Abortatzeko eskubidea, eskubide ziurgabea

  • Albistea entzun

Munduan, azken 25 urteetan, hobekuntzak egon dira abortatzeko eskubidean: Afrikan eman da aurrerapausorik handiena. Europa da andreen eskubideak gehien babesten dituena, eta legedi hori leuntzeko erdibidean geratu da Asia. Amerikan izan dira aldaketarik nabarienak: AEBetan, txarrera, eta Hego Amerikan, hobera.

Center of Reproductive Rights erakundeak munduko herrialde guztietako abortatzeko legeen araudiak jasotzen ditu, eta bost multzotan sailkatzen: lehenengo kategorian, abortua guztiz debekatua duten herrialdeak daude; bigarrenean, abortua legezkoa dutenak soilik emakumearen bizia salbatzeko; hirugarrenean, abortua emakumearen osasuna zaintzeko edo babesteko baimendua dutenak; laugarrenean, emakume baten gertuko ingurunea eta egoera sozial eta ekonomikoa kontuan hartzen dituztenak haurdunaldia eteteko modua emateko; eta bosgarrenean, abortatzeko eskubidea legezkoa den estatuak.

Munduan 601 milioi emakumeri aitortzen zaie abortatzeko eskubidea, hots, hamar andretik lauri.

Munduan 601 milioi emakumeri aitortzen zaie abortatzeko eskubidea, hots, hamar andretik lauri. Betiere kontuan izanik haurdunaldia eteteko epeek mugatzen dutela eskubide hori, eta herrialde bakoitzaren arabera muga hori desberdina dela. Estatu gehienetan, abortatzeko eskubidea haurdunaldiaren hamabigarren astera artekoa izaten da. Guztira 72 herrialdek dute legedi hori, eta azken 25 urteetan hamabost estatu pasatu dira bosgarren kategoriara: Espainia, Irlanda, Hegoafrika, Albania, Nepal eta Uruguai, besteak beste.

Azken 25 urteetan hamabost estatu pasatu dira abortatzeko eskubidea legezkoa den estatuen kategoriara: Espainia, Irlanda, Hegoafrika, Albania, Nepal eta Uruguai, besteak beste.

Laugarren kategorian dauden herrialdeetan, alor ekonomiko eta sozialaren araberakoak dira emakumeen abortatzeko eskubideak. Lege horiek interpretazio zabala egiten dute askotariko egoeretan abortuari bide emateko. Egoera horretan daude hamar emakumetik bi. Hirugarren kategorian dauden estatuetan, abortatzeko erabakia ez dago emakumeen esku. Izan ere, eskubide hori andrearen osasunaren eta arlo terapeutikoaren arabera erabakitzen da. Egoera horretan dago hamar emakumetik bat: 225 milioi andre. Bigarren kategorian ere, emakumeek abortatzeko eskubidea dute soilik haien bizia arriskuan dagoenean. 360 milioi andre daude egoera horretan; hamarretik bi, hain zuzen ere.

Abortatzea debekatuta hainbat herrialdetan

Lehenengo kategoria horretan daude munduko 24 herrialde, eta abortatzeko debeku horrek 90 milioi andreri eragiten die. EB Europako Batasuneko estatu kideen artean, Malta da bakarra abortua legez kanpokoa duena. Amerikako kontinentean zenbait estatu daude lehen kategoria honetan: besteak beste, Dominikar Errepublika, Honduras, El Salvador eta Nikaragua. Azken horretan, abortua ilegala da, eta lege hori urratzeak ondorioak ditu bai emakumearentzat, bai abortua gauzatu duen medikuarentzat: kartzela zigorra da ordaindu beharreko prezioa. Asian, Filipinetan, Laosen, Nepalen eta Iraken dago debekatuta abortatzeko eskubidea. 

Afrikan dago legeriarik gogorrena abortatzeko eskubideei dagokienez. Sei estatuk ukatzen diete andreei haurdunaldia etetea.

Afrikan dago legeriarik gogorrena abortatzeko eskubideei dagokienez. Sei estatuk ukatzen diete andreei haurdunaldia etetea: Mauritaniak, Senegalek, Sierra Leonak, Kongok, Madagaskarrek eta Egiptok. Hala ere, urrats garrantzitsuak egin dira 1994tik egoera hori iraultzeko: Afrikako hemeretzi estatuk hobera egin dute abortatzeko legeei dagokienez. Hobekuntza horren adibide dira Sao Tome eta Principe, eta Benin. Abortua legezkoa da bi herrialde horietan haurdunaldiaren hamabigarren astera arte.

Amerikan, aurrera eta atzera

Azken 25 urteetan, munduko hamabost herrialdek legeztatu dute abortua, eta azkena Kolonbia izan da. Iragan otsailean, haurdunaldiaren abortua despenalizatzea erabaki zuen Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak. Geroztik, Latinoamerikako legedirik aurrerakoiena du. Kolonbiak baino lehen, Argentinak eta Mexikok ere egin zuten abortua despenalizatzeko urrats hori.

Marea berdeko ekintzaile feministak, Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalaren parean, abortuaren despenalizazioa ospatzen. CARLOS ORTEGA / EFE

AEBetako Auzitegi Gorenak, ordea, abortua debekatuta zegoela ebatzi zuen. Geroztik, andreen ugalketa eskubideak ataka larrian daude. AEBetako Auzitegi Gorenak, 1973. urtean, Roe v. Wade esaten zaion epai historikoan onartu zuen haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala. Ordea, arau hori indargabetu egin zuten epaileek, eta, geroztik, abortua ez da eskubide konstituzionala herrialde hartan. Orain, estatu bakoitzaren esku dago abortuaren inguruko legedia zehaztea. Center for Reproductive Rights erakundearen arabera, «azken 25 urteetan AEBak izan dira, beste hiru herrialderekin batera, abortuaren legea deuseztatu duten herrialde bakanetako bat».

«Azken 25 urteetan, AEBak izan dira, beste hiru herrialderekin batera, abortuaren legea deuseztatu duten herrialde bakanetako bat».

Center for Reproductive Rights

Europan hobekien

Emakumeen eskubideak gehien babesten dituen kontinentea Europa da. Estatu gehienetan, abortatzea posible da haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan. Europa iparraldeko herrialdeak izan ziren lehenak Europan abortua legeztatzen. Suedian, esaterako, emakume batek haurdunaldiaren hemezortzigarren astera arte abortatu dezake.

Erresuma Batuan, 1967ko Abortu Legeari esker, andreek haurdunaldia eteteko eskubidea zuten 24. astera arte; Ipar Irlanda salbuespen. Herrialde horretan debekatuta zegoen abortua ia egoera guztietan. 2019an, ordea, parlamentariek baliorik gabe utzi zuten abortua eskubide egiten zuen lege hori, eta haurdunaldia «baldintzarik gabe etetea» legeztatu zuten hamabigarren astera arte. Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika (2013an) izan dira EBko azken lurraldeak abortatzeko eskubidea legeztatzen. Atzerapen horren arrazoietako bat erlijioak bi herrialde horietan duen pisua da, bereziki Irlandako Errepublikan. 

Europan, abortatzeko baliabideak falta izaten zaizkie emakumeei. Italian, ginekologoen %70ek esaten dute kontzientzia eragozleak direla.

Europak abortuaren inguruko legedirik aurrerakoiena duen arren, beste zenbait arazorekin topo egiten dute emakumeek: abortatzeko baliabide faltarekin. Italian, ginekologoen %70ek esaten dute kontzientzia eragozleak direla. Ondorioz, herrialde horretan zaila da abortatzea, emakumeek ez baitaukate hori egiteko prest dagoen ia inor.

Asia iparraldean, bai; hegoaldean, ez

Asian, bi mundu paralelo antzeman daitezke abortatzeko eskubideari dagokionez: batetik, Asia iparraldea, Errusiak, Txinak eta Kazakhstanek osatzen dutena, besteak beste; eta, bestetik, Asia hegoaldea. Iparraldeko estatuetan, abortua guztiz legezkoa da. Hegoaldean, ordea, haurdunaldia etetea baldintzatuta dago; hau da, emakumearen bizia salbatzeko edo haren osasuna babesteko dela legezkoa.

Hego Koreak eta Thailandiak abortua despenalizatu zuten iragan urtean. Seulek haurdunaldiko hamalaugarren astera arte legeztatu du haurdunaldia etetea, eta Bangkokek, hamabigarrenera arte. Bestalde, Ekialde Hurbilean, azken 25 urteetan bakarrik bi herrialdek leundu dituzte abortatzeko legediak: Iranek eta Arabiar Emirerri Batuek.

Ozeanian bestelakoa da abortuaren aldeko jarrera. Geroago iritsi da abortuaren aldeko legedia. Izan ere, besteak beste Australian duela hiru urte legeztatu zuten, eta Zeelanda Berrian, duela bi.

Australian duela hiru urte legeztatu zuten, eta Zeelanda Berrian, duela bi.

Jatorrizko artikuluak