Enekoitz Esnaola

Hilabetea: maiatza 2015 (Page 3 of 4)

Martin Garitano, post scriptum (I)

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren lau urteotako kontakizunaren (Kazetari bat agintean, tarte batez) post scriptum bat. Hark dio urte hauetan enbaxadore eta atzerriko agintari askorekin egotea tokatu zaiola, eta galdetzean ea Euskal Herritik gehien zer ezagutzen duten: “Athletic, Guggenheim, kooperatibak, sanferminak, euskal gatazka eta euskal gastronomia”. Garitano “oso harro” dago legealdi honetan Donostian Basque Culinary Center ireki izanaz, “Euskal Herria gehiago ezagutaraziko duelako munduan. Handik aterako diren sukaldariak, nolabait, gure enbaxadoreak izango dira. Herri txiki bat gara eta baliatu behar ditugu halako proiektuak”.♦

Sarrera horretaz zera bat: Gipuzkoako aurreko ahaldun nagusiek kasu horretan aipatuko al lukete “Athletic”?

PSEk botoa eskatu du kanpaina hasi aurretik

Gauerdian hasiko da maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina, eta PSE-EEk ustez arau bat urratu du gaur arratsaldeko zazpietan Donostiako udaletxe aurrean egindako ekitaldi batean: kanpaina hasi aurretik eskatu du Ernesto Gasco Donostiako alkategaiarentzat botoa, haren kartel batean, eta beste kartel handi bat ere bazen botoa eskatuz. Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta PSEko diputatuak jarri ditu argazkiok bere Twitter kontuan. Aldiz, Denis Itxaso Gipuzkoako ahaldungai nagusi sozialistaren kartelean ez da boto eskaerarik ageri.

Espainiako Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Lege Organikoko (1985) 53. artikuluak debekatu egiten du kanpaina hasi aurretik botoa eskatzea kartelen bidez-eta (53. artikuluari 2011n egindako moldaketa; behekoa da). Beste boz batzuetan gertatu dira halakoak, eta Hauteskunde Batzordeak zigor ekonomikoak jarri izan ditu.

Captura de pantalla 2015-05-07 a la(s) 21.46.27

gasco

gas1

Continue reading

Komunikabideak eta euskal presoak

Orain hiru aste Teresa Toda Sare plataformako kideak Azpeitiko solasaldi batean 1990eko hamarkadaren erditik aurrera euskal kazetarien artean presoen egoerari buruz egindako aldizkariaren ale batzuk erakutsi zituen. “Interneten-edo egin beharko genuke antzeko zerbait”, zioen.

1996ko urrian euskal komunikabideetako kide batzuek astebeteko baraua egin zuten Donostiako Artzain Onean. 45. txanda zen. Urriaren 22an, hedabideetako 666 langilek sinatutako agiri baten berri eman zuten prentsaurreko batean: Komunikabideetako langileak euskal presoak Euskal Herriratzearen alde. Sarrera Xabier Euzkitzek eta Mariano Ferrerrek egin ondoren, Martxelo Otamendik, Teresa Todak eta Luzien Etxezaharretak irakurri zuten idatzia, euskaraz, espainolez eta frantsesez. Hauxe zen:

“Idatzi honen bidez euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatu nahi dugu, legearen aurkakoa delako eta baita preso zein senideentzat zigor erantsia delako ere. Horregatik, sakabanaketa amaitzeko eskatzen dugu, eta hala nahi duten euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen dugu. Honekin batera, preso guztiei dagozkien eskubideak errespetatzeko exijitzen dugu, eta bizi baldintza duinak izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Azkenik, komunikabideetako langileak izanik, gure lantokietan presoen inguruan ahalik eta informazio zuzenena eta kontrastatuena zabal dadin gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu”.♦

(ondoren, aldizkari haien ale batzuen eta 1996ko urriko prentsaurrekoaren argazkiak).

Continue reading

Barkosek emandako pistak

Astelehen gauean Esparza (UPN) eta Araiz (EH Bildu) Nafarroako lehendakarigaien arteko eztabaida saioa izan zen Navarra TVn, eman zituzten klabe batzuk, baina aurretik prentsaurreko batean beste lehendakarigai batek ere eman zituen gakoak, hauteskunde ostekoaz batez ere: Barkosek (Geroa Bai). Bi ideia:

– Barkosen ustez, Nafarroan gobernu aldaketa posible da, “nahiz eta koalizio gobernu bat ez egon”. Hau da, gobernu berri horrek parlamentuan unean uneko babesak baliatuz. “Aldaketa gobernu baten alde egin behar dugu lan horretarako prest gauden aktore politiko guztiok, baina ez gaitezen erori aldaketaren era bakarra koalizio gobernua den tentazioan”.

– Aldaketa nahi dutenen artean gobernuko lehendakaritza, “hiritarrek hautestontzietan erabakiko duenak” izan behar du.

Pistak dira. Geroa Baik bere estrategia garatzeko, alternatibarako zenbakiek emateaz gain, EH Bilduren (eta PSNren) aurretik beharko luke. Hala balitz, eta usaintzen denez, hark nahiago ez EH Bildu bere gobernuan (PSN hartuko luke), baizik eta kanpotik babesten. Bozetan ere zer gertatuko den, ordea…♦

 

Falta dena

Nafarroako EH Bilduk iragarri du Kontsulta Legea proposatuko duela hurrengo legealdian. Hauek lirateke lau ereduak: izaera orokor edo sektorialeko herri kontsultak; Nafarroako lehendakariaren edo gobernuaren jarreraren ingurukoak; foru legeei buruzkoak; eta udal esparrukoak. Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainean onartu zuen Kontsulta Legea, euskal gatazkara mugatutakoa; “bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio prozesu bat irekitzea” zuen xedea (Bi Kontsulta Lege, bi bide). Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2008ko irailean debekatu egin zuen EAEko egitasmoa (Espainiako Konstituzioa parean), erraz ulertzen den argudio bat emanda: “Espainol Herria da nazio subiranotasunaren jabe bakarra”.

Azken beltzean, “izaera orokorraz” hemen benetan falta dena ez da lege edo arau bat, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapena hor baden arren (behean, xehetasunak*). Edo Jule Goikoetxeak dioena: “Falta zaiguna ez da eskubidea, erabakia da”. ♦
Continue reading

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑