaka, banaka ala lau t`erdian. Bestelako partidak, enpresakoak, inongo erakargarritasunik gabeak, ezpada udaran, herriko festetan.

Txapelketek elite baten sorrera dakarte, exijentzia maila, haatik, goren-gorenekoa. Hautatuak errendimenduaren arabera izaten dira, mementoko jokoak du garrantzia; ez izenak edo izanak.

Kotizazioa, kontratu berriak, elitearekin lotuta daude. Babak txapelketen lapikoan egosten dira.

Sistema zaharrean pilotaria, enpresa-partidetan eroso bizi zen, entrenatu ala ez. Errendimendua, intendentearen esku neurri batean. Derrepente, etenik gabeko erakusleihoan ageri da, profesional bilakatu da, erabatekoa.

Telebistaren fokuen azpian ari den pilotari berria, lehia basatian murgiltzen da, eta honek ondorioak ekarriko dizkio.
Pilotariak aurpegia eman behar du une oro. Lortutako balentriak ahaztu egiten dira biharamunean, estatistiken kaxoian gordetzen dira. Berriro hasi beharra, zerotik. Denboraldiz-denboraldi, sekulako estresa sortzen du.
Kirolarien zaurgarritasuna agerian geratzen da.
Ikustekoak dira egungo esku-huskako pilotarien entrenamenduak —prestaketa fisikoaz ari naiz—. Olinpiar jokoetan parte hartuko dutenen parekoa dela esango nuke.

Goi mailan aritzeak edo ailegatu nahiak higadura dakar, jasanezina batzuentzat. Bolo-bolo dabil arlo psikologikoaren eragina pilotan ere; natural-natural hitz egiten da horretaz. Zergatik?
Kirol modernoan elitera ailegatu eta bertan egonkortu nahi duten guztiek baldintza batzuk bete behar dituzte.

Genetikoki egokiak izatea. 2. Muturreko entrenamenduak burutzea. 3. Burua, psikologikoki, ondo prestatuta edukitzea. 4. Lesioekin zorte ona izatea.
Kirol modernoan lehiakor izan nahi duen lehiakideak jakin behar du edozein mementotan Gargantua agertuko zaiola.

Aparraldia

Gernikako Winter Serieseko bigarren edizioak ahoa bete hortz utzi gaitu zesta-punta zaleoi eta gainerako pilotazaleei. Zeinek espero halakorik?
Estatu Batuetako publizitate agentzietan onartutzat ematen da, egiten diren kanpaina guztien artean, soilik %50ek funtzionatzen duela eta ezin dutela arrazoibiderik eman.

Winter Seriesari hasiera emateko, pandemia garaian, ETB1ek sustapen kanpaina indartsu batekin ekin zion txapelketari.
Astelehen gorri batez, arratsaldeko zazpiak eta erdietan, 300 bat lagun bildu ziren batere propangadarik egin gabe. Astero-astero jende kopurua gehitzen joan zen. Debaldeko sarrerak, aforo mugatu gero eta zabalagoa, finalaren egunean pilotalekua lepo zegoen.

Bigarren edizioarekin beste hainbeste baina biderkatua. Finalean, 2.000 lagun bildu ziren Gernikako Jai-Alai frontoian, sarrera guztiak agortuta txapelketaren hasieratik. ETB1ek emandako datuen arabera, %14ko audientziza lortu zuen emanaldiak, iazkoak baino hiru bider gehiago.

“Aparraldia” hitza aipatzen du gehien Xabier Euzkitzek zesta-puntak Gernikan bizi duen loraldia aipatzerakoan.
Euzkitzek ez ditu hitzak nolanahi aukeratzen. Trebea da. Arotz baten itxura hartzen diot. Puskak aukeratu, ondo neurtu, kolaz itsasi, gero txukun-txukun muntatzeko.

Aparraldiak zera ekartzen dit gogora, garagardoa. Behin botila ireki eta edalontzian botatzean hasten den efektua. Apurka-apurka, indarra galdu ahala, behera egiten duena.

Batek daki zer gertatuko den etorkizunean Winter Seriesekin. Berean jarraituko al du? Fenomeno soziologiko bitxia dela dudarik ez egin.
Antolatzaileek tekla egokiak sakatzen asmatu dutela begi-bistakoa da. Ustekabeko arrakasta itzela baita.

Sarrera merkeak, esango du batek. Abonua ere bai, 60 eurokoa.
Jai-alai and music nahasketak gazte jendea erakarri du pilotalekura. Lagun batek esaten zidan saskibaloia ikustera joaten den profil berekoa dela Gernikara hurbiltzen den publikoa.
Bazela xisteraren zaletasuna, lozorroan zegoena eta orain esnatu egin dena…
ETBren esku-hartzea, gehien aipatzen duten arrazoia. Txoritxoa txioka hasi denean, denok frontoira… “Vamos al frontón, vamos sin tardar, que los pelotaris en la cancha están”… dio ereserkiak.
Espekulatzea libre da, baina benetako arrazoiak ez ditugu inoiz jakingo.

Bada estatubatuar soziologo bat, Everett M. Roger, `Diffusion of Innovations´ liburua atera zuena.
Roger jaunak produktu edo ideia bat gizarteratzerakoan, poblazioa bost segmentotan zatikatzen du. Gauss kanpaiaren kurba izenekoaren arabera sailkatuz.
Ideien sortzaileak gutxi batzuk izaten omen dira. %2,5. Aurretik ikusten dutenak izaten dira.
Kanpaian gora, kurba hazten hasi bezala, beste jende kopuru batek, % 13,5ek, ideia eta ahalegina baloratu eta bat egiten du. Nahiko jarraitzaile leialak izaten dira. Prest daude inperfekzioak onartzeko.

Kurbaren malda igotzen hasita, beste jende bat, kontsumitzailea, kopurua gehitzen joaten da. %34. Hauek pragmatikoagoak dira, arrazoizko faktoreak dituzte gogoan (prezioa, deskontuak). Hasierako Initial Adoptants deitzen die Everett jaunak.
Kanpaiaren gorenean, beherantz hasten denean, beste %34 kokatzen da. Zenbat eta eskumarago kurban, kontsumitzaileak ahulagoak dira, edozein mementotan kale egingo dutenak. Ez dira batere leialak.
Kurbaren eskuman, marra horizontala amaitzen den horretan, sortzaileen beste muturrean, hor kokatzen dira atzeratuak. Zer esanik ez, hauek dira lehendabizikoak erosteari, kontsumitzeari, utziko diotenak.

Agian, Euzkitze, inkontzienteki, horretaz ari zen “aparraldia” hitza erabiltzean. Nahi gabe Everett-ek aipatutako Gauss kanpaiaren kurba gogoan.

Itsua nagusi

Badira hamaika istorio euskal pilotarekin lotutakoak. Denetatik dago, baita kontu bitxiak ere. Ondorengoak merezi du lekutxo bat bitxikerien artean.
Eskutitz bat da, aspaldikoa. 1885eko uztailaren 13koa. Izenburua, hauxe:

GUTUN BAT URBERUAGATIK

El Noticiero Bilbainoko Zuzendari Jauna

Zuzendari txit agurgarria
Albiste bat ematera natorkizu zure egunkarian argitara dezazun. Hain zuzen, Ubillako Urberuagako bainuetxean jokatu den pilota partidari buruzkoa, arratsaldeko ordu batean, bainulari eta ikusnahi ugariren aurrean.

Pilota partidan honakoek hartu dute parte: Gillermo Garetxana ospetsua (Ubillako Urberuagako itsua) eta Silverio Ruiz, Prádanos herrikoa. Los Arcos eraikinaren arkupetan izan da partida, 16 tantotara, eta itsua, sakatzaile beti.

Nahiz eta aurkaria, Silverio —planta ederreko gaztea, bide batez—, sake-errestoan ondo moldatu, itsuaren sakeak hain azkarrak eta paretaren kontra baztertuak izaki, hau bost tantoko aldearekin nagusitu zaio lehenengo partidan.

Galtzaileak hala eskatuta, bigarren partida burutu da, 16 tantotara. Eta berriz itsua nagusi, hiru tantoko abantailaz.

Harrigarria dira Urberuagako itsuaren dohainak, banatzaile bezala eta, batik bat, ukuiluetan. Askok baino hobeto ezagutzen omen ditu zalditeria eta uhaleriak. Baita ere, hitz egiten dioten pertsonak, aurretik ezagunak badira: belarri oso finekoa izan behar du.

Gaur, bainuetxean, 130 lagunek hartu dute ostatu.
Har ezazu nire agurrik beroena.
G.

Hamaika ikusteko jaioak gaituk.

Daniako saskigilea

Aldagelen goialdean dago saskigilearen gela. Handia da eta ondo argiztatuta. Horma batean telenobela bateko aktore famatu baten posterra ikusten da, jai-alai player bezala jantzita dago. Beste batean zumitz fardela dago zintzilik. Justu pareta honen aurre-aurrean gordetzen dira saskiak, gela itxi batean, hezetasuna mantentzeko.

Bi telebista daude funtzionatzen, bata bestearen gainean; bien tartean, labe txiki bat. Gainaldeko telebistan transmititzen ari dira futbol partida bat: Miamiko Dolphins New Yorkeko Jets-en aurkakoa; hiruna doaz markagailuan.
Behehaldeko telebistan pilotalekuko kinielak ari dira ematen. Mandiolak irabazi du banakako jokoa, igande honetako matineseko bosgarren kiniela.

Chabelo bere zumitzezko eserleku bajuan dago eserita eta adi jarraitzen du telebistek eskaintzen dutena; ez dago esaterik bere begiak non, zein telebistatan pausatzen diren, futbolean ala pilota jokoan. Litekeena da futbolean izatea. Dena dela, erlaxatuta dirudi, oraindik ez baitiote saskirik ekarri konpontzeko.
Jai-alaia saskigilerik gabe ezinezkoa da. Eurek fabrikatzen dituzte, baita konpondu ere. Pilotalekura ailegatzen aurrenekoak izaten dira; alde egiten azkenak.
Saskiak daude plastikozkoak eta hibridoak. Esperimentatzen aritu dira material berriekin eta jarraitzen dute, baina profesionalek, azken hitza dutenek, nahiago izaten dituzte eskuz, gaztainaz, haritzez eta zumitzez egindakoak. Chabelok konpontzen dituenak, Dania Jai-Alaiko saskigileak.
Bideo bat grabatzea proposatzen diot. Nooo! irrifarrez, “ezta pentsatu ere”. “Laburra izango da, galdera gutxi batzuk”, ez du merezi jarraitzea ezezkoaren aurrean.

Mexiko DFn lan egiten zuen, Isidrin Izagirreren tailerrean. Eguenero sei edo zazpi saski egiten ziren, D.Frako, Acapulcorako, Tijuanarako edo Floridarako.
Chabelok ez zuen etorri nahi Estatu Batuetara. Soldata txukuna irabazten zuen, baina Isidrin Izagirrek erretirua hartu zuen. Florida edo Connecticuteko frontoi batek saskiak konpontzeko norbait kontratatu nahi zuenean, Izagirreren tailerrera jotzen zuen.
Hartfordera (Connecticut) 1976an iritsi zen hango Jai-Alaia inauguratzeko. Sei urte eman zuen iparraldean Daniara (Florida) etorri arte, Fernando Orbea intendentearen eskaria onartu ondoren. Gaurdaino.

Ehunka pilotari ezagutu ditu urteetan zehar, euren saskiak bere esku trebeetatik pasa dira. Saskia saski-konpontzailearen eskuetan uztea da, pilotarientzat, maitalea beste edonoren eskuetan uztea bezala, ez da berbera itzuliko.
Pilotari ohiak bisitan etortzen direnean Chabelorengana jotzen dute, kontu-kontari aritzeko, mescal trago bat hartu bitartean.
“Nik uste dut Daniak ateak irekitzen jarraituko duela, bizpahiru hilabetez. Azken finean, begira —telebista seinalatuz— futbolean zenbat partida izaten dira denboraldi bakoitzean, 14 bat?”
“Miami Jai-Alaiko denboraldia, hastapenean, 1924an, hiru hilabeteko denboraldia izaten zen. Pilotari onenek ez zuten joan nahi izaten, diru gutxi irabazten zelako. Berensonek jabegoa eskuratu zuenean hasi ziren gauzak aldatzen”, esaten diot nik.

Chabelo tarteka pilotariek duten palkora, kontrakantxaren gainaldean, hurbiltzen da, ea zenbat jende dagoen harmailetan ikusteko eta bide batez, neska gazteren bat begiz jotzeko. Pilotarien palkoa leku pribilejiatua da jokoa jarraitzeko.
Gustukoa du Chabelok 22 pilotariz osatutako kuadroa: 9 Iparraldekoak dira; beste 13ak, Hegoaldekoak. Gazteak, hogeitapiko urtekoak gehienak. Van a lo que van, dio Chabelok. Gogotsu, arranke handiarekin jokatzen dutela, alegia.
Partida amaitu da eta Dolphinsek irabazi du, Buffalokoen kontra jokatuko dute hurrengoan. “Oso partida zaila”, Chabeloren arabera.
Bederatzigarren kiniela, banakakoa, funtzioko azkena, Zulaikak irabazi du, lehen postuan.

Urtarrilaren bukaeran bukatuko da jai-alaiaren denboraldia eta Chabelo langabeziaren saria kobratzen hasiko da, hiru bat hilabete irauten duen bitartean. Ondoren, part-time lanen bat aurkituko du, eskolaren batean edo trafikoa zaintzen.

Ez du diru premiarik, urteen poderioz aurreztu ditu sos batzuk. 60 urte ditu eta lasai dago alde horretatik, baita bere emaztea ere. Pozik bizi da, ailegatuko da urtearen bukaera eta jai-alai denboraldi berri bati ekingo diote Danian. Maitatua da bertan, daudenek eta joan zirenek ez dute ahaztuko. Chabelo baita Daniako saski-konpontzailea.

American dream

Miamiko (Florida) urbanizazio batean paseatzen ari gara, bilobak zaintzen. Emakume bat hurbildu zaigu. Latinoamerikarra dela begi-bistakoa da. Jatorriz nongoa den galdetzen diot. Kolonbiarra, duela 37 urte etorri zela Estatu Batuetara.

Lehengusua zeukan New Jerseyn bizitzen. Kolonbiatik etortzeko 2.000 dolar bidali omen zizkion.

Horretara dedikatzen den jendearekin harremanetan jarri zen. Ordaindu zituen 2.000 dolarrak eta hor hasi zen ustez paradisura eramango zuen ibilbidea. Oinez, busez eta autoz, Mexikoraino ailegatu zen.

Behin Texaxen, Rio Grande ibaia gurpil pneumatiko batean pasa zuen. Emakume bakarra taldean. Zain zituzten “koioteak”, ezkutatzeko esan zieten; ilundu arte. Arizonako basamortu bat gauez igaro zuten, bitan bakarrik gelditu ziren atseden hartzeko eta ur tragoa edateko kantinploratik. Egunsentian, auto bat zuten zain zubi azpi batean. Handik Houstonera.

Houstonen hotel batean deskansatu ondoren, bidaiari bakoitza adostutako helbidera bidali zuten. Los Angelesera, Chicagora edo New Jerseyra, Mariaren kasuan.

Sasian, etxeak garbitzen, Ronald Reaganen amnistia bati esker lortu zuen green-carda. Baimen horrekin, permanent resident, zeruaren atarian zen jada; lana eska zezakeen edonon.

Bospasei urte geroago, hiritartasuna lortu zuen. Maria, american citizen bihurtu zen. Ondorengo pausoa izan zen ama eta anaia bat erreklamatzea, Estatu Batuetara etor zitezen Kolonbiatik.

Ezkondu eta Floridara bizitzera etorri ziren jaiotako alabarekin. Unibertsitatean karrera ikasi zuen alabak, komunikabideekin lotutako ikasketak. Lau hizkuntzaren jabe omen da eta horrek lagundu dio alabari Fort Laudardeleko hotel batean lana egiteko.

Mariak 60 urte bete zituenean, Europan zehar ibili ziren bidaiatzen senarra eta biok. Venezia, Paris, Barcelona, Madrid… todo muy lindo. Bere bizitzako egunik ederrenak.

2015ean alargundu zen. Alabaren lankide bati esker, ume bat zaintzen aritzen da egunero zortzi orduz. Senarra zenaren pentsioa kobratzen duen bitartean.

Frontoira joateko ordua iritsi zait. Agur esan diot emakumeari. Agian, ez dugu inoiz elkarren berri izango.

Nik ere, green carda lortu nuen. Beste bide batetik. Jai-alai player gisa. Gure bidea askoz samurragoa izan zen. Biok, ordea, american dream horren atzetik hurbildu ginen nazio honetara. Bakoitza bere bidetik eta bere erara. Gaur, kasualitatez, topo egin arte. 

Anoeta

 Obabako lurraldean hazi nintzen, herri txiki batean, Anoetan, Gipuzkoa ahaztuan. Nire ume denborako oroitzapenak Anoetarekin lotuta daude. Sei urte bete arte, behinik behin; Tolosara bizitzera joan arte.

Alkizara zeraman bide bazterrean zegoen hiru solairuko etxe isolatu batean bizi ginen. Gure azpian etorkin familia bat bizi zen. Zuzenago esanda, bi familia bizi ziren elkarrekin; bietako bat, “con derecho a cocina”.

Alkizatik jaisten zen errekasto bat pasatzen zen etxearen aldamenetik: errekatxo deitzen genion. Gauetan ur-emariaren soinu gozoa entzun zitekeen ohetik.

Etxetik Anoetako erdigunera joateko, errementaritzan aritzen ziren etxe ondotik igaro behar zen; Arregitarrena. Hiru anaia ziren: Patxi, soinujolea, auzoko hauerrei solfeoko klaseak ematen zizkiena. Ni ere joan nintzen klasera, ez luzaroan ordea. Agian, gazteegia nintzelako edo belarri eskasa nuelako musikarako.

Telesforo zen beste anaia bat. Pilotaria, erremontean jokatzen zuen Donostiako Urumea pilotalekuan. Nire bizitzan ezagutu nuen lehendabiziko pilotaria. Gogoan dut bere irudia apeaderoan trenaren zain, Donostiara joateko. Esku batean egurrezko maletatxo bat; erremontean aritzeko zesta bestean.

Hirugarren anaia Kasto zen, behiei ferrak jartzen ibiltzen zena. Baliteke hiru anaiak ogibide horretan jardunak izatea, errementaritzan, urte asko joan dira eta xehetasunez ez naiz akordatzen.

Behin, bai, behi batek korrika ihes egin ziela  Mostoneko aldapatik gora. Hura festa!

Gure etxea Arregitarren etxetik 200 bat metrora zegoenez –tartean, labaderoa, arropak garbitzeko arraskak zeuden–, harreman handia genuen Arregitarrekin. Udaran, iluntzean, etxeko atarian aulkian eserita egoten ginen zeru oskarbira begira edo, lainoak bazeuden, zeren itxura zuten asmatzen aritzen ginen, jolasean. Batek, zera esango zuen, laino hark txakur baten buruaren antza zuela; beste batek, berriz, txori batena… Horrela pasatzen genituen udako gau ugari, denok lotara erretiratu arte.

Beste behin, Alkizatik behera, bizikletaz ziztu bizian zetorren auzoko mutil batek, bide erdian harrapatu ninduen. Balaztaren biraderak belarri ondoan jo eta seko geratu nintzen lurrean. Uste zuten hilda nengoela. Irurara eraman ninduten medikuarengana. Ez dakit zenbat egunetan eraman nuen bendatuta buru buelta osoa, begietaraino. Harrezkero, orbaina bat geratu zitzaidan eskumako belarriaren ondoan.

Auzo guztia belardiz eta soroz inguraturik zegoen. Artasoro batetik gindoazela, erori eta kanabera mutur batek esku-ahurra ireki zidan, bost bat zentimetrokoa. Amak hartu eta zuzenean Irurara, kura egitera. Negarrez ari nintzenez, medikuak esaten zidan isiltzen banintzen sabaitik zintzilika zegoen belaontzia opari egingo zidala. Ez zen sekula ailegatu belaontzirik etxera. 

Ordu laurden bat behar zen Anoetako erdigunera heltzeko baserri eta kale etxe solteak aldamenean utzita. Artean, etorkinen etorria indartu gabe zegoen; orduan hasiko zen, zeren eta coreano hitza jadanik ezaguna egiten zitzaidan.

Gurasoekin plazarantz gindoazela, soro batetik atera zitzaigun mutil gazte bat galdezka ea ikusi genituen bere gurasoak. Inguruko gehienak ezagunak ginen, eta nik bera eta bere gurasoak zeintzuk ziren ezagutzen nuenez. Galdera entzun bezain prest, barru-barrutik atera zitzaidan: “¿Quién, el de la pata de madera?” 

Izan ere, mutilaren aita gerran hanka bat galdutakoa baitzen.

Andereño Marisol genuen irakaslea, Tolosatik etortzen zena, klaseak gaztelaniaz ematen zizkiguna. Eskola publikoak ziren eta eraikina, solairu batekoa, plazaren gainaldean kokatuta zegoen. Artean, Anoetak zuen konfigurazio urbanistikoa, Euskal Herrian herri gehienek zutena bezalakoa zen; eliza hilerriarekin, udaletxea, eta pilotaleku irekia: frontisa eta ezkerpareta. Belardiz eta soroz inguratuta, Obabako herri guztiek antz handia zuten.

Oilo batek gaitza zuela eta, ume kuadrilla bildu ginen hegaztiaren atzetik, pilotalekuko ezker paretaren kontra preso harrapatu eta, hantxe, harrika aritu ginen oiloaren aurka, “gaitza” zeukalako.

Beste behin, eskale baten atzetik ibili ginen, harrika baita ere; herritik Guadalupe auzora eramaten zuen bidetik ihes egiten saiatzen zen bitartean, gu atzetik segika, harriak jaurtiz.

Alkizaranzko, bidezidorretik joaten ziren mandozainak mandoekin eta artzainak artaldeekin. Estuasun ederra pasa genuen behin, arreba eta biok, artalde baten atzetik abiatu, gehiegi urrundu eta etxerako bidea asmatu ezinik ibili ginenean. Garunean irarrita daukat ardien usain sarkorra.

Hego-haizeak jotzen zuenean eskolarako bidean, Arregitarren etxea alde batera utzi, Mostonetik gora, haizeak bizkarretik astinduta, eta Alkizatik behera, ama zenarekin gaztainak biltzen ibili eta gero, baserritar ezagun batekin topo egin eta belarrez betetako gurdi gainean, aldapan behera… ebaki berrriaren belarraren usain gozoa… Oi! Obabako egun ahaztezinak!

Bi urte geroago, zortzi urterekin, dagoeneko Tolosan bizi ginela, anaia Jexusmari eta biok trenez abiatu ginen Anoetara, Telesforok trena hartzen zuen apeaderoan jaisteko, pilotalekua helburu. Xistera bat zeraman anaiak besapean, zaharra oso. Poltsikoan pilota bat, aitak erabiltzen zuena pala motzean jokatzeko. 

Hamar urte lehenago, Martin Odriozola anoetarra, plazaren ondoan zegoen Goikoetxea baserrikoa, Habanara abiatu zen beste sei pilotari gazterekin batera, denak Tolosan ikasitakoak (ikusi Miel A. Elustondok egin zion elkarrizketa zoragarria erlea-9 aldizkarian).

Martin Ignazio Odriozola ez zen izan Anoetatik sortutako pilotari bakarra, xisteraz aritutakoa, alegia. Bere anaia batek ere, Agustinek (“Anoetako Txikito”), jarraitu zuen ibilbide beretik. Baita Mujika anaiak ere, Aranzabal izeneko beste bat edo Akaitz deitzen zioten beste bat. Hain justu, bizikletarekin harrapatu ninduena. Martin Zelaia ere anoetarra zen. Berarekin jokatuko nuen bost urte geroago, 1967an, Gipuzkoako Zesta-punta Txapelketa, Donostiako Urumea pilotalekuan.

Telesfororen seme bat, Tomas, hura ere ibili zen hainbat pilotalekutan munduan zehar. Pentsatzen jarrita, Obabako inguruetan sortuak dira xisteraz jardundako hamaika pilotari.

Pilotalekura hurbildu ginenean, kantxaren erdian, zer egin ez genekien. Artean, Tolosako Beotibarko zesta-punta eskolan hastear ginen. Ikusita geneuzkan mutilak jokatzen, besterik gabe. Moldatu zen anaia, hala moduz, eskua eskularruan sartu eta zinta batekin lotuta. Horixe izaten baita lehendabiziko ikasgaia. Anaia berez trebea zenez, lortu zuen pilota batzuk paretaren kontra jaurtitzea. Saio bat egin ondoren, nire txanda ailegatu zen. Betidanik baldar samarra izan naizenez, ez zen denbora asko pasa pilota bat frontisaren gainaldetik jaurtitzerako… 

Nazka-nazka eginda, artasoroan pilotaren bila denbora puska bat eman eta gero… iluntzen hasi zen. Ilunpeak hartu zituen mendiak eta soroak eta etxeratzeko tenorea iritsi zitzaigun. Bilaketa bertan behera utzi eta, apeaderora abiatu ginen. Batetik, pozez gainezka; bestetik, kezkatuta oso, aitaren errietaren beldur; hain justu, pilotarik gabe itzultzen ginelako.

Dania-Gernika-Dania

“Akabo…!” pentsatu nuen nire artean Dania Jai-Alai pilotalekuak ateak itxi zituenean, orain dela urtebete. Izan ere, Daniakoa (Florida) baitzen zesta-punta profesionalaren azken gotorlekua Euskal Herritik kanpo.
Horregatik, askok gauza bera sentitu genuen: “Akabo…! Gureak egin du!”

Danian egokitu nintzen egun haietan, lekuko izatea tokatu zitzaidan. Eta bizi izandakoak ez ziren samurrak izan. Batik bat, azken jaialdikoa. Kantxaren erdian pilotariak, 30etik gora, euren senideekin batera, malkoak begietan eta besarkatuta ikustea… pilotalekuaren hormatzarrak: granitozko ezker pareta eta marmolez eraikitako frontisa ere bigundu zirela esango nuke.

Hain justu, pilotariek gehien maite dutena, xisteraz jokatzea eta hortik bizimodua ateratzea, eten beharra… batzuek betiko; ulertzekoa da emozioak aske, lotsarik gabe plazaratzea. Harmailetan geunden ehunka lagun ere, hunkituta geratu ginen bizitzen ari ginen egun historiko hartan.
Beteranoenak eta ez hain beteranoak, batzuk 20 urteko pilotari gazteak, jakin bazekiten hura izango zela azken baltsa eta eurek zirela azken baltseroak.
Beraiei tokatu zitzaiela ziklo baten amaieraren azken aktoreak izatea. Azken mohikanoak!

Bi hilabete lehenagotik bazekiten frontoiak ateak itxiko zituela, baina otsoaren ipuinean bezala… Badatorrela otsoa…! Badatorrela…! eta seinalatutako egunean otsoa azaldu zen, bestela sinetsi nahi bazuten ere.

Euskal Herrian ere oihartzun handia izan zuen albiste honek. Gaur egun, Teleberri eta hainbat mediotan; batzuk, sekula santan lerro bakar bat eskaini ez ziotenak, deika aritu ziren testigantzaren bila. Reality baten antza hartu nion zenbaitetan bizi izanari.

Lurrikara moduko zerbait izan zen zikloaren amaiera zesta-punta profesionalaren unibertso txikian. Daniako pilotalekuak bazuen balio sinbolikoa eta praktikoa aldi berean. Batetik, azken Jai-Alaia zela Floridan geratzen zena. Bestaldetik, pilotari ugari zela bertan debuta egin izana; kiniela sistema baliatuz ofizioa ikasitakoa.
Gaur egun, Gernikan Winter Series jokatzen ari diren pilotari gehienak, Danian aritutakoak dira.

Harrobi lanak egiteaz gain, Euskal Herritik kanpo Jai-Alai bat izateak balio sinbolikoa ere bazuen. Erakusgarri moduko bat. Den-dena galduta ez balego bezala.
Aurretik, azken 30 urteetan, Estatu Batuetan 15 pilotalekuren itxierak ez zuen halako oihartzunik ekarri, ezta hurrik eman ere! gelditzen zen bakarra itxi zenean, aldiz, berebiziko eztanda sortu zen. Halakoxeak izaten dira gauzak. Sinbolismoak indar handia du eremu guztietan. “Azken”… edozer horrek morbo handia eragiten du.

Lurrikarak —zeinek esan— tsunamia ekarri zuen. Non eta sorterrian; Gernikan.
Zerbait egin behar zela eta, urtarrilean hasita, bi hilabetetan, jokatu zen Winter Series txapelketa Gernikan. Aurretik, Azken Hegaldia, bi ataletako dokumentalak, eskaini zituen ETB1ek; pilotasoroa prestatzen goldea baliatuz. Ondoren, ETBk inoiz ez bezalako promo lanak egin zituen, jendearen atentzioa eta grina piztuz.

Txapelketak aurrera egin ahala, olatu bilakatu zen, Mundakakoaren pare, gero eta handiagoa, tsunami baten antza hartuz. Zer zen hura!

Urtebete joan da, eta, gutxien espero zenean, Daniako jabeek erabaki zuten ateak zabaltzea, bi hilabeteko denboraldia eskaintzea, abenduak batean hasi eta urtarrila arte. Pilotari gazteez osatutako koadro batekin, Iparraldekoak bospasei; beste horrenbeste, Hegoaldekoak. Debuta egitera profesionaletan gehienak eta ilusioz gainezka. Lege zaharrak agintzen zuen bezala.

Azaroan berrekin zioten, Gernikan, Winter Series txapelketari, lau bat hilabete iraungo duena. Oraingoan, sei bikote izan beharrean, zortzi ari dira.
Nobedadeak badira, batik bat kantxaren barruan. Odol berriaren presentzia, hiru gazte beteranoen artean. Azpimarratzekoa da, astelehenero jendetza biltzen dela Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, 1.500 bat lagun. Ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Onintza Enbeitak, egunkari honetan, Berrian, idatzi zuen: “lehen frikiak joaten ziren frontoira; orain, berriz, frikiak dira joaten ez direnak”…

Modan jarri da Gernikako plaza eta bertan egoteko ezinbesteko lekua bilakatu da “Jai-Alaiaren Katedrala”. Beste postura bateko frikiak hurbiltzen dira: betiko zaletuak aparte, politikariak, kirolariak, kazetariak eta modazale kuriosoak.

Olatuaz egiten zen berba iaz, eta, beste olatu bat, handiagoa, astintzen ari da pilotalekua (tsunami hitzak beldurtu egiten nau). Joaldiak segi dezala indarrean luzaroan!

Bitartean, 7.000 kilometro urrutirago, gehienez jota 500 ikusleren aurrean, jo eta ke arituko da 22 pilotariz osatutako koadro gaztea.
Puntisten amerikar ametsa betetzen. Jarraipena izango duelakoan eta amesten, noizbait, gai izango direla Gernikan jokatzeko, Winter Series barruan. Biak ala biak beharrezkoak baitira denon hobe beharrean.
Bada Gernikako parte hartzaileen batez besteko adina gaztetzeko premia larria!

Amesgaiztoa

Bart amesgaizto bat eduki dut. Bai, oso gaizki pasa dut. Oheratu nahiko asaldatuta oheratu nintzen. Izan ere, Baionatik eskainitako Bertso Txapelketa segitu nuen telebistatik eta buruan nituen nire baitan asmatutako errimak. Ni neu ere, bertsolariaren antzera, lehian banenbil bezala. Errimen gurpil zoroan, nire kasuan.
Pilotan nenbilenean ere gertatzen zitzaidan antzerako zerbait. Etxera ailegatu, nekatuta oheratu eta ezin begirik bildu. Buruan bueltaka pasatzen baitzitzaizkidan partidako tanto gehienak. Hau egin izan banu, edo beste hura…; alferrik, ordea, behin ura pasatu eta gero presa egiten hastea.

Ez dakit zein ordutan hartu ninduen loak. Kostata izan zela, hori bai. Ez dakit gaueko zein momentutan hasi nintzen ametsetan. Halakorik ez baita jakiten.
Pilotalekuan nengoen, Ipar Amerikako Jai-Alai batean, Floridan, Tampakoan; aldageletan nengoen eta kiniela-partida hastear zen. Soinean neraman elastiko morean zortzi zenbakia jartzen zuen. Xistera eta kaskoa hartzera abiatu nintzen zintzilik edukitzen genituen horretarako jarritako leku aproposera, kantxako kaiolaren atarian. Hasi naiz nire saskiaren bila eta ez dut inon topatzen. Badaude beste batzuk, baina nirea ez da ageri. Nire kaskoa ere ez dut ikusten.
Moskeatu naiz. Beti leku berean uzten baitut, erritual bati jarraituz. Beste errepaso bat. Nire saskia eta kaskoa ez daude.

Kiniela-partida laster hasiko da. Txirrinak jo du eta berehala, minutu gutxi barru, desfileari ekingo zaio pasodoble musikaren erritmoan. Ohikoa den moduan harmailak lepo daude, apustu egitera etorri diren 3.000 edo 4.000 lagunez gainezka. Aldageletatik sumatzen da jendearen marmarra. Tarteka esatariaren ahots trumoitsuak apustu egiteko gomendatzen du bozgorailuetatik.
¡Ladies and gentlemen, place your bets!

Goiko solairura abiatzen naiz laster batean. Agian, saskiak gordetzen ditugun gelan utzi ote dut nirea?; ez dut uste baina, badaezpada ere, ez zait ezer kostatzen begiratzea. Berahala konturatzen naiz nire xistera ez dagoela bertan. Urduritasuna gero eta nabarmenagoa da neure baitan.

Behera joan naiz berriro, eskailerak binaka jaitsi ditut. Beste errepaso bat erremintak zintzilik edukitzen ditugun hormari. Nirea ez da agertzen. Txirrinak azken abisua eman du eta hasi dira pilotariak desfilatzen, elastiko gorrian bat zenbakia daraman bikotea lehendabizi; atzetik doaz hilaran bia eta hirua osatzen duten bikoteak, ondoren gainontzekoak; zortzigarren bikoteak ixten du zerrenda. Azken bikote honek, ordea, kide bakarra du. Ni neu falta naiz.
Gero eta urduriago ari naiz jartzen.

Posible da desfileari ekitea pilotari bat falta dela, gertatu izan da. Okerrena —ez dut pentsatu ere egin nahi. Okerrena da bikotearen baten txanda tokatzen denean eta pilotari bat falta bada, epaileek jokoa eten egin behar dutela.
Non da? Hasiko da intendentea lehendabizi. Halako jardunaldietan, harmailak jendez gainezka daudenean eta apustuak gori-gorian… intendentea nerbioetatik egoten da.
Arregi jauna, intendentea, pertsona jatorra da eta, aldi berean, oso zorrotza. Lege-zaharreko diziplina maite duena. Ilea motz motza eta txorakeria gutxi kantxa barruan.

Pasatzen zait burutik beste pilotari baten saskia hartzea eta beste baten kaskoa. Kontua da kiniela-partida horretara irtetea. Pasa-pasa egin behar bada, egin eta kito. Gero, konponduko naiz. Hitz egingo dut konfiantzazko pilotari batekin.
“Hi, hau eta hau… utzidak zesta bat, puskatzen bazait konponduko gaituk”.

Amesgaizto honekin hain asaldatuta sentitzen nuen nire barrua, esnatu egin naizela. Eserita jarri naiz ohearen gainean eta komunera joatea erabaki dut. Bueltan oheratu, amets zitala moztu eta ahaztuko naizen esperantzarekin.
Bai zera!

Ametsa utzi dudan eszenatoki berberera itzuli naiz. Berriro ikusi dut neure burua saskiaren bila. Okerrena da ez daukadala ordezko xisterarik. Bere garaian ez nion saskigileari beste bat enkargatu, neukanarekin denboraldia bukatuko nuelakoan. Eta hara non zestarik gabe aurkitzen naizen une honetan,… kantxara nahi eta nahi ez atera behar dudanean.

Nirea ez den zesta bat hartzea okurritu zait. Eta ezer esan gabe egiten badut? Beste hainbeste kaskoarekin. Pilotari batenak hartu eta kito! Total, kiniela-partida jokatzea nuen helburu; ataka hartatik atera eta gero gerokoa.
Hain dira pertsonalak xisterak, eta garestiak… ez naiz ausartzen ezer esan gabe bat eskuratzeko eta kantxara irteten.
Nerbioetatik jota nago, azkar pentsatu behar dut, soluzioren bat aurkitu. Baina desfilea hasia da…
Eta intendentearengana jotzen badut?
“Aizu, Arregi jauna, beroketak egiten txorkatilean zartada izan dut, hezurraren ondoan, ezin dut ezta oina lurrrean jarri ere”…
Arregi jauna, intendentea, oso nerbioso jartzen da harmailak mukuru daudenean. Aurpegia itxuragabetuta edukitzen du.
“Orain esaten didak suspenditu behar duzula!? Irten hadi kantxara kojoka edo nahi duzun moduan. Hitz egingo diagu kiniela bukatzean!

Berriro igo ditut eskailerak korrika, saskiak gordetzen ditugun gelara itzuli naiz. Iñaki Gerena lagunaren saski bat eskuratu dut. Punta izorratuta dauka, uztaia ere apurtuta. Horrekin ezin dut kantxara irten. Xistera dagoen kondizioetan, ez naiz kapaz izango pilota frontisera jaurtitzeko.
Ai ze erridikulua!
Bozgorailuetatik zabaltzen da lau haizeetara esatariaren ahotsa. Elastiko beltzean bost zenbakia soinean daraman bikotea kantxan da jada. Laster helduko da gure txanda. Ohartu ote dira ni falta naizela kaiolan?
Ez! Bestela intendenteak bidaliko zuen dagoeneko ball-boya nire bila.

Halako batean, zesta bat hartu dut apal batetik. Asis II.a izena dago idatzita xisteraren takoan. Ez da saski normal bat: eskuz egin, zumitzarekin eta gaztainarekin egindakoa; plastikozkoa ematen du, saihetsak ez ditu zurezkoak, polimero batekin edo auskalo zer materia klaserekin egina dagoen. Zumitzaren arre kolorea baino geruza zuri bat du. Muturra ere ez dauka biribildua. Zapala. Eskuzerra baten punta ematen du.
Xistera honekin ateratzen banaiz kantxara asmatuko al dut? Nora joango zait pilota?
Juezari eskatzen badiot pilota bat jaurtitzeko baimena, mundu guztia ohartuko da ez dela nire xistera, Asis II.arena dela.
Nahikoa biharamunean Arregi jaunak kontratua eteteko eta etxera, Euskal Herrira, bidaltzeko.

Urduri nago, blokeatuta. Zer egin ez dakidala.
Arregiri ezin dudala jokatu esatea berriro pasatzen zait burutik. Hain desesperaturik bainago.

Halako batean, despertadorearen burrunbak atera nau amesgaiztotik. Izerditan nago eta ohean eserita. Nahigabeak jota utzi nau. Sentsazio txarra, benetan, amesgaiztoarena!

Nor eta Gehiagoka

Joan den igandeko partida gogoangarriari buruz zer idatzi pentsatzen ari nintzela.
“Joseba Ezkurdiak hirugarren aldiz jantzi du lau t´erdiko txapela”… Berriaren mezua azaldu zait pantailaren izkina batean.

Nola jokatu liteke horrenbeste hasi eta bukatu arte, intentsitate horrekin, maila gorenean?, galdezka ari nintzaion nire buruari.

Halako batean, Andoni Egaña bertsolariaren hitzak etorri zaizkit gogora. “Barruan gaude” podcast-en zera zion bertsolari zarauztarrak:
“Txapelketa norgehiagoka da. ´Norgarrantzitsuagoa da ´gehiago´ baino. Gehiago´ soilaren hurrengo urteetan plazan ez duzu irauten…Nor´ bazara, bai.
Biak baldin bazara momentu batean, ba, oso ondo… Baina ez bazara Noren´ alde egin,Gehiagoren´ ordez”.

Kirola garaipenaren diktaduran oinarritzen da. Gizarteak irabazlea saritzen du. The glory of victory and the agony of defeat. Gizartea ez da galdezka hasten zer egin duen irabazteko, bidea nolakoa izan den. Garaipenak balio du soilik. Etxeko taldeak gol bakar bategatik, azken minutuan eta penaltiz irabazi arren, zalea pozez txoratzen etxeratuko da.
Zure pilotari kutunak tanto bakar bategatik irabazten badu, gauza bera, irabazi egin du. Saria hor dago eta hori baloratzen da.
Gazte-gaztetatik garaipenean jartzen da fokua. Emaitzak balio du, 22ra ailegatzea nola ahala.
Badira kalte ordainak, ordea, latzak gainera. Emaitzen mende bizi den kirolaria txotxongilo bat bihurtzen da. Lehentasuna markagailuari ematen dionak, morroi hauskor bilakatzen da. Une bateko norbere buruaren konfiantzaren mende. Irregularra, hitz batean.
Presio ikaragarri batean bizi da eta gogotik sufrituz, gainera.
“Yo-yo” efektua deitzen diote.

Zergatik Ezkurdia eta Altuna III.a iristen dira finaletara halako joko maila erakutsiz?
Nortasuna dutelako, oroz gain. Egañaren Nor´ horren aldeko apustua egin dutelako,Gehiagoren´ alde baino. Urteen poderioz heldutasuna, identitate bat lortu dutelako. Txapeldunena.
Bidea, ordea, ez da samurra. Pilota eskoletan ez da azpimarra jartzen benetako txapelduna izateko zer baliabide behar diren. Emaitza-zale dira nik ezagutu ditudan monitore gehienak.
Denbora behar da, landu egin behar. Autodidaktak izaten dira.

“Txapelaren bila?” galdetzen dio kazetariak lau aldiz txapela jantzi zuen Egañari. “Ez pentsa. Ahal den ondoen egitera. Eromena litzateke txapelaren bila joatea. Bizirautea izaten de helburu”.
Txapeldun handiak ondoen egitera plazaratzen dira, etxetik lanak eginda. Nortasuna lortu duenak badaki zein den bidea eta baliabideak. Eta halako batean, astroak alde agertzen badira, ondorio gisa, sari bat moduan, amaiera bikaina emanez. Nahiz tanto bategatik izan.

Nekez jokatu liteke gehiago lau t´erdian Ezkurdiak eta Altuna III.ak jokatu zutena baino Bizkaia pilotalekuan. Ondoen egitera plazaratu ziren. Egañak esanda bezala.
Noren´ alde apustua egin zuten hasi eta bukatu arte Ezkurdiak eta Altuna III.ak.

Joan den igandean, biak,`Nor´ eta `gehiagoka´, Joseba Ezkurdiak lortu zuen. Baina egon lasai, izango dute elkarren berri datozen urteetan.

Gernikan: bi aldeetako plekariak

Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, Winter Seriesen (Neguko Txapelka), zortzi bikotek hartzen dute parte. Bederatzi pilotari dira Hegoaldekoak eta mendiz bestaldekoak, zazpi.

Hirugarren jaialdian jokatuko den partidan hiru pilotari dira Iparraldekoak: Olharan, Urrutia eta Basque; erdaldunak hirurak. Laugarren pilotaria, Aimar, Berriatukoa (Bizkaia), euskaraz egin dezakeen bakarra.

Euskal Herriko bi aldeetako plekariek (pilotari puntistak) elkarrekin nahastuta aritzen dira hainbat jaialditan, urtean zehar. Udan, Lapurdin batik bat; tarteka Hondarribian, Donostian, Mutrikun, Markina-Xemeinen ere bai.
Ez da Euskal Herrian beste kirolik halako fenomenoa bizi duenik. Zesta-punta profesionala da modalitate bakarra.

Aspaldiko kontuak dira hauek, ez pentsa. Esku artean dut Jean Elissalderen Zerbitzariren Idazlan Hautatuak´, Jabier Kaltzakortak paratutako liburu mardula. Bada liburu honetan atal bat,`Oraiko pilotariak´, oso interesgarria iruditu zaidana. Hainbat pilotari omenen erretratua egiten baitu. Zerrenda luzeena da Iparraldeko pilotariei dagokiena: Chilar, Sarako Chantrea, Larralde, Darraidau, Leon Dongaitz, Chiki eta abar.

Mendiz bestaldekoak, berriz: Vitoriano Embil (Jorge Oteiza eskultorearen osaba), semea Enrique, Piztia, Errezabal… Bada agertzen den beste bat ere: Porteño, Montevideon (Uruguay) jaioa.
Artikulu solteak dira, behinola Gure Herria aldizkarian jasotakoak.

Errebotean (joko zaharra, aurrez aurre jarduten dena, tenisean bezala) egiten zuten aipaturiko pilotariek. Baita plekaz ere (xisteraz, horma nagusiaren kontra). Pilotarien zerrenda luzea da Zerbitzarik aipatzen duena. Izan ere, taldeka jokatzen zenez (errebotean bost lagunek osatzen dute taldea), ugariak dira XX. mende hasierako pilotariak. Begi-bistakoa da xisteraz jokatutako moldeak berebiziko indarra zuela mugaz bi aldeetan. Iparraldean batik bat. Plazen zerrenda ikusita, ematen du herri gehienetan aritzen zirela pilotan. Ez horrenbeste Hegoaldean.

Zerbitzarik aipatzen dituen pilotalekuak hauek dira: Donostia, Oiartzun, Tolosa, Usurbil, Villabona eta Orio. Bilbaon ere izaten omen ziren partidak bi aldeetako pilotariez osatuta.
Argentinara edo Uruguayra joaten ziren denboraldiak egitera garai beretsuan edo lehenago, XIX. mendearen bukaeran, alegia.

Ehun bat urte edo gehiago pasa dira baina bi aldeetako pilotarien beharrak berean segitzen du, taxuzko partidak antolatu nahi badira.

Sasoi haiek oraingoekin alderatuz gero, badute zerbait bereizteko modukoa: elkarrekin komunikatzeko hizkuntza.

Ez du Zerbitzarik gai hau kroniketara ekartzen. Hain xuxen, mugaz bi aldeetako pilotarien hizkuntza euskara izaki, bakoitzak bere erara baina den denek euskaraz.

Gernikan parte hartuko duten zazpi pilotari frantsesetatik bakar batek ere ez du euskaraz egiten. Gazteleraz, ordea, nahiko poliki moldatzen dira. Derrigorrez ikasi behar, ulertuak izan nahi badute.
Gainontzeko bederatzi pilotariak, Hegoaldekoak, denak gai dira euskaraz egiteko. Nahiz eta, kantxan, batzuek bestela egiten duten, gazteleraz, alegia. Paparrean daramaten mikroa horren lekuko.

Euskal Herriak bizi duen egoera soziolinguistikoa?
Hala dirudi.

Niri, behinik behin, belarriko mina eta bihotzean tristura sortzen dit euskaraz dakitenek euren artean jo eta su erdaraz entzuteak. Jende aurrean batik bat, telebista lekuko.

Hau esanda putzu batean sartzen ari naizela iruditzen zait. Ni, neu ere, tarteka, erdaraz aritzen naizelako hainbat euskaldunekin.
Baina, ez al dugu behingoz —Euskaraldian gaude— kontzientzia apur bat norberaganatu eta ahaleginak egingo euskaraz aritzeko?
Ez al dute kameren aurrean jarduten diren pilotariek abagune ezin hobea eredugarri izateko?

Mundu guztiak aipatzen du zer nolako susperraldia bizitzen ari den zesta-punta. Bolo-bolo dabil “Olatuarena”, beste hizpiderik ez da.

Plekaren (zesta-punta) urak gorantz doazenean, euskararenak, aldiz, itsasbehera bizi du. Eta ez du ematen mugituko direnik. Zikloa erabat “normalizatutzat” hartzen badugu.
Has gaitezen, beraz, norberarengandik hasita, ahalik eta gehien euskaraz egiten pilota plazetan, Zerbitzariren garaietan bezala.