Enekoitz Esnaola

Hilabetea: maiatza 2018

(ETAren ibilbidea) BERRIAk ezin izan du Mikel Albisu elkarrizketatu

ETAren ibilbidea elkarrizketa sortako zazpigarren —eta azkenaurreko— aleko protagonista Mikel Albisu euskal presoa izatea nahi genuen, funtsean 1995-2004ko sasoiaz aritzeko: Alternatiba Demokratikoa, Lizarra-Garazi, Anoetako proposamena… BERRIAren galdetegia jaso zuen Reauko espetxean (Frantzia), baina ondoren —apirilaren 14an—, liburutegian zegoela, preso sozial batek jipoitu egin zuen. Albisuren sendiak jakinarazi zuenez, ezker besoko kubitua hautsi zuen, eta aurpegian eta buruan ere zauriak izan zituen. Min handia du oraindik. Halaber, saio batzuk egin arren, hainbat arrazoirengatik ezinezkoa izan da 1995-2004ko aldiaz beste kideren bat elkarrizketatzea.
Orain arteko elkarrizketak: I: Eneko Irigarai eta Iñaki Larramendi / II: Jose Manuel Pagoaga Peixoto / III: Eloi Uriarte / IV: Fernando Lopez Castillo / V: Mertxe Galdos / VI: Carmen Gisasola
Bihar: eta VII (VIII.a behar zuena): Aitor Elizaran

Biratzerik ez

BERRIAko analisiaren (2018-5-24) laburpena: Bitartean —eta hau ere atzo bertan—, EH Bildurekin EAEko estatutu berriaren hitzaurrekoa adostu du EAJk. Baina estatutu berriarena déjà vuda, zaharra berri; Ibarretxek 2002-9-27an atera zuen lehen aldiz “itun berriaren” beharra. Zer eman du asmoak? EAJ bideratzeko, EH Bildu saiatuko da edukian malgu jokatzen eta lege prozedura betetzen, baina, gaur-gaurkoz eta nahikoa presio sozialik ez dela, ez da ikusten EBBk transatlantikoari bira ematen hasteko zantzurik. “Erantzukizunez” jokatu du orain, berriro, aurrekontuetan. Ordea, badatoz garai beltzak Madrildik, inboluzio azkarra eta zakarra. Zer espero orduan? 1996-2004an Aznarren gobernuko Presidentetza saileko idazkari nagusi Javier Zarzalejosek No hay ala oeste en la Moncloa liburu argitaratu berrian dio Aznar “errealista zuhur bat” izan zela atzerri politikan. Ohar bat egiten du gero errealismo zuhurraz, baina nagusia kritikatzeke: “Problema da etsipenerako koartada modura erabili ohi dela errealismoa, eta inakziorako aitzakia modura zuhurtzia”. Zer geratzen da orduan?♦

Bukatu du ETAk; Madrilek, ez

EPPK-ko eta Langraiz bideko kide ohiak, AEM ingurukoak eta kale erasoekin lotutakoak daude Guardia Zibilak haien ondasunen aurka egiteko operazioko idatzian (dokumentua eta zerrenda —60 preso ohi—). Teniente koronel batek sinatu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari igorri zioten joan den maiatzaren 8an. Operazioa, atzo. Guardia Zibilak dio oraindik ez dituztela biktimekiko kalte-ordainak kitatu, nahiz eta, haren arabera, ondasun batzuen jabe diren edo jarduera laboralak dituzten. Operazioa, beraz, preso ohiek eta abokatuek agindu judizialak jaso gabe. Bi gauza: 1. Bukatu du ETAk, eta pixkanaka egon ahal da espetxe arloan Madrilen pausorik —dena dela, batasun eta kemen handiagoa erakutsi beharko Hego Euskal Herrian—. 2. Estatuko aparatu batzuek segituko dute terrorismoaren aurka egiten. Bukatu du ETAk; Madrilek, ez.♦

ETAren bukaera (eta XI)

Maiatzak 5, ‘ETAren bukaera (XI)’. BERRIAko analisiaren laburpena. Badirudi fase baten amaiera heldu dela. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bukatu zuen ibilbidea, iaz, ETAren armagabetzea ere egiaztatu ondotik. Henri Dunant zentroak herenegun bertan zioen amaitu duela bere egitekoa. Ikusgai da zer egingo duen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Brian Currinenak. 2011n Aieteko sinatzaileek prestasuna agertu zuten Jarraipen Batzordea eratzeko; Kanboko adierazpenean ez dator zehazki halakorik —”gure ekarpen berri bat behar dutenen esanetara geratzen gara”, dio bukaera aldera—. Epizentroa Euskal Herrian da. 2000ko otsailaren 22a. Lizarra-Garazikoa bukatu berria. ETAk Fernando Buesa hil zuen egun hartan, eta naziogintzan aritzen den kide bat Txillardegirekin egokitu zen, ETAren sortzaileetakoarekin. Txillardegi jota ei zegoen, nora goazen galdezka, eta zera zioen Euskal Herriak borroka armatua baino aukera hobeak zituela arrazoitzeko: “Orain [naziogintzan] bakarrik gaudela? 1958an geunden horrela! Orain bada jende prestatua, bada konpromisoa, gaitasuna…”.♦

Continue reading

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑